Literatura Unibertsala»Literatura aroak
Mendebaldeko munduko kultura XX. mendean
Bizitzaren ikusmolde berria eta arte higikundeak
XX. mendeko teoria zientifikoek, teknologiaren
aplikazioek, aldaketa sozialek,
altxamendu politikoek eta hondamendiek
ekarri dituzten esperientzia berriak ordenatzeko
gizakiak egiten duen ahalegina adierazten
dute gaurko arteek, eta orobat literaturak;
izan ere, haiek guztiek finkatu baitute
gizakien bizitzaren noranzkoa, eta haien
araberakoak dira itxaropenak eta beldurrak.
Mendebaldeko industria gizarte berriaren
zabalkundeak gizartearen azterketa eta balioztatze
berri bat suposatu zuen, gizakiaren
nolakotasuna, unibertsoan betetzen
zuen leku berria, eta baita ezkutuko giza
motibazioak ere kontuan hartzen dituena.
XX. mendearen lehen erdian, XVIII. bukaeran
edo XIX. mendean abiaturiko joeren
bukaera logiko moduan interpreta zitezkeen
nolabait ere arte higikunde guztiak. Baina era
berean, estilo eta adierazmolde guztien ukapen
edo ezabatze moduan ere ikus zitezkeen,
banakako hizkerak, pribatuak ia, erabiltzen
baitziren haien ordez. Zentzu sakonagoan,
bizitzaren esanahiaren berrazterketak egin
ziren, gizarte aldaketa guztiz laster, zabal
eta errotikakoei erantzun nahi zietenak ; hala
sortu ziren forma artistiko eta literario guztiz
berriak eta, zenbait kasutan, iraultzaileak.
Ez estatu gizonek ez erlijio buruzagiek,
ezta zientzialariek ere, ezin sumatu zutenean
nolakoa izan zitekeen zientziak zabaldutako
unibertso berriaren ordena, artistek
ere ezin egin zuten mundu berri baten formulazio
poetikoa, Erdi Aroko kulturan Divina
Commedia edo Chartreseko katedrala
egin ziren bezala. Mende erdialdea arte,idazle, margolari, eskultore, arkitekto eta
musikagileen ikusmoldeak eta estiloak esperimentalak
eta nahasiak izan ziren maiz,
eta Marcel Proust, James Joyce, Picasso, Le
Corbusier, Debussy eta Schonberg-en ondoren,
arte adierazpideak erabat aldatu ziren,
Planck, Einstein, Heisenberg, Mendel
eta Freuden ondoren zientziaren ikusmoldea
guztiz bestelakotu zen bezalaxe.
Literatura eta arte adierazpideen aldaketak
eragin zituzten guneak Europan egon
ziren, baina Lehen Mundu gerra eta gero,
Europako zibilizazioaren ondorengoak, Estatu
Batuetan eta Latinameriketan bereziki,
adierazmolde desberdinak osatzen hasi ziren,
europarrekin lotura bazutenak, baina
nortasun berezia ere ageri zutenak. Sobiet
Batasunean berriz, Urriko Iraultzaren ondoren,
esperientzia eta helburu iraultzaileek
norabide berria eman zieten arteei.
Munduko beste lekuetan, Mendebaldeko
kulturaren oldarkortasunaren kontrako
erreakzio ugariak ekarri zituen adierazpide
artistikoak ; alde batetik forma tradizionalak
berpiztu ziren eta bestetik bide berriak bilatu
nahi izan ziren nazio esperientzia berriak
adierazteko.
Mendebaldean bereziki, baina baita bestelako
kulturetan ere, eta gero eta gehiago,
masa komunikazioaren teknologiak, masa
hezkuntzarekin batera, giroa eta irakurlegoa
aldatu zituen, eta herri artearen eta arte
ederren arteko mugak ezabatu zituen. XX.. endeko bizimodu profanoak, denbora librearen
gehitzeak eta aisiaren industrien
zabalkundeak erlijioaren eremutik aldenduzuten arte adierazpena -hantxe zen sortua
arteen parte handi bat-, aisiaren edo informazioaren
eremuen aldera.
Gizarte egoera berriak, artisten jatorrizko
klase sozialak zabalduz, artistak gizarteak
duen lekuari eragin zion. Artistak betetzen
zuen lekuak berak ere izan zuen eraginik
osatzen ari ziren joeretan : gizarteko
joera nagusietatik kanpora geratu ziren batzuk,
Mendebaldean sarritan gertatu den bezala
; beste bazuek gizartearen aldaketan zuzenean
parte hartu dute, Errusia eta Txinako
gizarte iraultzaileetan eta kolonia ohietako
higikunde nazionalistetan gertatu den bezala
; arte tradizionalaren zaindaria ere izan da,
Japoniako no antzerkian adibidez. Gero eta
gehiago, arteei emandako laguntza publikoaren
mendeko izan da nolabait ere artista.
Mendearen erdialdean, edozein kulturatatik
zetozela ere, asmo eta arazo bertsuak
zituztela hasi ziren onartzen mundu osoko
artistak. Gero eta gehiago, nazio sentimendua,
hizkuntzen mugak eta gatazka politikoak
gorabehera, artistek -eta bezeroek- besteen
lana kontuan hartuz egin dute berea,
lankidetzan jardun dute : nazioarteko zinemaldietan
erakusten dira filmak eta mundu
osoan proiektatzen ; Musikako Nazioarteko
Jaialdiek herrialde askotan aurkezten
dituzte musikagile berrien obrak ; sarritan
egiten dira idazleen nazioarteko biltzarrak.
Alabaina, adierazpen artistikoa, eta literaturazkoa
bereziki, oso ugaria da oro har,
eta ezin dira joera guztiak behar bezalako
sakontasunaz landu. Ildo nagusiak bakarrik
aipatuko dira hemen beraz.
Mendebaldeko arte eta letren joerak
XX. mendearen hasieran, eta zenbait
kasutan XIX.aren bukaeran, islatzen ziren
jada arteetan industrializazioak ekarritako
gizarte aldaketak eta zientziaren eta teknologiaren
zabalkundeak sortutako ideia berriak.
Tradizio klasiko greko-erromatarra eta
judu-kristaua, idazleei ordu arte formulazio
nagusiak eskaini zizkiotenak, ez ziren jada
bitarteko egokiak pentsamenduak adierazteko
. XIX. mendeko espezieen jatorriari
buruzko teoriak, dudan jarri zituen usadiozko
moralaren oinarri ziren kontzientziaren
eta bekatuaren kontzeptuak.
Tolstoiren Gerra eta bakea (1864-1869)
eta Dostoievskiren Karamazov anaiak
(1879) eleberrietan jadanik ageri ziren aberastasunaren
eta pobretasunaren muturrak,
latifundismo aristokratikoa, gizabanakoaren
babes falta, arrazionalismoaren, Elizaren eta
kristau anaitasunaren arteko gatazkak ; Tolstoik
utzi egin zuen bere ohiko bizimodua
pobreago bizitzeko, eta Berpizkundea
obran (1899) ordena berria eta gizaki mota
herri bat iragarri zituen.
Britainia Handian, idazle eta kritikari
errealista batzuek -Thomas Hardy (1840-
1928), William Morris (1834-1896) eta John
Ruskin (1819-1900)-, landa giroko gizartearen
beheraldia, industria hirien itsusitasuna,
eskulangintzen galera eta fabriketako langileen
bizimodu gogorra erakutsi zuten
xehetasunez. Burgesiaren tradizio errespetagarriak
ezkutatzen zuena ezin gogorrago
salatu zuten frantses eleberrigile errealistek,
Flauberten Madame Bovary-tik aurrera.
Erroetarainoko astindua eman zion tradizio
horri Henrik Ibsen norvegiarrak (1828-
1906), erdi mailako klasearen kritika zorrotza
ziren drametan. Emile Zolak (1840-1902)
marraztu zuen auzo pobreenetako bizimodua,
eta orobat egin zuen Maxim Gorki
errusiarrak (1868-1936). Langileen altxamendua
izan zen Zolaren Germinal eleberriaren
(1885) eta Gerhardt Hauptmann-en
Ehuleak dramaren (1862-1946) gai nagusia.
Poesian, sentimenduaren deskribapen suharren
ordez, sinboloa eta metafora herria
erabiltzen zituen poesia trinkoago bat zabaldu
zen, bizikizun baten sentipena zuzenean
adierazteko helburuaz. Stephane Mallarme
(1842-1898) eta Arthur Rimbaud (1854-1891)
poeten lana erabakigarria izan zen horretan
. Metafora hilak eta esanahi jakinak baztertuz,
hizkuntza soiltzen saiatu zen Mallarme,
hitzen musika hutsa lortu nahian.
Rimbaud-ren helburua berriz forma libreak
eta asoziazio gaheak aurkitzea izan zen,
barne gatazken kaosa osorik adierazteko.
Literaturak eta arteek oro har usadiozko
moldeak hautsi zituztelarik, bi norabidenagusi bereizi ziren, hurrengo urteetako
ibilbidea markatuko zutenak. Idazle askok
arrazionaltasunaren bidea hartu zuen. G.B.
Shaw ingelesak (1856-1950) historia, ekonomia
eta biologiazko azterketaz txertatu
zituen aldaketa sozialari eta giza bilakaerari
buruzko ideien garapenean ; filosofiarekiko
interesak eszeptizismo erlijiosora eraman
zuen Anatole France (1844-1922), eta
izaki transzendenteen esku hartzerik gabeko
giza aurreramenduan sinestera. Beste
norabideak erromantizismoaren aldera egin
zuen ; ildo horretatik sortu zen Art nouveau
edo modernismoa, batez ere arkitekturan,
dekorazioan eta margolaritzan nabarmendu
zena. Literaturan ere izan zen antzeko
joera bat, fantasiazko edo iraganeko mundura
ihes egiten zuena, eta idazlea gizarte
arruntarekin zerikusirik gabeko elitetzat
hartzen zuena -Maurice Maeterlinck, 1862-
1949 ; Hugo von Hofmannsthal, 1870-1929 ;
Stefan George, 1868-1932 ; Alain Fournier,
1886-1914 ; Ricarda Huch, 1864-1947-.Izadi jakintzak eta arrazionalismoa baztertu
zituzten beste idazle batzuek, krisi edo
eromenezko egoeretan, edo kultura primitiboetan
aurkitu zituzten errealitate berriak.
Beren sustraietatik urrundutako gizonen
emozioak zuzenean adierazten saiatu ziren
-Joseph Conrad, 1854-1924-, senari jarraituz
bilatu zuten bizitzaren berrikuntza -D.
H. Lawrence, 1885-1930-, edota Europaren
zitalkeriak, gainbeherak edo eromenak berekin
zekarren zapalkuntza adierazi zuten
-Andre Gide, 1869-1951 ; Jacob Wassermann,
1873-1934; Gustav Meyrink, 1868-
1932 ; Franz Kafka, 1881-1924-.
Mende hasieran, aurreko garaietan bezala,
literatura eta arteetako adierazpide
guztien hartzaileak -liburu, margolan, musika
klasikoarenak-, burgesiako kideak ziren
; burges kulturaz jantziek erosten zituzten
artelanak, joaten ziren museoetara,
irakurtzen zituzten liburuak eta aldizkariak.
Artistak eta idazleak ere oro har klase burgesean
sortuak ziren.
Berrikuntza urteak
XX. mendeko lehen urteetan, 1905etik
Lehen Mundu gerra bitartean batez ere,
esperimentazioaren leherketa moduko bat
izan zen arte guztietan. Urte haietan esploratu
ziren XX. mendeko adierazmolde bereziak
eman zituzten hastapen guztiak.
Lehen Mundu gerra arte, gizakiak
bakearen eta aurrerapenaren aldeko mugimendu
etengabe batean zuen fede urratuak,
eta aldaketaren sentipenak, sarriago sortu
izan zuten itxaropena etsipena baino Europa
eta Ameriketako idazle eta artistengan.
Teknologiaren garapenak hasieran aurrerapena
sendotuko zuela ematen zuen ; pentsatzen
zen irits zitekeela gizakiak libre izango
ziren bizi maila bat, arrazoia hobeto erabiliko
zuena.
Idazleek-eta bizi ziren gizartea gertutik
behatzen zutenean, argi ikusten zuten ordea
nolako aldeak zeuden aberastasunaren
eta pobretasunaren artean, eta arrakastak
berak konformismoa, mekanizazioa, ondasunen
zaletasuna, nekea eta sentsualtasuna
ekarri ohi zituela. Bazirudien produkzioa eta
makina zirela gurtzagai berriak, eta gizakiaren
beharrak baino areago, merkatuaren
erritmoak markatzen zituela denak, jabe,
administradore eta langile. Artistak konturatzen
hasi ziren zientzia eta teknologia ez
zirela, azken finean, askatasunaren sortzaile,
eta eraginkortasunak irudimena galarazten
zuelakoan errebelatzen hasi ziren. Hala
ere, antzerkigile batzuk, G.B. Shaw esaterako,
eta baita zenbait eleberrigile ere, H.G.
Wells adibidez (1866-1946), optimista agertu
ziren beren lanetan, haien ustez gizartearen
kalteak konpontzeko gai izango baitzen
gizona. Izan ere, iritzi hori oso hedatua
zegoen garai hartan.
Aldaketak lasterragotu eta handiagotu
ahala, gauzak okerragora zihoazelako eta
irudimenaren egia nolabait ere sendotu beharra
zegoelako kontzientzia zabaldu zen.
Europar artistak, nolanahi ere, zientzia esperimentalaren
bidez aldatzen ari zen leku
batean bizituak ziren XVII. mendeaz gero,
eta aldakortasun gero eta handiagoa adierazteko
bitarteko bila ibiliak. Ez baitzegoen jadanik
estilo gidari bat, gotikoa, barrokoa edo
drama heroikoa gidari izan ziren bezala.
XX. mendean, Planck eta Einsteinen aurkikuntzek
zientzien iraultza are handiagoa
ekarri zutenean, jendea ohartu zen mundua
astin zezakeen gauza ikaragarri garrantzitsua
gertatu zela, nahiz eta gauza hura
zertan zen ezin adierazi. "Erlatibotasuna" ia
gauza orori aplikatzen zitzaion kontzeptua
bihurtu zen. Masa baino garrantzitsuagoak
ziren Mugimendua eta indar lerroak. Denbora
forma desberdin askotan erabili beharreko
dimentsioa zen, eta forma horiek
islatuko zituen hizkera egokia behar zen.Harreman psikologikoei zegokienez,
J.J. Rousseau, W. Wordsworth eta F. Dostoievskiren
bideari jarraitu zioten idazleek ;
psikologia esperimentalak frogatu zuen
haien ikusmoldea, alegia, zentzuen esperientziak
ematen duela ezagutza, eta giroak
jendearen jokaerari eragiten diola ; idazleen
azterketa psikologikoek, bestalde, bultzada
berri bat izan zuten Freuden saioekin,
bizitzako lehen urteetan taxutzen dela
gizakiaren egitura psikikoa frogatzen baitzuten,
eta badela oinarrizko indar sortzaile
bat, libidoa, eguneroko bizimoduan eta
ametsetan sinboloen bidez adierazten dena.
Alabaina, denborotan ezin zen sortu
bere garaiko iraultza zientifikoa eta humanistikoa
osorik ulertuko zuen Leonardo da
Vinci edo Goetherik. Intelektualek sumatzen
zuten pentsamolde zientifikoaren eragina,
baina, salbuespenak badiren arren,
oso gutxik lantzen zuten zientzia "gogorra".
Zientziaren eragin nagusia beraz giro baten
sortzea izan zen, ezagutza zientifikoaren
aplikazio zuzena baino gehiago.
Idazleek, bizikizunaren muinari heldu
nahi baitzioten, uko egin zioten erromantizismoari,
haren lausotasunari ; era berean,
baztertu egin zituzten errealismoa eta naturalismoa
ere. Zentzuaren zirarrak, unean
uneko sentipenak, modu berri batean adieraziko
zituzten teknikak behar zituzten ;
arreta gehiago jarri zuten amets eta aluzinazioetan
mundu errealean baino. Bizikizunak
deskribatu edo komentatu ez ezik,
bizikizun horiek berregiten saiatu ziren kontakizunaren
forma berrietan.
Poeta indartsu eta talentukoek, musikagile,
margolari eta arkitekto gazteek,
elkarteak osatzen zituzten, manifestuak
idazten, artea elkarrekin egiten zuten. Burgesia
mezprezatu egiten zuten, eta langileengan
ez zuten erantzunik aurkitzen.
Askok nekeak zituzten entzun zitzaten, etabatzuek baita bizitzeko ere. Askoren aburuz,
eraso egiten zitzaion irudimen sortzaileari,
eta adierazpena berezko helburua
bihurtu zuten. Egile nagusietako batzuek
itxaropenik gabe ikusten zuten mundua.
Alabaina, gazteentzat aukerez betea zegoen
giro hura, eta indartsu borrokatu ziren
adierazpenaren eta onarpenaren alde. Erdi
mailako klasea bera ere irekiago zegoen
aldaketen aurrean, ahots berriak entzuteko
prest, partez industria aurrerapenaren bultzadak
eraginda, eta partez kide argienek
biztanle masen miseria eta ezjakintasuna
ikusi beste erremediorik ez zutelako.
Adierazpide berriak aurkitzeko eta
errealitate maila berrietara heltzeko artistek
eta idazleek egiten zituzten ahaleginak gizakiaren
nolakotasunaren bi ikusmolde
elkarren kontrakoren mende zeuden : ikusmolde
arrazionalaren eta ikusmolde irrazionalaren
mende. Bi ikusmolde horien
arabera, guztiz modu desberdinean heltzen
zioten bizitzari nahiz arteari.
Hala, urte horietan, zientziak eskaintzen
zizkien tresnak beretuta, zientzialariaren ikusmolde
objektiboa hartu zuten idazle batzuek,
analisi psikologiko zehatzak aplikatu zituzten,
eta usadiozko erakunde eta formak
baino harantzago zihoan ordena bat adierazten
saiatu ziren. Beste taldean, eskola askotako
idazleek ukatu egiten zuten arrazionaltasunaren
existentzia, edo irrazionaltasunak
menderatua ikusten zuten. Bi irizpideek bizirik
iraun zuten XX. mendeko adierazmoldeetan,
elkarri eraginez, bata edo bestea nagusitzen
zela. Artista handienek bi joerak
bateratu zituzten, Bauhaus-ekoek adibidez.
Baina gehienetan zeinek bere bidea egin zuen,
elkarri kontrajarrita. Arrazionaltasuna eta
irrazionaltasuna, hortaz, urrunagoko lekuetara
iritsi ziren : adimenaren eta irudimen zientifikoaren
egitandi berrietaraino, eta gerraren
eta beldurraren gogorkeria izugarrietaraino.
Gizarte burgesa, idazleek salatua
Esperimentazioko hamarraldi honetako
artistak eta idazleak beren gizartearen barrena
agerian jartzen saiatu ziren, konbentzioak
apurtzen, eta esanahi funtsezkoenak
aurkitzen. XIX. mendeko errealismotik aurrera
eginez, idazleek bata bestearen ondoren
egin zieten eraso gizarte burgesaren
erakunde eta balio sustraituenei. Xehetasunez
ikertu zituzten, errealitatearen interpretazio
berrien bila, antzinako balioak,
kontzeptuak eta bizitza deskribatzeko moduak,
konbentzio hutsak zirelako ideiatik
abiatuta. Gizakia osorik garatzeko, haien
ustez, haren nolakotasun osoa adierazi beharra
zegoen, baita sen biologikoa ere. Gizartea
aztertuz, bi mundu ikusten zituzten,
pobreena eta aberatsena ; eta konturatzen
ziren gizarte industrialak, oparotasunaren
eta pobretasunaren arazoa sortzeaz gainera,
auzitan jartzen zituela aberatsenen bizi
balioak. Kritikoki aztertu zituzten hortaz
familia burgesa, gurasoen eta seme-alaben
arteko harremanak, monogamia, prostituzioa,
ogibideak, erlijioa, jabetasuna,
emakumeak, masak. Xehetasunez agertu
zuten industria hiri ilunen bizimodua (Arnold
Bennett, 1867-1935) ; aberatsen
zikoikeria salatu zuten, maitasuna eta irudimen
sortzailea ulertzeko zuten ezintasuna
(Thomas Mann, 1875-1955, eta haren
Buddenbrooks, 1901) ; lurra lantzen duten
nekazarien adorea erakutsi zuten (Knut
Hamsun-en Lurreko fruituak, 1917), eta
orobat fabriketako langileena, eta haien
indarra (Gorkiren Ama, 1907).
Gogorren salatutako gai bat sexuaren
gaineko tabuak izan ziren. XIX. mendean
frantses kontaketa risquearen esparru itxia
izan zena arreta gunea bihurtu zen XX.aren
hasieran. Bide hori jorratu zuten Samuel
Butler-ek (1835-1902), Frank Wedeking-ek
(1864-1918) eta Arthur Schnitzler-ek (1862-
1931), eta batez ere, D. H. Lawrencek (1885-
1930) : haren Semeak eta maitaleak eleberriak
(1913) berehalako arrakasta izan zuen.
Lawrencek sexuaren adierazpen positiboa
bilatu zuen beti, eta haren ondoriozko askatasuna,
bizitza osorik alda zezakeena, ez
zuen aurkitu goi mailako jendearengan, langile
jende xumearengan baizik.
Idazle eta artista batzuek, antropologiaren
aurrerapenaren eraginpean, beren gizartea
baztertu eta gizarte primitiboetan
aurkitu uste izan zuten zibilizazioak galarazitako
edertasuna eta bizitasuna : D. H.
Lawrenceren Suge lumaduna (1926) da
joera horren erakusgarria. Beste zenbait
idazleren aburuz -Gorki, Martin Andersen
Nexo (1869-1954)-, Karl Marxen ildotik,
gizakiaren patua gizartearena berarena da,eta indar saihetsezinen emaitza da gizartea
bera. Henri Bergsonen ikusmoldea onartu
zutenek -badela mundua bilakarazten duen
indar bizi bat-, elan vital horren parte bezala
ikusi zuten gizakia. Intelektual gehienen
ustez kristau sintesia desegokia zen XX.. enderako ; izan ziren gutxi batzuk ordea,
Paul Claudel frantsesa adibidez (1868-1954),
tesi katolikoaren alde egin zutenak.
Usadiozko ikusmoldeak auzitan jartze
honek artea bera gorestera bultzatu zituen
maiz artistak, poetak bereziki : bertso librearekin
saioak eginez, hizkuntzaren esanahi
aukera berriak bilatu zituzten, bai apaingarri
oro ezabatuz eta irudi zehatza igortzen
duen hitza bilatuz, bai konparazio berriak
eginez, sinbolo pribatuen gisara, eta hizkuntzazko
esanahia baino areago efektu
musikala bilatuz. Margolarientzat bezala,
eleberrigile eta poeta sinbolisten iritziz,
errealitatetarik ez baitago, pertzeptzioen
interpretazioa baizik, eleberriaren edo poemaren
forma dira errealitatea; horregatik,
arte hutsaren bila abiatu ziren idazle hauek,
hala Paul Valery (1871-1945), Marcel Proust
(1871-1922), W. B. Yeats (1865-1939), Rainer
Maria Rilke (1875-1926).
Alor desberdinetako artistek, artearen
batasuna bultzatu nahian, elkarrekin ikertu
zituzten arteen arteko harremanak. Musikagileek
musika jarri zieten sinbolisten poemei,
eta margolariek apaindu zituzten.
Pintore kubistek egin zituzten Diaghileven
balleten dekorazioak. Baina publikoa,
gerra arte oro har, XIX. mende bukaerako
bera izan zen, eta artistak harekin zuen
lotura, lehen bezala, diruan oinarritzen zen
batez ere.
Mendebaldeko kulturaren krisia 1920ko hamarraldian
Lehen Mundu gerrarekin bukatu zen
arteen esperimentazio garaia, eta era berean
orduan desagertarazi zen mende hasierako
itxaropena. Gerrak erroetaraino astindu
zuen Europako gizartea, eta elkarrekin jardunak
ziren artista taldeak hautsi zituen.
Ordu arte artearen erdigune nagusia Paris
bazen ere, lehengo erakarmena galdu zuen
pixkana-pixkana. Europako artistak kultura
krisi larri batean murgilduta aurkitu ziren.
Mendebaldeko Europatik kanpora,
Ameriketan bereziki, urte hauetan hasi ziren
kultura kolonialismotik ateratzen independentzia
politikoa aspaldi lortua zuten
herrialde asko. Europako gerrak eta krisiak
Ameriketako herrietan lehendik ere bazirenjoerak areagotu zituzten, beren lurraren,
jendearen, tradizio historikoen eta nazio
kultura sortu berrien adierazpenaren aldera
. Sobiet Batasunean, berriz, iraultzatik sortutako
gizarte berri bat eraikitzeko ahaleginetan,
helburu horrexekin lan egin behar
zuten idazleak eta artistak langiletzat hartu
ziren, eta gizartearen ikusmolde marxistaleninistari
jarraituz, errealismo sozialistaren
hastapenak finkatu ziren.
Gerrak eta Urriko Iraultzak ekarri zuten
aldaketa ikaragarriekin, gerra aurreko
idazleen usadio zaharren kontrako erasoek,
beren garaian gogorrak eta ausartak gertatu
zirenak, leunagoak ziruditen orain, eta
lehen baino askoz errazago onartu ziren arte
forma berriak. Gerraren hasieran bertan
agertu ziren gerraren kontrako protestak,
Romain Rolland eleberrigilearenak adibidez
(1866-1944). Gerraren ondorengo hamarraldian,
lubakietako gerrako giza balioen suntsipena
salatu zuten eleberri, drama eta
poemak, besteak beste: aipagarriak dira Arnold
Zweig-en Grischa sarjentuaren kasua
(1927), eta Ernest Hemingway-ren Agur
armei (1928) eleberriek.
Lehen Mundu gerraren ondorengo beheraldia
gainditu gabe zegoela, 1930 eta
1940ko hamarraldietan, ekonomia kapitalisten
krisiarekin, estatu totalitarioak agertzearekin
eta Bigarren Mundu gerraren izugarrikeriekin,
berriz ere bertan behera
geratu ziren berrikuntza ahalegin guztiak.
Idazle eta artistek, langabezian, nazien izutik
edo Espainiako eta Italiako diktaduretatik
ihes, are eramangaitzagoa aurkitzen zuten
bizi ziren gizartea, eta are bakartuago zebiltzan
; gero eta gehiago, erbesteratuenak
ziren Europa Mendebaldeko artisten
ahotsak. Bigarren Mundu gerraren bukaeran,
oraindik ere kaos, bortxa eta eromen
handiagoak ekarri zituen gerra nuklearraren
mehatxuak.Mundu hura ikusirik, Spengler filosofoak
Mendebaldearen gainbehera (1918-
1922) liburuan kaleratu zituen ideiak onetsi
zituzten askok. Gerrako eleberriak idatzi
zituzten, gerrari aintza oro kentzen ziotenak,
eta giza duintasunaren kontrako eraso
huts bezala agertzen zutenak. Hirietako
bizimoduaren zatikatzea eta nahasmendua
kritikatu zuten, eta masako produkzioak eta
makinak eskulangintzak ezabatzen dituela
salatu, langileak erritmo antinatural batean
sartuz eta gizonak robotak bihurtuz ; gogor
kritikatu zuten goi mailako klasearen
sofistikazioa eta gizarte burges atseginzalea
-A. Huxley, Chrome yellow (1921, Kromozko
horia) ; Francois Mauriac, Therese Desqueiroux
(1927)- ; ironiaz eta izumenez
aztertu zuten zientziak eskaintzen zuen
etorkizuna -A. Huxley, Bai mundu berria
(1932)-. T.S Elioten adierazpidea beretu
zuten poetek kulturaren gertalekua izendatzeko,
The Waste Land (1922) : lur eremua,
lur mortua. Thomas Mannek, Europako gizartearen
eritasunaren erakustaldi klasikoan,
tuberkulosoen erietxe bat hautatu zuen bere
diagnostiko sinbolikoa egiteko, eta ingeniariaren
irudi materialista erabili zuen etorkizuneko
pertsonaia autoritarioa seinalatzeko
(Mendi magikoa, 1922).
Egile askok sentitu zuten hedabideen
mehatxua -irratia, zinema, telekomunikazioak,diskoak, prentsa-, gero eta publiko zabalagoa
beretzen baitzuten, eta arte klasikoaren
eta herrikoiaren muga ezabatzen.
Bat zetozen Ortega y Gasset espainiar filosofoak
bere Jendetzaren iraultza (1929) liburuan
agertutako ideiekin, eta pentsatzen
zuten publikoaren zabaltzeak iraganeko
eliteen zaletasunak eta arauak hondatu besterik
ez zuela egingo.
Irtenbide bila
Noraezezko sentipen horrekin, gizarte
gaixo batean zeudelako kontzientziarekin,
eta masen mehatxupean, intelektualak ahaleginean
saiatzen ziren bizitzaren zentzua
bilatzen. Tradizio klasikoan, gizakiaren nortasunaren
ikusmolde oso bat adierazi izan
zuen beti artistak, zein leku betetzen zuen
unibertsoan, eta zein gizarte balioren arabera
moldatzen zuen bere patua. Garai
honetan, bilaketa hori areagotu egin zen,
norabide asko eta desberdinak hartuta.
Freudek sorturiko kontzeptuen zabalkundeak
eragin erabakigarria izan zuen
1920ko hamarraldiko giro intelektualean,
eta gizakiaren barne nolakotasunaren ikerketa
sakona bultzatu zuen. Zenbaitek Freud
baztertu zuen arren -D.H. Lawrencek adibidez-, eta baita intuizioaren ordez ikerketa
zientifikoa erabiltzeko saio oro ere, artista
eta idazle gehienek baliatu zituzten Freuden
ideiak errealitatea sakontasun psikologikoetan
bilatzeko, eta sexuaren eta
sexuaren inguruko gaietara bideratu zituzten
ikerketak. Izan ere, Freudek sexuaz
zuen ikusmoldea, oinarrizko sen gisa, hitzaren
zentzu fisikoak adierazten duena
baino askoz zabalagoa da.
1920. urte aurreko obrek gizartearen
alderdi ezkutuak agerian jarri zituzten, eta
erakutsi zuten nola estaltzen zituen arazoak
eta desirak prostituzioaren pean ; eraso egin
zioten ezkontza konbentzionalari, eta familia
burgesaren gezurrak eta barneko tentsioak
erakutsi zituzten ; baina hori guztia
gehiago zen azalpen soziala, nahiz eta sarritan
esapide psikologikoekin apaintzen zen.
Freuden eraginpean berriz, eleberri, antzerki,
baita margolaritza eta musika psikologikoak
ere bizikizunen alderdirik sakonenetan
bilatu zituzten azken eragileak,
bereziki lehen haurtzaroko zapalkuntzak
ekarritako frustrazioetan -memoria kolektiboak
hornitutako arketipoetan edota
Freuden dizipulu Jungen jarraitzaileek-
Familiako gatazkak, aita-semearena bereziki,
behin eta berriz ikertu zituzten "Ediporen
konplexuaren arabera, kontakizun
greko klasikora itzuliz, osagai modernoezhorniturik, Jean-Paul Sartrek adibidez (1905-
1980), edo modu modernoan aurkeztu zuten
semearen amarenganako maitasuna eta
aitak sorrarazten zion gorrotoa, Eugene
O'Neill-ek adibidez (1888-1953).
J. Joycek (1882-1941) emakumearen eta
gizonaren arteko harreman fisikoa xehetasunez
deskribatu zuten idazle handienetako
bat izan zen, sexuaren sena pertsonaien
nortasun osoarekin lotuz. Proustek, Gidek
(1869-1951), eta beste batzuek homosexualitatea
ikertu zuten, ohiko gauza bihurtuz
ordu arte tabu izandako gai baten trataera.
Dadaistek (1916) bizitzaren zentzurik
eza adierazteko hautatu zuten taldearen
izena bera. Andre Bretonek, dadaismoaren
ondorengo higikunde surrealistaren buruzagiak
(1896-1966), ondo ezagutzen zuen
Freuden lana, eta literaturako teknikatzat
hartu zuen psikoanalisia, irudien asoziazio
automatikoan.
Eleberrigile batzuk hasi ziren, iragarleen
zorroztasunaz eta irudimenez beterik, kulturen
kontrasteak eta XIX. mendeko kolonien
desegiteak ekarriko zuten giza trajedia
ezin saihestekoa ikusten ; horren adibide
dira Joseph Conraden Ilunbeen bihotzean
( l9O9), E.M. Forster-en (1879-1970)
Indiarako bidea (1924), eta Andre Malrauxen
(1901-1976) Errege bidea (1930). Malraux-ek
berak jarraitu zuen Txinako borroka
iraultzailearen lehen garaiak deskribatzen
ditu Giza izatea-n (1933).
1930eko depresio ekonomikoak kapitalismoa
itxuraz betiko jota utzi zuenean,
eta estatu totalitarioen sorrerak askatasunak
mehatxupean ipini zituenean, faxismoaren
eta komunismoaren arteko hautapena zela
irtenbide bakarra iritzi zuten artista askok.
Aurreneko aukera oso gutxik egin zuten,
adostasunera behartu zituztenak alde batera
utzita. Gehiagok egin zuten komunismoaren
aldera, Ignazio Silone italiarrak
(1900-1978) -Fontamara, 1930- eta Anna
Seghers alemaniarrak (1900-1983) -Santa
Barbarako arrantzaleen matxinada, 1928adibidez
. Alemanian idazle eta kazetari asko
altxatu ziren nazismoaren kontra, bai humanismoaren
eta kulturaren etsaitzat hartzen
zutelako, bai Hitlerren aginpideak erbestera
behartu zitutelako. Haietako bat
aipatzearren, nahiz eta austriarra izan, Stefan
Zweig (1881-1943) gogoratuko dugu :
gerra aurreko Vienako elite intelektualeko
ordezkari ereduzkoa izanik, bere garaiko
gertaerak islatzen zituzten eleberri historikoak
idatzi zituen (Fouche, 1931). Lehenxeago
aipatu den Anna Seghers-ek,
Mexikon erbesteraturik Bigarren Mundu
Gerran, kontzentrazio esparru bateko ihesaldiaren
kontaketa hunkigarria argitaratu
zuen (Zazpigarren gurutzea, 1947).
Komunismoa langile masengana hurbiltzeko
bidea zen haren alde egin zutenentzat,
klase ertaina baina benetakoago ikusten baitzituten langileena ; gainera, komunismoan
aurkitzen zuten kapitalismo burgesaren
ordezkoa, gizakiak bere kidekoekiko
harreman hobeak lortuko zituena.
Idazle eta artista hauetako batzuek ordea
atzera egin zuten Stalinen estatuko metodo
polizialak ezagutu zirenean, Sobiet Batasuneko
1930eko hamarraldiko garbiketetan
gizakia menderatzeko estatuaren beste
makurkeria bat ikusi baitzuten. Horien artean
aipa genitzake, beste askoren artean,
Arthur Koestler (1905-1983), Ignazio Silone,
Andre Gide.
Idazle batzuek tradiziora itzuli ziren
erantzun bila, eta kultura aurrekarietan bilatu
zituzten erroak. Zenbaiten kasuan, erlijiora
itzultzea zekarren horrek. T.S. Eliot
eta W. Auden poetek, aurrenekoaren "Lur
eremu" hura alde batera utzita, eliza anglokatolikoan
eta hari loturiko usadioetan aurkitu
zuten bila zebiltzan zentzua. Jacques
Maritain idazle frantsesa, katolikotasunera
itzulirik, Erdi Aroko gizarte kristauaren balioen
erakusle garrantzitsua izan zen.
Sustraien bilaketak herri kulturaren esploraziora
eraman zituen beste idazle batzuk
. Musikan izan zen batez ere garrantzitsua
esplorazio hori ; aski da horretarako
Bela Bartok gogoratzea. Baina idazle askorentzat,
Frantzian batez ere, Greziako eta
Erromako tradizio klasikoarekin berriz bat
egitea suposatu zuen : horren agergarri dira
Jean Giraudoux-en (1882-1944) Troiako
gerra ez da gertatuko ( 1935), eta Andre
Gideren Teseus (1936, Teseu, I. Sarasolak
euskaratua). Thomas Mann, europar gizartearen
disekzioa egin ondoren, Joseren
kontaketa judura igaro zen, iraganaren ikerketa
gaurko gizonaren bilaketa delakoan
(Jose eta haren anaiak, 1934).
Filosofia eta eleberri existentzialista
Intelektualak norabide askotan bultzatu
zituen esanahi bilaketak, Jainkoaren nahiz
arrazoiaren fedea galdurik, hustasun eta
absurdu sentipen batera eraman zituen asko
eta asko. Halakoen iritziz, zuzen-zuzenean,
engainurik gabe, existentziari aurre egitea
zen jokabide zintzo bakarra.
Ikusmolde hori filosofian oinarritzen zen
batez ere, S. Kierkegaard-engandik hasita,
F. Nietzsehe eta M. Heidegger-engandik
igaroz. Ildo horretatik, Franz Kalkak aurrena
eta Jean-Paul Sartrek eta Albert Camusek
(1913-1960) geroago, formulazio berriak bilatu
zituzten, eta literatura existentzialistaren
erakusle nagusiak bihurtu ziren. Kafkak
Itxuraldaketa (1916) eta Auzia (1925) eleberrietan
adierazi zuen hobekien existentziaren
anbiguitatea. Kafkaren existentzialismoa
eztabaidagarria da hala ere -haren obra
guztiz hermetikoa baita, eta, horrexegatik,
guztiz irekia-, baina ez Sartre eta Camusena
. Sartreren ustez, gizakia berak izan nahi
duena da, erantzulea, eta bere izaera ulertu
eta onartu behar du (1913-1960), iruzurrei
ihes eginez. Ideia horiek sistematikoki
formulatu zituen Izatea eta ezereza saioan
(1943), eta eleberri sail batean adierazi,
Goragalea-tik (1938) aurrera. Camusen ustez
-Kafkaren eraginpean-, gizakiaren egoera
absurdua da, eta matxinada da absurdu
horretan zilegi den jokamolde bakarra.
Xehetasunez aztertu zituen bere eleberrietan
ikara, heriotza, tirania, adostasuna.
Bizitzaren ikusmolde hau aski zabala
izan zen XX. mendearen erdialdeko Europako
idazle askorengan, Frantzian eta Alemanian
bereziki. "Konpromisoa" proposatzen
zuten existentziari zentzua emateko,
eta idazlearen konpromiso hori ondo zehaztu
ez zen arren, indarra eta adorea ematen
zien gerraren izugarrikerietatik eta kontzentrazio
esparruetatik bizirik atera zirenei,
eta hori guztia, eta haien eragileak ezagututa,
bizitzen jarraitu behar zutenei.
Idazle batzuk existentziaren nahasmenduak
kezkatzen zituen artean, beste batzuk
haren gehiegizko ordenaz arduratzen ziren.
G. Orwell-ek (1903-1950) bere 1984 eleberrian
(1949), mundu guztiz autoritario bat
deskribatu zuen, gizakiaren askatasuna ezabatua
daukana. Izan ere, britainiar intelektualek
ez zuten Europako gainerakoek
bezala existentzialismoa beretu, ezta haien
irrazionaltasuna eta nihilismoa ere. Virginia
Woolf (1882-1941) bezalako idazle batzuek
maite zuten beren giroa : bizitza sentipen nahasien
multzo bat bezala ikusten zuen arren,
maitasunez deskribatu zituen hark Londreseko
autobus gorriak eta kale jendez beteak.
Hizkera poetikoaren inguruko ikerketak
Poesia XX. mendean ez da aurreko
mendeetan bezain garranzitsua izan, batez
ere lirikoa izan baita, bakarka irakurtzekoa
-eta isilka-, eta gero eta bereziagoa egin
da, gutxiengo batentzat esanguratsua. Poeta
gazteek Yeats (1865-1939) miretsi zuten,
poesiaren izpiritua bizirik gorde zuelako, eta
bere musikaren magiaren bitartez poeta izateko
adorea eman zielako. Esperimentu
asko egin zuten irudi, kadentzia eta erritmoetan,
eta poesiaren eremua zabaldu zuten
errealitatearen zentzu aldakorra irudimenez
adierazteko ahaleginean.
Forma hutsaren poetek, gauzei buruz
zuten kontzientziaren prozesua bera ikertu
nahi baitzuten, muturreraino eraman zuten
gizabanakoaren sentipenaren ikerketa, XIX.. ende hasierako erromantiko iraultzaileek
jada hasi zutena. Oso poeta desberdinek
heldu zioten bide horri, adibide baterako
Valery intelektualak Frantzian eta Rainer
Maria Rilke suharrak germaniar munduan.
Poeta hauek eta beste batzuek libratu zuten
poesia usadiozko bertso alexandrino,
bertso aske heroiko eta herri kantatik.
Zeinek bere hizkuntzan, antzinako doinu
greko eta latinoak berriztatu zituen, edota
Berpizkundearen aurreko idazleen forma
poetikoak. Bertso askea erabili zuten, umore
aldaketa lasterrak, irudi edo mugimendubaten xehetasun txikia eskaintzeko.
Usadiozko formak erabili zituztenean -Valeryk
Parka gaztean (1912) edo Rilkek
Orfeori Sonetoak-en-, - halako metafora
freskoak erabili zituzten, hain eten eta e-
rritmo desberdinak, non doinu guztiz berriak
lortu baitzituzten, eta XX. mendeari
zegokion moduan komunikatu zuten unibertsaltasuna
.
Sinbolismoa da mende hasierako poesia
eskola nagusia. Mallarme-rengandik
hasita, hizkuntza esanahi diskurtsibotik libratzen
ahalegindu ziren sinbolistak, eta
musika balitz bezala erabiltzen. Bizitzaren
une bereziak interesatzen zitzaizkien, gizabanakoarentzat
bakarrak diren une horiek,
kanpoko irudiez baino gehiagoz osatuak ;
hortaz, sinbolo, ikur berriak bilatu zituzten
une haiek adierazteko. Usadiozko sinboloak
ez ziren jada baliagarriak, lehengoarekiko
adostasuna adierazten baitzuten.
Sinbolistek, izan ere, arazoak zituzten
hizkuntzarekin, sinbolo berriak baina indartsuak
behar baitzituzten beren adierazpiderako
. Yeatsek esana da gizon bakoitzak bere
sinboloa behar duela. Hark "Gurpil handia"
erabili zuen, Ikuspen bat liburuan (1926)
agertu zuen bezala. Rilkeren sinboloak berriz
iturri askotatik hartuak dira : izadia, arteak,
Bibliaren tradizioa, mito klasikoa (Orfeo
bereziki). Alemanian ezezagunak ziren
indar eta dotoretasunez idatzi zuen, ñabardura
berriez hornitutako hizkera erabiliz.
Idazle frantsesek Rilkeren sakontasuna miretsi
zuten; Rilkek berak itzuli zuen Valeryren
poesia. Estatu Batuetara eta Errusiaraere zabaldu zen haren eragina. Valeryk,
Kreazioa unibertsoaren akats bezala ikusten
baitzuen -batasunaren perfekzioaren
nahaslea-, garbitasunezko sinboloak hautatu
zituen: Apolo, eguzki distiratsua, akats
hura ahantzarazten duena ; eguerdiko itsaso
argitsua ; diamantea, argi iturri perfektoa.
Sormenaren indarraren iturri ilunak, basoa,
zuhaitzak, Pitonisaren bidez adierazi zituen.
Sinbolo horiek heraz bereziak ziren
idazle bakoitzaren kasuan, eta jendearentzat
oro har ez zuten esanahi berezirik ; hortaz,
oso irakurle talde mugatu batentzat
idazten zuten forma hutsaren poeta hauek.
Baziren nolanahi ere borroka sozialerako
edo nazio bizimodurako ikur herrien bila
zebiltzan poetak ere. Federico Garcia Lorca
espainiarrak adibidez (1898-1936) herri
kantagintzaren eta espainiar antzerki klasikoaren
moldeak erabili zituen baserritar xumearen
gizatasunari adierazpide modernoa
emateko.
Mendebaldeko Europatik kanpora
oraindik bizirik zegoela erakutsi zuen gizabanakoaren
poesiak. Estatu Batuetan, Robert
Frost-ek (1874-1963) eguneroko bizimoduan
aurkitu zituen bere irudiak eta sinboloak
. Indiatik Rabindranath Tagoreren
ahotsa heldu zen, oso irakurria Europan eta
Estatu Batuetan ; bere Ekialdeko heziketaren
berezitasuna erantsi zion Mendebaldeko
poesiari. Sobiet Batasunean Boris Pasternak
poeta lirikoak (1890-1960) -Rilkeri
eskaini zion bere autobiografia-, gogor egin
zuen gizabanakoaren sormenaren alde, eta
hura bizirik eduki beharra azpimarratu zuen,
egitura soziala eta politikoa edozein izanik
ere. Biziki estimatu zuten Errusian Pasternak-en
poesia, nahiz eta zentsurak debekatu
zuen DoktorZhivago eleberria (1957).
Handik kanpora ordea arrakasta izugarria
izan zuen.
Baina Mendebaldeko kultura urbanoetan
ez zegoen poetak herriari mintza zitezkeen
hizkuntzarik. Baita idazleak herriaren
hizkera mintzatura hurbiltzen saiatzen
zirenean ere, oso irakurle gutxik menderatzen
zuten tradiziozko literatura hizkuntza.
Gizarte industrializatuaren espezializazioek
hiztegi bereziak sortu zituzten ; industriek,
ogibideek eta jakintzaren alor desberdinek
zeinek bere hizkuntza zuen, eta hain zen
espezializatua non ulertezina gertatzen baitzen
jende gehien-gehienarentzat. Hizkera
espezializatu horiek metaforaz beteak zeuden,
baina poeta batentzat metafora haiek
ez zuten freskotasunik, eta sailkapenak
baino ez zituzten iradokitzen.
Erabilera arrunteko hizkerak ere bizitasuna
galdu zuen. Hizkuntza bitxi bat sortu
zen, sustrairik gabeko hiritar urbanoek erabiltzen
zuten nahasketa. Orobat jasan zuen
hedabideen eta eskola bateratuaren eragina,
eta horrek berdindu eta bizitasuna galarazi
zion.
Antzerkiaren birsortzea
Europan eta Estatu Batuetan, alde batetik
gerraren gorabeheren mende garatu zen
antzerkia -edota egin zuen behera-, eta
bestetik zinema, irratia eta telebistarekin
konkurrentzian. Zenbait unetan konpainia
ibiltariak sortu ziren, antzerkia hiriburu handietatik
oso urruti eraman zutenak. Errusian,
Urriko Iraultzaren aurretik egin zen antzerkiaren
iraultza, eta era horretan mundu berri
baten interpretaziorako tresna ahaltsua bihurtu
zen.
Drama serioak, egitura eta modu egokiz
adierazita, antzerki komertzialarekin
borrokatu beharra zeukan. Kalitatezko antzerkia
lantzeko helburuaz, antzeztoki berri
asko eraiki zen : Moskuko Arte Antzokia
(1898), Berlingo Deutsches Theater (1905),
Dublingo Abbey Theatre (1904), Pariseko
Vieux-Colombier (1913), Londreseko Court
Theatre (1904), New Yorkeko Provincetown
Theater (1916), eta Washingtongo Square Players
(1911). Leku askotako zale taldeetatik
sortu ziren antzezle eta ideia berriak. Zuzendari
batzuek arte dramatikoko eskolak
sortu zituzten, sinetsirik heziketa hoberenarekin
dagoela lotua dibertsio hoberena.
Lehen Mundu gerra arte errealista izan
zen oro har antzerkia, Ibsenen eta errusiar
antzerkiaren modura, eta Txekhoven eta
hasierako Shawren lanak eskaintzen ziren
batez ere. 1920ko hamarraldian, saio ausartak
egin ziren sinbolismoaren, espresionismoaren
eta konstruktibismoaren ildotik ;
horrekin batera, subkontzientearen eta
mitoen esplorazioa egin zen -Eugene
O'Neill-en obretan bezala-, eta propaganda
bakezalerako erabili zuten Ernst Toller
alemanak (1893-1939) eta Sobiet Batasuneko
masa antzerkiak. 1930eko hamarraldian,
antzerki politikoa eta gerraren kontrakoa
egin zen batez ere, gizarte higikunde zabalak
interpretatzeko modu berriak eskainiz
eta ikusleei eskaera berriak eginez.
Mende hasieran, antzerkiek eskaintzen
zituzten emanaldiak bideratu zituzten obra
handi batzuk izan ziren. Ibsenen dramak
Europa osoan antzezten ziren ; Txekhov-en
obrek, beren zorroztasun psikologikoaz eta
erdi mailako klasearen frustrazioen alderdi
komikoak erakutsiz, Moskuko Arte Antzokiko
Stanlislavskyren estilo berezia finkatu
zuten. Shawren lanak izan ziren Ingalaterrako
antzerki modernoan nagusi, bere eztabaidako
obrekin, zeinetan ideiak indar
dramatikoak baitiren, eta agerian jartzen
dituzten moraltasun konbentzionalaren alderdi
ezkutuenak.
Konstantin Stanislavsky, errusiar antzezle,
antzerki zuzendari eta teorialaria (1863-
1938) Moskuko Arte Antzokiaren sortzaileetakobat izan zen (1898), Urriko Iraultza
baino lehen. Aktoreak prestatzeko eta trebatzeko
metodo bat sortu zuen -antzezleentzako
ariketa berezietan oinarritua batez
ere-, XX. mendeko antzerkigintza eraberritu
zuena. Bikaintasunaren ikur izan zen,
eta haren metodoak oso eragin zabala izan
zuen Europan eta Ameriketan, 1950eko
hamarraldiraino. Iraultzaren ondoren sobietar
egitasmoak eta garaipenak eraman
zituen Stanislavskyk antzerkira. Bereziki
arduratu zen gazteriaz, hark sortu behar baitzuen
kultura berria, eta ikasketak antolatu
zituen gazte jendea prestatzeko.
1920tik aurrera zuzendari antzerkia indartu
zen, gutxi gorabehera 1950eko hamarraldia
arte. Izan ere, obra espresionistak,
O'Neillenak eta Pirandellorenak adibidez,
egokiak ziren zuzendarien esperimentuetarako
. O'Neillen pertsonaiek Brown Jainko
Handia obran (1920) mozorroak janzten eta
eranzten zituzten, haien artean harreman
berriak sortu ahala. Luigi Pirandellok (1867-
1936) bere Sei pertsonaia egile baten bila
obrarekin (1921) norberaren barne errealitatea
besteari agertzeko ezintasuna eraman
zuen antzeztokira. Alabaina, aski zaila izan
zen idazle hauen eta zuzendarien arteko
harremana, eta era honetako obrak ez ziren
antzokietan inoiz nagusitu.
Antzerki espresionistak Alemanian hartu
zuen indarra, Max Reinhardt-en Deutsches
Theater-en bereziki, Berlinen. Haren
errepertorioak munduko antzerki literatura
osoa hartu zuen, klasikoa nahiz modernoa.
Besteren artean, August Strindberg-en
(1849-1943) obrak antzeztu ziren bertan, eta
Frank Wedekind-enak (1864-1918). Max
Reinhardt-ek baliabide tekniko berri guztiak
erabili zituen, antzezleku birakariak,
itzal espresionistak sortzen zituzten argiak,
antzezle masak edota ikusleengandik ateratako
talde txikiak. 1933an Estatu Batuetara
erbesteratu zen, eta zinemarako egokitu
zuen han Shakespeareren Udako gau
bateko ametsa (1935). Eragin handia izan
zuen hamarraldi osoan.
1930eko hamarraldi horretan bertan,
Bigarren Mundu Gerra zetorrela gero eta
argiago igartzen zenean, antzerki klase berri
bat sortu zen Europako Mendebaldean,
oraindik ere usadiozko moldeetatik gehiago
urruntzen zena. Bertolt Brecht-en (1898-
1956) antzerki "epikoaren" helburua ez zen
ikusleak liluratzea edo katarsia eragitea,
aitzitik, gizartearen aurrean jarrera zientifiko
modernoa indartzea zen, eta ikusle
arruntari egoera horren berri ematea. Usadiozko
teknikak eta baliabideak apurtu
zituen, eta era guztietako adierazpideak
baliatu zituen -hizkuntza, musika, dantza,
pantomima...- errealismoa eta irudimen
poetikoa bateratzen zituzten obrak sortzeko
. Laissezfaireri buruz egindako kritika,
Lau soseko opera (1928), Kurt Weillen partitura duena, Europako erdialdeko komedia
musikal nagusia izan zen garai batean,
eta urteak egin zituen New York-en 1950eko
hamarraldian.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, antzerkiak
uko egin zion ikusleak hezitzeari,
eta drama poetikoa berpiztu zen aldi batez
Ingalaterra, Fantzia eta Estatu Batuetan. Oro
har, hiriburu handietan bakarrik egiten zen
antzerkigintza esperimentala. Antzezleku
txikietan aurreko esperimentuak berritu ziren,
eta izan ziren gazte errebeldeen obra
erromantiko batzuk ere ; orobat egin ziren
antzezlan existentzialistak (Sartre, Les Mouches,
1943 ; Camus, Caligula, 1943). 1950etik
aurrera, bizilekua (eta hizkuntza) Frantzian
hartua zuten bi atzerritarrek, Eugene Ionesco
errumaniarrak eta Samuel Beckett irlandarrak,
hankaz gora jarri zuten frantses
antzerkigintza. Antzerki existentzialista
mezu-emailearen ondoren, Ionescoren
(1912-1994) eta Becketten (1906-1989) absurduaren
antzerkia etorri zen, beste bi
atzerritarrek, A. Adamov armeniarrak (1908-
1970) eta F. Arrabal espainiarrak (1932)
osatuko zuen bidea urratuz. Antzerki hori
ordea, Frantzian aldi batez arrakasta handia
izan zuen arren, ez zen askorik zabaldu
. Esanguratsua da Shaw-ren Barbara komandantea
(1905) zinemara eraman izana,
Shaw bera zela zuzendari kide 1941. urtean.
Izan ere, zinemarekin konkurrentzia gogorrean
ari baitzen antzerkia, eta halaxe jarraitzen
du gaur egun ere.