Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Literatura

Herri literatura

Grimm anaiak

 

Herri literatura folklorearen barruan

Herri literatura folklorearen arlotzat jo genezake. Folklore kontzeptuak adierazpen herrikoi osoa bildu nahi du, zein hitzezkoa, zein beste baliabidez egina : hor sartuko lirateke dantzak, urtaro eta ospakizun jakinei loturiko jaialdi bereziak, herri kirolak eta hainbat eta hainbat adierazmolde. Folklore hitza W.J. Thoms-ek asmatua da, folk (herria) eta lore (jakinduria) hitzen elkarketaz.

Thoms-ek hitz hori alemanierako Volksgeist (herriaren arima) -Herder-ek eta Grimm-ek erabilia- ingelesera egokitzeko asmatu zuen ; gero, hitza fratsesera igaro zen, eta hortik hainbat eta hainbat hizkuntzatara. XIX.. endeko ikerlariek, Folklore kontzeptua asmatu baino lehen, Greziako tradiziotik oso kontzeptu aberatsak jasoak zituzten, hala nola, ehnos, laos eta demos kontzeptuak.

Ethnos hitza herri eta kultura anitzetako ohituretan aurki zitezkeen bereizgarrien multzoa adierazteko erabili zen. Laos hitzak, berriz, laikotasunaren kontzeptua ekarri zuen. Azkenik, Demos hitzetik dator herriaren kontzeptua (Volks, Folk). Hala ere, folklorearen kontzeptua zehazterakoan ez datoz denak bat. Hiru ikuspegi nagusi bereiz ditzakegu : ingelesen tradizioan, tradizio folklorikoa arimaren eta adimenaren emaitzetara mugatzen da : ipuinak, elezaharrak, mitoak, erritoak, kantuak, dantzak... ; eskulanak, adibidez, ez lirateke sartuko ; tradizio germanikoan, ordea, ikuspegi zabalagoa erabili da, eta "herriaren arimaren" adierazpen guztiak, herriaren eguneroko bizimodu eta emaitzetatik atereak, bereganatu ditu ; hirugarren ikuspegi batek kultur identitate nazionalak nahiz eskualde batekoak hartzen ditu kontuan, eta talde sozialen araberakoa ere bada ; azken honetan folklore burgesaz edo nekazarienaz edo langileenaz hitz egingo da, eta bai halaber gazteenaz, marinelenaz, haurrenaz zein beste edozeinenaz.Literatura herrikoiak ahozko zein idatzizko testuak bilduko lituzke bere baitan, batik bat ahozkoak, eta usadio edo ohiturei loturik agertuko litzateke. Testu tradizionalak izango dira gehienak, herriaren memorian gordeak, baina herriaren memorian gordeko ez balira ere, testu horien sorrera eta esate-entzute-ikustea usadio giroan gertatuko litzateke ; adibidez, bertsolaritzako nahiz pastoraletako testuak ez ohi dira herriaren memorian gordetzen, oso-osorik behintzat, baina esatea, entzutea, ikustea, antzeztea ..., hots, performance deitu izan zaion hori, usadio giro batean gertatzen da.

 

Herri literaturako generoak

Herri literaturan ahozko tradiziotik harturiko genero orokor batzuk aurkituko ditugu herrialde gehienetan : hor egongo dira epopeiak, hor kantu lirikoak, hor ipuinak, atsotitzak, zuhurtitzak, eta beste. Horretaz gain, zenbait lurraldetan tradizio bereziak hedatu dira : adibidez, Europako mendebaldean epoeiatik balada etorri da, eta molde eta oinarri bereziak landu ditu ; genero horren pare garatu da erromantzea Iberiar Penintsulan. Islandia aldera bagoaz, berriz, han aurkituko dugu saga generoaren sorrera, eta handik hedatuko Ipar Europako herrialdeetara . Euskal Herriari dagokionez, bertan zenbait generok ezaugarri oso bereziak hartu ditu, antzinako enbor batzuk garatuta : hor daukagu bertsolaritza, nahiz kopla zaharraren teknika, nahiz pastoralek, astolasterrek eta antzeko herri antzerkiek euskal giroan hartu duten eite berezia...

Herri tradizioko generoak atal nagusi batzuetan bereiz ditzakegu. Halarik ere, genero horiek elkarri testu zein baliabideak emanez aritu dira historian zehar. Ipuinetan formula lirikoak aurkituko ditugu, epopeietan kantu lirikoen zatiak (edo osoki), eta horrela. Aipaturiko atal nagusi horiek hauexek lirateke :Epopeia. Mitotik hurbil, epopeiak tradizio baten historia biltzen du : eredu sozialak, politikoak, erlijiosoak, etiko-moralak eta estetikoak. Heroi batek eginiko egitandien eta gainditzen dituen proben bidez, mundu oso bat eskaintzen da, errealitate bizi bat, eta mundu horri buruzko jakintza oso bat. Epopeiak beregan indar arketipikoa darama ; jolasa, irakaspena, leinu eta nazio sentipena uztartzen ditu. Sinbolo eragingarriez baliatzen da, eta badu garbiketa eta katarsi indar bat; eta, batez ere, gizabanakoaren eta giza-taldearen arteko lotura indartzen du. Mendebaldeko kulturako zenbait epopeia aipatzeko : Homeroren Iliada eta Odisea, Roland-en kantua, Nibelungoen kantua, Mio Cid-en kantua, ditugu beste anitzen artean. Euskal tradizioan baladaren ezaugarriak dituzten zenbait testu ezagutzen dira, hala nola "Beotibarko kantua", "Arrasateko erreketa", 'jaun Lazkaokoa", "Urrexolako borroka", "Bretainiako Kantua","Andere Emiliarena", "Ahetzeko anderia", "Atarratze jauregian", "Bereterretxe"...

Lirika. Eguneroko bizitzako gorabeherak eta gizakiari sortzen dizkion sentipenak kantatzen ditu. Nekazari-kulturetako epopeien barruan eta alboan lirika-testuak han eta hemen agertzen dira. Lirikak tradizioz musikaren eta poesiaren batasuna adierazten du ; lira hitzetik dator, eta lira zen Grezian aedoek errezitazioaren lagungarri erabiltzen zuten musika tresna. Lirak Apolorekin eta Orfeorekin zerikusia du, eta poetaren inspirazioaren sinbolo izan da.

Lirika hitza frantsesez sortu zela dirudi XVI.. endean, grekeratik harturik; berehala hedatu zen Europako beste herrialdeetara.

Lirikak poemaren harmonia, erritmoa eta musikalitatea bilatzen ditu, eta hitz neurtua da, beraz, beraren baliabide nagusia.

Gai aldetik, ospatzeko, laudatzeko nahiz lantu egiteko joera du, giza-sentipenen adierazpide izanik. Lirikaren arloan aipagarriakdira Erdi Aroko Andaluziako muwassah-ak eta zejel edo zagal-ak. Lirikaren beste gune emankor bat Txina izan da. Poesia txinoan, nabaria gertatzen da zein xumeki eta zein argiro erakusten dituen poetak bere sentipenak . Txinatik Japoniara igarota, xumetasun beretsua ikus dezakegu. Japoniako antologiarik ospetsuenetakoa Man yo shu izenekoa da, 760 aldera amaitua. Japoniakoa da, halaber, egitura bereziko estrofa bat, tanka izenekoa ; ospetsuak ziren, bestalde, renga izeneko bertso-sailak, non estrofak txandaka sortzen ziren. Tradizio luze horretatik jaio zen kaiku izeneko estrofa-konposizio berezia. Mendebaldean, Erdi Aroan juglareak eta trobadoreak agertuko dira ahozko tradizioa kantatu eta lirika gorte giroko bat sortuko dutenak (Provenza eta Katalunian indar berezia hartu zuen trobadoreen poesia gorte girokoak).

Lehenagotik, ahozko tradizioko testu lirikoak kantutegietan biltzen hasiak ziren eta horien artean Espainiako Cancionero-ak aipagarriak dira ; kantutegi horien oinarri, Portugal eta Galizian lirika berezi bat agertu zen (cantigas de amor, cantigas de amigo, cantigas de escarnio, cantigas de maldecir).

Euskal tradizioan, lirikaren barruan sar dezakegu Juan Mari Lekuonak "dekorazio olerkia" deitu dion hori ; haur poesia herrikoiaren arlo zabal bat bere baitan hartzen du. Kopla zaharra ere lirikaren barruan legoke ; genero bati baino gehiago estrofa osatzeko modu berezi bati deitzen zaio kopla, neurri eta konposizio-arau jakin batzuetara errenditzen baita. Bi zati bereizten dira : lehen zatian irudi sinboliko estilizatu bat eskaintzen da, izadiko osagien zertzeladez osatua, eta bigarren zatian esaten da mezua. Lehen zatia tradizioko formula iraunkor batez osatzen bada, bigarren zatiko mezua denborari eta lekuari egokitzen zaio. Bestalde, bada Ipar Euskal Herrian garatu zen tradizio liriko berezi bat, maite kantuen alorrekoa. Denbora-mugak ez dira oso garbiak, baina poetika aldetik oso genero definitua da ; maitasunezko gaiak dira nagusi, eta horien inguruan agertzen diren oinazeak eta sentipenak. Ezaugarri nagusia metaforak osatzeko modu berezia izango litzateke ; metaforizazio hori, batik bat emakumearen irudiari buruzkoa da.

Ipuina. Mundu osoan hedaturiko generoa da, eta oso antzinatik ezagutzen da.

Kristo baino hamahiru mende lehenagotik badira ipuinen aztarnak, bai Egipton, bai Kaldean. Arabiarren kulturako Mila gau eta bat gehiago bilduma aipatzea aski da ipuinaren erakarmena eta indarra antzinatik datorrela ikusteko.

Ipuin kontalari tradizionalak funtzioen hurrenkera bat (Propp-ek aztertua) du buruan, eta formula jakin batzuk; kontakizun bakoitzean ipuina berregin egiten du, narrazioa eguneratu. Bestalde, zenbait azpigeneroere bereiz daitezke, besteak heste : ipuin harrigarriena, non sarrerako formula oso garrantzitsua den, zeren beste denbora imaginario batera baikaramatza ("behin batez"); elezaharretan, ostera, lekuaren eta denboraren zehaztapenak garrantzi handia du, kontakizuna historia barruan kokatu nahi baita, eta ez denbora imaginario hatean.

Europan ipuinen bildumak oso berandu egin ziren; bilketa sistematikoari Grimm anaiek ekin zioten XIX. mendearen hasieran (Perrault-ena lehenagokoa izanik ere, XVII. mende amaierakoa, helburu erabat ludikoz egina zen). Ipuina aisialdiko generoa da, eta, sarri, zenbait langintza sedentarioren lagungarri ere bai (batez ere aletze edo joste lanetan). Ipuin tradizionalak, gainera, informaziorik ere eskaintzen du : morala, ideologia, arau sozialak, bizitzari buruzko filosofia orokorra ; eta, azkenik, helburu miziatikoa ere aitortu zaio (Bettelheim, Von Franz, Durand, Vierne), hots, bizitzako gorabeherarik garrantzitsuenei buruzko informazioa eskaintzea era sinbolikoan (jaiotza, amodioa, heriotza, bizirik irautea). Euskal Herrian, ipuin herrikoien bilketa-lanik handienak Barandiaranek eta Azkuek egin zituzten . Geroztik ere egin dira bilketa lanak ; besteak heste, aipagarriak dira Arratibelek argitaraturiko ipuin harrigarriak, edo Satrustegik eginiko bilketak, Labayruko taldearen lana ahaztu gabe. Bestalde, interesgarria da A. Lertxundik egin duen tradizioaren irakurketa literarioa, Peru eta Marixeren zikloarena adibidez, eta beste hainbat arloetakoa (ikus Letrak kalekantoitik) Beste genero batzuk aipatzeko, hor dauzkagu errefrauak, bizitzari buruzko filosofia baten adierazle, hor igarkizunak edo tipitakiak, asmamena eta buru azkartasuna jorratzeko ; igarkizunaren oinarrian enigma bat dago, igarri beharreko zerbait, eta esatariak entzuleari proposatzen dio, erronka moduan. Oinarrizko irudi edo metafora batizan ohi du igarkizunak, gakoaren metaforizazio moduak aldatu egiten badira ere.

Euskal giroko heste genero bat bertsolaritza da. Bertsolariak, formula-almazen bat erabiltzen du, aurretik bertso asko entzunez eta hizkuntza barruko esaerez hornitua ; hala ere, beraren helburua ezustekoa sortzea da, arrazoi bitxiak eskaintzea, kontrarioa menderatzeko edo entzuleria bereganatzeko . Xabier Amurizak bertsolaritza kirol mota bat dela esan du, erritmoarekin eta errimarekin kantatuz egiten dena. Gugana iritsi den bertsolaritzak bi bide nagusi landu ditu : jendaurreko saioa (bat-batekoa) eta idatzizkoa. Bertso jarriei edo bertsopaperei dagokienez, heste herrialdeetako itsukantekin (Colportage deituriko generoarekin) pareka daitezke. Gehienetan orri solteetan eman izan dira (unean uneko zenbait gairi buruz : gerrak, gizarteko gertaerak, norbaiti buruzkoak, gorazarre eginez edo gaitzetsiz) nahiz eta gaur egun bide hori agorturik dagoen. Antonio Zavalak osatu du bertso-bildumarik aberatsena Auspoa sailean, eta sail horretan bertan bildu da herri literaturaren beste zenbait emaitza ere.

Antzerki herrikoiari dagokionez, indar betean Zuberoan ezagutu dugu batez ere. Eta antzerki-mota herrikoien artean pastorala da, ezbairik gahe, ezagunena eta zabalduena . Herriko plazan egiten da emanaldia, antzez-taula pilota-lekuko paretari erantsita.

Antzezlariak musika monodiko bat errepikatzen du, pausoaren erritmoa eramanez : lehen hemistikioa aurreraka, eta bigarrena atzeraka. Onak eta gaiztoak bereizten dira, bai antzez-lekura sartzeko duten ate bereziagatik, bai jantziengatik, bai ibiltzeko moduagatik . Beste zenbat antzez-molde herrikoi ere aipa daiteke, hala nola : maskaradak, non gorriak eta beltzak bereizten diren, elkarren lehian, eta pertsonaiak langintza anitzen ordezkari izan ohi diren ; inauteetako fartsak, xaribariak, astolasterrak...