Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Literatura aroak

Greziar literatura arkaikoa : poesia epikoa

 

Homero eta epopeia

Greziako literaturaren historia epopeiako bi maisulanekin hasten da, Iliada eta Odisea poema handiekin. Lan horien eragina behin eta berriro nabarmenduko da, bai Greziako literaturan, bai pentsamenduan, eta, oro har, mendebalde osokoan.

Hortaz, Homerok mendebaldeko literaturaren jatorriarekin zerikusi zuzena izan zuela esan daiteke. Horrez gainera, badirudi laguntza handiko lana izan zela, ez bakarrik Greziako zibilizazioaren ezaugarriak zehazteko, baita elezaharren errepertorio aberatsa osatzeko ere. Zalantza ugari badago ere, Homeroren lana K.a. IX. eta VII. mende ingumen artean kokatzen da. Lan horren aurrekorik ez da ezagutzen, eta ez dago, bestalde, obra horri buruzko daturik, ezta Homeroren beste lanei buruzko berririk ere.

Iliada eta Odisea idatzi ziren garaia ere ez da gauza segurua, eta obra barneko elementuen bidez asmatu behar da zein garaitan osatu ziren. Homeroren jaioterriari buruz ere eztabaida ugari dago, eta antzina-antzinatik hasi ziren eztabaida horiek.

Homeroren beraren izatea ere zalantzan jarri izan da, eta baita bi literatura obra handi horien arteko batasuna ere, garai batetik bestera arrazoi desberdinak eman direlarik hori guztia azaltzeko : barruko batasunik eza, kontakizunaren atalen arteko batasun falta, koherentziarik eza, eta batez ere, Iliada eta Odisea-ko pasarteen edo kantuen arteko tonu desberdintasuna aipatu izan da.

Hala, behin baino gehiagotan zalantzan jarri da, eta literatura ugari bildu da horren inguruan, Homero izan ote zen gaur egun ezagutzen den Iliada eta Odisea lanen benetako egilea.

Bi lan handi horietako milaka bertsoak Homeroren eskuek idatzi zituztela pentsatzea ameskeria litzateke, eta are gehiago, pentsatzea bertso horiek erabat berriak eta orijinalak zirela. Ezin jar daiteke zalantzan Homeroren poemek aurreko tradizio aberatsa dutela oinarrian, eta ondasun horrek guztiak bildu zituela poema horiek. Eta egileari dagokionez, Homero benetan existitu zela pentsatu behar da, eta Iliada eta Odisea-ren egilea bera izan zela. Baina Homeroren biografia, antzinako gainerako egileena bezalaxe, fantasiaz beterik dago. Dena dela, hainbat arrasto historiko eta arkeologikoren arabera, K.a. VIII. mende inguruan, eta zehatzago mende horren bigarren erdialdean, sortu ziren bi poema handi horiek.

Aipagarria da aedoei buruz Odisea-kematen duen lekukotasun zehatza Demodokos eta Femios pertsonaien bidez -aedoak antzinako Greziako poeta edo kantari epikoak ziren, eta aedoak ziren Demodokos eta Femios-. Hain da zehatza azalpen hori, ezen askoren ustez poetak bertatik ezagutzen baitzuen aedoen lanbidea. Horrez gainera, bi aedo horietako bat itsua dela adierazten du, eta antzinatik bertatik esan izan da Homero bera ere itsua zela eta gabezia horrek ezaugarri bereziak eman zizkiola errealitatea sakontasunez antzemateko.

Zenbait lan txiki alde batera utzita (horiek Homerorenak direnik ere zalantzazkoada, Batrakomiornakia, edo Igelen eta arratoien arteko borroka esate baterako), Homeroren obra Odisea eta Iliada lanek osatzen dute, esan bezala. Hamabi bat milana bertso edo hexametro dituzte, daktilo moduan idatziak ; sei oinez osatuak izaten dira, eta hexametro bakoitzak silaba luze bat eta bi labur edo beste luze bat izaten ditu.

Iliada-k Troiako guduaren garaira -Asia Txikiko hiri gotortu boteretsua zen Troiaeramaten gaitu, akear gudarosteak Greziatik itsasoz etorri eta Troia hartu zuen garaira hain zuzen. Agamenonek, akeatarren buru zenak eta hamar urtetan Troia setiaturik izan zuenak, bere gudalekua suntsitzen ari zen hondamendiarekin amaitu nahian, Briseida esklaboa, Apoloren apaiz baten alaba, kentzen dio Akilesi. AkilesekHomero

 

Hesiodo

Homero eta Hesiodo garaikidetzat hartu izan dira, eta hala dio Alzidamante erretoriko eta sofistak Homeroren eta Hesiodoren arteko lehiaketa lanean. Lan horretan hi poeta handien arteko erronka literarioa azaltzen du egileak zehatz-mehatz. Hesiodori buruzko datuak ematen ditu eta baita Homerori buruzkoak ere, eta aurrez aurre jartzen ditu biak Kalziseko erregearen gorteko jai batean. Lehiaketa hartan, idatziaren arabera, Hesiodok hainbat galdera egin omen zizkion Homerori eta Homerok, errimara egokiturik, zorroztasunez erantzun omen zion. Jaiaren amaieran, bertan zirenek saria Homerorentzat aldarrikatzen bazuten ere, erregeak zuten poemarik onena errezitatzeko eskatu zien poetei : Hesiodok Lanak eta egunak poemaren zati bat errezitatu zuen eta Homerok, berriz, Iliada-rena.

Entzuleek Homerorena txalotu zuten gehiena, baina erregeak Hesiodori eman zion koroa, izan ere, haren ustez nekazaritzaraeta bakera deitzen zuen poemak irabazi behar zuen, eta ez guduak eta hilketak erakusten zituenak.

Hesiodok berak idatzitakoaren arabera, nekazaria zen bizibidez, eta oso ondo ezagutzen zituen elezaharrak eta legeak. Munduaren ordenaz eta nekazaritza lanen nekeaz hitz egiten du bere lanetan. Greziarren elezahar nagusiak bildu zituen Hesiodok Teogonia lanean, hasi Kaosen itzaletatik eta Titanen borrokaraino. Poetak ondo ezagutzen zituen antzinako tradizioak, eta sintesi ahalegin berezia egin zuen gai beraren inguruko elezaharrak biltzeko. Lan horretan poetaren kezka nagusia sailkapen egokia egitea da, eta alde batera uzten ditu balio poetikoak. Hala, pasarte asko genealogiez betetako bertso segidak besterik ez dira. Lanak eta egunak lanean, berriz, lana eta justizia goresteko helburua duten esakune moralak eta aginduak biltzen ditu maisutasunez Hesiodok. Hala, liburuaren bigarren atalean etxeko ekonomiari eta landako lanei buruzko aholkuak ematen ditu.

Konposizioari dagokionez, Hesiodo ez da osotasun literarioaz arduratzen. Homerorenean zaila bazen poema bakoitzaren gaia definitzea, are zailagoa da Hesiodoren lanak laburtzea. Hesiodoren lanetan bata bestearen atzetik pilatzen dira gaiak eta irudiak, eta alde batera uzten ditu irudimenaren edo pentsamenduaren gorabeherak ezkutatzeko apaindurak. Hesiodoren poesia, oro har, Homerorena baino gogorragoa eta arkaikoagoa da, bai egiturari bai estiloari dagokionez.