Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Iraizketa animalietan

1. Irudia: Platelminto baten protonefridioak. A) Zelula flamigeroa. B) Zelula flamigeroen arteko lotura. C) Errotifero baten erraboila flamigeroaren luzetarako eta zeharretarako epaiak.<br><br>

LABURPENA: Iraizketa esaten zaio gaiak barne ingurunetik kanpora igarotzea ahalbidetzen duten prozesu multzoari. Iraizkinak bi eratakoak izan daitezke: katabolismoaren hondakinak, gai elkartu hidrogenodunak bereziki, ala izaki biziak berezkoak ez dituen gaiak. Animalietan, iraizketa bideratzeko sistema bat baino gehiago bereizten dira: badira animalia batzuk gaiak gorputzaren alde batetik bestera igaroaraziz iraizten dituztenak, baina badira, halaber, gorputzeko isurkariak irazteko, erabilgarri gertatzen zaizkien gaiak xurgatzeko eta hondakinak gorputzetik kanpora ateratzeko organo berezituak dituztenak ere. Hondakin gai nitrogenoduna nolakoa den, animalia amoniotelikoak, ureotelikoak eta urikotelikoak bereizten dira.

 

Sarrera

Animaliek, beren bizi funtzioak bete ahal izateko, ezinbestekoa dute elikagaiak hartzea eta gas nahastura (airea) bat arnastea.

Bai elikagaiak eta bai airea gorputzean sartzen dira, beraz, eta zenbait prozesuren bidez gorputza osatzen duten zeluletaraino iristen dira; baina zelula horiek eratzen dituzten hondakin gaiak organismotik kanpora egotzi behar izaten dira ondoren. Horri esaten zaio, hain zuzen, iraiztea (etimologiaz “kanpora egotzi” esan nahi du); iraiztea litzateke, beraz, zenbait gai, besteak beste ur soberakinak, barne ingurunetik kanpora egoztea. Gai hauek katabolismoaren hondakinak izan daitezke, ala izaki biziari organismoaz kanpotik iritsitakoak; ura, ioiak, CO eta material organikoak eta, bereziki, 2 aminoazidoen eta base nitrogenodunen katabolismotik eratorritako molekula nitrogenodunak izaten dira iraizten diren gaiak.

Karbohidratoen katabolismoan, eta gantzenean azkenik, CO eta H O eratzen direla- 2 2 ko gertatzen da horrela; gai elkartu hauek oso erraz egozten dira baita berez iraizketa bide ez diren beste bide batzuetatik ere. Adibidez, ura gal daiteke arnas eremuetan gertatzen den lurrinketaren bidez, larruaren bidez, izerdiaren bidez, hesteen bidez eta gernu sistemaren bidez (iraizketa). Ez da nahastu behar, ordea, iraizketa eta gaiak kanporatzea; izan ere, gorputzak txegosi edo xurgatu ez dituen gaiak dira kanporatzen direnak, gorotzarekin batera, eta gai horiek txegoste hoditik igaro besterik egiten ez dutela adierazten du.

Goian aipatu diren gaiak iraizteko metodo desberdinak dituzte animaliek, organo eta ehun desberdinez baliatzen dira zeregin hori betetzeko, adibidez guruinak (izerdi guruinak, gatzarenak), zakatzak, txegoste urinak, larrua, etab. Hala ere, badira iraizketaren erantzule diren organo jakin batzuk, eta hauexek dira, hain zuzen, atal honetan aztertuko direnak. Iraizte organo hauen helburu nagusia gai elkartu nitrogenodunak etagorputzari arrotz zaizkion gaiak gorputzetik at jaurtitzea eta ur galera kontrolatzea da.

Iraizketa biderateko zeregin hau dela eta, iraitz aparatuek homeostasi zeregina ere bete behar dute, hau da, gai jakin batzuk (sodioa, potasioa, kaltzioa, hidrogenoa, fosfato ioiak eta bikarbonatoa) kontzentrazio aldagabean mantendu behar dituzte barne ingurunean, eta gorputzeko isurkari bolumena ere bere horretan mantendu behar dute; hau da, osmoerregulazioaren erantzule dira. Laburbilduz, hiru prozesu fisiologikoz osatuta dago iraizte prozesua: iraztea, berriro xurgatzea eta jariatzea. Iraitz organo batek isurkariak jasotzen ditu odoletik edo isurkari betegarritik, isurkarien osaera aldarazten du organismoari baliagarri zaizkion gaiak xurgatzen baititu haietatik, eta gelditzen dena organismotik kanpora egozten du.

Esan bezala, iraizte sistemak egozten dituen iraizkin nagusiak gai nitrogenodunak dira; baina animaliaren habitat mota (ura, lurra) eta animalia mota zein diren, era batekoak ala bestelakoak izango dira iraizketan eratzen diren katabolito nitrogenodunak.

Hala ere, sarritan gertatu ohi da animalia jakin batek aldi berean gai elkartu nitrogenodun bat baino gehiago iraizteko ahalmena izatea, edo gai bat ala bestea iraiztea, proteinen edo azido nukleikoen katabolismoaren jatorria zein den.Katabolito nitrogenodun ohikoenak, animalietan, amoniakoa, urea eta azido urikoa edo horien eratorriak dira, baina beste gai batzuk ere iraizten dituzte, aurrekoak baino kopuru txikiagoan hala ere: aminoazidoak (ornogabe batzuek), kreatina (ornodun eta ornogabe batzuek), guanina, trimetilamina oxidoa (itsasoko arrainek), etab. Bizitza zikloa aldi bat baino gehiagoz osatua duten animaliek bizitzaren aldi bakoitzean era jakin bateko gaiak iraiz ditzateke. Horren adibide klasikotzat hartuak dira anfibio batzuk: uretan bizi dira larba egoeran eta lehorrean helduak direnean, eta horrela, amoniakoa iraizten dute hasieran eta urea heldutasuna iritsiz gero.

331Zein gai iraizten den, ondoko sailkapen hau egiten da animalietan: Amoniakoa - animalia amoniotelikoak: oso gai pozoitsua da animalientzat eta erraz disolbatzen da uretan eta erraz barreiatzen ur disoluzio batean edo mintzetan zehar.

Tasun horiei esker nitrogenoaren metabolismoaren azken buruko gai primario gisa iraizten denean ur kopuru handiekin batera iraizten da, alegia baliabide hidrikoari dagokionez mugarik ez duten uretako animalietan, animalia horiek ornogabeak izan (arrain osteiktioak edo hezurrik gabekoak), anfibioak izan, larba egoeran.

Urea - animalia ureotelikoak: amoniakoarekin alderatuz, urea ez da hura bezain gai pozoitsua, hura baino are errazago disolbatzen da eta ez da hain erraz barreiatzen.

Lehorrean bizi diren animaliak dira era honetakoak (ugaztunak, anfibioak), nahiz eta ur ingurunearekin harreman estua izan (anfibioek, esaterako) edo ingurune horretan igaro enbrioi aldia. Elasmobrankioak (marrazoak, arraiak) dira talde honetakoak, eta beren ezaugarri nagusiak dira odolean urea kontentrazio handia (uremia), osmoerregulazioarekin zerikusia duena, eta trimetilamina oxido kopuru handia izatea. Lozorro aldiak bizi izaten dituzten animalia birikadunak ere urotelikoak dira aldi horretan, eta amoniotelikoak aktibo diren aldian.

Azido urikoa - animalia urikotelikoak: azido urikoa ez da ia pozoitsua, eta ez da erraz disolbatzen; hori dela eta, lehorreko animalietan agertu ohi da katabolito hau, adibidez intsektuetan, narrastietan, hegaztietan, gasteropodo batzuetan, etab. Animalia hauek bizitzan aldiren bat igarotzen dute urarekin inolako harremanik ez dutela.

Gai gotor gisa iraitz daitekeen nitrogenoaren iraizkin bakarretakoa da azido urikoa, eta horri esker ez da ur galerarik gertatzen gai hori iraiztean; hauxe da basamortuetako animaliek baliatzen duten iraizketa sistema.

Animalia batzuek gai hauetako batzuk aldi berean iraizteko ahalmena dute.

 

Animalien iraitz organoak

Ornogabe batzuek (belakiak, knidarioak, deuterostomoak) ez dute iraitz organo bereziturik eta beren hondakinak gorputzean zehar iraizteko gaitasuna dute, zelula barneko isurkaritik kanpoaldera barreiatuz hondakin gaiak. Hala ere, oro har, animalia gehienek dute iraizte sistema bereziren bat, hodi txiki bakar batez osaturiko sistema, besterik ez bada. Hodiak bakarka, binaka edo giltzurrin izeneko organo berezituetan bilduta ager daitezke. Hiru metodoren bidez biltzen dituzte iraizkinak: presio hidrostatikoa eta osmotikoa aldaraziz gertatzen diren iraizketen bidez, zelula ziliodunek sorturiko jariakariak gorputzetik inbutu ziliodun irekietara mugiaraziz, edo garraio zelular aktiboa bideratuz hodietako jariakarietatik tubuluen zuloaren barnera.

Ornogabeen iraitz organo nagusiak hauek dira: Nefridioak edo hodi nefridialak: Umekian era zentripetoan osatzen dira, hau da, gorputzaren barnealdera begira. Ornogabeetan sarritan agertzen den iraitz organoa da nefridioa, eta bilketa sistema bat du oro har zilioez eta hodi bakan zein adarkatuez osatua; hodi horiek gorputzaren kanporaino irisen dira poro nefridialen edo nefridioporoen bidez. Nefridioak banako bereizi gisa ager daitezke (platelmintoetan), edo gorputzeko segmentu bakoitzeko hodi bikoteez osaturiko sailetan (anelidoetan), edo hodi pare bakun gisa (oskoldunetan, soinberetan).

Sekula ez dute bat egiten eta giltzurrinaren tankerako organo bat osatzen. Antolamendu era bat baino gehiago dagoen arren, bilketa inbutu bat izan ohi dute isurkaria jaso eta hodira bultzatzen duena; berriro gorputzera itzultzen diren gaiak xurgatzen dituzte, eta soberakinak kanpoaldera egozten dituzte (gernua).

Bi mota nagusi daude: Pronefridioak; tubuluez osaturiko sistema itxia da, barnealdetik itsua, azken buruko egituratzat (inbutu biltzaileak) zelula flamigeroak dituena –hau da, tubuluen azken adarrak beren baitan hartzen dituzten zelula barne hutsak– platelmintoetan eta Nemertinoetan, erraboil ziliodunak errotiferoetan, eta solenozitoak poliketoetan. Erraboil ziliodunak katilu ziliodunen moduko egiturak dira, eta horiek dira jariakariak tubuluan zehar bultzatzen dituztenak; solenozitoa erraboila ziliodun mota bat da.Hodi iraizle adakartuek kanpoaldearekin harremanetan jartzen dituzte protonefridioak; zelula flamigeroak gorputzeko zelulak inguratzen dituen isurkari batean daude murgilduta, eta horrela hondakin gaiak haietan zehar barreiatzen dira iraitz hodietara (1. irudia).

Metanefridioak: lehorreko zizareetan agertzen dira (oligoketoak), gorputzeko segmentu bakoitzean agertzen diren nefridio organoak dira. Protonefridioekin gertatzen ez den bezala, bi aldeetatik irekiak dira tubuluak. Barnealdeko muturra inbutu zilioduna da, zeloman (goi mailako animalien, platelmitoen eta zizare zilindriko segmentu gabeen gorputzeko barrunbea, mesodermoz estalia) amaitzen den nefridiostoma edo nefrostoma deitua, eta hango isurkaria metanefridiora igarotzen da; isurkariak tubuluan aurrera egin ahala, haren osaera aldatu egiten da, ura eta zenbait gai berriro xurgatu eta zelomaren bidez odolera iristen baita. Hodi bakoitza kapilarrez osatutako sare batek inguratzen du.

Zelomoduktua: Enbrioiaren bilakaeran zehar eratzen dira, era zentrifugoan, hau da, gorputzaren barnealdetik kanpoaldera, eta beraz, nefridioenen osaera desberdina dute.

Tubulu moduko iraitz egiturak dira, ziliodunak batzuetan, eta artropodoetan, soinberetan eta onikoforoetan agertzen dira; zelomatik kanpoalderako tartea betetzen dute, eta animalia zelomadun askotan, ornodunetan adibidez, zelomoduktuek eratzen dituzte giltzurrin organoak.Mailpighiren hodiak: Intsektuen iraitz aparatua da Malpighiren hodiez osatua; intsektu motaren arabera hodi kopuru jakin bat izaten dute, mota batzuek ehundaka hodi. Nefridioez edo zelomoduktuez bestelako eraketa eta bilakaera izaten dute.

Mutur itsuak dituzte, eta hemozelearen barnean (zelomaren atal baten ordezko odol sistemaren luzakina) daude, odolez inguraturik; haien zelulei esker odoleko hondakinak hodiaren barrunbera igarotzen dira; hodiaren uhin moduko mugimenduen bidez iristen dira hondakinak txegoste barrunbera (eta ez kanpoaldera zuzenean, lehen ikusi den kasuetan ez bezala), txegoste aparatuko erdiko hestearen eta atzekoaren bitarteko atalera. Gune horretan xurgatzen da uraren parte bat, eta beste parte bat hodian, beraz oso iraizte lehorra da, azido uriko erakoa.

 

Ornodunen iraitz aparatua (3. irudia)

Ornodunen iraitz organo nagusiak giltzurrinak dira. Hiru eratako giltzurrinak bereizten dira: pronefros, mesonefros eta metanefros, beren egituraren arabera eta zirkulazio sistemarekin eta zelomarekin duten harremanaren arabera. Ornodunen enbrioiek, arrainek eta anfibio helduek segmentukako giltzurrinak dituzte (pronefros eta mesonefros), ez ordea narrastiek, hegaztiek eta ugaztunek.Pronefrosa, enbrioietan agertu ohi dena, tubulu batez osatua dago, eta tubulu horretara nefrostoma batzuk iristen dira, odol kapilar sail batez inguratuak (glomerulua); hartan zehar irazten diren gaiak glomeruluen eta nefrostomen arteko zelomatik datoz.

Arrainen eta anfibioen mesonefrosak giltzurrin tubuluaren muturrak inguratzen duen glomeruluan Browmann kapsula bat du, eta irazketa zuzenean gertatzen da; nefrostoma atrofiatuta dago.

Narrastien, hegaztien eta ugaztunen metanefrosa, pronefrosaren eta mesonefrosaren aldean, laburragoa da; ugaztunena biribildua eta gainerakoena baino konplexuagoa da. Ez dute nefrostomarik. Giltzurrin tubuluak hodi biltzaileetan amaitzen dira eta hauek ureterrean. Ez dago segmentutan banatua, eta irazketa banakoak –nefronak– pilatuta daude, gizakiaren giltzurrinaren tankerako egitura eratzen dutela (gizakien giltzurrina beste atal batean aztertuko da sakonago).

Giltzurrin mota guztiek dute hodi biltzaile arrunt edo ureter bat, hondakin gaiak kanpora egozteko; hegaztietan, anfibioetan eta narrasietan ureterrak kloakan amaitzen dira eta ugaztunetan gernu maskurian; maskuriak uretraren bidez igortzen du bere edukina kanpora. Gernua isurkaria da beti, salbu eta hegazti eta narrastietan, horietan erdigotorra baita.