Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Animalien nerbio sistema

1. Irudia: Nerbio sistema motak. A) Ur gezatako Hydra polipoaren nerbio sarea (knidarioen phyluma). B) Platelmintoa.<br>C) Lurreko zizare baten aurrealdea (anelidoen phyluma). D) Albotik ikusita. E) Intsektu baten nerbio sistema (matxinsaltoa, artropodoen phyluma). F) Oskoldunen nerbio sistema (artropodoen phyluma).<br>351

LABURPENA: Animalien nerbio sistema gero eta konplexuagoa bihurtu da filogenesian zehar. Animalia mota oso primitiboek, belakiek adibidez, ez dute nerbio sistemarik, nahiz eta gertatzen zaizkien uzkurdura fenomenoak. Knidarioek, berriz, nerbio sare bat dute, norabide askoko sinapsiz osatua, bulkada gorputz osora hedatzeko; eta simetria erradiala duten beste animalia batzuek ere, ekinodermoek, nerbio sistema erradiala dute.
Alde biko simetriadun animaliak agertu zirenean, zefalizazioa gero eta nabarmenagoa egin zen, gorputzaren aurrealdean nerbio zelulez osaturiko masak zituztela. Anelidoek eta oskoldunek metamerizazioa dute ezaugarri nagusia; gurintxoak dituzte gorputzeko segmentu guztietan, luzetarako nerbio kordez elkarri lotuak. Soinberetan, aipagarria da zefalopodoen nerbio sistema, bere konplexutasunagatik. Ornodunetan, berriz, nerbio kordaren aldaketaren eta luzapenen ondorioz garuna eta bizkarrezur muina sortu ziren. Nerbio sistema zentrala, garunak eta bizkarrezur muinak osatua, eta nerbio sistema periferikoa, gurintxoez eta nerbioez osatua, dira ornodunen nerbio sistemaren atalak.

 

Sarrera

Gaur egun denok dakigu zein garrantzitsua den informazioa jasotzea, informazioa eskuartean izateak gauzak ezagutzeko aukera ematen baitu, eta ezagutzeak jakitea eta iritzia eman ahal izatea esan nahi baitu.
Informazio bakarra ez da irrati, telebista edo prentsaren bidez jasotzen duguna, ordea.
Izan ere, kanpotik ere iristen zaizkigu kitzikadurak, gure ingurunean eta gure gorputzean zer gertatzen den esaten digutenak: inguruan arriskua dagoen, elikagairik baden edo bikote kidea dabilen jakin dezakegu kitzikadura horiei esker. Film bat ikustea, hotza sentitzea, beldurra izatea edo kolonia bat usaintzea nerbio sistemari esker gertatzen diren gauzak dira. Nerbio sistema sistema organiko bat da, informazioa transmititzen berezituriko ehun bat osagai duen sistema bat. Sistema hori osatzen duten zelulei bi ezaugarri nagusik ematen diete informazioa transmititzeko ahalmena: kitzikagarritasunak edo kitzikaduren aurrean erreakzionatzeko ahalmenak, eta eroamenak edo kitzikadura horiek gorputzaren gune batetik bestera eramateko ahalmenak. Nerbio sistemako zelulek neurona dute izena –nerbio sistemaren banako funtzional eta anatomikoak dira neuronak–, eta nerbio bulkada deritzo transmititzen duten informazioari; nerbio bulkada neuronaren gune jakin batean sortu eta zelula guztira hedatzen den mezu elektrokimiko bat da. Animalien nerbio sistema ordenagailu baten antzekoa da, eta, ordenagailuak bezala, elektronikaren bidez transmititzen du informazioa.Animalien bilakaeran nerbio sistema gero eta konplexu eta aurreratuagoak agertu dira.
Badira animalia oso sinpleak, belakiak esaterako, nerbio sistemarik edo zentzumen organorik ere ez dutenak; bizitza sinplea dute, substratura itsatsita bizi dira eta inguruko ura irazten dute, baina ez dute behar ingurunearekin harremanak bideratzeko sistema konplexurik. Hala ere, badute uzkurtzeko ahalmena, eta ahalmen horri esker ura edo larbak egotz ditzateke, era koordinatuan, ustez. Zenbait belaki motarekin egindako saioetan ikusi denez, belakia igarotzen duten bulkada elektrikoak eratzen dituzte kitzikadurek. Gainerako animalia guztiek hiru antolaketa sistema posible dituzte: nerbio sareak, nerbio sistema erradialak eta alde biko nerbio sistemak.

 

Nerbio sarea edo nerbio plexua

Knidarioen eta ktenoforoen phylumetako animaliek dute, batez ere, era honetako nerbio sistema. Bi poloko edo polo anitzeko neurona sare batez osatua da, eta hauxe da nerbio sistema motarik soilena (1A irudia). Filogenian, aipatutako phylum horietan agertu ziren lehen aldiz sinapsi loturak. Lotura horien ezaugarri nagusia da sinapsiak ez direla norabide bakarrekoak; hau da, gorputzeko edozein ataletan jasotako kitzikadurak gorputz osora zabaltzen dira, eta atal horretatik aldendu ahala ahuldu egiten dira.Ez dago kontrolerako organo zentralik, ez neurona bide definiturik; nerbio zeluak gor- 350putz guztian zehar barreiatuta daude. Badira, ordea, kitzikadurak jasotzen dituzten zelula berezituak; mota batzuek sare bat baino gehiago dute, sare batzuk erantzun bizkorrak sortzen dituzte, eta erantzun geldoak ematen dituzte beste batzuk.

 

Nerbio sistema erradiala

Ekinodermoek (izarrak, itsas trikuak, etab.), knidarioek bezala, simetria erradiala dute; nerbio sistema erradiala da beraz. Sistema erradialean nerbio eraztun bat dago txegoste hodiaren inguruan, eta, handik, nerbio periferiko erradialak ateratzen dira besoetarantz; nerbio horiek koordinatzen dute animaliaren mugimendua.

 

Alde biko simetria duten animalien nerbio sistema

Alde biko simetria duten animalien nerbio sistema lehen aipatuak baino sistema konplexuagoa da. Izan ere, alde biko simetria duten animalien bizitza bera da aurreratuagoa, eta inguruneko eragileei erantzuna emateko behar handiagoa eta jarduera biziagoa dute. Alde biko simetriaren ezaugarriak dira, alde batetik, nerbio zelula gehiago izatea eta zelula horiek elkarretatik hurbilago egotea; era honetako nerbio sistemetan nerbio ehunak pilatzen dira eta horrela nerbioak, gurinak eta entzefaloa eratzen dira. Nerbio ehunak berezitu egiten dira eta, horrela, ehunaren funtzioaren eta egituraren arabera, zenbait atal bereizten dira; adibidez, badira nerbio aferenteak, bulkada nerbio sistema zentralera bideratzen dutenak, eta nerbio eferenteak, bulkada nerbio sistema zentraletik gainerako ataletara transmititzen dutenak.
Neuronen arteko sinapsi loturak konplexuagoak dira; haietara iristen den informazioa integratzen dute, eta informazio horri eman diezaioketen erantzunen kopurua igotzen eta zehaztasuna areagotzen da. Azkenik, zefalizazio gero eta nabarmenagoa dute; hau da, burua eratzen da, gorputzaren aurrealdean oro har. Hori dela-eta, alde biko animalien mugimendua aurrerakoa izan ohi denez, zentzumen organoak ere (ikusmena, entzumena, usaimena, dastamena, ukimena) gorputzaren aurrealdean daude; eta, burutik hurbil daudenez, bulkadak berehala iristen dira bertara eta berehala jasotzen dute erantzuna. Zentzumen organoa eta garuna lotzen dituzten nerbioen luzera, begia edo belarria eta garuna lotzen dituzten nerbioena adibidez, laburra da; aldiz, 30 m luze den balea baten isatseko bulkadak jasotzen dituzten nerbioak, adibidez, oso luzeak dira. Zefalizazioaren ondorioz entzefalo ongi definitu bat eratuko da.
Platelminto edo har zapaletan nabarmena da nerbio sistemaren zentralizazio eta zefalizazioa (1 B irudia). Zefalizazioa agerikoa da: garun gurintxo bana dute gorputzaren aurrealdean. Gurintxo horietatik gorputz guztia igarotzen duten bi nerbio korda ateratzen dira –zentralizazioa–, zeharretarako lotuneen bidez elkar komunikatuak.
Gurintxoek “garun” primitibo baten moduko egitura bat eratzen dute; egitura horrek zentzumen organo pareek bidaltzen dituzten seinaleak jasotzen ditu, adibidez bi ikusmen orbanek jasotzen dituztenak (argia hartzen dute). Eskailera deitzen zaio era honetako nerbio sistemari, eta sistema horretan sinapsiak norabide askokoak dira, nerbio sarean ez bezala.
Anelidoak (adibidez lurreko zizarea) animalia metamerikoak dira, hau da, gorputza segmentuetan edo metameroetan zatiturik dute; metameroak funtzio eta egitura bertsuko banakoak dira (1 C, D irudiak).
Gurintxoez osatua dute nerbio sistema. Segmentu bakoitzean nerbio eta gurintxo pare bana dute, segmentu horretako giharrak, eta agian baita ingurukoak ere, kontrolatzeko.
Gorputzeko laugarren segmentuan faringe azpiko gurintxo bat dute, garuneko gurintxoei nerbio eraztun periesofagiko baten bidez lotua.
Artropodoek anelidoen antolamendu metameriko bera dute, baina gurintxoek masa handiagoak eratzen dituzte; hankak, hegoak, antenak etab. dituzte, eta nerbio sistemaren antolamendu konplexuagoa eskatzen du horrek (1 E, F irudiak).
Gurintxo zefalikoetan da batez ere nabarmena desberdintzea; multzo supraesofagikoan eta subesofagikoan daude pilaturik, ahoko irekiunearen atzealdean eta aurrealdean, hurrenez hurren. Bi gurintxo multzo horiek elkarri lotuta daude eraztun periesofagiko baten bidez. Gurintxo multzo subesofagikoak ahoko piezen mugimendua eta gorputzeko segmentuena kontrolatzen du; multzo supraesofagikoan nerbio aferenteak biltzen dira batez ere; gurintxoek luzakin artikulatuen mugimenduak kontrolatzen dituzte.
Soinberek (2 A irudia) eraztun periesofagiko bat dute (konektibo zerebropedala, konektibo pleuropedala eta konektibo zerebro pleurala), bi nerbio korda pareri lotua; korda horietako bat oinera iristen da (oin nerbioa) eta besteak erraietara eta mantura (errai nerbioa). Hiru gurintxo pare dituzte,gutxienez: garunekoa, erraietakoa eta oinekoa.
Gurintxo zefalikoak esofagoaren alde banatan daude kokaturik eta erreflexu konplexuen koordinatzaile gisa jarduten dute, nahiz eta mugimenduarekin zerikusia duten zereginak ere betetzen dituzten. Erraietako nerbioek kuskua noiz ireki eta itxi kontrolatzen dute, besteak beste, kusku biko soinberetan.
Azkenik, oinean daude oin nerbioak, eta haren mugimendua kontrolatzen dute.
Zefalopodoak bereziki aipagarriak dira beren nerbio sistemaren konplexutasunagatik; hori dela eta, ikerketa asko egin da, esaterako, olagarroekin (2 B irudia). Olagarroak ikasteko ahalmen handia du, eta zeregin konplexuak bete ditzake; ornogabe “argiena” da, zalantzarik gabe. Zelulak “garun” batean pilatuta egoten dira; nerbio sistema esofagoaren inguruan kokatuta dauden garun, oin eta erraietako gurintxoez osatua dute. Garuneko gurintxoekin lotuta ahoko eta zakatzetako (besoetako nerbioak) gurintxoak daude. Errai gurintxoetatik erraietako nerbioak ateratzen dira, eta zakatz gurintxoak (zakatzetako nerbioak), eta palealak edo mantukoak (mantuaren barrunbekoak) eratzen dituzte. Ahoko gurintxoetatik nerbio sinpatikoak ateratzen dira; nerbio horiek urdaileko gurintxoak osatzen dituzte.
Aipagarria da “garuna” inguratzen duen kartilagozko burezur kapsula.

 

Kordadunen nerbio sistema

Definizioz, notokordioa duten animaliak dira kordadunak; hau da, bizkarraldean ardatz hezurdura primitiboa osaten duen zelulazko korda dortsal luze bat dutenak.
Ornodunen enbiori guztiek dute notokordioa, baina izaki helduetan txikiagoa da, ala ez dago, bizkarrezurra baitute kordaren ordez.
Garrantzi handiko aldaketa izan zen ornodunen bilakaeran notokordioaren gainetik bizkarreko nerbio korda bat agertu izana (2 C irudia); korda horretan aldaketak eta luzamenduak gertatu ziren gero, eta horrela eratu ziren bizkarrezur muina eta entzefaloaren atalak, hartzaile gero eta konplexuagoak (begiak, oreka, belarria, barne hartzaileak, etab.) agertu izanaren ondorioz.
Ornodunen nerbio sistemak bi atal nagusi ditu: nerbio sistema zentrala, entzefaloak eta bizkarrezur muinak osatua, eta nerbio sistema periferikoa, gurintxoez eta nerbioez osatua. Baina beste atal batean aztertuko da sakonago ornodunen nerbio sistema.