Literatura Unibertsala»Literatura
Diskurtsu lirikoa
Gizonaren subjetibotasuna, eta gizonak
bere buruari eta inguruan duen munduari
begiratzean sentitzen dituen sentimendu eta
zirrarak adieraztea ezaugarritzat duen literatur
generoa izendatzen du lirikak, jatorri
grekoko hitzak. Hain zuzen ere, norberaren
gogo aldartea adierazte hori eta »errealitate
objetiboa barneratzea» edo »mundua
eta nia» bateratzea izan da lirikotasunaren
funtsa (W. Kaiser).
Sentimendu eta zirraren adierazpen
poetikoa, bestalde, musikaren eta poesiaren
jainko zen Apoloren ikur sinbolikoaz,
liraz, lagunduriko kantu erako konposizio
poetikoen bidez burutzen zen Greziako
kulturan. Poesia lirikoak bi bide izan zituen
Grezian : korala eta monodikoa. Lehena,
liraz lagundurik, koru batek kantatzen
zuen. Homerok berak koru lirika honen
hainbat konposizio mota aipatzen ditu :
himnoak, hiporkemak, eztei eresiak, etab.
Lirika mota hau erabiltzen zutenen artean,
berriz, Simonides, Pindaro edo Bakilides
ageri dira. Lirika korala bezala liraren laguntzaz
kantatzen zen lirika monodikoari
dagokionez, Anakreonte, Safo eta Altzeo
dira ordezkaririk ezagunenak.
Lirika ez da, ordea, historikoki literatur
genero bezala nahi bezain mugaturik agertzen
poetika grekolatinoan. Aristotelesek eta
Horaziok poetikari buruz idatzitako lanetan,
adibidez, lirikotasunaren eta beronen
adierazpen eremuaren definizio eta mugaketa
zehatzaren hutsunea nabari da. Egia
da gaur egun lirika generoaren barruan sardaitezkeen poema mota batzuk aipatzen
direla (Aristotelesek ditiranboa aipatzen du ;
Horaziok, aldiz, elegia eta satira), baina ez
da genero gisa zehatz-mehatz definiturik
agertzen, epika, trajedia edo komedia agertzen
diren bezala. Kintilianoren obran, halere,
aurrerapen bat sumatzen da lirika
generoa zehazterakoan, Pindaro eta Simonides
poeta epiko eta trajikoen taldetik
kanpo sailkatzen dituelako. Nolanahi ere,
idazle grekolatinoek literatur ikuspegitik
begiraturik lirika generoa erabat definitu eta
aipatzen ez badute ere, Grezia eta Erromako
herri poesiaren tradizioan nahiz sorkuntza
jasoan poema mota ugari agertzen da, beren
gai, tonu eta ezaugarri formalengatik
gaur egun mendebaldeko lirikaren poema
eredu oinarrizkotzat jotzen direnen jatorrian
daudenak : ditiranboa, gorespen edo panegirikoa,
epinizioa, eztei eresia, epigrama,
himnoa, oda, erosta, etab.
Erdi Aroan, oraindik zehaztugabe jarraitzen
du genero honek, besteak beste, antzinako
klasizismoaren genero nagusiak
aspaldi desagertu zirelako. Garai hartan,
Diomedesek (IV. m.) egindako genero banaketa
irakasten zen : genus imitativum edo
dramatikoa, genus enarrativum (kontakizunak,
genealogiak, poema didaktikoak) eta
genus commune delako hirukoa, azken
honetan heroica species (Iliada eta Eneida)
eta lyrica species (Arkiloko eta Horazio)
sartzen zirelarik. Tradizio latino klasikotik
datorren genero banaketa honek, halere,
eragin txikia izan zuen Erdi Aroko literatursorkuntzan, hizkuntza erromanikoak pixkanaka
sendotzen direlako eta latinaren
erabilera maila jasoetarako, batez ere monasterio
eta ikastetxeetarako, uzten delako.
Eremu honetan zenbait poema latinez idazten
dira oraindik ere, batzuk erlijio sentimendu
eta hunkiberatasun liriko handikoak
(Stabat Mater, Dies irca, etab.), baita goliardoen
kanta alaiak ere, ironia eta trufa askokoak;
aipagarria da bi poema mota hauetan
jadanik agertzen dela ondorengo lirikan
garrantzi handikoa izango den osagai bat :
errima. Herri poesia erromanikoan, berriz,
forma liriko berriak sortzen dira tradizio klasikotik
kanpo : adiskide kanta gailegoa,
Gaztelako bilantzikoa, jartxa mozarabiarra,
Proventzako refrain edo Frantzia iparraldeko
refrains delakoak, etab. Proventzako trobalarien
poesia ere aipatu tradiziotik kanpoko
lirika mota lantzen hasten da, poema
era berriak erabiliz : kanta, sirbentesa, pastorela,
tenso edo eztabaida, etab.
Generoei buruzko dotrina klasikoa Berpizkundean
berreskuratzen da eta orduantxe
finkatzen da behin betirako genero lirikoaren
izena, S. Minturnoren obran (LA rte
poetica, 1564). Hala ere, ez zuen zehaztasun
handirik izan, eta epika edo dramatikaren
muga zehatzetatik kanpo gelditzen ziren
mota guztiak sartzen ziren multzo horretan
. Sasoi honetan, tradizio klasikoaren
molde liriko batzuk eguneratu (oda, egloga,
himnoa, elegia, epigrama, etab.), eta
beste berri batzuk sortu edo sendotzen dira
(kanta petrarkista, sonetoa, madrigala,etab.). Berpizkundeko lirikaren maisu handiaz
gain (Petrarka, XIV. m.), genero hori
lantzen duten poeta bikainak agertzen dira
XVI eta XVII. mendeetan : Sannazaro, Ben
Jonson, Shakespeare, San Juan de la Cruz,
Lope de Vega, Gongora, Quevedo, etab.
Garai neoklasikoan, hausnarketa teorikoak
nahiz literatur sorkuntzak gertutik
jarraitzen dituzte grekolatinoen ereduak.
Erromantizismora eta, batez ere, Hegelen
Estetikara iritsi beharko da literatur generoen
barruan lirikaren mugaketa zehatzagoa
aurkitzeko. Hegelentzat, epikari dagokiona
baino gizadiaren aldi aurreratuagoan
lortzen den gizonaren autokontzientziaren
espresioa adierazi ohi du lirikak. Epika
guretzat arrotza den ekintza bat kontatzean
sentitzen dugun plazerragatik sortzen bada,
lirikak, aldiz, gure sentimenduen adierazpenean
sentitu eta ikusten duguna adierazi
beharrari erantzuten dio. Adierazpen lirikoan,
poetaren helburu nagusia ez da kanpoko
ekintza edo errealitateen mundua, gizabanakoa
bera eta beronen egoera baizik ;
baita espirituak bere poz, harridura, nahigabe,
sentsazio eta iritzi subjektiboen bidez
bere buruaz kontzientzia hartzeko duen
era ere. Epika herrien hasierako aroekin
loturik badago, lirika, berriz, gizakia bere
sentimendu eta zirrarak adierazteko gai den
garai guztietan gara daiteke.
Gogoeta teorikotik literatur sorkuntzara
igaroz gero, munduaren irudiari, eta
poetak bere buruaz eta mundu horrekiko
loturez duen kontzientziari eragiten dien
aldaketa sakona sumatzen da Erromantizismoan
. Ilustrazio garaian nagusi den
mundu ikuskera unibertso estatikoaren
harmonia eta arrazoizko ordenarena bada
ere, Frantziako Iraultza eta Erromantizismoaz
geroztik, errealitate historiko berri eta
gatazkatsuarekin bat datorren ikusmolde
dialektikoak egiten du aurrera. Mundua arazoz
bete eta arrotza bilakatzen da, korapilatsuak
direlarik, halaber, gizonak bere
buruarekin eta gizartearekin dituen harremanak,
gizarte horretan arrotz eta baztertua
sentitzen delako. Testuinguni honetan,
ez da harritzekoa poeta erromantikoak introkspeziorako
joera izatea, eta nagusiki poesia
lirikoaren hainbat era lantzea, bertan
aurkako errealitatetik ihes egin eta ihesbide
nostalgikoa fantasian, ametsetan eta gauza
misteriotsu, exotiko eta antzinakoetan bilatu
nahia sumatzen delarik. Lirika lantzen
duten olerkari erromantiko handiak dira,
besteak beste, Byron, Coleridge, Shelley,
Keats, V. Hugo, Lamartine, Vigny, Schiller,
Pushkin, Leopardi, Espronceda eta Becquer.
XX. mendean eta literatur generoei
buruzko hausnarketa teorikoaren esparruan,
garrantzi berezia hartzen dute Errusiako
formalisten ikerketek. Ikerketa hauen artean,
R. Jakobsonenak ere garrantzi handia
izan du, generoen berezitasunak hizkuntzfuntzioekin eta gramatika arloko hiru pertsonekin
lotzen dituelako. Ikuspegi honetatik,
lirikaren ezaugarriak dira bere adierazpenak
lehen pertsonan egitea (epikak
hirugarren pertsona eta dramatikak bigarrena
erabiltzen baitituzte) eta emozio funtzio
adierazkorraren gailentasuna (epikan
funtzio erreferentziala da nagusi, eta dramatikan
funtzio konatiboa) ; beraz, sarri
agertzen dira harridura molde, bokatibo eta
interjekzioak, olerkariaren gogo aldarte,
sentimendu eta zirraren adierazpide gisa.
Baina testu lirikoetan adierazkortasuna nagusi
izateak ez du esan nahi beste diskurtso
era batzuk, deskripzioa eta kontakizuna
esate baterako, baztertzen direnik ;
hauek, hala ere, poetaren subjetibotasuna
adieraztearen mende egon ohi dira. Beste
formalista batek, B. Tomatxevskik, azpimarratzen
duenez, narraziorako arrazoiak bitxiak
izan ohi dira poesia lirikoan. Askoz
ohikoagoak dira emozio sailetan garatu ohi
diren arrazoi estatikoak.
Tomachevski aipatu dugunez, kritiko
honek bere gogoetetan azaltzen ditu lirikak
gainerako literatur generoekin loturik dituen
ezaugarri batzuk. Arrazoi estatikoen maiztasun
handiago honetatik dator, adibidez,
narrazio generoarekin alderaturik poesia
lirikoak duen ezaugarri nabarmenetako bat :
gaiaren iraunkortasunarena. Gai hori, hainbat
aldaketa eta asoziazioren bitartez garatzen
da, gai horretan bertan bat egiten duten
zeharreko arrazoiak sartuz edo lotura
berriak ezarriz. Bat egite hori, ordea, ez da
bide normalez egiten, testu liriko batean ez
baita egokia, genero didaktikoan bezala,
gogoeta edo teoria diskurtso bat egitea, bere
eginkizuna ez delako ezaupideak zabaltzea.
Arrazoi multzo bat da gehienbat, eta arrazoi
horien bitartez garatzen da gaia, mailaka
edo era errepikagarrian agertu ohi diren
emozio sailetan.
Tomachevskiren arabera, subjektua eta
objektua bereizten dituen mugaren berariazko
zalantza da lirikaren beste ezaugarri bat.
Olerkariak bere aldartearen mugimenduak
bailiran hitz egiten du kanpoko gertaerez,
bere barruko zirrarak kanpoko irudiekin
nahasiz. Honek, batzuetan, izadiaren pertsonifikazioa
ekarri ohi du, izaki bizigabe
eta adimengabeei sentimendu eta adimen
ahalmena ematen zaielarik. Garai guztietako
poeta handiengan ageri da izadiaren ikuspegi
liriko hau.
Narratibak eta dramak duten dinamismoaren
aurrean poesiak izan ohi duen kontenplaziozko
eitea da literatur kritikak a-
dierazitako lirikaren beste ezaugarri bat.
Badirudi behin eta berriro erabiltzen duen
irudiak, sentipenak, oroimenak edo ideiak
bere baitan bildurik eta bereganaturik duela
olerkaria.
Dena den, literatur teoriaren hainbat
eskolek (Formalismoa, Estilistika, New Criticism, etab.) XX. mendean egindako ikerketek
ez ezik, poeta handien (Valery, Eliot,
Salinas, Guillen, Alonso, etab) gogoeta teorikoek
ere -beren literatur sorkuntzak
emandako esperientzia poetikoan oinarriturik-,
lagundu izan dute gertakari lirikoa
gehiago argitzen. Honi errealismorako joera
duen literatur hizkuntza tradizionalarekin
halako haustura bat ekarri duten adierazpide
poetiko berrien agerpena gehitu behar
zaio, eta ulermen zaileko iradokizun,
sinbolo eta konnotazio metaforikoez beteriko
diskurtso poetiko berriaren sormena,
bertan nabariak direlarik hitz poetikoaren
xarma eta musikaltasuna. Haustura hori
Erromantizismo ondorengo aldian hasi zuten
Baudelaire, Rimbaud, Mallarme eta Espainiako
eta Hego Ameriketako modernistengan
(R. Dario, J.R. Jimenez, A. eta M.
Machado, etab.) eragina izan zuten Frantziako
parnasiano eta sinbolistek.
Aipaturiko haustura eta adierazpide liriko
berrien sorkuntza, abangoardiako mugimenduen
(Kreazionismoa, Kubismoa,
Dadaismoa, Espresionismoa, Futurismoa,
Imaginismoa, Surrealismoa eta Ultraismoa)
ordezkari diren olerkariengan agertzen da
era bizi eta biribilenean. Hauen artean, aipagarrienak
dira Marinetti, Maiakovski, Huidobro,
J. Larrea, Apollinaire, E. Pound, A. Breton,
G. Diego, R. Alberti, F.G. Lorca, etab.
Haustura horren ondoren sortutako lirikaren
ezaugarriei dagokienez, H. Friedrichek
alderdi adierazgarrienetako batzuk azpimarratzen
ditu. Lehen-lehenik kanpoko
munduaren zatiketa. Kanpoko mundu horren
osagaiak xehatu, eta hortik bildutako
materialak arimaren barne-barruan bakarrik
aurki daitezkeen legeen arabera antolaturik
mundu berri bat sortzeko ahalmena aitortzen
dio Baudelairek fantasia poetikoari.
Baudelaire eta Rimbauden ezaugarri honekin
bat ez datorren beste bat azaltzen dute
Mallarme, Verlaine, J.R. Jimenez, J. Guillen
eta beste batzuek osatzen duten joerak,
gauzen muinera gerturatzen den poesia huts
edo garbia baita hauen helburua. Honekin
loturik daude joera poetiko honekin uztarturiko
beste bi ezaugarri ere : intelektualismoa
(P. Valeryren arabera, poemak adimenaren
festa izan behar luke) eta gizatasuna kentzea
. E.A. Poeren ustez, berriz, hizkuntza poetikoaren
izaera magiko eta iradokitzailea
bultzatzea da lirika modernoaren beste
ezaugarrietako bat. Eta horrekin batera, Friedrichek
beste ezaugarri hauek ere aipatzen
ditu : poesia alogiko edo ametsaren poesia
(Rimbaud eta Lautreamontekin ez ezik, okultismoarekin
zer ikusia duena, eta Dadaismoak
defendatzen zuena), umorismoaren
eta absurduaren erabilera, iluntasuna, hermetismoa,
etab. Iluntasunari dagokionez,
Friedrichek Espainiako poesia modernoaren
ezaugarri berezietako bat dela uste du, bertako
tradizio poetikoarekin bat datorrena.