Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Txertoak eta serumak

1. Taula: Infekzio gaixotasunen aurkako txertoak.<br>

LABURPENA: Txertoak eta serum bidezko terapia dira inmunitate sistemari laguntzeko erabiltzen diren bi mekanismoak. Txertoek inmunitate aktiboa sortzen dute, infekzioa sortzen duen eragile aldatua organismoan sartzen baitute inmunitate sistemaren erantzuna sorrarazteko.
Mikrobioa nola manipulatu den, halakoa izaten da txertoa: txerto indargabetuek mikrobio bizi ahulduak erabiltzen dituzte, txerto desaktibatuek mikrobio hilak, eta antitoxinek mikrobioen gai toxikoak erabiltzen dituzte. Gaur egun txertoak egiteko metodoak aldatzen ari dira, eragin handiagoa eta arrisku gutxiago izan dezaten (ingeniaritza genetikoaren teknika berrien bidez). Serum bidezko terapian gaixotasun jakin baten aurkako antigorputzak dituzten serumak txertatzen dira organismoan. Serumek, txertoek ez bezala, inmunitate pasiboa eragiten dute, sendagarriak izaten dira gehienetan, eta gutxi irauten dute.

 

Txertoak

1. Irudia: Clostridium botulinum; toxina arriskutsuenetako bat sortzen du.<br>Azken bi hamarraldietan txertoen ikerketak aurrerapen handia izan du, biologia molekularraren teknikei esker. Hala, inmunitate sistemaren erantzuna eragiten duen mikrobioaren osagaiak bakartu ahal izan dira, eta txerto gisa erabili. Horrela prestatu zen B hepatitisaren aurkako lehenengo txertoa, infekzio hori zuten gaixoen seruma erabiliz (nahiz HIES eta beste birus batzuekin kutsatzeko arrisku handia zuen).
Ingeniaritza genetikoaren teknikak iraultza handia eragin du txertoen prestakuntzan.
Teknika horri esker sortu ahal izan zen B hepatitisaren aurkako txertoa, gaur egun ere erabiltzen dena, birusaren proteina antigenikoa sortzen duen genea legamian txertaturik. Beste kasu batzuetan, toxina manipulatu baina jardunik gabeak sorrarazi dira, inmunitatesistemaren erantzuna eragiteko gauza direnak. Gauza bera gertatzen da txertoaren birus arriskurik gabea genetikaren bidez manipulatzen denean, birus horri infekzioa sortzen duen mikrobio baten edo gehiagoren gene antigenoak txertatzen zaizkio (gripearen, amorruaren, B hepatitisaren… birusak). Birus aldatu hori organismoan injektatzen denean infekzio eragile horien kontrako inmunitatea sortzen da, eta arriskua saihesten da orobat (ez baitago mikrobio birusdunik).
Azken urteotan zientzialariek lan handia ari dira egiten etorkizunerako txertoak ikertzen eta prestatzen. Ikerketaren alor bat DNAzko txertoak lortze aldera dago bideratuta.
Teknika horren bidez, birusaren DNA zati bat zuzenean txertatzen da ostalariaren zelulen gunean, inmunizazio prozesua abian jarriko duen proteina antigenoren bat sorraraz dezaten.3. Irudia: Txerto kanpainaKontzeptua eta historiaTxerto motakEraginkortasunaEraginkortasunaEraginkortasunaKalterik ez sortzeaTxertatze prozesuak

 

Kontzeptua eta historia

Txertatzea organismoa infekziotik aldez aurretik babesteko terapia bat izaten da oro har; ernamuin hondatuak, hilak edo infekzioa sortzen duen mikroorganismoaren antzekoak txertatzen zaizkio pertsonari (gaixotasun jakin hori izan baino lehen), inmunitate sistemaren erantzun jakin bat sorrarazteko. Inmunitate aktiboa da beraz.
Gaur egun, txertoak jartzea baliabide ohiko eta nahitaezkoa izaten da gizarte garatuetan gaixotasunetatik aldez aurretik babesteko; inmunologia sistemaren oroimena du baliabide horrek oinarri. Oroimen hori da hain zuzen inmunologia sistemaren ezaugarrietako bat: birus baten edo bakterio baten eragina izan ondoren, organismoak inmunitatea hartzen du bolada baterako mikroorganismo horren aurrean.
Antigeno jakin bat organismoan txertatzen denean, organismoak inmunitate erantzun berezia sortzen du bost bat egun barru, lehen mailako inmunitate erantzuna esaten zaiona. Antigeno hori berriz ere organismoan txertatzen bada, beste erantzun bat sorrarazten du, aurrekoa baino bizkorragoa, sakonagoa eta iraunkorragoa; erantzun horri bigarren mailako inmunitate erantzuna esaten zaio, eta organismoak antigeno hori “gogoan eduki” duela adierazten du. Organismoaren erantzun berezia aztertzen duten gaietan ikus daitekeenez, inmunitate sistemaren oroimen hori oroimenezko T eta B linfozitoen sintesiak sortua da.
Txertoak duela gizaldi askodanik izan dira erabiliak (modu enpirikoan behinik behin).
Plinio Zaharraren ustean (23-79 K.o.), zakur amorratuaren gibelak amorrutik babesten zuen. Antzina-antzinatik herri askok (txinatarrek, turkiarrek, afrikarrek)bariolizazioa erabili izan dute; geroztik, XIX. mendean, teknika hori Ingalaterran eta Ameriketan erabili zuten.
1796an, Jennerek gizakiaren baztangaren antzeko birus bat erabili zuen lehenengo txertoa egiteko. Nolanahi ere, txertaketa zeharo gauza enpirikoa zen oraindik, ez zergatik ez nola ez zeren kontra aritzen zen jakin gabe erabiltzen zena, eta, beraz, zailtasun handiak zituzten teknika hori hobetzeko.
Pasteurrek jarri zituen, XIX. mendearen bukaeran, txertaketaren oinarri zientifikoak, mikrobioaren eta gaixotasunaren arteko harremana aurkitu, eta karbunkloaren eta amorruaren aurkako txertoak prestatu zituenean.
Harrezkeroztik oso bide emankorra zabaldu zen: gaixotasun infekzioso askoren kontrako txertoak landu ziren (difteria, tetanosa, errubeola, polioa, etab.); horrek guztiak sekulako iraultza ekarri zuen osasunerako, eta oso luzatu zuen gizadiaren bizi itxaropena.

 

Txerto motak

Bi mota daude: infekzio eragilearen egiturazko osagaiak erabiltzen dituena (osorik edo zati bat) inmunitate sistemaren erantzuna sorrarazteko, eta mikrobioaren toxina indargabetuak erabiltzen dituena. Lehenengo motan, berriz, mikrobio biziak, indargabetuak edo hilak erabil daitezke.
Txerto indargabetuetan mikrobio biziak berez iritsi ahal izan du indargabetze hori.
Hori bera gertatzen da baztangaren aurkako txertoan, behien baztangaren birus bat gizakiari kalterik egiten ez diona erabili baita.
Baina, kasu gehienetan, mikrobio infekzio eragilea aldatu egin behar izaten da indargabetzeko.
Teknika askoren bidez lortzen da indargabetze hori, baina hau izaten da urrats nagusia: infekzio eragilea behin eta berriz ibilarazten da haztegi batetik bestera, edo animalia ostalari batetik bestera, harik eta infekzio eragile horren aldaera arrisku gutxiko bat lortzen den arte.
Txerto indargabetuek abantaila handi bat dute: infekzio eragileak berezko erantzuna eragiten diote inmunitate sistemari, eta aski izaten da, beraz, eragile horren kopuru oso txiki bat txertatzea. Eragozpenik ere badute ordea: behar bezala indargabetu ez badira, gaixotasuna sor dezakete; eta, gainera, zailak dira kontserbatzen eta manipulatzen. Txerto mota hori birusek eragindako gaixotasunetan eta tuberkulosian (B.C.G. txerto ezaguna) erabiltzen da batez ere.
Txerto desaktibatuak edo mikrobio hilez eginak txerto indargabeturik ezin erabil daitekeenean erabiltzen dira. Bakterio txerto gehienak (B.C.G. izan ezik) mota horretakoak dira. Mikrobioak desaktibatzeko, beroa eta antiseptikoak erabiltzen dira (formola, azetona, etab.). Txerto horien abantaila nagusia segurtasuna da, gaixotasuna sortzeko arriskua saihesten du eta. Baina,bestalde, behin baino gehiagotan txertatu behar izaten dira inmunitatea sortzeko (erantzuna oso motela izaten baita).
Antitoxina txertoa 1923an aurkitu zuten, ikusirik difteriaren toxina formolarekin 40°C-tan tratatuz gero, beste gai bat sortzen zela (toxoidea), toxikotasuna galdua zuena baina inmunitate sistemaren erantzuna sorrarazteko gai zena, eta, beraz, zegokion antitoxina sortzen zuena. Geroztik teknika hori beste toxina batzuk (tetanikoa, botulinikoa, etab.) tratatzeko erabili izan da, eta oso txerto bereziak landu ahal izan dira.

 

Txertoen ezaugarriak

Txertoak, izan daitekeen onena izango bada, ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu.
Horien artean eraginkortasuna eta kalterik ez sortzea dira aipagarrienak.

 

Eraginkortasuna

Txertoak prestatzeko, antigenoak izateko gaitasuna dutela frogatu duten mikroorganismo familiak edo multzoak erabili behar dira. Antigenoak izateko gaitasun hori frogatzeko, gaitza sortzen duen familia injektatzenEraginkortasuna Txertoak prestatzeko, antigenoak izateko gaitasuna dutela frogatu duten mikroorganismo familiak edo multzoak erabili behar dira. Antigenoak izateko gaitasun hori frogatzeko, gaitza sortzen duen familia injektatzenzaie animalia txertodunei, edo, bestela, txertoa jarri ondoren odolean zenbat antigorputz dituzten neurtzen da. Baina eraginkortasuna neurtzeko froga nagusia konparazioa da: izurria dagoenean txertodunen eta txertogabeen arteko konparazioa, alegia.
Eraginkortasuna gehitzeko, mekanismo batzuk erabiltzen dira: antigorputzen kopurua gehitzen duten gaiak, oroimenezko injekzioak inmunitate sistema berriz abian jartzeko.
Bestalde, gaixotasun kutsagarri bati aurre egiteko, biztanleriaren multzo handi bat (%70) txertoa hartuta egon behar du.

 

Kalterik ez sortzea

Edozein txertok organismoari kalte egiten dioten erreakzioak sor ditzake: hantura, sukarra, alergiak, anafilaxia, etab. Erreakzio batzuek oso eragin kaltegarria izan dezakete organo batzuetan: giltzurrunean (tifusaren aurkako txertoak), entzefaloan (baztangaren aurkako txertoak), etab. Horrelako erreakziorik gerta ez dadin, txertoak arreta handiz prestatu behar dira: birusa behar bezala indargabetu behar da infekzioa saihesteko, gai kutsakor kaltegarriak kendu behar dira, etab. Gaur egun, zati antigeno garbiak erabiltzen direnez, ondorio kaltegarri horietako asko desagertu egin dira.

 

Txertatze prozesuak

Txertatzearen mekanismo jakin bakoitza erabili den txerto motaren araberakoa izaten da. Txerto indargabetuak larruazalpeko injekzio bidez, eskarifikazioz edo dermis barneko injekzio bidez sartzen dira organismora.
Batzuk ahotik (polioaren aurkako txertoa) edo sudurretik (gripearen aurkakoa) sartzen dira. Txerto desaktibatuak larruazalpeko edo dermis barneko injekzio bidez sartzen dira organismora. Arestian esan dugun bezala, txerto mota horietan dosi bat baino gehiago jarri behar izaten da, denbora tarteak utziz (hilabete bat gutxi gorabehera), eta oroimenezko dosia ere jarri behar izaten da gero (handik urte betera eta handik 5-10 urtera).
Euskal Herrian gaur egun nahitaez jarri behar diren txerto nagusiak eta txerto horiek jartzeko egutegia taula honetan adierazten dira:Umetan nahitaez jarri beharreko txerto horiez gainera, badira beste batzuk pertsona jakin batzuen lanbideak, izurri agerraldiak edo beste arrazoi batzuk direla-eta jarri beharrekoak. Horien artean, meningitisaren aurkakoa (1997ko izurri agerraldia), tetanosaren aurkakoa eta difteriaren aurkakoak mediku, nekazari, eta abarrentzat, gripearen aurkakoa adineko pertsonentzat, koleraren eta sukar horiaren aurkakoa hirugarren mundura dihoazen bidaiarientzat.

 

Serumak

Gaixotasun jakin baten aurkako antigorputz bereziak dituzten serumak gaixotasun hori duten pertsonak sendatzeko, edo, infekzio arrisku handia dagoenean, gaixotasunetik aldez aurretik babesteko jartzen dira. Txertaketak ez bezala, serumek ematen duten inmunitatea modu pasiboan hartzen da, ez du organismoaren beraren inmunologia sistemak eragiten, eta berehalako eragina izaten du, oso epe laburrerako.
1890ean difteriaren aurkako antitoxinak aurkitu zituzten animalietan, eta horri esker, handik urte batzuetara (1904an), seruma lortu ahal izan zen gaixotasun hori zuten haurrak sendatzeko. Harrezkeroztik toxina askoren (mikrobioek sortuak, pozoiak, etab.) aurkako serum asko aurkitu dira, eta, beraz, gaixotasun asko senda daitezke tratamendu horren bidez: polioa, parotiditisa, tetanosa, difteria, amorrua, errubeola, botulismoa, gangrena, etab. Jatorria animalietan (zaldia batez ere) eta gizakian duten serumak erabiltzen dira. Gaixotasun jakin bati dagokion infekzioaren eragilea animalietan txertatzen da, eta seruma ateratzen zaio; serum hori garbitu eta kontzentratu egin behar izaten da gero. Serum hori larruazalpeko edo gihar barneko injekzio bidez sartzen da organismora.
Serum horiek berehala izaten dute eragina toxinetan eta denbora gutxi irauten dute organismoan. Animaliaren seruma gizakiaren organismoan sartzeak badu arrisku bat:seruma behar bezala garbitu ez izana eta horren ondorioz proteina kaltegarriak txertatzeko arriskua. Bestalde, seruma behin eta berriz txertatzen bada, erantzun alergikoa edo shock anafilaktikoa eragin dezake.
Arestian aipatu ditugun arriskuak saihesteko, gizakiaren serumak erabiltzen dira, gaixoetatik edo karenetatik atereak. Erreakzio alergiko gutxiago sortzen dituzte, eta, gainera, haiek emandako babesak gehiago irauten du, gizakiaren inmunoglobulinak gehiago irauten baitute organismoaren baitan.
Gizakiaren serumak badu arriskurik ordea: emaile gutxi dago eta gerta daiteke beste gaixotasun batzuk kutsatzea gaixoari (B hepatitisa, HES), nahiz gaur egun osokontrol zorrotza egiten den arrisku horiek saihesteko.
Serumak badu beste erabilera interes handiko bat, Rh- duen amaren eta Rh+ duen umekiaren arteko bateraezintasunak sortutako ezbeharretatik aldez aurretik babestea (gogora bedi Euskal Herrian Rhkopuru handia dagoela proportzioan). Rh+ duen lehenengo umeak ama sentikortzen du, eta, beraz, Rh+ duten hurrengo umeek amak sorrarazten dituen antigorputzen eragin kaltegarria izango dute. Lehenengo Rh+dun umea jaio ondoren seruma txertatzen zaio amari, hala ama sentikortu ez dadin eta hurrengo umeek arriskurik izan ez dezaten.