Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Odola

1. Irudia: Odolaren zenbait betekizun. A) Zelulak oxigenoz hornitzea eta karbono dioxidoz eta hondakinez garbitzea. B) Hatz batean ezpal bat sartzean zauritik sartzen diren bakterietatik defendatzea.<br>

LABURPENA: Odola, funtsean, ehun bat da, zelula gorrien (eritrozitoak), zurien (leukozitoak) eta zelula zatien (plaketak) suspentsioa odol plasman. Zeregin asko ditu: zelulak elikatzea, gasa garraiatzea —arnasketa pigmentuen bidez—, hondakinak eta hormonak garraiatzea, babestea, gorputzaren tenperaturari aldagabe eustea, barne pHari egonkor eustea.

 

Sarrera

Odola adigaiak lotura estua du garraio adigaiarekin.
Zelulak gaiak trukatzen ditu ingurunearekin bere mintz plasmatikotik zehar, eta horri esker bizi da. Organismo bakun batzuetan, belakietan adibidez, kanpo inguruneak —bizi diren ura— animaliaren barrutik zirkulatzen du, hura elikagaiez hornituz eta zelulak sortzen dituen hondakinak eramanez; batzuetan ordea gas disolbatuak eta elikagaiak gorputzeko hormetan zehar xurgatzen dira zuzenean. Belakiek, knidarioek eta har zapalek oso erraz egiten dute trukea. Ordea ornogabe askotan eta ornodunetan, gorputzeko zelulak kanpoaldetik urrun daude (zailago da, beraz, truke hori —bizitzeko ezinbestekoa— egitea), eta barne garraiobide baten beharra dute kanpotik hartutako elikagaiak eta oxigenoa zelula guztietara banatzeko eta zelulek sortzen dituzten hondakinak kanporatzeko; zirkulazio sistema baten beharra dute, beraz. Organo bultzatzaile gihartsu batez (bihotza), hainbat diametrotako hodiez (arteriak, zainak eta kapilarrak) eta hodietan zehar dabilen isurkariaz — odola— osatua dago sistema hori; odola gorputz osoan zehar ibilarazteko adinako presioa eragiteko ahalmena izan beharko du, beraz, bihotzak.

 

Odolaren eginkizunak

Ornogabe eta ornodun askotan odolak du gorputzeko zeluletara elikagaiak eta oxigenoa eramateko ardura; hormonak ere odolak eramaten ditu. Esan daiteke, merkataritza adibide bat hartuz, banaketa sare bat eratzen duela eta bere bezeroetako bakoitzari (zelulei) bizitzeko behar dituen elementuak —bai gorputzean bertan sortuak (hormonak) bai zenbait organotan (birikak, hesteak) lortuak (elikagaiak, oxigenoa)— helarazteaz arduratzen dela. Odola, gainera, zabor biltzaile ere bada, eta zelulek sortzen dituzten hondakinak eramaten ditu, pozoitsuak gerta baitaitezke bestela.
Infekzioei aurre egiteko zeregina ere odola osatzen duten zeluletako batzuek betetzen dute; zelula horiek orobat arduratzen dira garbiketa lanaz, gorputz arrotzak-eta desegiteko duten ahalmenari esker (fagozitosia).Odolaren osaera lagungarri gertatzen da barneko pH-ari egonkortasuna emateko; eta baita hegaztien eta ugaztunen —odol beroko animalien— gorputzeko tenperatura orekatzeko ere: hau da, jarduera metaboliko handiko gorputz ataletan —hezurdurako giharretan, adibidez— sorturiko bero gehiegia azalera garraiatzen; orobat da lagungarri zelulek bizitzeko eta beren jarduera behar bezala betetzeko moduko barne ingurunea izan dezaten. Odol kopurua, noski, ez da berdina animalia mota guztietan; gizakiak —70 kg-ko heldu batek, esate baterako— 5,6 bat litro izaten ditu, bainakopuru hori gorputzaren tamainaren eta beste faktore batzuen arabera aldatzen da.
Oro har, gorputzaren pisuaren %8 izaten da odol kopurua. Odol bolumen osoari volemia esaten zaio.

 

Odolaren osaketa ; odol zelulen produkzioa

Ehun konplexua da odola; ornodunetan, adibidez, odol plasma deitzen zaion isurkaribatean dilindan edo suspentsioan dauden zelulez —zelula gorri eta zuriez— eta hainbat motatako zelula zatiez —plaketez— osatua dago.
Odol plasma: gizaki heldu batean odol bolumen osoaren %50-60 hartzen du. Bolumen gorabeherak izaten ditu izerdia botatzen denean (gutxitu egiten da) edo isurkari asko barneratzen denean (handitu egiten da). Hori koloreko disoluzio gazia da, urez osatua gehienbat (%92). Plasman ehunaka proteina (%7) mota daude, zeinek bere zeregina duela. Proteinen kontzentrazioak, bestalde, odolaren eta isurkari betegarriarenarteko ur banaketan eragiten du; neurri handi batean albuminei dagokie zeregin hori, plasmako proteina gehienak (%60) albuminak baitira; albuminez gainerako proteinak globulinak, lipoproteinak eta fibrinogenoa dira. Fibrinogenoak odolaren gatzatze prozesuan parte hartzen du, eta plasmatik bereizten bada, geratzen den isurkaria odol seruma da. Gamma globulinak, berriz, antigorputzak dira, eta zenbait eritasunaren aurkako inmunitatea (eta, beraz, organismoaren babesa) eragiten dute. Alfa eta beta globulina batzuek lipidoak eta bitamina liposolbagarriak garraiatzen dituzte.
Plasmako proteinek, bestalde, odolaren pHak gorabehera handirik izan ez dezan eta 7,4 inguruan mantendu dadin laguntzen dute.
Hormonak, aminoazidoak, azukre bakunak (glukosa), bitaminak, ioiak eta gas disolbatuak (oxigenoa, nirogenoa, eta CO 2 ) ere baditu plasmak. Plasmako lipidoen artean, berriz, gantzak, fosfolipidoak eta kolesterol daude.

 

Globulu gorriak ( 2. irudia )

Oxigenoa organismoko zeluletara garraiatzeaz arduratzen dira globulu gorriak (eritrozitoak edo hematieak). Zelula txikitxikiak dira, biribilak, eta ahurrak alde bietan; 7-8 mikrako diametroa dute, eta 1-2 mikra lodi dira; lodiagoak dira ertzean erdialdean baino, eta ugaztunenek ez dute gunerik (bai ordea beste ornodunenek).
Zelula elastikoak dira; tolestu edo bihurritu egiten dira odol hodi estuetatik igaro ahal izateko. Gizaki batean 30 bilioi ingurudaude; hau da, bost milioi globulu gorri mikrolitro bakoitzeko. Emakumezkoek gizonezkoek baino gutxiago dituzte.
Hezur jakin batzuen muinean eratzen dira (saihetsak, ornoak, hezur luzeak, burezurra eta bularrezurra), eta 120 eguneko bizia izaten dute batez beste. Gibelean eta barean globulu zuriek odoleko eritrozito zaharrak suntsitzen dituzte; gorputzak berriro erabiltzen ditu globulu zuriak suntsitzean eratzen diren gaiak, eta berriro erabili ezin daitezkeenak — hemoglobinaren hemo taldeak— behazuna egiteko erabiltzen dira. Segundo bakoitzean gure gorputzak 2,4 milioi globulu gorri suntsitzen dituela uste da.
Kolore gorrikoa da, eta hemoglobinagatik da hala, proteina burdinduna baita hemoglobina; zitoplasman aurkitzen da, arnasketa pigmentuaren eginkizuna du, eta oxigenoarekiko eta dioxido karbonorekiko atxikimendua. Kanpo inguruneko oxigenoa odolera igarotzen denean burdinarekin elkartzen da eta oxihemoglobina eratzen du.
Kolore gorri distiratsuko odola da, oxigeno askokoa (odol gorria). Oxigenoa galtzen duenean, ilunago jartzen da (odol urdina).
Zelulek arnasketa aerobioan hondakin gisa sortzen duten dioxido karbonoaren zati bat ere eramaten du hemoglobinak, karboxihemoglobina itxuran. Beste zati bat plasma urarekin nahasten da eta bikarbonatoa eratzen da:C0 2 + H 2 0 —- C0 3 H - + H +Batzuetan, hemoglobina produkzioan akatsen bat izan delako, edo odola galdudelako, edo eritrozito gehiegi suntsitu direlako, behar baino oxigeno gutxiago garraiatzen da organismoan zehar. Oxigeno urritasun horren ondorioari anemia —ahultasuna eta nekea— esaten zaio. Oso leku garaietan bizi diren pertsonek —Andeetako indiarrek, adibidez— leku behereetan bizi direnek baino hemoglobina gehiago dute (globulu gorri gehiago, beraz), eta horri esker eraman dezakete onez airean oxigeno gutxiago izatea.
Leku garaietara ohituta ez daudenek oxigenoa asimilatzeko arazoak izatean datza hain zuzen mendiko gaitza (sorochea).
Animalia askok dute hemoglobina (ornodunek, ekinodermoek, soinberek, oskoldunek, anelidoek, nematodoek, platelmintoek), eta orobat dituzte gasak garraiatzen dituzten beste arnasketa pigmentu batzuk ere. Hemozianina, esate baterako, koloregabeada, baina urdin jartzen da oxigenoarekin nahastean; batez ere artropodoetan eta soinberetan aurkitzen da, eta kobrea du bere molekulan. Klorokruorina, berriz, berdexka da, hemoglobinaren antzeko osagaiak ditu —baina burdina du molekulan—, eta lau poliketo (itsas anelidoen klasea) familiatan aurkitzen da: sabellidae, serpullidae, chlorhaemidaeeta ampharetidae familietan, alegia.
Hemorietrina koloregabea da eta gorri jartzen da oxigenoarekin erreakzionatzen duenean; magelona jeneroko poliketoetan, sipunkulidoetan, priapulidoetan (halicryptus, priapulus) eta zenbait brakiopodotan (lingula) azaltzen da; honek ere burdina du bere molekulan.

 

Globulu zuriak edo leukozitoak ( 2. irudia )

Odoleko soldadu-edo esan liezaieke, organismoa bakterietatik eta beste gorputz arrotz batzuetatik (birusetatik, esate baterako) babesteko zelula espezializatuak diren neurrian; orobat garbiketa lanaz arduratzen dira, zelula hondakinak edo zelula hilak kanporatuz.
Eritrozitoak baino handiagoak dira, nukeloaren arabera bereiz daitezke, eta 5.000-10.000 izaten dira mikrolitro bakoitzeko.
Organismoaren jardueraren edo osasun egoeraren araberakoa izaten da leukozito kopurua. Odoleko leukozito kopurua jakitea garrantzi handikoa da; kopurua asko handitzeak, esate baterako, infekzio bat dagoela adierazten du. Leukozito mota desberdinak daude, eta haien arteko proportzioa ere osasun edo eritasun seinale izan daiteke.
Leukozitoak ehun hematopoietikoetan (hezur muin gorrian, helduetan) eratzen dira.
Zelula ameboideak dira, eta mugitzeko gaitasuna dute; odolaren norabidearen aurka ere ibil daitezke, are odol hodiak zeharkatu eta ehunen artean ibili ere. Are gehiago, eritrozitoak odolean jarduten duten bezala, leukozito gehienak odoletik atera eta ehunen artean ibiltzean hasten dute beren jarduna.
Gizakiaren odolaren leukozitoak bi taldetan bereizten dira, zitoplasman duten bikor kopuruaren arabera: granulozitoak eta agranulozitoak.
Granulozitoak: Hiru mota bereizten dira: basofiloak, neutrofiloak eta eosinofiloak edo azidofiloak. a) Basofiloen bikorrak koloregai basikoez tindatzean urdindu egiten dira.Erreakzio alergikoetan parte hartzen dute eta histamina eta heparina asko izaten dute; heparinak, antikoagultzailea izanik, zeregina du odolaren gatzatzean ere. b) Neutrofiloak, berriz, fagozito zelula nagusiak dira, eta haiek arduratzen dira babeste eta garbitze lanez, bakteriak eta zelula hondakinak bilatu, bildu eta txegosiz; leukozitoen artean ugarienak dira (leukozitoen %60) eta duten nukleoaren gingil forma berezia dela-eta polimorfonokukleodunak ere esaten zaie. c) Eosinofiloek bikor handiak dituzte eta koloregai azidoez (eosina) tindatzen dira; leukozitoen %1-3 dira baina asko ugaltzen dira erreakzio alergikoetan; ez dira neutrofiloak bezain mugikorrak, ez eta horren fagozitikoak.
Zauri gaizkoatuari darion zornea ere globulu zuri hilez eta ehunaren gaiez osatua dago.
Agranoluzitoak: Ez dute bikorrik (baina izan ditzakete). Bi mota daude: linfozitoak eta monozitoak. Neutrofiloen ondoren linfozitoak dira leukozito ugarienak (%20- 30); linfozitoak ere bi motatakoak izan daitezke: B linfozitoak eta T linfozitoak, eta erantzun inmunologikoan duten zereginaren arabera bereizten dira: B linfozitoek antigorputzak sortzen dituzte eta besteek (T zitotoxikoak), berriz, bakteriei eta birusei erasotzen diete. Monozitoak, aldiz, dauden odol zelula handienak dira (20 mikrako diametroa ere izan dezakete) eta leukozito guztien %3-8 osatzen dute.
Hezur muinean sortzen dira, eta odolean egonaldi bat egin ondoren, ehunetan garatzen dira, eta makrofago bihurtzen, bakteriak txegosteko eta ehunak garbitzeko.

 

Plaketak ( 2. irudia )

Ugaztunetan ez ia beste ornodun guztietan, badira odolean zelula gunedun txiki-txiki batzuk, tronbozitoak, hemostasian parte hartzen dutenak, odol jarioa geldiarazten, alegia.
Ugaztunetan, berriz, plaketek dute betekizun hori (tronbozito ere esaten zaie). Zitoplasma zatiak dira plaketak, ez dute gunerik eta hezur muinaren zelula handi batzuetatik —megakariozitoak— askatzen dira. Ez dira, beraz, zelula osoak. Gizakiak 300.000 inguru izaten ditu mikrolitro bakoitzeko.
Zauri bat egiten denean, hautsitako odol hodiak berehala uzkurtzen dira odol jarioa geldiarazteko. Plaketak zuloaren inguruan itsasten dira, eta adabaki moduko bat eratzen dute; gainera, ADP askatzen dute harekin plaketa gehiago erakartzeko. Eta hala, behin-behineko odolbildua eratzen da. Aldi berean beste odolbildu bat eratzen da, odolbildu iraunkorra, gai askoren parte hartzearekin.
Koagulazioaren (edo gatzatzearen) faktoreetako batek hondatua dagoen ehuna ukitu ahala hasten da koagulazio erreakzioa.
Lehenbizi protrombina —tronbina bihurtzen den proteina plasmatiko bat— aktibatzen da. Aldi berean tronbinak erreakzio bat katalizatzen du, eta fibrinogenoa —proteina plasmatiko disolbagarri bat— fibrina —proteina disolbaezina— bihurtzen da. Fibrinak harizpi luzeak eratzen ditu eta harizpiak odol hodi hautsian itsasten dira sare baten gisa; gero plaketa eta globulu gorri gehiago gehitzen zaizkio sareari, odolbildua loditu eta sendotu arte.
Hemofilia eritasuna, adibidez, koagulazio faktoreetako bat ez izateak eragina da; odola oso geldiro gatzatzea du ezaugarritzat eta herentziaz transmititzen da.

 

Odol taldeak

Globulu gorrien azalean diren gai markatzaile batzuen arabera zenbait odol talde bereizten dira. Transfusioetan duten garrantzia dela eta, pertsonak ABO sistemaren arabera bereizten dira, lau taldetan —A, B, AB, O—, mota bateko eritorizotak etabeste bateko odol seruma nahastean eratzen den aglutinazioaren arabera. Globulu gorrien azalean diren gai antigenikoak odol serumaren antigorputz espezifikoekin (inmunoglobinak) erreakzionaraztean gertatzen da aglutinazioa. Nork bere odol taldea ezagutzea ezinbestekoa da odol transfusioa egiteko. Transfusioa talde bereko pertsonen artean egin behar da nahitaez; nolanahi ere, AB taldeko pertsona batek A taldeko, B edo 0 taldeko baten odola har dezake (eta hartzaile unibertsala esaten zaio horregatik), eta 0 taldeko batek, berriz, A taldeko, B, AB edo 0 taldeko bati eman diezaioke (eta emaile unibertsala esaten zaio).
AB0 sistemaz gainera, ordea, badira beste sistema batzuk ere. Horien artean ezagunena Rh faktorearena da.