Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak
Darte Alighieri poeta teologoa (1265-1321)
Gaztaroa
Lehen poemak eta La vita nuova
Florentzian jaio zen Dante 1265. urtean,
familia aristokratiko baina jadanik urbano batean
. Aski gazte hasi zen literatura lantzen,
eta berehala ikusi zen ahalmen harrigarria zuela
lirikaren erregistro desberdinak beretu
eta menderatzeko. Lirika zen garai hartan,
formaren nahiz kulturaren aldetik, herri hizkerako
generorik gorena, eta Toscanako burgesiaren
jardun intelektual gogokoena zen.
Gaztaroan eta XIV. mendeko lehen urteetan
idatzi zituen poemak (Errimak) osorik
hartuz gero, txunditzekoa da haietan
erabiltzen diren tonu eta gaien ugaritasuna.
Estilo berriko poesia subjektibo eta intimistak
-horixe zen dolce stil nuovo, Dantek
berak Commedian hala izendatua-, bazuen
Florentzian jadanik idazle ospetsu bat, Guido
Cavalcanti ; estilo hari ordea gai berri bat
erantsi zion Dantek, emakume maitearen
(Beatrice) heriotzagatiko dolua, subjektibotasunaren
aurkikuntza inplikazio formal eta
kultural pentsatu ezinezkoez aberastuko
zuena. Aldi berean, famatzen hasia zen orduan
Toscanan Arezzoko fraide bat, Guitonne,
lirika gai profanoetara zabalduz
saiakeratik hurbil zegoen estilo poetiko bat
sortu zuena. Bide horri jarraituz, "kantu
moralak" idatzi zituen Dantek, garai hartako
Italia burgesean taxutzen ari zen unibertso
moral berrian maitasunaren irudiak txertatzen
zituztenak. Bestalde, eta kontrako zentzuan,
Arnaut Daniel Proventzako maisuaren
modura (trobar clus), beste poema sail
bat idatzi zuen, rime petrose, formalismo
guztiz zehatz batez maitasunaren irudi dramatiko
gogorra ematen duena. Guztiz bestelako
tonua dute Forese Donati poetari
bidali zizkion sonetoek, herrikoiak eta lizunak
baitira gaiez eta tonuz : osorik forma
mintzatuez eratutako hizkera poetiko bat
osatzeko lehen saioa dira, Commedia-ko
hizkera errealistaren aurrekoa.Hainbeste gai eta estilo desberdin landuz,
badirudi, lehen urteotan, genero bakoitzeko
maisuak gainditzea zela Danteren
helburua, eta genero guztiak berritzea. Badago
pentsatzea estilo aniztasun horrek, eta
horrek dakarren esperientzien ugaritasunak,
lagundu ziotela poetari bere poesia eta bere
poesiaren gaineko hausnarketa umotzen,
prosazko lan handien prestalan gisa.
Horrela sortu zen Vita nuova (1292-1293
edo 94, Bizi berria), denboraren dimentsioan
oinarrituriko interpretazio eredua. 31
poesia eta hitz lauzko 42 atal aldizkatzen
dira obra honetan ; hitz lauek, batetik,
bertsoak sorrarazi dituen ibilbide autobiografikoa
agertzen dute, eta, bestetik, bertsoen
komentario dira. Kontakizunaren
haria aski ahula da, poetak Beatriceri dion
maitasun idealizatuaren bizikizuna. Dantek
kontatzen duenez, bederatzi urte zituela
aurkitu zuen Beatrice aurrenekoz, eta bederatzi
urte ondoren ikusi omen zuen berriz
; neskak agurtu, eta guztiz nahasirik utzi
omen zuen poeta. Topaketa horietatik
sortzen da obra, hasieran profanoa eta "gortesaua",
ondoren mistikoagoa, harik eta
Beatriceren heriotzak mito kristau bihurtzen
dituen arte, maitea eta maitasuna, biak.
Obra honetan nabaria da jadanik Danteren
idazkera stil nuovo-tik urruntzen ari dela,
bai erlijioaren nagusitasunagatik (Commedia-ren
aitzindari da horretan), bai adierazkortasunagatik
.
Erbestea
Filosofiari, politikari, moralari buruzko lanak
Danteren gaztaroaren amaiera, La vita
nuova-rekin itxiko zena, bat dator gutxi
asko politikan egindako lehen urratsekin.
Kargu publikoetan aritzeko arte (gremio)
batean izen ematera beharturik, "Sendagile
eta Botikari" gremioan sartu, eta hala hasizuen zenbait kargu betetzera eramango zuen
karrera. Priore hautatu zuten 1300ean
(sei priorek gobernatzen zuten hiria) ;
izendapen hori baino lehenxeago, bi taldetan
banatu zen hirian agintzen zuen alderdia,
guelfoena : "Zuriak" (kontserbadoreak
eta autonomistak) eta "Beltzak", goi
mailako noblezia finantzetako eta merkataritzako
burgesia handiarekin lotzen zuena
. Aita Santua, Bonifazio VIII.a, eta Napoliko
errege ahaltsua, Karlos II.a, Beltzen
aldeko ziren. Dantek Zurien alde egin zuen.
Hiriko magistratura nagusian zegoela, zeregin
garrantzitsu bat egokitu zitzaion : Aita
Santuarekin batera Florentziako hiria eskuratzeko
konplot batean sartutako hiru
bankariren kondena berretsi. Berehala sortu
ziren istiluak eta liskarrak, Beltzek eraginak
. Azkenik, Aita Santuak deiturik,
Valoisko Karlos sartu zen bere gudarostearekin
Florentzian; Beltz erbesteratuak
hirira itzuli ziren, eta Zurien esestea hasi
zen. Dante bera iruzur egiteaz salatu zuten,
eta bere ondasunak konfiskatzera eta
erbestera kondenatu. 1304 arte, erbesteko
Zuriekin batera jardun zuen Florentziara
itzultzeko ahaleginetan. Urte horretan ordea,
lagun haiek baztertu eta bere kabuz
aritzea erabaki zuen poetak. Era horretan,
hiri batetik bestera ibili zen, batzuetan gonbidatu,
idazkari eta kantzelari hesteetan,
Italiako iparraldeko gorteetan (Verona,
Treviso, Padua, Bolonia, izan ziren aurrenekoak),
hil arteko erbestean. Ravenan hil
zen, 1321ean.
Danteren italierazko prosak Convivio
lanean lortu zuen forma beteena (1304-1308
inguruan idatzia, Oturuntza). Erdi Aroko
jakintzari buruzko lan entziklopedikoa da.
Hamabost liburu izan behar ziren, haina lau
bakarrik idatzi zituen, beste hainbeste kantu
alegorikori egindako komentarioak.
Berriz ere herri hizkeraren garrantzia
azpimarratuz, urte bertsuetan, De vulgari
eloquentia idatzi zuen, latinez oraingoan,
amaitu gabea eta bi liburuz osatua. Lehenengoan,
hizkuntzaren bilakaera esplikatzen
du, jatorri mitikoetatik bere garaia
arte ; bigarrena genero lirikoen sailkapena
da. Lanaren tesi nagusia ordea askoz
garrantzitsuagoa da : herri hizkeraren -italieraren-
duintasun kulturala eta heldutasun
formala, latinaren aurrez aurre. Liburu
honetan, besteak beste, Italiako dialektoen
lehen deskribapena egiten da, eta hizkuntza
normalizazioaren izaera batez ere politikoa
azpimarratzen da.
Danteren teoria politikoak De monarchia
lanean (1307-08 edo 1312-13, latinez)
ageri dira. Hiru liburutan, aztertzen da zer
den inperioa, nola inperioko aginpidea
Jainkoagandik datorren -ez Elizatik-, eta
nola munduko eta zeruko zoriona lortzeko
bi gidari moral behar diren : Aita Santua eta
enperadorea.
La Divina Commedia
Commedia XIV. mendearen lehen hamarraldian
hasi zuen segur aski Dantek,
baina zahartzaroa arte ez zuen amaitu ; obra
honetan egileak bere buruari buruzko sentimenduak
eta gogoetak bildu zituen, eta
orobat mundu honi eta gerokoari buruzkoak
. Beatriceren idealak inspiraturik, poetak
bidaldi bat egiten du : Infernura (Virgilio
erromatar poetaren eskutik), Garbitokira
eta azkenik, Beatricek gidatuta, Paradisura
. Commedia-k helburu jakin bat zuen,
eta lortu ere lortu zuen : historia eta filosofia,
alde batetik, eta mitoa eta zientzia, bestetik,
bateratuko zituen hizkera eta kultura
bat sortzea, beti ere subjektibotasuna baztertu
gabe. Bateratze hori batez ere hizkuntzazkoa
da : protagonistaren beste munduko
bidaia kontatzen duten hiruko kateatuek
osorik jasotzen dute aurreko tradizio lirikoa,
tonu eta estilozko ugaritasun harrigarriaz.
Obra honen aurretik, izan ere, ezin pentsatu
zen hizkuntza bakar batek mintzairaren
erabilera eta erregistro guztiak (herrikoienetatik
jasoeneraino) har zitzakeenik ; zentzu
horretan, paradoxa bat adierazten du
obrak, alegia, naziorik gabe ere izan zitekeela
nazio hizkuntza guztiz osotu bat. Hizkera
hori gainera bizi-bizia da, sentimenduari
bikain egokitzen zaion adierazmoldea ;
eta hortixe sortzen da Commedia-ren ezaugarri
estilistiko aipagarriena, errealismoa. Ez
bakarrik ordu arte literaturatik kanpoko
geratzen ziren gizaki eta egoerei forma
poetikoa eman zielako, baita pertsonaiak
eta egoerak autonomiaz mugi daitezkeen
markoak sortzen asmatu zuelako ere ; hala,
esan daiteke Dantek asmatu zuela errealitatearen
ikusmolde modernoa. Ez da beraz
Commedia-ren argumentua Danteren garaikideei
harrigarria gertatu zitzaiena, gizaki,
hizkuntza eta errealitatearen arteko harremana
baizik ; eta horrek bizirik jarraitzen du
oraino. Dantek asmatu eta estreinatu zuen
gure kultura linguistikoak jakintzat ematen
duen sentimendu eta hizkuntzazko formaren
adostasuna.
Commedia eta literatura unibertsala
Danteren Commedia-k ez zuen askorik
itxaron behar izan ezagutza eta ospea lortzeko
; 1400. urterako agertuak ziren gutxienez
hamabi komentario, obraren esanahia
esplikatzen zutenak. G. Boccaciok Danteren
biografia bat idatzi zuen, eta 1373an
egin zituen lehen hitzaldiak, unibertsitatean,
Commedia-ri buruz (Dante izan zen beraz
antzinate klasikoko idazleekin batera ikasi
zen lehen idazle modernoa). Danteri divino poeta esaten zioten, eta, izenondoa obrari
ipinita, Commedia hutsa La Divina Commedia
bihurtu zen Venezian 1555ean argitaratu
zen edizio zoragarri batean.
Epika indargabetu zenean eta haren lekua
bestelako formek hartu zutenean ere
(eleberriak, eta dramak), ez zen horregatik
gutxitu Danteren ospea. Izan ere, klasikoekin
gertatu ohi den bezala, garai bakoitzak
bere kezkak aurkitu izan ditu La Divina
Commedia-n. XVII-XVIII. mendeetan halako
beheraldi bat izan ondoren, erromantizismoak
berriro indartu zuen Danteren
gurtza. Nonahi zabaldu zen Danteren obraren
kritika, eta asko eta asko izan dira orduz
gero kritikak, argitalpenak azterketak
egin dituzten adituak ; aipatuko ditugu, beste
askoren artean, Hegel, Witte, Vossler, Alemanian;
Ingalaterran, Moore, Toynbee,
Elliot ; Estatu Batuetan, Longfellow, Wilkins ;
Frantzian, Hazard, Gilson. 1921ean, eskola
historikoari aurre eginez, eta kritikaren bide
berriak urratuz, Commedia-ko poesiaren
egitura azpimarratu zuen B. Crocek. Kritika
modernoak Danteren obra guztien ikasketa
estilistikoa eta filologikoa bultzatu du alde
batetik, eta, bestetik, poemaren egitura alegorikoa
berreskuratu nahi izan du.