Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Bihotza. Bihotzaren funtzionamendua eta bihotzeko gaixotasunak

1. Taula: Bihotz taupadaren laburpena 317

LABURPENA: Odola odol hodietara bultzatzea eta, odol zirkuitoetan barrena ibil dadin, presio egokia sortzea du bihotzak eginkizun nagusia. Bihotz giharra ponpa bat bezalakoa da; uzkurtu egiten da (sistolea) eta lasaitu (diastolea), bihotz taupada esaten zaion gertaera multzo baten bidez. Taupada oso batek 0,8 segundo irauten du batez beste, diastolea hasi eta sistolea bukatzen den arte. Odola noranzko berean dabil beti, zeren aurikulako eta bentrikuluko balbulek eta ilargierdi formakoek ez baitiote odolari atzera egiten uzten. Miokardioko ehun nodal espezializatuari esker aritzen da bihotza beregain erritmo jakin batean taupadaka. Nolanahi ere, era askotara erregula daiteke erritmo hori une bakoitzeko premietara egokitzeko.

 

Bihotz taupada

Bihotza ponpa bat da, eta hark sortzen ditu odolak hodietan barrena ibiltzeko behar dituen presio aldaketak. Bihotza uzkurtzen denean, haren bolumena txikitu egiten da eta presioak gora egiten du; odolak hodietan sartu eta hodietan barrena ibili behar izaten du beraz. Aise irudika daiteke nola lan egiten duen bihotzak, eguneroko bizitzan erabiltzen diren makina batzuen edozein zirkuitori erreparatuz gero: etxeko berogailu sistemari, auto bat hozteko sistemari, etab.Bihotza erritmo jakin batez uzkurtzen da, 70 bat aldiz minutuko batez beste. Bihotz giharrak lan handia egiten du beraz pertsona baten bizitza osoan. Eskerrak lan hori jarraitua ez den, uzkurraldi bakoitzaren ondoren atsedenaldi edo lasaialdi bat baitator. Bihotz taupada esaten zaio bihotzaren uzkurralditik (sistolea) lasaialdira (diastolea) bitarteko denboran gertatzen den gertaera segida erregularrari.
Bihotz taupadak hiru aldi izaten ditu.
Lehenengo aldian, bi aurikulak batera uzkurtzen dira (aurikula sistolea), eta, hala, odola bentrikuluetan sartzen da aurikuluetako eta bentrikuluetako balbulen bidez (mitrala eta trikuspidea). Oso gutxi irauten du (0,20 segundo), eta bentrikuluko diastolearen bukaerarekin batera gertatzen da.
Aurreneko aldi hori bukatu eta berehala hasten da bigarren aldia: bi bentrikuluak uzkurtu egiten dira (bentrikulu sistolea).
Hori gertatzen denean, presio handia izaten du odolak, eta bultzada batez aorta eta birikaarterietara joaten da, hodi horien sarbidea eragozten duten ilargierdi formako balbulak ireki ondoren. Odolak, bistan da, atzera arterietara egiteko joera du, baina balbula mitrala eta trikuspidea ixteak odolaren atzera egite hori eragozten du. Itxiera hori hori bat-batekoa izaten da, eta hots sor bat eragiten du (bihotzaren lehen hotsa esaten zaiona). Bigarren aldi honetan aurikulaklasaitzen hasiak dira (aurikula diastolea).
0,30 bat segundo irauten du bentrikulu sistoleak.
Azkeneko aldian aurikulak eta bentrikuluak lasaitu egiten dira (aurikula eta bentrikulu diastolea). Aurreko aldian aortara eta biriketako arterietara sartua zen odolak bentrikuluetara itzultzeko joera du, baina hodi horietako ilargierdi balbulak itxi egiten dira, eta atzera egiteko higidura hori eragozten dute: higidura horrek bigarren bihotz hotsa eragiten du. Bitartean, kaba zainetatik eta biriketako zainetatik datorren odolaz betetzen dira aurikulak. Hori dela eta, aurikuletako odolaren presioa aurikuletako eta bentrikuluetako balbulak irekitzeko lain igotzen da, eta, beraz, odola bentrikuluetan sartzen hasten da. Diastoleak 0,5 segundo irauten du batez beste.

 

Bihotzaren odol emaria

Odol emaria esaten zaio bentrikulu batek minutu batean ateratzen duen odol kopuruari.
Egoera normalean, odol kopuru bera ateratzen dute bi bentrikuluek: 5 edo 6 litro minutuko, taudapa bakoitzean bolumena batez beste 80 ml-koa izaten da-eta. Kopuru horiek ikusirik, garbi dago bihotzak pertsona baten odol bolumen osoa ponpatzen duela minutuero.
Bihotzaren odol emariak gorabehera handiak izaten ditu maiz, arrazoi hauek direla-eta: diastoleak dirauen bitartean bentrikuluetara sartzen den odol kopuruagatik; uzkurdura bakoitzaren indarragatik; taupada bakoitzaren maiztasunagatik. Ahalegin handia egiten duten goi mailako kirolari batzuek (Indurainek eta Olanok, adibidez), 35 l/minutukoa ere izan dezakete odol emaria.

 

Bihotzaren automatismoa

Bihotza gorputzetik atera eta ingurune egoki batean bakartuta edukiz gero, erritmo jakin batean taupadaka jarraitzen du luzaroan.
Nerbio sistematik eta hormonen estimuluetatik bakartuta baldin badago, nola daki bihotzak aldian behin giharrak uzkurtu behar dituela? Erritmo jakin batean uzkurtzeko tasun hori berezkoa du bihotz giharrak, eta ez dago nerbioen edo hormonen estimuluen mende. Bihotz giharreko ehun berezi bati esker, anatomiari dagokion gaian aztertzen den ehun nodala izenekoari esker hain zuzen, du bihotzak autonomia hori. Nodo senoaurikularrak (S-A nodulua) eratzen du ehun hori, eta taupada hor sortzen denez, taupada-markatzaile ere esaten zaio. Organo bitxi horrek aldian behin beren burua kitzikatzeko gai diren zelula batzuk ditu. Taupada hasi orduko, bultzada bi aurikuletan zehar zabaltzen da uhin zentrokide gisa, eta horrela sortzen da aurikula sistolea.
Aurikulak zeharkatu ondoren (0,1 segundo behar du horretarako), bigarren nodulura iristen da bultzada, nodulu aurikulobentrikularrera (A-V nodulua) alegia. Organo horrek zuntz multzo batean du jarraipena (Hisen sorta); zuntz multzo horrek bentrikulu arteko pareta zeharkatzen du, bentrikuluko miokardio osoan zehar adarkatzen da, eta Purkinjeren sistema eratzen du.
Aurikularen bulkadak abian jartzen du A-V nodulua, berehala hedatzen da bentrikuluetan barrena, eta bentrikulu sistolea sorrarazten du.
Bihotz giharrak badu beste ezaugarri berezi bat, orain gogoratu beharrekoa: zelulak ez ditu bata bestearen ondoan jarrita gihar ildokatuan bezala, aitzitik, elkarri lotuta dauzka (anatomiari dagokion gaian aipatu den bezala). Horren eraginez, ehun nodalaren estimulua jaso ondoren, bihotz giharretako zuntz guztiak (aurikuletakoak eta bentrikuluetakoak) uzkurtzen dira, eta ez bakarrik kitzikatuak izan direnak (dena ala ezer ezeko legea).
Uzkurdura bakoitzaren ondoren bihotz giharra uzkurtu ezinik geratzen da aldi luze batez (0,3 bat segundo), eta aldi horrek dirauen bitartean ezin du berriz uzkurtzen hasi, kitzikatzen badute ere. Horri esker miokardioak atsedena hartzen du, eta gihar normalen ohiko nekea eta tetanizazio arriskua (uzkurtze egoera iraunkorra) saihesten ditu gainera, bestela ezingo bailuke odola ponpatu.

 

Taupadaren erregulazioa

Taupada funtsean S-A noduluaren edo taupada markatzailearen mende badago ere, etengabe aldatzen dira gorputzaren odol premiak, eta, beraz, premia horretara egokitu behar izaten da taupaden maiztasuna.
Organismoak baditu kontrol sistema batzuk egokitze horiek egiteko: bihotza bera, nerbio sistema, eta nerbioetakoa ez dena.

 

Bihotzaren beraren kontrola

Miokardioa zenbateko indarrarekin uzkurtzen den , odol kopuru handiagoa edo txikiagoa aterako da bihotzetik bentrikulu sistoleak irauten duen bitartean. Zenbat eta luzeagoak izan giharreko zuntzak , hainbat eta indar gehiagorekin uzkurtuko da miokardioa ; zuntz horien luzera , bestalde , aurikuletatik bentrikuluetara sartzen den odol kopuruaren araberakoa da. Starlingen legea esaten zaio bihotz giharreko zuntzen luzeraren eta uzkurtze indarraren arteko harreman horri.

 

Nerbioen kontrola

Bihotzari nerbio sistema autonomoko zuntzak iristen zaizkio, bizkarrezurraren erraboilatik eta muinetik; zuntz horietako batzuk sistema parasinpatikokoak dira, eta taupadaren erritmoa moteltzen dute; gainerako zuntzak, berriz, sistema sinpatikokoak dira, eta taupadaren erritmoa bizkortzen dute. Bizkarrezurraren erraboilak badu bihotza moteltzeko gune bat, eta gune horretan sortzen dira bi nerbio bagoetatik bihotzera iristen diren zuntz parasinpatikoak.
Zuntz horiek ehun nodalaren atal guztietan dute eragina; erritmo geldiagoan uzkurtzera bultzatzen dute bihotza. Bihotza moteltzeko gune horrek karotida eta aorta barrunbeetan kokatuta dauden hartzaileetatik abiatzen diren zentzumen zuntzen bidez jasotzen du informazioa. Bi barrunbe horiek odol presioaren aldaketen hartzaileak dituzte, eta, beraz, arterien presioa igotzen bada, zentzumen zuntzek bulkadak bidaltzen dituzte bihotza moteltzeko gunera; taupada moteldu egiten da orduan, eta presioa jaitsi.
Hartzaile batzuek odoleko CO aldaketen 2 eragina izaten dute (kimiohartzaileek).
Bizkarrezurraren erraboilak badu orobat bihotza bizkortzeko gune bat. Handik nerbio zuntzak ateratzen dira muinerantz, eta zuntz horiek bihotzera iristen diren eta S-A eta A- V noduluak eta miokardioa inerbatzen dituzten zuntz sinpatiko bizkortzaileak kitzikatzen dituzte. Zuntz sinpatiko horiek kitzikatzeak taupada bizkorrarazten du.
Bihotza bizkortzeko gune horrek bizpahiru hartzailetatik datozen zentzumen zuntzak ere hartzen ditu.

 

Nerbioetakoa ez den kontrola

Estimulu jakin batzuek erantzun zuzenak eragiten dituzte miokardioan edo S-A noduluan.
Gorputzeko jarduera askok eragina izaten dute bihotzean. Estimulu bizkortzaileen artean pH gehitzea eta tenperatura igotzea dira aipagarrienak; eta moteltzaileen artean, berriz, pH-a gutxitzea eta tenperatura jaistea. Azkenik, badira bestelako estimuluak ere: ioi mineralak eta hormona batzuk (sexu hormonak, intsulina, adrenalina, etab.)

 

Bihotzeko eritasunak

 

Miokardioa

Arritmia. Miokardioaren uzkurdurak irregularrak eta desberdinak direnean gertatzen da. Sorburu asko izan ditzake: kanpoko eragileak (kafe gehiegi hartzea, adibidez), edo barne erregulazioan gorabeherak (ehun nodalean aldaketak izatea, etab.) Fibrilazioa. Neurriz gorako arritmia mota larri bat da. Bihotzak erritmorik gabe eta koordinaziorik gabe lan egiten du. Bentrikuluko eremu txiki batzuk bizkor eta erregulartasunik gabe aritzen dira taupadaka.
Beraz, bihotzak ez du odolik ponpatzen.Takikardia eta bradikardia. Takikardiaren eraginez bihotza bizkorrago aritzen da taupadaka ; bradikardiaren eraginez , berriz , motelago. Askotan , bradikardia ez da arriskutsua izaten ; kirolari askok ( txirrindulariek bereziki ) minutuko oso bihotz taupada kopuru txikia izaten du eguneroko bizitzan , eta horri esker ahalegin handiak egin ditzake lehiaketan..
Infartoa. Miokardioaren zati bat hil egiten da , zati horri dagokion arteria koronarioaren akatsen baten eraginez , odola ez baita miokardiora iristen. Infartoak zati handi batean baldin badu eragina , heriotza eragiten du. Gizarte garatuetan eritasun hau da heriotzaren eragile nagusietako bat.

 

Balbulak

Estenosia. Balbulak gogortu egiten dira eta ez dira erabat irekitzen, eta, beraz, ohi baino estuagoak izaten dira aurikuletako, bentrikuluetako eta aortako zuloak. Auskultazioa egiterakoan sumatzen da gaitz hori, odolak zulo estu horretatik igarotzekoan ateratzen duen borbor hotsari esker.
Ezintasuna. Balbulak ez dira erabat ixten, eta bihotzetik kanpora ateratako odolaren zati batek ezin du, beraz, atzera egin. Bai estenosia, bai ezintasuna, bakterioek eragindako giltzaduretako erreumatismo larriaren ondorio izaten dira askotan.