Literatura Unibertsala»Literatura
Genero didaktikoa
Jatorri grekoa duen (didasko : irakatsi)
didaktika genero honetan, moral, erlijio,
zientzia edo beste mota bateko gairen bat
irakatsi nahirik idatzitako literatura obra
guztiak sartzen dira. Garai eta herrialde
guztietan aurki daitezke era askotako aholkuak
ematen dituzten obrak: Txinako liburu
kanonikoak (King), Indiako sutrak, Bibliako
zenbait liburu (Jakituria, Esaerak, Ebangelioak,
Apostoluen Gutunak, etab.), ipuinak,
alegiak, etab.
Poetari eginkizun didaktikoa ematen
dion doktrina antzinako Grezian sortu zen,
hango pentsalari batzuek hezkuntza arloan
literaturak zuen ia erabateko nagusitasunaren
aurka izandako erreakzio gisa. Platonek
Errepublika-n landu beharreko literatura motaz
hitz egiterakoan eta Aristotelesek trajediari
buruz egiten duen analisian agertzen
delarik, estoikoek sistematikoki praktikatu
zuten doktrina hori ; gainera, Estrabonek
bere geografia tratatuaren atarian, Plutarkok
poeten irakurketa eta ulermenari buruzko
bere monografian, Lukreziok De rerum
natura-ren (Gauzen izaeraz) helburua azaltzerakoan
eta Horaziok gozamena eta onuragarritasuna
nahasten jakiten zuenari txapela
ematerakoan ere (De Arte Poetica liburuan)
azaldu zuten doktrina horren berri.
Erdi Aroko literaturan ugari dira eginkizun
hezitzaile argia duten ipuinak, alegiak,
«enxiemplo~>ak, etab. Helburu didaktikoa zuen,
halaber, Klerezia Poesiak ere. Berceoren
idazlanetan, esate baterako, protagonisten
bertuteak jarraitu edo haien bizioak saihesteko,
eta Birjinarenganako debozioa izateko
gonbidatuz amaitzen dira sarritan kontakizunak
. XIV. mendean, Latrango Kontzilioaz
geroztik Elizak bultzatu, eta batez ere sermoien
bidez bideratzen den erlijio heziketa
eta berrikuntzarako joera sumatzen da.
Predikariei sermoi hauetarako adibideak
biltzeko iturriak eskaini asmoz, Bibliatik,Elizako Gurasoengandik eta santuen bizitzetatik
ez ezik autore grekolatindarrengandik,
liburu arabiarretatik, eta abarretatik ateratako
hainbat exempla bilduma agertzen
dira garai horretan. Hasieran latinez idatzitako
kontsulta liburuak ziren apaizentzat, baina
gero sekularrentzat ere egokitu zituzten.
Beste kasu batzuetan, sekularrak beraiek
baliatu ziren hainbat iturrietatik hartutako
exempla bildumez, eta beraien «adibide»,
alegia eta ipuin bildumak burutu zituzten
(Juan Manuelen El Conde Lucanor).
XVI eta XVII. mendeetan oparoa da literatura
didaktikoa. Alde batetik, Berpizkundeko
humanista handiak : Nebrija, Erasmo,
T. More, B. Castiglione, Juan eta Alfonso
Valdes, etab. Eta bestetik literatur egile aszetiko
eta mistiko handiak : Santa Teresa, fray
Luis de Leon, Inazio Loiolakoa, San Juan de
la Cruz (prosan), etab. XVII. mendean, Gracian,
Quevedo, eta abarren lan didaktikoak
nabarmentzen dira. Frantziako literaturan,
herriz, ezaugarri berdineko lanak burutzen
dituzte Bossuet (1681, Discours sur l'histoire
universelle), Fenelon (1699, Les aventures
de Telemaque), eta abarrek.
XVIII. mendean, Ilustratuen kezka intelektual
eta pedagogiko nagusietako bat
zen zorionaren eta zuzentasun moralaren
iturri omen ziren jakituria eta kultura herriari
irakastea. Hori dela eta, helburu didaktikoak
gailentzen dira literatur sorkuntzaren
zati handi batean : Iriarte eta Samaniegoren
alegiak, Feijoo, Cadalso, Jovellanos eta abarren
saiakerak, J.F. de Isla eta P. Montengonen
eleberriak, Melendez Valdes, Jovellanos
eta Quintanaren poesia ilustratua, etab. Kezka
pedagogiko berbera sumatzen da Alemaniako
«Aufklarung»»aren ordezkariengan
(Lessing eta Schiller ; honek eskola edo erakunde
moral gisa ulertzen zuen antzerkia),
Frantziako Argien Mendeko kideengan (Voltaire,
Rousseau, Montesquieu, Diderot), etab.Errestaurazio garaian, aldiz, «arte hezitzaile»
(Galdos) eta «artea artearen bidez» (Valera)
tesien arteko eztabaida sutsua piztu zen.
Espainian hain tradizio sakona duen
saikerak (Unamuno, A. Machadoren Juan
de Mairena», Azorin, Ortega y Gasset, etab.),
helburu didaktikoa zuen XX. mendean.
Antzeko helburua dago literatura konprometitua
delakoaren azpian ere : gerra aurreko
errealismo sozialaren narratiba eta saiakerak
batetik (R.J. Sender, A. Barea, etab.),
eta 50eko hamarraldiko poesia (G. Celaya,
Blas de Otero), antzerkia (Buero Vallejo, A.
Sastre, etab.) eta nobela (J. Lopez Pacheco,
etab.) bestetik.
Genero didaktikoaren barruan aipatu
dugunez, esan dezagun normalean prosaz
idatzitako testu laburra izan ohi dela saiakera,
hartan saiagileak ikuspegi pertsonal
eta subjektibo batetik ukitzen baititu hainbat
gai ezberdin: filosofikoak, artistikoak, historikoak,
etab. Saiakerari benetan hasiera
eman ziona Michel de Montaigne (Essais,
1580) izan zela irizten bada ere, lehen saiakeragileetako
bat izan zen Francis Bacon
(Essays, 1597) ingelesaren ustez saiakeraren
sorrera literatura grekolatindarrean bilatu
behar da : «Hitza berria da, baina edukia zaharra
. Izan ere, ondo begiratuz gero, Senekaren
Epistolas ad Lucilio gutunak (Luziliorentzako
gutunak) saiakera hutsak baitira,
hots, han-hemenka barreiaturiko gogoetak
gutun eran bilduak-. Saiakeraren aitzindari
gisa, berriz, Platonen Elkarrizketak eta Marko
Aurelioren Gogoetak aipatu ohi dira.
Nolanahi ere, Berpizkunde garaia iritsi arte
ez dira agertzen saiakeraren ezaugarri berezienak
dituzten lehen idazlanak.
Aipatu beharra dago, hala ere, Montaignek
bere ohar moralen liburuari Essais
(Saiakerak edo Entseguak) titulua ipintzean,
bere adimena probatzeko egiten zuen ariketa
edo ahalegina adierazten zuela. Harenliburuak, ordea, arrakasta handia izan zuen
Frantzian eta Ingalaterran, eta saiakera hitza
sakon eta sistematikoki aztertu nahi ez
den gai bati buruzko gogoetak adierazteko
erabili zen bi herrialde horietan. Hitz honek
hedapen handia izan zuen XVIII. mendean,
orduko pentsamenduak dogmatismoa
alde batera utzi eta arazoen konplexutasunaz
ohartzen saiatzen baitzen. Garai honetan
agertzen diren saiakerek gai guztiak
ukitzen dituzte : filosofikoak (Locke, Condillac,
Hume, etab.), zientifikoak (D'Alembert),
ekonomikoak, historikoak (Voltaire),
etab. Addisonek Spectator-ko artikuluetan
saiakera aldizkarietako kronika moduko bat
bilakatu zuenean, literatura ingelesa aberastuko
zuen genero mota bat eskaini zuen.
Genero berri honek hainbat nobelagile
(Goldsmith, Sterne) eta kritiko (Johnson)
erakarri, eta, saiakeragile erromantikoen ondoren
(Hazlitt, Ch. Lamb, Leigh Hunt, De
Quincey), maisu lanik handienak eman
zituen victoriar garaian : Macaulay, Carlyle
eta Matthew Arnold. XIX. mendearen amaieran,
saiakerak arte edo literatur kritikaren
alorrera jotzen du geroz eta gehiago (W.
Pater, A. Lang, etab.), batez ere Lehen Mundu
Gerraren ondorengo belaunaldian : G.K.
Chesterton, L. Strachey, M. Murray.
Espainiari dagokionez, fray Antonio de
Guevararen Epistolas familiares (1539 eta
1542) delakoekin has daiteke benetako saiakeraz
hitz egiten. Idazlan horretan gai ezberdin
ugari ukitzen dira : betiko balioak («inbidiaz»»
edo »askatasunaz» gogoeta egiten duten
gutunetan), orduko politikarekin lotura zuzena
zuten gaiak, maitasunari buruzko aholkuak
edo idazkera txarraren aurkako burla
barregarriak. XVI. mendean erlijioarekin eta
Erreformarekin loturiko saiakerak sortzen
dira : Juan eta Alfonso de Valdes, fray Luis
de Leon eta Santa Teresa. XVII.enean, literatur
eta pentsamendu mota honek goi mailakojarraitzaileak izango ditu : Saavedra Fajardo,
Quevedo eta Gracian. XVIII. mendean
prentsa agertzean, irakurlegoarekin harremanetan
jartzea nahi duen saiakera mota
hasten da : Feijoo, Cadalso eta Jovellanos.
Hurrengo mendean, saiakera kostunbrismoarekin
loturik agertzen da hasieran : Larra
eta Mesonero Romanos. Gero, 1868ko
belaunaldiaren bitartez subgenero honen
egungo eredura hurbiltzen da saiakera : Juan
Valera, Francisco Giner eta Leopoldo Alas.
Hala ere, 98ko Belaunaldia delakoarekin
hartzen du saiakerak garrantzirik handiena
Espainiako literaturan eta orduan
ezartzen dira saiakera horren oinarrizko
ezaugarriak Unamuno, Azorin, Menendez
Pidal, etab.en idatzien bitartez. Hurrengo
belaunaldian ere, saiakeragile aipagarriak
sortzen dira: S. Madariaga, A. Castro, C. Sanchez
Albornoz, E. D'Ors eta, batez ere,
Ortega y Gasset. Mendean zehar saiakera
lantzen jarraitu duten idazle asko izan dira
Espainiako nahiz Hispanoamerikako literaturan
: P. Salinas, D. Alonso, J.L. Aranguren,
J. Marias, Octavio Paz, J. Cortazar, J.L. Borges,
M. Vargas Llosa, etab.
Espainian eta Hispanoamerikan ez ezik,
beste literatura batzuetan ere oparo landu
izan dute saiakera. Frantzian, esate baterako,
Voltairek Essai sur les moeurs (Ohiturei
buruzko saiakera) idatzi zuen 1756an ;
Chateaubriandek Essai historique, politique
et moral sur les revolutions ( Iraultzei
buruzko saiakera historiko, politiko eta
morala) 1797an ; Gobineauk giza arrazen
ezberdintasunei buruzko saiakera, 1853-
1855ean. Bergsonek kontzientziaren berehalako
datuei buruzko saiakera, 1889an. Eta
XX. mendean ere saiakera idazle ezagunak
ditugu herrialde honetan : Sartre, Camus,
Malraux, etab. Ingalaterrari buruz lehen
zerbait aipatu badugu ere, Lockek Essay
concerning Human Understanding (Giza
adimenari buruzko saiakera) idatzi zuen
1690ean. Ch. Lambek 1820 eta 1825 artean
The London Magazinean idatzitako saiakerak
bildu zituen bere Essays of Elia (Eliaren
saiakerak) obran. T. Macaulayk Critical
and Historical Essays (Saiakera kritiko
eta historikoak), 1843an. T. Carlylek Critical
Essays (Saiakera kritikoak). Eta horiez
gainera, Jeremy Bentham, John Stuart Mill,
J.H. Newman, B. Russell, etab. Alemanian
aipagarriak dira, besteak beste, Lessing,
Rabener, Herder, Goethe, Schopenhauer,
Nietzsche, Max Scheler eta Karl Jaspers,
Italian B. Croce, A. Gramsci, G. Piovene eta
L. Sciascia, Austrian Sigmund Freud, Danimarkan
S. Kierkegaard, etab.
Alegiei dagokienez, ipuinak edo elezaharrak
izan ohi dira, gehienean hitz neurtuetan
moldatuak. Istorio labur hauetan
pertsona gisa jokatzen diren animaliak edo
gauzak agertu ohi dira, eta ondoriotzat
ikasbide moralen bat eman ohi dute. Ekialdeko kulturan aitzindariak dituen kontakizun
mota honek, literatura grekolatindarrean
erdietsi zuen gaur egungo itxura.
Jadanik Hesiodoren Erga kai hemerai (Lanak
eta egunak) poeman ale batzuk agertzen
badira ere, Esopo hartu ohi da alegien
benetako sortzailetzat ; izan ere, Faleroko
Demetriok (K.a. IV-III. mendeak) Esoporen
Alegiak izenez bildu zituen Greziako alegia
ezagunak Esoporenak direla uste baita.
Geroago, Fedrok bildu eta latinaren mundura
egokituko ditu, I. mendean. Hauetako
asko (otsoa eta bildotsarena, azeria eta
mahatsena, etab.) Erdi Aroan ezagutu ziren,
eta oihartzun zabala izan zuten, hainbat
alegia bilduma eta liburuetan (Juan Ruizen
Libro de Buen Amor, Juan Manuelen El conde
Lucanor) agertzen direlarik. Espainiako
literaturan, alegia hauekin batera ekialdeko
jatorria duten apologoak (ezaugarri didaktiko
eta moralak dituzten kontakizun
laburrak) ere bazeuden : Calila e Dimna.
Berpizkundeaz geroztik, Esopo eta Fedroren
lanen moldaketa berriak sortzen dira,
batez ere Frantziako literaturan (G. Corrozet,
J.A. de Baif, etab.), non alegialari bikainak
agertzen diren : Rabelais, B. des Periers
eta, batez ere, jean de La Fontaine (hain
zuzen ere, honen lanetan oinarriturik euskaratu
zituen Goyetchek, Fableac edo Aleguiac,
1852an). Espainian, aldiz, Iriarte eta
Samaniegoren alegiak dira aipagarrienak
XVIII. mendean.
Literatur genero honetakoak dira, halaber,
ezaugarri didaktiko eta moralizatzaileak
dituzten, eta hizkera arruntaren zein literatur
hizkuntzaren oinarrizko baliabide diren
esaerak, atsotitzak edo errefrauak. Esapide
mota hauen erabilpen eta bilketak aitzindari
bikainak izan zituen bai Ekialde Hurbileko
kulturetan (Asiria, Arabiako tribu primitiboak,
Egipto, etab.), bai Biblian (Job,
Esaerak, Eklesiastes eta Jakituria liburuak),
bai literatura grekolatindarrean (Hesiodo, Pitagorasenak
direla esan ohi diren Urrezko
Bertsoak, Sokrates eta sofistak Grezian ;
Zizeronen Ad agendum atsotitz bilduma,
Katonen Distikoak, etab. Erroman) baita
Erdi Aroan ere (Espainian, adibidez, Juan
Ruizen Libro de Buen Amor, Sem Toben
Proverbios morales, Talaverako Artzapezaren
Corbacho, etab.) ; baina bere goren
maila Berpizkunde garaian eskuratuko zuen
Erasmoren Adagia (1500) obrarekin. Erasmorentzat,
izadi onak gizonarengan ipinitako
egia betiko eta unibertsalaren adierazpide
da atsotitza. Harrezkero, aintzat hartu
ez ezik, era berezian ere landuko dituzte
hainbat eta hainbat idazlek herri jakituriaren
adierazpen hauek. Kixote-ko Santxo
herri jakituria horren bozeramaile bilakatu
zuen Cervantesek, adibidez, jakituria guztien
iturri den esperientziatik ateratako
esakune»tzat jotzen zituen atsotitzak eta
esaera zaharrak.