Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Literatura aroak

Greziar literatura klasikoa : prosa

Hopliten arteko borroka irudi beltzeko greziar zeramika batean.<br><br>

Prosa, sormen literarioaren ikuspegitik, poesia baino askoz ere geroago sortu zen Grezian. Prosaren inguruko lehenengo lanak testu sakratuak, zuzenbidezkoak edo politikoak izan ziren, eta literaturaren ikuspegitik ez zuten ezaugarri aipagarririk, nahiz eta alderdi filologikotik garrantzi handikoak diren. Alabaina, agiri horiek artxiboko paper izateari utzi eta iraganeko gertaeren oroitzapena gorde nahi duten kontakizun bihurtzen direnean, historia sortzen da. Eta kontakizun horiek goi mailako idazleek idazten dituztenean, garrantzi handiko literatura adierazpena bihurtzen da historia.

Historia eta filosofia izan ziren greziar prosa klasikoko bi literatura genero nagusiak.

Jakinmin intelektuala asetzeko eta hari erantzuteko nahiak indarra hartzen du poetaren edo dramaturgoaren asmoen aurrean, azken horiek irudimenean edo sentiberatasunean eragin nahi baitzuten. K.a. VI.. ende inguruan sortu ziren prosan idatziko lehenengo lanak Grezian, eta antzematen zaie jadanik nolabaiteko asmo literarioa.

 

Historia

Greziarrentzat mitologia eta elezahar heroikoek osatzen zuten iragana, eta bertsoetan osatutako epopeia zen iraganeko gertaeren lekuko. Baina Grezia estatu gisa antolatu zenean, Greziaz haraindiko munduarekin egin zuen topo, eta historia osatuko zuten garrantzizko hainbat ekintza gertatu ziren. Une horretan bertan sortu zen, halabeharrez, historiografia handinahi bat.

Historia, une horretan, iraganeko gertaeren oroitzapena baino, idazten zen garaiko gertaeren kontakizuna izan zen.

Greziako historiografiaren aitzindaritzat itsas bidaietako kontakizunak hartzen dira.

Lan haiek, periplo deituak, oro har, itsasgizonentzat eta merkatarientzat gida modukoak izaten ziren, eta urruneko herrialdeetako ohiturak eta ezaugarriak azaltzen zituzten ; gehiegikeriarako joera izaten zuten gehienetan . Logografo deituek ere idatzi zituzten deskripzioak eta kontakizunak, prosa soil eta helburu handirik gabe batean. Idatzi horien berriak apurrak eta zeharka jasoak ditugu, eta historiaren ikuspegitik balio handiko agiriak badira ere, ez ziren literatura sormenaren helburuarekin idatzi.

 

Herodoto

Herodoto kronologikoki lehen historiagile greziarra izateaz gainera, europar kulturaren barruan prosaz idatzitako liburu zaharrenaren egilea da. Hark idatzi zuen, bestalde, irakurria izan zedin helburua zuen lehenengo liburua. Herodoto Halikarnason -Asia Txikiko hego-ekialdeko hiria- jaio zen K.a. 484. urte inguruan. Oso gazte zela jaioterria utzi behar izan zuen matxinada baten ondorioz. Halikarnasotik Samosera joan zen, eta 449. urtean, Greziak eta Pertsiak bakea izenpetu zutenean, bidaia bat egin zuen Egipto eta Asia Txikian barrena. Atenasen egon zen urteetan garai hartako idazle ospetsuenak ezagutu zituen, Sofokles besteak beste.

444. urtean Turiosen hartu zuen bizilekua, eta hantxe idatzi zuen bere liburu handia.

Herodotoren lanak gertaera historiko handi bat kontatu nahi du : Pertsiako inperioaren eta Greziaren arteko gerra. Gerra horren azken gertaerak gaztea zela bizi izan zituen Herodotok. Lan horretan "ikerketa" esanahiaz erabiltzen du Herodotok historia hitza. Herodotoren lan handia Historiak izenburuarekin ezagutzen da, eta bederatzi liburutan banatzen da, bakoitzak musa baten izena duelarik. Lan horren helburu nagusia greziarren eta pertsiarren arteko gerrak kontatzea da, Mendebalaren eta Ekialdearen arteko borroka alegia. Kontaera hori osatzeko bi bide erabili zituen egileak. Alde batetik, logografoen idatzietatik, mitologiatik eta zenbait poetarengandik hartu zituen datuak, baina bide horrek ez zion iturri sendo edo ziurrik eman. Beste alde batetik, Herodoto bere bidaiez baliatu zen, lurralde ezagunetara, Afrika iparraldera, Asia Txikira eta itsaso Beltzeko kostaldera egindako bidaiez oro har.

Herodotoren ustez, gerra haien testuingurua osatzeko bide bakarra, Greziaren eta Pertsiaren arteko gerrek arrastoa utzi zuten lurraldeak ezagutzea zen, eta behin lurralde haietara joanez gero, bertako monumentuak, oroitzapenak eta tradizioak ikertzea zen egin beharreko bigarren urratsa -ezin ahantz daiteke, esan bezala, Herodotorentzat historia hitzak ikerketa esan nahi zuela-. Herodotok, bestalde, ez du ez poesia ez filosofia egiten, nahiz eta genero baten zein bestearen osagaiak aurki daitezkeen bere lanean ; aldiz, Herodoto kontalari handia zen, gauzak soiltasunez kontatzen zituena. Ildo nagusi bat hartzen zuen -Pertsiaren historia-, eta behin baino gehiagotan, ildo hori alde batera utzi eta beste herrietako gertaerak sartzen zituen, baina beti itzultzen zen hari nagusira. Tarteki horiek batzuetan besteetan baino luzeagoak dira, eta horrela, bigarren liburua esate baterako, Egiptori buruzkoa da oso-osorik.

Herodotok ez du bere bidaietan jasotako informaziorik bazterrean utzi nahi, eta horregatik txertatzen ditu bere testuetan tarteki horiek guztiak.

Zehaztasun handiz deskribatzen ditu beretzat arrotzak ziren herrietako ohiturak, egiptoarrenak, babiloniarrenak edo eszitenak ; arreta handia jartzen zuen herri haien gurtzetan eta sinesmenetan, eta horregatik balio handikoa da haren lana erlijioak ikertzeko. Gaur egun existitzen ez diren baina garai hartan garrantzi handikoak izan ziren hiriak ere deskribatu zituen bere lanean.

 

Tuzidides

Herodotoren Historiak amaitzen diren garaian hasten dira Tuzididesen historiak (K.a. 460). Atenasen eta Espartaren arteko gerra hasi zenean (431. urtea) hasi zen Tuzidides gertaera hura zehatz-mehatz kontatzen.

Eta gerra hartako gertaerak hain bertatik bizi izan zituen Tuzididesek, ezen 424. urtean atenastarren jeneral izendatu baitzuten ; baina saldukeriaz salatu zuten eta ihes egin behar izan zuen Atenastik. Hogei urtez erbestean bizi ondoren, gerra amaitu zenean (K.a. 404), Atenasera itzuli zen. Han bere lanarekin jarraitu zuen, berrikusi zuen ordu arte idatzitakoa, baina, azkenik, amaitu gabe hil zen.

Askotan egin izan dira konparazioak Herodotoren eta Tuzididesen artean, baina kontuan hartu behar da oso historiagile desberdinak izan zirela, eta zeinek bere metodoak erabiltzen zituela historia aztertzeko.

Egia da Tuzididesen Peloponesoko gerraren Historia Herodotoren Historiak lana baino modernoagoa iruditzen zaigula gaur egun ; baina ez du ahaztu bi historiagile horiek oso lan metodo desberdinak zituztela, eta bataren zein bestearen lanak garrantzi handikoak izan direla iragana hobeto ulertzeko . Tuzididesek historiari buruz egiten duen analisi politiko eta militarra miragarria da, eta Herodoto berriz ezinbesteko iturria da etnologo eta arkeologoentzat. Tuzididesek iragana lanaren sarreran aipatzen du bakarrik, izan ere, bizi izan zituen edo bizitzen ari zen gertaerak kontatzea baitzen harentzat historia.

Herodotok elkarrizketak egin zizkien zenbait pertsonaiari hainbat gairen inguruan, eta haien iritziak bere horretan sartzen zituen bere lanean ; Tuzididesek, aldiz, gai berei buruzko iritziak konparatu egiten ditu batzuk besteekin. Eta iritzi horiek liburuan sartzeko Tuzididesek prozedura berezi bat erabiltzen du, alegia, kontakizuna etengabe eteten du pertsonaia historikoen hitzaldiak sartzeko, eta haien iritziak, irizpideak eta politikak aipatzen ditu. Ez ditu haien esanak hitzez hitz berridazten, aldiz, agintarien eta militarren ahotan jartzen ditu haien pentsamenduak eta iritziak. Hala, Peloponesoko gerraren Historia lanean berrogeita lau hitzaldi zati daude. Esate baterako, Periklesen pentsamenduak ageri dira, eta nahiz eta hitz horiek ez zituen horrela esan, haren barru-barruko usteak eta helburu politikoak erakusten dituzte. Bestalde, hitzaldi batzuen aurrean, guztiz kontrakoa pentsatzen dutenen hitzaldiak jartzen ditu askotan.

 

Xenofonte

Xenofontek Tuzididesen historia jarraitu zuen Helenikak edo Greziako Historia lanaren bitartez. Lan horretan K.a. 411. urtetik 362. urte bitarteko gertaerak kontatzen ditu Xenofontek, alegia, bere bizitzako garai batean gertatutakoak. Era askotako lanak idatzi zituen, zaldiketari eta ehizari buruzko lanak, lazedemoniarren egoerari buruzko saiakera politikoak, tiraniari buruzkoak, eta abar. Saiakera horietan elkarrizketan jartzen zituen hainbat pertsonaia, hala nola Sirakusako Hieron Simonides poetarekin; baina pertsonaia guztietan arreta gehiena Sokratesi jarri zion. Xenofonte Sokratesen ikasle eta solaskide izan zen, eragin handia izan zuen beragan, eta halaxe dio berak Sokratesen oroitzapenak lanean.

Baina Xenofonteren bizitzan bada gertaera bat idazle handi bihurtu zuena eta mirespena sorrarazi zuena. Atenasen eta Espartaren artean bakea izenpetu zenean, gerrariak, ezin bihurturik nekazari baketsu, lanik eta soldatarik gabe gelditu ziren. PertsiakoZiro Gazteak, bere anaia Artaxerses II.a aginpidetik kendu nahian, langabe zeuden mertzenarioengana jo zuen bere matxinadaren alde egin zezaten. Hala, Xenofonte gudaroste hartako kide egin zen espedizio hark zein helburu zuen zehatz-mehatz jakin gabe. Esperientzia haren kontakizun zehatza da, hain zuzen, Xenofonteren maisulana : Anabasis. Ziroren gudarostea Asia Txikia zeharkatu eta helburu bera zuten beste gudaroste batzuekin elkartu zen, baina Babiloniatik hurbil, Ziro garaitu eta hil egin zuten, eta gudarostea desegin zen.

Hala, greziarrak buruzagirik eta babesik gabe gelditu ziren, Artaxerxesen gudarosteen mende alegia. Gudarosteko buruzagi guztiak hil ondoren, Xenofonte jarri zen buru. Gudari talde hark hainbat abentura eta zoritxar igaro zituen, eta noraezean ibili ondoren, Itsaso Beltzera iritsi zen ; hunkigarria da benetan kostaldean jaioak ziren mertzenario haiek, horrenbeste zoritxarren ondoren, itsasoa ikusita erakutsi zuten poza azaltzen duen atala.