Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Geoffrey Chaucer (1340-1400)

G. Chaucer-en erretratua XV. mendeko miniatura batean.<br><br>

Geoffrey Chaucer, The Canterbury Tales (Canterburyko ipuinak) obra guztiz famatuaren egilea, Erdi Aroko ingeles poeta nagusia da, eta garai horretako Europako literatura osoko idazle garrantzitsuenetako bat.

Londresen jaio zen 1340. urtearen inguruan, familia aski aberats batean. Haren bizitza pribatuaz ez dakigu gauza handirik, eskasak baitira dokumentuak : behin behintzat ezkondu zen, eta dirudienez bi seme izan zituen ; atzeneko aldiz 1400. urtean jaso zuen errege pentsioa, eta, Westminster-ko Abadetxean dagoen idazki batek dioenez, 1400. urteko abenduaren 25ean hil zen.

Horiek dira Chaucerren gaineko datu pertsonal ziur bakarrak ; erlijoaz, politikaz, maitasunaz pentsatzen zuena jakiteko, bere obretatik atera daitekeena besterik ez dago.

Obra horiek, nolanahi ere, asko argitzen dituzte poetaren literatura zaletasunak : zuzeneko aipamen nahiz zeharkakoen bidez, kultura zabala erakusten baitute, humanistikoa eta baita zientifikoa ere : sarritan egiten ditu astronomiari, medikuntzari eta alkimiari buruzko iruzkinak, adibidez, Astrolabioaren liburua (Treatise on the Astrolabe) deritzanean.

Askoz datu gehiago dago Chaucerren bizimodu publikoaz : Eduardo III.aren errain baten zerbitzari moduan hasi zen gortean lanean, eta orduz geroztik, beti izan zuen erregearen babesa, baita ondorengo errege Rikardo II.arekin eta Henrike IV.arekin ere. Erantzukizun handiko eginkizunak izan zituen administrazioan "dilectus valletus noster` gisa, eta diplomazia lanak bete zituen Frantzian, Fiandrian eta Italian. Chaucerren garaian gertatu zen Ehun Urteko Gerra ; bera ere gerran aritu zen Frantziako lurretan, eta espetxeratu ere egin zuten lau hilabetez (1359). Era berean, oso gaztea zela, 1350eko Izurri Beltza ezagutu zuen, eta, geroago, 138leko Nekazarien Matxinada izugarria.

 

Obra: sail eta poema nagusiak

Chaucer hiru poema narratibo osoren egilea da ; beste lau poema utzi zituen osatu gaheak, hogei bat poesia labur idatzi zituen eta bi itzulpen egin zituen, hiz lauz bata, latinetik, eta bertsoetan bestea, frantsesetik, lehen aipaturiko Astrolabioaren liburuaz gainera. Canterburyko ipuinak obran, bi hitz lauz idatziak dira (hogeita bi dira guztira). Chaucerrek erabiltzen duen ingeles dialektoa South East Midland deritzana da, Londreseko eskualdekoa, eta, hortaz, gortean erabiltzen zen bera ; Kenteko konderriko ezaugarri batzuk ere baditu, egileak ondo ezagutzen baitzuen eskualde hori.

Kritikak hiru aldi handitan banatu ohi ditu Chaucerren lanak : lehen aldian eragin frantsesa da nagusia, egileak Roman de la Rose (Arrosaren eleberria) (XIII. mendea) bereziki miresten zuena ; haren zati batzuk itzuli zituen ingelesera. Orobat zen bere garaiko zenbait idazle frantsesen zale : Guillaume de Machaut (1300-1377) eta Eustache Deschamps (1346-1400). Garai honetakoak dira The Book of the Duchess (Dukesaren liburua) eta Roman de la Roseren itzulpena. Bigarren aldia italiar idazleen eraginpekoa da, Boccacciorena batez ere, nahiz eta Dante eta Petrarca ere ezagutzen zituen ; aldi honetakoak dira Troilus and Criseyde (Troilo eta Kriseida), The House of Fame (Famaren etxea), The Parliament of Fowls (Hegaztien biltzarra), The Legend of Good Women (Emakume zintzoen elezaharra) . Hirugarren (azken) aldia, "ingelesa", bere Canterburyko ipuinak maisulanari dagokio . Roman de la Rose-ren parte batzuk ez ezik, Boezioren De consolatione philosophica filosofiazko lan ospetsua itzuli zuen latinetik ingelesera.Gaur egungo kritikak ordea ez du guztiz ontzat ematen sailkapen hori. Bere ibilbidearen hasieran, Chaucer, dudarik gabe, maitasunaren poeta frantsesa izan zen, ingelesez idazten zuena ; baina, ororen gainetik, poeta gazte tradizional bat zen, bere bidearen bila. Italiar antzearen eragina batez ere istorioen hautapenean antzematen zaio (Bocaccio) ; baina artista orijinala ere bada, Troilo eta Kriseida-n batez ere. Horrez gainera, sailkapen horrek ez du kontuan hartzen Ovidioren eta Boezioren eragina.

Chaucerren poemen ezaugarri nabarmenenetako bat poetaren beraren agerpena da, ez bakarrik haietan kontatzen diren istorioen kontalaria delako, baita, zenbait kasutan, gertaeretan parte hartzen duen pertsonaia moduan agertzen delako ere. Chaucerren "ni" hori, kontalaria eta aktorea, obra guztietan ageri dena, fikziozko pertsona bati dagokio ; poetak umore handiz sortua da, eta ez du zerikusirik batere egilearen benetako nortasuna izan zitekeenarekin, diplomatiko trebea eta funtzionario eraginkorra izan zen harekin, alegia. Osagai umorezko, satiriko eta parodikoen erabilera izan zen Chaucerrek ingeles literaturari egin zion ekarririk handiena, eta "ni"aren erabileran hasten da umore hori. Poemetan ageri den Chaucer hau gizon txikia, potoloa, arretagabea eta motz samarra da.

Esan bezala, Chaucerrek oso ondo ezagutzen zituen XIII. eta XIV. mendeko poesia usadio frantsesak, eta haien eragina nabarmena da lehen obretan. Usadio horietan, kontakizuna poeta-kontalariak izan duen ikuspen edo amets baten moduan agertzea da nagusia. Baliabide horri esker, egileak mundu alegorikoak irudika ditzake, idealizatuak edo huts-hutsik fantastikoak ; mundu horretan txoriek hizketan egiten dute, jainko klasikoak lur honetan dabiltza,eta abstrakzioek forma konkretuak hartzen dituzte. Roman de la Rose-k zabaldu zuen teknika hori baliatzen dute Dukesaren liburua, Famaren etxea, Hegaztien biltzarra poemek eta Emakume zintzoen elezaharraren sarrerak.

Dukesaren liburua elegia dotore bat da, Ganteko Joanen emazte hil berriari eskainia . Idazleak bazuen modu aski usadiozkoan egitea, tonu pertsonaleko elegia baten gisa, baina Chaucerrek bestelako omenaldi bat aukeratu zuen : poemaren hasieran, loezinari buruzko hausnarrean ari da kontalaria, aipamen klasikoetan oinarriturik ; azkenean loak hartzen duenean, Roman de la Rose-ko irudiak ageri dituzten koadroez betetako gela batean "esnatzen da", eta Beltzeko Gizon kontsolaezinarekin topo egiten du (alargunarekin) ; hark, poetaren (Chaucerren pertsona) galdera traketsei erantzunez, bere dukesa goraipatzeko aitzakia aurkitzen du. Poemak, beraz, emazte hila goresteaz gainera, ohore egiten dio alargunaren oinazeari.Ilurrengo poema, Famaren etxea, ez zuen amaitu. Alabaina, Chaucerren literatura zaletasunen osagai garrantzitsuak ageri dira bertan : loaren fizkziozko markoa, giro klasikoa, eztabaida filosofikoa -arrano baten eta kontalariaren arteko elkarrizketa batean agertua hemen-, kontzeptu alegorikoak, eta, batez ere, umorezko eta satirazko tonua arranoaren nolakotasunean. Orobat arrano batek iragartzen du Hegaztien biltzarra poemako hegaztien mundu xelebrea.

Biltzarra baita, elkarrizketa da nagusi eta Chaucerrek, erromes sail oparo baten sortzaile izango denak, samurkiro lantzen du jada hemen pertsonaien nolakotasuna.

Troilo eta Kriseida poema osoa da, Chaucerren heldutasuneko maisulana, sarritan landu zen -Boccacciok bereziki- gai baten gainekoa. Baina Erdi Aroko egileek ez zuten ezagutzen plagioaren kontzeptua ; aitzitik, meritu handiko lana zen auctoritas bat imitatzea eta egokitzea, eta Chaucerrek sarritan aipatzen du bere "egilea". Troiako gerra gertalekutzat hartuta, egileak errealismo handiz kontatzen du Troilo Troiako printzearen "atsekabe bikoitza" : zoritxarrekoa da hasieran Kriseida alargun ederraren maitasuna ezin lortu duelako (Kalkas traidorearen alaba da), eta, hura eskuratu duenean, berriz da zoritxarreko Kriseidak -gerraren biktima bera ere- Diomedes gerlari grekoarekin engainatzen duenean.

Pertsonaia nagusiak, batez ere Kriseida eta Pandaro Troiloren adiskidea, bikain daude deskribatuak, nortasun aberatseko pertsonen moduan, eta guztiz ulergarriak eta erakargarriak gertatzen dira.

 

Canterburyko ipuinak

Urruneko mundu klasiko bat halako errealismo, ulerpen eta berotasunez birsortzeko gai izanik, ez da harritzekoa egileak Canterburyko ipuinak poeman bere mundua eta bere garaia deskribatzean maisulan bat osatzea. Obra orijinala da : baliteke Chaucerrek Boccacioren Il Decamerone ezagutzea (1348-1358), eta estrategia bera erabiltzen da bietan, hau da, kontakizunak istorio zabalago batean harilkatzea. Baina hemen kontalariak askoz gehiago dira, gizarte klase guztietakoak, eta ipuinen arteko loturak askoz sendoagoak eta dramatikoagoak dira Il Decamerone-n baino.

Chaucerrek bete-betean asmatu zuen Erdi Aroan, errealismo osoz, era guztietako jendea bil zezakeen gai bakarra hautatuz, gai erlijiosoa -Ingalaterrako santutegi ospetsuenera egiten den erromesaldia, Thomas Becket-enera, Canterburyn-. Jende hori XVII. mendean oraindik existitzen zen ostatu batean elkartzen da (Tabard Inn),oraindik ere egin daitekeen bidea eginez.

Bizitasun handia ematen dioten hastapen dramatikoetan oinarritzen da poema : hala, sarreran, istorioaren noiz eta nongoa agertzen zaizkio irakurleari, ekintza -zer- hasi aurretik. Udaberria zen, dio, eta Tabard osatuan zela, erromesaldira joateko prest, han ikusi zituen guxienez hogeita bederatzi lagun, oso jende klase desberdinetakoak, eta haiekin elkartzea erabaki zuen. Pertsonaia haien erretratua egingo du poetak, eta ostalariak gero lehiaketa moduko bat proposatuko erromesak bidean ez daitezen aspertu : bina ipuin kontatu behar dituzte.

Hoberena kontatzen duena afaltzera gonbidatuko dute gainerakoek. Hori da obraren istorio nagusia. Chaucerrek ez zuen bere eginkizuna burutu, eta hogeita bi ipuin bakarrik idatzi zituen.

Hainbeste erromes eta hain elkarren desberdinak izanik, ez da harritzekoa egileak, ahal zuen neurrian, bakoitzari bere nortasunaren araberako istorioa izendatu izana.

Obra honetan Erdi Aroko kontaera mota guztiak ageri dira : fabliaux, alegiak, exempla,ipuin satirikoak, ipuin aristokratikoak eta giro klasikokoak, santuen bizitzak, etab.

Troilo eta Kriseida-n bezala, Canterburyko ipuinak poemaren meriturik handiena erromesaldiak nolakoak ziren adieraztea da : ingeles gizartearen estamentu guztiak ageri dira, elizgizonak eta laikoak, gizonak eta emakumeak (hiru bakarrik) ; haien artean badira zikoitzak, harroak, haserreak, jatunak, ustelak eta likitsak, oso gutxi perfektuak (batzuk badira), haina denak egiazkoak, bizi-biziak. Testua, gainera, bete-betea dago ironiaz eta satiraz ; txisteak eta hitz jokoak ere oso ugariak dira.

Chaucerrek fama handia izan zuen bere garaian. Bere hurrengoek, eta, batez ere, XV. mendeko poetek, biziki goretsi eta imitatu zuten, hainbesteraino non literaturaren historian "chauceriano ingeles eta eskoziar" izendatzen baitiren. XVI. mendean, Erreformaren garaian, idazle satiriko ospea zuen, bere garaiko usadioak eta batez ere elizaren ustelkeria gogor salatzen zituelako. Alabaina, XVII. mendeaz geroztik eta XVIII. mendean zehar, zaharkitutzat jo zuten Chaucerren obra, landugabea zerizkioten hizkerari, eta trakets bertsoei. 1775.. rtean Thomas Tyrwhitt-ek Canterburyko ipuinak obraren edizio berri bat egin zuen, sarreran argitaratzailearen azterlan bat zuena ; horrekin aldi berri bat etorri zen Chaucerren ospean, gaur arte dirauena. Poeta eta kritikari erromantikoek -Lord Byronen salbuespenarekin- eta orobat victorianoek, oso goraipatzen zuten "maisu" deitzen zuten hura. Aldi berean, XIX. mende amaierako ingeles hizkuntzaren historialariek gero eta datu gehiago ematen zituzten Chaucerren ingelesaren ezaugarriei buruz, eta era horretan haren hizkuntzaren maisutasun teknikoa eta artistikoa nabarmendu zuten.