Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak
Thomas More (1478-1535)
Thomas More 1478. urtean jaio zen Londresen,
eta hantxe hil zen -lepoa moztuta-
1535. urtean. Humanista eta estatu gizona
izan zen, Ingalaterrako kantzelaria (1529-
1532), eta heriotza zigorrera kondenatu
zuten Henrike VIII.a Ingalaterrako Elizako
buntzagitzat onartu nahi izan ez zuelako.
Erromako Eliza Katolikoak santu egin zuen
1935. urtean.
Anglikanismoaren arrakastak Thomas
Moreren ospearen beheraldi bat ekarri zuen
arren, estatuko paperak argitaratu zirenean
haren irudi osoa eta benetakoa berregin
zen. Hala prestatu zen bidea More dohatsu
egiteko (1886) aurrena, eta santu egiteko
gero. Gizona idazlea baino handiagoa izan
bazen ere, Utopia-k, bere "urrezko liburutxoak",
ospe handiagoa eman zion martiri
izateak baino, eta orobat ingeles lanetako
milaka hitzek baino.
Hezkuntza humanistikoa izan zuen,
Oxforden. Rotterdamgo Erasmoren adiskide
handia eta lankidea izan zen -harekin
batera itzuli zuen Luzianoren Elkarrizketakeko
parte handi bat-, eta William Lylyrena
-zeinekin poeta grekoen bilduma bat egin
baitzuen, ingeles hizkuntzara itzulia-
Abokatu famatua zen, eta 1504an Ingalaterrako
Legebiltzarrean sartu zen. Postu
horretan, bere etorri dotorearekin, Henrike
VII.aren politika fiskalaren kontrako borrokan
jardun zuen, gero eta abantaila gehiago
ematen baitzizkion gorteari herriaren
kaltetan. Bizitza publikotik aldendu zutelarik,
Henrike VIII.a errege egin zutenean
itzuli zen politikagintzara ; errege haren lankide
garrantzitsua izan zen, hainbesteraino
non lord kantzelari kargura jaso baitzuen
(1529). Ez baitzion uko egin nahi izan aita
santuak erlijio auzietan zuen aginpideari,
eta ez zuelako onetsi nahi izan HenrikeVIII.aren eta Aragoiko Katalinaren ezkontza
desegitea, Londreseko dorrean espetxeratu
zuten, eta burua moztuta hiltzera kondenatu
.
Utopia da (1561), latinez idatzia, Thomas
Moreren lan nagusia, Erasmoren Encomium
Moriae-rekin batera, ingeles humanismoaren
adierazpen nagusietako bat dena. Bertan,
Morek errepublika idealaren egitura
politiko-soziala deskribatzen du : estatu demokratiko
bat, buruzagia bere postutik ken
daitekeena baldin eta tiraniara jotzen badu,
eta erlijio tolerantzia onartzen dena. Gerra,
heriotza zigorra eta jabetza pribatua dira
gaitzik okerrenak, baztertu beharrekoak ;
hiritar guztiek lan egin behar dute, guztiek
salatu behar dituzte ustelkeria eta bizioa,
eta horiexek dira, izan, bertako biztanleen
betebeharrak ; biztanleen zoriona gorputzaren
atsegin moderatuetan eta adimenaren
plazerretan dago. Egileak ohar batzuk eman
zituen Utopiako errepublika geografian
kokatzeko, eta ohar horiek irudimenezko
bidaien literatura baten bultzatzaile izan ziren
. Utopia hori, beraz, hiri-estatu paganoa
eta komunista da, non arrazoiak gobernatzen
dituen oso-osorik erakundeak eta politikagintza
. Halako estatu baten ordenak
eta duintasunak ikaragarrizko kontrastea
sortzen zuen Europa kristauaren gobernu
sistemarekin, interes guztiz bereziek sakabanaturik
eta aginpide eta ondasunen desirak
harturik baitzegoen. Egoera hori agertu
zuen Morek I. liburuan. Utopiaren deskribapena
bidaiari misteriotsu baten ahoanipini zuen, Raphael Hythloday, eta era horretan
argudiatu ahal izan zuen egileak
komunismoa dela bizitza publiko eta pribatuko
berekoikeriaren irtenbide bakarra.
Elkarrizketa bidez, gizakiaren nolakotasun
akastuna dela-eta, gaitzaren murriztea aipatzen
du Morek, guztiz eraistea baino areago.
Utopian lantzen diren gaien artean, kriminologia,
estatuak kontrolaturiko hezkuntza,
erlijio aniztasuna, dibortzioa, eutanasia eta
emakumeen eskubideak daude. Liburuan
erakutsi zituen jakituria, asmamen eta talentuak
ospe handia eman zioten, eta humanista
nagusien artean ipini zuten. Laster
itzuli zuten Europako hizkuntza nagusietara,
eta literatura genero berri baten aitzindari
egin zen, utopiazko eleberriena.
Moreren gainerako obren artean, aipagarriak
dira History of Richard 111 (1514,
Rikardo III.aren historia), Shakespeareren
Rikardo III.a dramaren jatorrian dagoena,
eta Dialogue of Comfort against Tribulation
(hil ondoan argitaratua, 1553, Kontsolamenduaren
eta atsekabearen arteko elkarrizketa),
Londresko dorrean idatzia, heriotza
zigorra noiz beteko zain zegoela.
Moreren hilketaren albisteak izugarrizko
oihartzuna izan zuen Europa osoan. Erasmok
biziki deitoratu zuen bere adiskidearen
heriotza. "Haren arima elurra baino
garbiagoa zen, haren jenioa hain handia
non Ingalaterrak ez baitzuen inoiz halakorik
izan eta ez duen berriz izango". Moreren
traidore irudi "ofiziala" ez zuten inon
sinetsi, ezta lurralde protestanteetan ere.