Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Corneille, Racine, Molière

Pierre Corneille

Corneille (1606-1684) Racine (1639-1699) Molière (1622-1673)

 

Pierre Corneille

Frantziako antzerkia XVII. mendearen hasieran zer egoeran zegoen ulertu ahal izateko, jakin beharrekoa da XVI. mendean jazotako gertaera bat : 1548an, Parlamentuak obra lizun eta iraingarriak jokatzea debekatu zuen. Debeku horren ondorioz, antzinaroko gaiak, elezahar herrikoiak edo Biblia izan ziren obren jatorririk ohikoena, eta jokatzeko moldeari dagokionez, formula dramatiko klasikoak nagusitu ziren. Pierre Corneille izan zen formula klasiko horiek beste era batera lantzen hasi zen lehen antzerki-idazlea .

Pierre Corneille 1606an jaio zen, familia burges batean, Rouen hirian. Abokatu lanak egitea eta komediak idaztea izan zituen gaztaroko lanak; hogeita bederatzi urte zituenean Richelieuk babesten eta diruz laguntzen zuen ,, Bost egileen» taldeko kide zen, eta hogeita hamar urterekin trajedia lantzen hasi zen, komedia alde batera utzirik.

Hamabost urteko aldi batez arrakasta izan zuen, baina mendearen erdialdeko urteetan ikusleen faborea galdu zuen. Bere azken urteak latzak izan omen ziren : Moliererekin mokoka ibili zen tartean, baina Racine izan zuen etsairik handiena. Lagunik gabe, erregearen pentsioa galduta, eta gero eta arrakasta gutxiagorekin, 1684 urtean hil zen.

Bere lehen antzerki-lanak Berpizkundeko gustuaren antzera eta moldera egindako komediak izan ziren ; komedia kultuak ziren, garai hartako Parisen arrakasta erraz lortu zutenak. Horien artean Melite (1625) eta La veuve (1632, Alarguna) dira aipagarrienak . Komedia horien ezaugarririk bikainena giroen eta pertsonaien deskripzioa da ; tramak oso nahasiak izanagatik, haren pertsonaiak oso sinesgarriak ziren garai hartako ikusleentzat. Bere antzerki-idazle karreran komedia zeharo alde batera inoiz utzi ez bazuen ere -eta horren froga lirateke, besteak beste, L'illusion comique (1636, Ilusio komikoa)eta, batez ere, Le menteur (1644, Gezurtia), askorentzat idatzi zuen onena-, garai hartako giroak trajediarantz bultzatu zuen.

Le Cid (1636) izan zen bere obra trajiko handietan lehena, eta, kritiko askorentzat, Frantziako antzerki klasikoak harekin iritsi zuen heldutasuna. Obra horrek eskema trajiko berri bat proposatzen zuen, gatazka dramatikoaren nondik norakoa heroiaren ezaugarri psikologikoen gainean ezartzen baitzuen. Harrigarri gertatu zen pertsonaia horren aukera ; alabaina, halabeharrak eraman omen zuen Corneille aukera hori egitera (jatorri espainiarra zeukan bere ahaide bat aipatu ohi da puntu honetan) ; bestalde, Frantziako tradizioarekin apurtzeko borondate berariazkoa ikusi du beste zenbaitek aukera horretan. Ohorea norberaren gurariaren gainean jartzeak adierazten duen nagusitasun morala azpimarratzen du obra horrek. Ikusleek biziki txalotu zuten, baina ez zen zenbait kritikariren gustukoa izan, arau dramatikoekiko ausartegia omen zelakoan.

Horacio (1640) izan zen hurrengo obra.

Aurrekoaren ideia moral berbera lantzen zuen, Erroman gertatzen den anaien arteko gerra bat aitzakia, baina arau dramatiko klasikoei men eginez. Urte bat geroago Cinna taularatu zuen, iturri klasikoa duen beste trajedia bat. Goi maila eta arrakasta handia lortu zuen Corneillek obra honetan.

Geroztikakoak dira Polieucto (1643) eta Nicomedes (1651), eta haiekin hasi zen Corneilleren gainbehera. Handik aurrera etsai amorratua zuen Racine gazteak gaina hartu zion ikusleen harrera ona irabazteko lehian . Bere azken obrak, Sertorius, (1662) eta Pulquer, (1674) errepikakorrak eta arnasik gabeak dira.

Antzerki klasikoaren aitzindaria izatea da Corneilleren merezimendurik handiena.

Sinesgarritasuna eman zion antzerki klasikoari, pertsonaien psikologiaren bidez, baina, aldi berean, ezin izan zuen emari dramatiko guztia arau klasikoen irmotasunaren barruan eman.

 

Jean Racine Jean Raeine

Racine 1639an jaio zen La Ferte-Milon izeneko herrian, familia apal batean. Bi gertaerak markatu zuten Racinen bilakabidea : lehena, umezurtz gelditzea haur txikia zenean . Bigarrena aurrekoaren ondorioa da ; bere aiton-amonekin bizitzera eraman zuten, baina hauek, haurraren heziketa bere gain ezin harturik, izeba-amonarenera bidali zuten. Izeba-amona Port Royaleko monasterioan bizi zen. Port Royal jansenismoak Frantzian zuen gunerik garrantzizkoena zen.

Bere antzerki-idazle bidea 1664. urtean hasi zen, La Thebaide izeneko obrarekin. Ordurako Parisen bizi zen. Bere lehen obra hark ez zuen arrakastarik izan. Bai, ordea, bigarrenak (1665, Alexandre), Moliereren antzerki-taldeari antzezteko eskaini ziona. Alabaina, Racinek Moliereren taldea gaitzetsi eta Motel de Bourgogneko taldeari eman zion. Horren ondorioz, Moliererekin etsaitu zen betiko.

1666an Port Royaleko haurtzaroko maisu eta babesleekiko -eta beraz, jansenismoarekiko- harremanak eten zituen, gutun erasokor baten bidez. Handik aurrera, Pariseko plazerrak gozatzen hasi zen ; harremanak izan zituen Du Parc eta Champmesle antzerki-jokalariekin, eta oportunismoaz eta intrigaz baliatu zen. Haatik, urteetan eraikiriko eragin-sareak huts egiten hasi zitzaizkion, eta 1677. urterako Racine jatorrirantz itzuli zen : burges batekin ezkondu, jansenismoarekin adiskidetu eta erregea bere alde paratzea lortu zuen. 1699an hil zen, Port Royaleko monasterioan lurpera zezatela agindu eta gero.

Hasieran Racine Corneillek hasitako bidetik abiatu zen, ekarpen handirik egin gabe. 1677tik aurrera, ordea, bide hori bazterrean utzi eta bere bidea jorratu zuen.

Aldaketak onurak baizik ez zizkion ekarri.

Hala, 1667 urtean bertan Andromaquetaularatzearekin batera, erregearen eta gortearen miresmena erdietsi zuen eta haren ospea zabaldu egin zen. Obra horretan bere antzerkiaren ezaugarri nagusia ageri zen : bere pertsonaiek ez zioten ideia bati gorputza eta ahotsa ematen ; ideiak dira pertsonaien baitan eta pertsonaien nortasunean sartzen zirenak, halako moldez non zer abstraktu bat bihurtzen baitira. Gero, pertsonaiek bere baitan daramatzaten zer abstraktu horiek grina negatibo bihurtzen dira, gizonaren arrazoia baino indartsuagoak.

Britannicus 1669koa da ; trajedia politikoa dela esan ohi da, eta Corneilleren erasoei erantzuna emateko xedearekin idatzia, Corneillek trajedia politikoa sortzeko ezintasuna egozten baitzion. Urte bat geroago Berenice taularatu zuen. Trajedia honetan borondatearen bidez grinari gaina hartzeko ahalmena eman zion egileak pertsonaiari . Bestalde, obra hori erregearen anaiak bai Corneilleri bai Racineri gai berari buruz egindako enkargua zen. Racineren Berenice honek arrakasta handia izan zuen, baina Corneillerenak ez. Ondoren Bajazet (1672), Mithridate (1673), Lphigenie (1674) eta Pbedre ( 1677) idatzi zituen.

1673an Frantziako Akademiako kide izendatu zuten ; Pbedre idatzi eta gutxira erretiratu zen, eta bere azken urteetan ez zuen askorik idatzi, enkarguz egin eta pribatuan taularatu ziren Esther eta Athalie alde batera utzita.

 

Moliere

Jean-Baptiste Poquelin Moliere, Frantziako XVII. mendeko antzerkiak eman duen dramaturgo handiena eta osoena -idazle, jokalari, zuzendari- da, eta baita unibertsalena ere.

Parisen jaio zen, 1622an. Tapizgile baten semea zen, eta hezkuntza burgesa eduki zuen. Molierek, ordea, laster erabaki zuenantzerkia zela bere bizia. Hogeita bat urterekin antzerki-talde bateko kidea zen. Taldeak antzeztokiak alokatzeko eginak zituen zorrak ezin ordaindu zituenez, espetxean sartu zuten Moliere. Egun gutxiren buruan aske utzi zutelarik, Paris utzi eta Frantzian barna abiatu zen antzerkia egitera. Hogeita zortzi urterekin taldeko burua zen. Moliere antzerki-gizon peto-petoa izanik ere, bere taldea ez zen Frantzian barna goseak akabatzen zebilen arlote-koadrila, Bordelen, Tolosan edo Lyonen aski estimatua zen jokalari profesionalen antzerki-taldea baizik.

Edonola ere, hogeita hamasei urterekin Parisera itzuli eta han hartu zuen bizilekua.

Hamabi urte probintzietan ibili eta gero, 1658ko urriaren 24an Louis XIV. erregearen aurrean jokatu zuten pieza bat, lehen aldiz, Petit-Bourbon aretoan.

Molieren bizitza ez zen batere erraza izan. Parisera itzulirik, beste taldeetako kideen bekaitza eta azpijokoak pairatu behar izan zituen ; bere obren ironiagatik eta hipokrisiaren aurkako erasoengatik, elizkoien eta hainbat profesionalen haserreak eta amorruak jasan behar izan zituen; bera baino askoz gazteagoa zen emakume batekin ezkondurik, neskatxaren infidelitateak nabarmen-nabarmen ikusi ahal izan zituen Paris guztiak ; gainera, neskatxa, ofizialki, aspaldi amorantea izandako Madeleine Bejarten ahizpa zen, baina, dirudienez, ahizpa ez eta egitan haren alaba zen. Hortik aurrera, zeuzkan etsai ugariek laster zabaldu zuten benetan bere alaba zela, eta erregearengana jo zuten intzestuaren berri ematera.

1665. urtean gaixotu, eta 1673. urtean hil zen, berrogeita hamaika urte baizik ez zituela, Le Malade imaginaire delakoaren laugarren funtzioa eman eta gero. Bera zen obraren idazlea, noski. Baina baita protagonista ere.

Moliereren lehen obra garrantzizkoa Les Precieuses ridicules izan zen. Obra hau fartsa bat da. Fartsa esaten dugularik, ulertubehar da, garai haietako antzerki-literaturan, bere arauak ongi finkaturik dituen generoa dela. Fartsa ekitaldi bakarreko pieza da, ergel bati egiten zaion azpijokoa kontatzen baitu. Pertsonaiak tipoak dira. Fartsatik fartsara badira errepikatzen diren pertsonaiak, izen, keinu eta guzti ; ezaugarri tipikoari eusteko, batzuetan maskara eta guzti eramaten dute. Ezaugarri hauek denak agertzen dira Les Precieuses-en. Ekitaldi bakarrekoa da, bi neska ergeli egiten zaien azpijokoa dago, baita arketipo batzuk ere : Gorgibus, ideia zaharkituak dituen agurea, Mascarille, modako markesa... Baina Moliere, alderdi formalak errespetaturik ere, ohiko fartsatik harantzago joan zen bere lehen fartsa honetan, eta satira bihurtu zuen.

Handik aurrera Molierek egiten zituen fartsek (Sganarelle, ou le Cocu imaginaire, L'ecole des maris, L'ecole des femmes...), ez zuten ezaugarri satirikoa galdu ; aitzitik, gero eta gehiago sakontzen zuten moral jakin bat salatzeko ahalegin horretan. Aldi berean, fartsaren ezaugarriak aldatu zituen, pertsonaia berriak sortuz, ekitaldi bakarretik hiru eta are bost ekitalditara pasatuz. L'ecole des femmes hartan, Molierek neska-protagonistaren alde egin zuen mozorrorik gahe : moral tradizionalaren zaindariek oihu egin zuten .

Moliere ez zen hor gelditu. 1664rako prest zeukan Tartuffe famatua. Obra horretan ordena erlijiosoen aurka egiten zuen gupidagabe, Moliereren aburuz, ordena horiek hartzen ari ziren indarra eta agintea jasanezina zelako. Pieza hura maiatzaren 12an jokatu zen Versaillesen, eta l7rako debekaturik zen, artzapezpikuaren beraren eskariz . Hiru urte geroago berriz saiatu zen pieza hori ematen, eta berriz debekatu zioten . 1669ko otsailaren 5a arte ez zen Parisen Tartuffe-ren hirugarren bertsioa ikusi ahal izan. Arrakasta izugarria izan omen zen.

Arazoak konpondu bitartean, Don Juan (1665) prestatu eta eman zuen.

Gero eta ausartago, Molierek «bere mendeko ohitura moralen freskoa» prestatu nahi zuen, eta Le Misanthrope idatzi zuen, bere piezarik humanoena. Beste obra batzuk : Le medecin malgre lui (1666), L Avare (1668), Le Malade imaginaire (1673).

Bere garaikideen iritziak gorabehera, denborak erakutsi du Moliere dela Frantziako eta mende hartako antzerkigilerik handiena, baita garai eta denbora guztietan izan den handienetakoa ere, Moliere ez baitzen antzerki-idazle hutsa, zuzendaria eta jokalaria ere bazen, hau da, antzerkia bere osotasunean bizitzeko gauza zen lehen mailako izpiritu dramatikoa. Gizakiaren arimaren nolakoa zorrotz, umorez eta unibertsaltasunez adierazten asmatu zuen, pertsonaia behin-betikoak sortuz. Horren frogarik nabarmenena da Molieren antzerkia, egun ere, taularatzen dela Europa osoan, eta zer esanik ez Frantzian.