Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

John Milton (1608-1674)

 

Bizitza

John Milton Londresen jaio zen 1608.. rtean. Aita notarioa eta musikagilea zuen, eta familiako giro puritano eta humanistan eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa. 1620.. rte ingurutik 1625. urte arte Saint Paul's School-en aritu zen ikasten, eta ondoren Cambridgeko Christ's College-n. Han ikasi zuen latinez eta italianoz idazten, eta han lortu zuen lizentziadun gradua, 1632an. Eliz ordena hartzeko asmoa zuen arren, asmo hura baztertu eta sei urtez aitarekin Hortonen bizi izan zen (Buckinghamshire), klasikoak eta kontinenteko idazle handiak irakurtzen; Miltonek ondo ezagutzen zuen italiera, eta funtsezkoa gertatu zitzaion Dante, Petrarca eta Bemboren irakurketa. Aldi berean, matematika eta musika ikasi zituen, eta poesia ere idatzi zuen. 1638an eta 1639an bidaian ibili zen Italia, Frantzian eta Suitzan barna, baina gerra zibilaren mehatxua zela-eta sorterrira itzuli behar izan zuen. Aldi batez irakasle lanetan aritu ondoren, 1641-1660 arteko urteak ia osorik eman zituen politika eta erlijio eztabaidetan, puritanismoaren aldeko propagandazko lanak idazten ; eztabaida gogor bat ere izan zuen Hall apezpikuarekin eta apezpikutzaren aldezleekin.

1642an hamazazpi urteko neska batekin ezkondu zen, Mary Powell, Miltonen aitari dirua zor zion monarkiazale baten alaba. Ezkontza hitzartua izan zelako-edo, eta orobat gerra zibilaren hasierarekin loturiko arrazoiengatik, emazteak hilabete baten buruan abandonatu zuen. Handik aurrera, Milton dibortzioaren aldezle sutsu bihurtu zen, eta gai horri buruzko apologia bat idatzi zuen 1643an, Doctrine and Discipline of Divorce (Dibortzioaren doktrina eta arautegia). Hartan, Miltonek argudiatzen zuen garrantzitsuagoa zela ezkontideen bateraezintasuna, orduan dibortziorako onartzen zen arrazoi bakarra baino (adulterioa), eta giza duintasunaren kontrako erasoa zela indarrez egindako ezkontza bat. Bestalde, emakumeaz zuen ikusmoldea aski aurreratua zen bere garairako, ohi baino duinago ikusten baitzuen.

1645ean emaztearekin adiskidetu zen, eta, hura hiltzean, beste bi bider ezkondu zen.

Ezkontza horietatik zazpi haur izan zituen.

Aitaren heriotzaren ondorioz, 1646an, egoera ekonomikoa hobetu asko zitzaion, eta orduan irakaskuntza utzi eta huts-hutsik poesia lantzen jardun zuen. Baina 1658 arte atzeratu zen literaturagintzara itzultze hori, urte hartan hasi baitzen Paradisu galdua (1667) idazten. 1671koa da berriz Paradise Regained (Paradisu berreskuratua).

Bitartean, 1649. urtean, begietako arazo larriak zituen arren (1652an guztiz itsu geratuko zen), atzerriko auzien Batzordeko idazkari kargua onartu zuen. Militantismoz beterik, Cromwell-en eta puritanismoaren defentsa sutsuan hasi zen, eta lan polemiko batzuk idatzi zituen. Errestaurazioarekin (1660), bere ondasunen parte handi bat galdurik, esetsia, bizitza pribatura erretiratu zen, eta bere obra handiak idazten jardun zuen, hil zen arte (1674). Azken poema luzeak, itsututa jada, buruan ondu behar izan zituen ; alabari, ilobei, adiskideei, dizipuluei eta izkribu kopiatzaileei diktatzen zizkien, eta haiek zuzentzen zituzten kopiak eta irakurtzen zizkioten egileari. Hezueriak jota hil zen, eta bere herriko hilerrian, Chalfont St. Giles-en, hilobiratu zuten, Buckinghamshiren.

 

Obrak

Latinezko bertsoetan idatzitako gaztetako lanez (elegiak batez ere), eta italierazkoez gainera (sonetoak), Miltonen lehen lan handia, On the Morning of Christ's Nativity oda da (1629, Kristoren jaiotza egunaren goizean), lehenengoz 1645ean argitaratua, garaiari zegokion barrokismoa eta neoplatonismoak markatutako espiritualtasuna bateratzen dituena ; L Allegro eta Il Penseroso poema laburrek, malenkoniaren gaiari eta hizkuntzaren nolakotasun iradokitzaileari esker, eragin handia izango zuten poeta erromantikoengan. Gero bi pieza labur, masque isabelinoan inspiratuak, Arcades (1632 ing. ; lehen argitalpena, 1645) eta A Mask Presented at Ludlow Castle (1633- 1634), 1637an izenpetu gabe argitaratua, eta Comus tituluaz ezagunagoa. 1637koa da Edward King ikasketa lagunaren heriotzan idatzi zuen elegia, Lycidas, artzain giroko poema, orainaldiari buruzko eta orobat bizitzaren zentzuari buruzko pentsamenduez eta hausnarketez osatua. Literatura baztertuta politikagintzan aritu ondoren, poesiagintzara itzuli zenean idatzi zituen bere hiru obra garrantzitsuenak : 1658 eta 1665 bitartekoa da Paradisu galdua poema epikoa idazketa (llamar liburutan argitaratua 1667an eta gerora 12tan banatua), 1671n argitaratu ziren Paradisu berreskuratua (lau liburu) eta Samson Agonistes trajedia (Sanson agonista) .

Paradisu galdua-ren tankerako aurreko lanek Jaungoikoa jartzen zuten historiaren erdigunean : Miltonek gizona ipini zuen leku horretan, eta ez bakarrik Adan mitikoa, baita izadi osoa eta irakurle modernoa ere.

Horren ondoren, poeta kristauak garatu behar duen gaia Jainkoak errebelatu diona hesterik ez da : zerrenda batean aipatzen ditu deabruak suntsitu nahi dituen kreazioko edertasunak, mirari erromantiko eta gaizto bat eginez, bera egilea litzatekeen mundu bat sortzeko. Satan beraz heroi epikoaren parodia moduan agertzen da hemen.

Bigarren poema biblikoko lau liburuak, Paradisu berreskuratua, ongiaren eta gaizkiaren meditazio ordenatua dira, baina ez aurreko lan batzuetan bezala platonismoak inspiraturiko alegorien bidez egina, basamortua baita poemaren gertalekua, Jesukristok tentaldiak pairatu zituen berrogei egunetan. Azkenik, Sanson agonista Euripidesen estiloko trajedia hebrearra da : Miltonek Epaileen Libuniko heroia, Dalilaren biktima, "itsu, gurpil bati lotua, Gazan esklaboekin" dagoela aurkezten du, nagusi dituen, filistindarrak, Dagongo tenpluko hormak astinduz suntsituko dituen orduaren zain. Poemaren handitasunak jeinu klasikoaren eta Miltonen inspirazio hebrearraren azken sintesi bat egiten du.

 

Miltonen poetika

Neoklasizismoa iragarri zuen aldi humanistako ingeles idazle nagusia da Milton.

Miltonek argi erakusten du, bai bizitzan, bai obretan, Berpizkundearen eta Erreformaren arteko gatazka. Oso ondo ezagutzen zituen klasiko latinoak eta grekoak ; nolabaiteko pobretasun espirituala sumatzen zuen haiengan, baina estiloaren perfekzioagatik hartzen zituen eredutzat. Danteren eta Petrarcaren mireslea zen "pentsamendu ezin ederrago eta ezin garbiagoak" osatu zituztelako . Erlijio erreformaren espirituak bultzatzen zuen, eta, horretarako, inspirazio iturri agortezina aurkitzen zuen Biblian ; florentziar neoplatonikoen imitatzaile izan zen Jesukristo eta Platon adosteko ahaleginean, eta beti saiatu zen kontraste bat sortzen bere sentsualtasunaren eta garbitasunezko idealaren artean -Comusen deskribatzen du, ikurren bidez, gatazka hori-, kultura paganoaren edertasun formala adierazten zuen poesia batean, baina kristau pentsamoldearen zintzotasunarekin loturik. Era horretan, klasikoetatik hartua dago Kristoren jaiotza egunaren goizean odaren erritmoa, baina inspirazioa kristaua da ; hori dela-eta, Paradisu galdua poema handiaren aurrerapentzat har daiteke.

Gainerakoan, nolakotasun eta jatorri desberdineko osagaiak bateratzen dira Miltonen antzearen adierazpen nagusietan.

Comusen jada erakutsi zuen poetak nolakotrebetasuna zuen bere kultura zabalaren emaitzak lantzen, haina bere maisulanetan (eta batez ere Paradisu galdua-n), literaturako osagaiak eta bere bizikizunak bateratu zituen. Poesiarik ederrenetan argi ageri da erreformatzaile sutsua, maitale etsia (Paradisu galdua-n eta Sanson agonistan Miltonen harreman afektibo nahasiak islatzen dira), pertsona sentsuala, bere talentuaren berri ondo dakien jeinua, gizon berekoia eta harroa : harrokeria eta berekoikeriaren erakusgarri muturrekoena den Satanasen erretratu bikaina egin zuen Paradisu galdua-n, baina orobat egin zuen Jaungoikoaren aurrean apaltzen den gizonarena ; eta apaltasun hori, erlijiozko esanekotasunean adierazten dena, harrokeria erlijiogabeari kontrajarri zion.

Miltonen unibertsoa Virgilio, Ovidio eta grekoengan oinarritzen den estilo baten emaitza da ; aldi berean ordea, ingeles bertso zuri edo librearen dotoretasun eta musikaltasun bikaina T. Tassoren bertso libreari lotzen zaio. Miltonengan agerikoa da poesia funtsezko soiltasunera eramateko asmoa, inspirazio biblikoak berez eskatzen duen moduan. Paradisu galdua-n, egitura homerikoko epopeia izanik, ingeles bertso heroikoa, errimarik gahea, aldi berean irmoa eta malgua, egoera moral eta poetiko desberdinei egokitzen zaie, poesiaren gailur gorenei eta irudi bikainenei, baina baita gizonen eta gertaera jakinen neurriei ere ; Paradisu berreskuratua-n berriz, oratorio bat dirudien kantu baten tonu zorrotza lortu zuen Miltonek.