Literatura Unibertsala»Literatura
Literatur testuaren moduak
Azalbidearen argitasunarengatik, literatur
ziklo historiko batean kronologikoki
gertatu izan ohi denaren kontrako hurrenkera
erabiliko dugu atal honetan. Izan ere,
eleberria da, genero nagusien artean, azken
garatu ohi dena (Grezia eta Erroma zaharretako
literaturetan eta haien ondorengoetan,
besteak beste). Genero horren ezaugarrietako
bat, hain zuzen, gure egunetan
bereziki eta nabarmen ikus daitekeenez,
bere baitan beste genero eta molde guztiak
ere biltzeko ahalmena da. Besteak beste,
estiloa bezala genero bakoitzarekin estu
loturik dagoen beste kontzeptu batek,
"modu"arenak, bereizten dituen aukerak ;
beste genero batzuetan, berriz, moduetariko
bat edo beste nagusitzen da garbi, eta beste
aukerek leku murritzagoa dute bertan.
Demagun, bada, eleberri (luze nahiz labur)
bat idatzi nahi dugula. Zenbait aurreaukera
hasterako eginak izango ditugu eskuarki,
abiapunturako behintzat : esaterako,
hiz laua hautatua izango dugu, eta -hori definitzen
zailagoa bada ere- "tonu" jakin bat...
Eleberriari sortzez eta izatez berezkoen
zaiona "narratzea" da, hots, gertakari (erreal
zein fikziozko) bat(zu)en berri ematea, hura
"kontatzea". Gertakariak denbora eta espaziozko
aldaketa bat suposatzen du, hots,
"mugimendu" bat ("subjektu" edo "aktante"
baten "ekintza" izatea ez da ezinbestekoa),
eta hala islatu ohi du testuak, aditzez
eta aditzondoz : "Oihan batera iritsi ziren."
(Hor bezala, aditza iragan burutuan jokatzea
da tipikoena, distantzia bat ezarriz kontatuaren
eta kontaketaren artean, baina hori
ere ez da ezinbestekoa, eleberri moderno
gehienetan ikus daitekeenez). Horiek horrela, ez da zer harriturik "bidaia"-rena izatea,
zentzurik zabalenean harturik hitza,
narrazioak sarrienik darabilen gai edo haria,
zeren bidez doanarentzat espazioa eta
denbora biak baitoaz, batera, "aurrera".
Narrazioaren moduan abiarazi dugu,
bada, eleberria. Berehala gerta daiteke, ordea,
eta gertatzen da, gertakari horretan
parte hartzen duten elementuetariko bat
(edo bi, edo guztiak) aski definiturik, aski
marraztu edo "deskribaturik" ez egotea, testuan
eta testuinguruan, edo guk zabaldu
nahi izatea deskribapen hori. Gure adibidetxoan,
"iritsi ziren" horren subjektua hobeki
identifikatu edo pintatzeko premia edo
gogoa izan genezake, eta pertsonaia kolektibo
nahiz banakakoaren erretratua saia
genezake : "Armaduren erdiak galduriko
soldadu unatu zarpail batzuk ziren", "batek
bizar gris luze bat zuen, eta begiak ere
grisaren tonu berekoak zituen" ; edo "oihana
itxi-itxia zen, ilun eta hezea". Horrez
gainera, denbora bera ere, zehaztu ez ezik,
deskribatu ere egin liteke : "Gerra amaitu ote
zen inork ez zekien garai hura zen. Bake
nahiz gudu, gogorra zen bizimodua orduan
soldadu batentzat, gosea eta nekea baitzuten
berdin-berdin etsai."
Horra, bada, gertakarien hitzezko aurkezpena
egiteko bi modu nagusiak. Bistakoa
elkarrekin loturik daudela : ez bakarrik
narrazioak deskribapenaren makulua behar
du ezinbestean (muturrenean, "oihan" esatea
bera deskribapena da), baizik eta, batekoz
beste ere, deskribapenaren baitan narrazioa
berdin txerta daiteke noski : "Soldadu
bizar-grisak Alsaziako partean utzia zuen
etxea eta familia. Gosetetik ihesi, Dukearen ostera biltzea erabaki zuen. Damutu ere
egin zen aurki, baina beranduegi zen."
Hala, bada, gradu kontua da noski pasarte
baten narratibotasun/deskriptibotasunarena
; guztiarekin ere, erlatibotasun eta
guzti, garbi bereiz daiteke gehienetan bi moduotatik
zein nagusitzen den. Bide batez,
komeni da adieraztea delako testu-zatia
narrazio (ia) hutsez taxutua izateak ez duela
esan nahi beste zati deskriptibo bat baino
"biziagoa" edo "arinagoa" denik nahitaez.
Hori "erritmo" edo "tenpo"ari dagokio, eta
modu bietan bizkor zein motel daiteke jarduna,
"gauza" bakoitzaren (edo gauza bakoitzaren
alderdi bakoitzaren) deskribapenean
tximeleten gisa aldatuz batetik bestera (deskribapen
"inpresionista" deritzona, kasurako),
zein ekintzaren xehetasunetan luza-zabalduz
(ikus, adibide zabal, Saizarbitoriaren
Ehun metro liburu osora zabalduak).
Deskribapena, bestetik, ez da "naturatik
pintatze" ("hitzez pintatzea", jakina, ezinezkoa
da literalki) edo "mimesi" hutsa. Ez
eta xehetasunen enumerazio nolanahiko
bat. Baditu bere estrategiak eta bere eskemak,
zer bakoitzaren alderdi pertinenteak
aukeratu, hurrenkera jakinean antolatu eta
narrazioan nahiz bestelako moduen barnean
txertatzeko orduan, eta, eragiketa erretorikoa
den aldetik, badu "sortzetik" mimesitik
adina bederen. Gure adibidetxoan,
soldaduaren bizarretik begietara egin dugun
bideak, esaterako, haren gogo-aldartera
sartzeko bidea jartzen digu berez bezala,
kanpoaldetik barruranzko deskribabide
tipikoz. Aipatu berri dugun "sortze" hori,
jakina, aurretiazko molde batzuen eredutik
abiatzen da. Arreta apur batez arakatuzgero, beren ataletan aztertuko diren genero
narratiboetan hain ezagunak diren eskema,
pauta edo funtzio aski mugatuen pareko
kontua atzeman dezakegu deskribapenen
kasuan ere : plantila moduko batzuen
gainean marrazten duela, alegia, deskribatzen
ari denak ere.
Narratzaile/deskribatzailea nor den eta
nortaz ari den ere ez da erabakigarria generoa
determinatzeko orduan. Eskuarki
narratiboekin oposizioan ulertzen den generoan,
adibidez, olerkian (hots, poesia lirikoan),
bada narratzaile/deskribatzailerik,
nahiz normalean egiletik hurbil-hurbil sentitzen
den "ni" bat aritu ohi den (besteak
beste) bere buruaz. Ildo beretik, bada lirika
ia soilik deskribatzaile, kontenplatibo
bat, eta beste narratiboago, anekdotazaleago
bat, eta ñabardura mordo bat ere bai bi
muturron artean.
Albo-bide liriko hori utzi, eta abiatuxea
genuen eleberri-hasiera hartara itzulirik, aski
genuke paisaia- eta egoera-zirriborro horretan
utzi dugun soldadu taldea aurki diskurtsuaren
heste modu batera pasatzeko. Izan
ere, heren erorian ere, ez litzateke harritzekoa
solas batzuk egitea heren artean soldaduok,
eta haien hitzak jasotzeko bi bide
ditugu : narratzaile/deskribatzailearen bitartekaritzaz
biltzea hitzok testura, hots, "zehar
estiloa" deritzon horretan : "Soldadu
batek esan zion aldamenekoari kezkatuta
zegoela jadanik ez zituelako tximutxen
kozkadak ere sumatzen soinean." Gustuak
gustu, hori posible izanik ere, halakoetan
normalagoa da aipamen zuzen modura
ematea hitzok, grafikoki adieraziz pertsonaien
solasak direla :
, Soldadu batek esan zion aldamenekoari
: "Kezkatuta nagok : dagoeneko ez ditiat
tximutxen kozkadak ere sumatzen soinean
.
"Kezkatuta nagok -esan zion soldadu
batek aldamenekoari- : dagoeneko ez ditiat
tximutxen kozkadak ere sumatzen soinean.
Horraino bada, pertsonaia baten solasa
dugu, baina garbi dago elkarrizketa baten
abiapuntua dela hori, eta ez bakarrizketa
bat. Izan ere, bakarrizketa betea solaskide
isilik ere ez duena da, genero dramatikoan
askotan gertatzen denez (izan ere, barnebakarrizketa
hitz ozen bihurtu behar da
antzerkian, konbentzioz edo pertsonaiaren
eromen nahiz eldarnioa aitzakia harturik,
ikusentzuleak jasoko badu). Gure adibidean,
oraindik ez dakigu beste pertsonaiak
erantzungo ote duen, eta, zenbait kasu muturrekotan,
solasean hasi denak ez du beharbada
jasoko testu guztian erantzunik, baina
horri ezin zaio esan bakarrizketa, solaskide
bakarrak parte hartzen duen elkarrizketa
baizik (muga-kasu tipikoa : "solaskidea" hilik
datzan norbait da). Normalean, txandaka
mintzatuko dira solaskideak, edo narratzaileak
adieraziko digu zein ari den noiz, edotestuinguruaren baitan utziko du, literatura
modernoak maiz nahiago izaten duenez.
Elkarrizketazko solasak narrazioan txertaturik
joatetik, bistan da, dena solason baitan
uztera pasa gaitezke, eta horixe egiten
du antzerkiak (antzerki idatzian, akotazioak
ditugu, hala ere, narrazio/deskribapenaren
edo eta -generoari berez dagokionezantzezpen
zuzenaren ordez).
Jakina, hor ere, elkarrizketa (eta dramatizazioa)
narrazioan txerta daitekeen moduan,
elkarrizketako partaide baten hitzetan
narrazioa txerta daiteke. Hots, modu guztiok,
hitz potolo batez esateko, "errekurtsiboak"
dira, hots, bata bestearen baitan txertatuz
joan daitezke, infinitu teorikoraino. Hori
ere, atal honetan ikusten ari garen guztia
bezala, ez da literaturari soilik dagokion
kontua, diskurtsuaren, hitzezko jardunaren
modu berak baitira horiek, eta halaxe gertatzen
baita hizkera arruntean ere. Horien
trataera estilistikoak, horiei -helburu estetikoa
lortzeko- ematen zaien forma artistikoak
bilakatuko ditu literatura.
Ez da noski aparteko kasua, beste moduekiko
txertagarritasun errekurtsibo horri
dagokionez, aipatu ohi den laugarren modua
ere : argudiabidea (bostgarrenik, azalpena
ere -"esplikazioa"- aipatzen du zenbaitek
moduen artean, baina argudiabidearen
barnean sartzeko dela dirudi, edo,
bestela, eskema narratiboen osagaien artean)
. Intuitiboki, logikaren arrazoibide formalarekin
lotzen dugu (silogismoekin eta)
argudioa eta argudiaketa, baina bada sailkapen
klasikoetan beste argudiabide mota bat,
esaten ari garena frogatuko lukeena : adibide,
etsenpluen bitartezkoa. Eta zer da, bada,argudiabide hori? Bada, anekdota batean
-hots, narrazio txiki-handi batean- oinarritzen
dena. Hala, besteak beste, genero didaktiko
asko ere, "alegia"tik hasirik eta "saiakera"
modernoraino, hibridoak lirateke modu
nagusiei dagokienez ("argudiabide narratiboa",
asmo didaktikoa nagusitzen bada, edo
"narrazio argudioduna", alderantzizko kasuan,
historiak ikaskizuna gainditzen badu).
Gure adibidetxoan, soldaduaren solasean
ez ezik, narratzailearen jardunean ager
liteke noski bereziki argudiabidezko modua.
Ez bakarrik azken parrafoan seinalatu den
zentzuan bakarrik, hots, argudio handi baten
gisa aurkezten diolako irakurleari kontakizun
guztia, baizik eta, orobat, urrats bakoitzean,
gauzen eta jendeen logika eta gertakarien
kausalitatea azpimarratuz, adibidez.
Ez zebilen horretatik urruti gorago "garai"aren
deskribapena egiterakoan lerratu diren
iruzkin batzuk, aise har baitezake "gose"aren
aipamen ustez deskribatzaile hutsak
silogismo nahiz sententzia baten itxura, eta
hortik, zabalduz-zabalduz :
"Goserik zeuden, eta gose denak edozer
egin dezake : oilo batzuk lapurtu zituzten",
"Goseak -hango oilo batzuek larrutik
ikasi zuten esaera zaharra- ez du legerik".
Aipatu dugu jadanik, zeharka, "saiakera",
eta badirudi horrek markatzen duela
mugetako bat argudiabidezko moduaren
erabileraz : bestelako asmorik ezean bederen
(ironia, parodia...), saiakeratik hara, argudiabide
hutsezko (?) testuak ez lirateke
literatur testutzat edukitzekoak, "argudio" hitzaren
zentzu intelektual estuenean harturik
bederen : filosofia, politika, edo beste
alorren bateko testuak lirateke.