Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Erasmo Rotterdamgoa Thomas More

Erasmo Rotterdamgoa

 

Erasmo Rotterdamgoa (1466 edo 1469-1536)

Erasmo Rotterdamgoa edo Desiderius Erasmus Roteradamus (Gert Geertsz-en latinezko izena), Rotterdamen jaio zen 1466 edo 1469. urtean, eta Basilean hil zen 1536an. XVI. mendeko Europako enidito handiena izan zen. Italiar humanistek erabilitako metodo filologikoak baliatuz, iraganaren azterketa historiko-kritikoa egiteko oinarriak ipini zituen, bereziki Testamentu Berri grekoari eta Elizako Gurasoei buruz egin zuen azterlanetan. Hezkuntzazko idatzien hidez, klasikoen alde egin zuen ikasketa eskolastikoaren plangintza zaharra ordezkatzeko. Elizaren gehiegikeriak kritikatu zituen : aspaldiko iraganaren hobea seinalatu zuen eta erreforma sakon baten behar larria azpimarratu ; laster gauzatuko zen berrikuntza hori, bai Erreforma protestantean, bai Kontraerreforma katolikoan.

Baina Erasmok, Erreformak ekarri zituen erlijio eztabaida gogorretan, bere independentziari eutsi zion beti : uko egin zion bai Luteroren predestinazioaren doktrinari, bai aita santuak beretzat nahi zituen aginpideei, eta, hori zela-eta, bi aldeetako kide sutsuenen arerio bihurtu zen, eta askatasuna ortodoxiaren gainetik jartzen zutenen eredu.

Apaiz baten sasiko semea zen, eta fraide agustindarrek hezi zuten. Teologia ikasi zuen Holandan eta Parisen, eta 1506an eskuratu zuen doktore gradua Turinen. Irakasle pribatua zelarik, pedagogiako testuak prestatzen zituen bere dizipuluentzat, denborarekin europar kulturako testu liburuak izango zirenak. Lorenzo Valla italiar humanistaren ikasle ideala izan zen, eta bere garaiko humanista nagusiekin harremanetan egon zen Ingalaterran eta Italian; bidaia haietan hasi zen grekoa ikasten. Bere Enchiridion militis christiani liburuarekin (Anberesen argitaratua 1503. urtean, Soldadu kristauaren eskuliburua) tolerantzian eta bake unibertsalean oinarriturik, elizaren berriztatzearen ordezkari bihurtu zen Erasmo . Venezian, Aldo Manuziok gonbidatuta,Adagia idatzi zuen, autore klasikoen hiru milatik gora esaera dakarren bilduma (1508).

Ingalaterrara itzulita, Thomas Moreren etxean zegoelarik idatzi zuen bere obra nagusia, Encomium Moriae seu laus stultiae (1511, Eromenaren gorespena). Satirazko lana da, ez oso gogorra, munduaren eromenari kontrajartzen diona -gauza suntsikorren bila baitabil beti mundua-, kristautasunaren fedearen eromena, etsaien barkamenera eta ondasunak ematera bultzatzen duen hura.

1516an argitaratu zuen Institutio principis christiani, gobernatzeko moduari buruzko eskuliburua, zeinean, Machiaveloren Printzea-n ez bezala, politikari kristau morala nagusitzen baitzaio.

Erasmoren obrarik garrantzitsu eta eraginkorrena ordea Testamentu Berriaren grekozko lehen argitalpena da, latinezko bertsio herri batekin batera kaleratu zena ; eskandalu handia sortu zuen, tradizioak kodeturiko haina eskuizkribuetan agertzen ez ziren bertso batzuk falta zituelako. Erasmoren argitalpenak, ikuspuntu filologikotik gaur egun baliagarria ez den arren, Testamentu Berriaren kritika modernorako bidea zabaldu zuen, Vulgata ez dela beti fidagarria frogatu baitzuen. San Jeronimoren Epistolarioa (1516-1520), eta Ebanjelioaren parafrasiak (1524), Testamentu Berriaren komentario bikainaren argitalpenarekin jarraitu zuen Erasmoren lan filologikoak. Erreformak egoera larrian ipini zuen idazlea, tolerantziari buruz egiten zituen predikuek ez baitzuten jarraitzailerik. Luteroren doktrinatik aldendu zen De libero arbitrio idatziarekin (1524), Erreformak Basilean ideia erradikalak eta ikonoklastak zabaldu zituenean (1529). Hala, urte hartan, Basileatik alde egin eta Alemaniako Friburgon hartu zuen babeslekua. Lehenago, Colloquia familiarra (1522) argitaratu zuen, bere garaiko apaizen ohiturak eta eginak biziki kondenatzen zituena.

Erasmo, XVI. mendeko humanista ospetsuena, elizaren eta gizartearen berrikuntzaren aldezle izan zen, eta kristautasunaren jatorriraino eta Antzin Aro klasikoko giza eredu handietaraino jo zuen horretarako ; berrikuntza hori, Erasmoren abuniz, hezkuntzaren bitartez egin behar zen. Eliza katolikoarekiko loturak inoiz hautsi ez zituen arren, Erreforma protestantearen bultzatzailetzat hartu izan da. Hil arte izan zuen bokazio pedagogikoa, eta bokazio horren lekukotasuna eman zuen bere Epistolario zabalean : 3.000 gutunetik gora dira, bere garaiko pertsonaia nagusiei bidaliak, literatura balio handia, eta bere garaiko historia aztertzeko garrantzi erabakigarria dutenak.