Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Barne ingurunea animalietan

1. Irudia: Isurkari baskularren arteko harremana animalia ornodunen pankreaseko zeluletan. Zelulak isurkari betegarriz inguraturik daude eta odol eta linfa kapilarrak daude inguruan.<br>302

LABURPENA: Animalia zelulanitzen gorputzeko zelulak barne ingurune deritzan isurkari batez inguratuak daude. Zelulei bizitzeko behar dituzten elikagaiak eta gasak eramatea, mezulari kimikoak iristaraztea eta tenperatura, ura, osmosia etab. erregulatzea dira barne ingururenaren zeregin nagusiak. Hondakinak eramatea eta iristen diren elementu arrotzak kontrolatzea ere barne ingurunearen zereginak dira. Haren osagaiak, bestalde, antzekoak dira beti, iraunkor eta egonkor eusteko joera baitu.
Hain zuzen ere barne ingurune iraunkorra izateak ematen die zelulei, lana banatuz, espezializatzeko aukera, organismoa ez baita ingurune baldintzen mendeko. Odola eta linfa (linfa tisularra eta linfa baskularra) arduratzen dira barne ingurunea mantentzeaz.

 

Sarrera

Izaki bizi bat sistema ireki bat da; bizi den ingurunearekin materia eta energia trukatzen ari da etengabe; kanpotik hartzen ditu elikagaiak eta kanpora itzultzen ditu gero metabolismoaren hondakinak.
Lurreko leku batzuetan kanpo ingurunea ez da aldatzen, edo oso gutxi, baina hori oso leku gutxitan gertatzen da. Normalena gorabeherak izatea da, bai espazioan bai denboran.
Aldaketa horiek, noski, eraginen bat dute izaki bizietan, haien funtzioetan, eta organismoak etengabe aritu behar dute ingurune gorabehera horietara egokitzen.
Zenbait egunetako bidaia batean Pirinioetatik Andaluziara joaten den pertsona bat, adibidez, oso ingurune eta giro desberdinetatik igaroko da: leku menditsuak eta zelaiak, hotzak eta beroak, hezeak eta lehorrak.
Janaria ere desberdina izango da alde batean eta bestean. Edaten duen urak osagai desbedinak izango ditu; batzuetan gatzetan aberats, beste batzuetan urri; ur mota batzuek ere bera ohituta ez dagoen bakteriak izango dituzte; etab. Gorago aipatu berri den bezala, beraz, bidaiaria giro eta ingurune desberdinetatik igaroko da, eta kontua da haren gorputza osatzen duten zelulek, banan-banan hartuta, ez dutela ahalmenik aldaketa horietara egokitzeko, eta inguratzen dituzten ezaugarri fisikoak edo kimikoak pixka bat aldatuz gero hil egin daitezkeela.
Nolanahi ere, zelula horiek, ehun baten osagai direnean, isurkari betegarri batez inguraturik egoten dira. Isurkari betegarriaren tasunak antzekoak dira beti —organismoaz kanpoko ingurunea gorabehera—, eta horri esker irauten du bizirik zelulak. Hortik sortu zen 1858an, Claude Bernarden proposamenez, barne ingurunea adigaia, zelulak ukitzen dagoen eta organismoa bizi den ingurunearenak ez bezalako ezaugarriakdituen organismo zelulanitzaren barneko ingurune isurkaria adierazteko. Gorputzeko zelulek gaiak eta hondakinak trukatzen dituzte inguratzen daukaten barne ingurunearekin, eta barne inguruneak kanpo ingurunearekin egiten du gero trukea. Barne ingurunea, beraz, gorputzeko zelulen eta kanpo ingurunearen bitartekoa da, eta mezulari askoren (hormonak) garraiobidea aldi berean. Bernarden hitzetan esateko: “bizi libre eta independente baten ezinbesteko baldintza da barne ingurunea” edota “bizi mekanismo guztiek, oso desberdinak izanik ere, helburu bat bera dute: barne inguruneko bizi baldintzen iraunkortasuna ziurtatzea”. Barne ingurunean disolbatuta dauden sustanzien ezaugarriak eta kontzentrazio fisikoak aldagabe iraunaraztea da gorputzeko organo gehienen funtzioen helburu nagusia. Barne ingurunearen iraunkortasun edo egonkortasun egoera horri homeostasia esaten zaio (ez nahastu hemostasiarekin, odol jarioa gelditzearekin alegia). Barne inguruneren iraunkortasun edo egonkortasunari eta ingurunearekiko independente eusten dauden mekanismo fisilogoloiei homeostasia mekanismo esaten zaie (beste atal batean aztertuko dira mekanismo horiek).
Honela labur daiteke orain arte esandakoa: organismoak, bizi den ingurunea asko aldatzen baita, halako mekanismo homeostatiko batzuk ditu zelulak inguratzen dituen ingurune isurkarian —barne ingurunean— egonkortasunari eusteko; zelulek ez baitute aldaketa fisiko-kimikoetara egokitzeko ahalmenik, eta ingurune horrek bizitzarako baldintza egokiak eskaintzen dizkie. Ingurune berezi horri esker, beraz, zelulek ez dute bizi baldintza egokiak mantentzeko “kezkatu” beharrik, eta funtzio jakin bati lotzeko (espezializatzeko) eta lana banatzeko aukeradute horrela. Barne inguruneak, gainera, zelulek bizitzeko behar dituzten bitarteko guztiak helarazten ditu eta sortzen dituzten hondakinak kanporatzen ditu. Ezinbestekoa da tamaina eta antolaketa handi samarreko animalia guztiengan; bestela, barne ingurunerik gabe, ezingo lituzkete zeregin horiek bete, kanpotik oso urrun baitaude zelula batzuk.
Barne ingurunearen erregulartasuna gai mota askori eta zenbait konstante eta zelula elementuri (odolaren osagaiak) dagokio: pH-a, tenperatura, presio osmotikoa, dentsitatea, likatasuna. Eta horri guztiari esker zelulak baldintza egokietan egin dezake lana; horregatik beragatik egon daiteke lehengo adibideko bidaiari hura orain Pirinioetan, goi mendietan, orain Andaluzian, itsas ertzean. Barne ingurunearen isurkaria gorputz osora hedatzen da bai bihotzak bultzatuta, zirkulazio sisteman zehar, bai kapilarretan zehar barreiatuta, odol plasmaren eta ehunetako zelulen arteko espazioa betetzen dagoen isurkari betegarriaren arteko trukea gauzatzen lagunduz. Aresitan esan bezala, barne inguruneari esker iristen dira gorputzeko zelula guztietara zelulek bizitzeko behar dituzten elementuak eta kanporatzen dira sortzen dituzten hondakinak.
Barne ingurunea, beraz, ezinbestekoa da gorputz egitura handi samarra duten animalientzat, haien zeluletako batzuk kanpotik oso urrun baitaude, eta hura ezean zelulei ez litzaieke elikagaia iritsiko eta ezingo lituzkete hondakinak kanporatu.

 

Barne ingurunearen sorrera eta bilakaera

Barne ingurunea animalia zelulanitzak edo metazooak sortzean sortu zen, metazoo triblastikoak (hiru enbrioi geruza) sortzean hain zuzen; diblastikoek (belaki edo knidarioek), bi zelula geruza baizik ez eta oso egitura berezia dutelarik, ez dute barrenaldearen eta kanpoaldearen artean bitarteko sistemaren beharrik. Gorputzeko zelulek kanporako irtenbidea dutenez, organismoaren eta ingurunearen arteko trukeak zuzenean egiten dira.
Barne ingurunea, beraz, dabiltzan barrunbe batzuez eta eduki (isurkari) batez osatua dago.

 

Isurkariak

Belakiak-eta bezalako animalia primitiboetan, bizitoki duten isurkariak berak (itsas ura edo ur geza) hornitzen ditu bizitzeko behar dituzten elikagaiez, eta halaber kanporatzen ditu sortzen dituzten hondakinak; gauza bera gertatzen da izaki zelulabakarretan.
Bilakaeran aurreratuago dauden eta iraitz aparaturik ez duten beste talde batzuek —Ekinodermoek, adibidez— itsas uraren antzeko osagaiak baina hark baino gai organiko gehiago dituen isurkari bat dute, hidrolinfa, alegia.
Oskoldun, soinbera edo anelidoek bezala zirkulazio sistemarik ez duten ornogabeen hemolinfak, berriz, hidrolinfak baino askoz osaera konplexuagoa du, zelula osagai eta arnasketa pigmentu gehiago ditu, eta gorputzeko zenbait barrunbe betetzen ditu, barrunbe pseudozelomadunak, zelomadunak eta baskularrak, esaterako.
Odolak —ornodunen isurkari bereizgarria— hodi sistema batean zehar zirkulatzen du eta askotariko funtzioak ditu. Linfak ere bere hodi sistema du, linfa sistema (linfa baskularra). Biak lotuta daude, baina odola ez dago zelulak ukitzen eta linfa, berriz, bai, isurkari betegarria osatzen baitu. Linfa sistema arduratzen da isurkari betegarria (isurkari gehiegi ehunetan) zirkulazio sisteman sartzeaz. Odola, linfa baskularra eta isurkari betegarria dira hain zuzen barne ingurunearen osagai nagusiak.

 

Barrunbeak

Platelmintoek bezala zelomarik ez duten animalia primitiboek barrunbe txiki batzuk dituzte elkarrekin loturik hasi-masiko linfa sistema bat osatuz. Animalia pseudozelomadunek—Nematodoek edo Errotiferoek— zeloma moduko bat izaten dute hemolinfaz betea. Zelomaren barrunbea, zeloma isurkariz betea, barne ingurunearen osagaietako bat izan daiteke zenbait ornodunetan.
Odol hodiak eratzea izan zen zirkulazioan dagoen barne ingurunea (odola) bereizten duen barrunbearen sorrera. Gorputzaren barruan leku batzuk behar dira isurkaria zirkulatzeko, elikagaiak eta gasak banatzeko eta hondakinak biltzeko; eta erraiak beren kasa funtziona dezaten bide batez. Era batera edo bestera kanal baskularrekin lotuta daude barrunbe horiek.

 

Barne ingurunearen funtzioak

Barne inguruneak, hura osatzen duten elementuek —odoleko zelulak, odol plasmako osagaiak, linfa— dituzten ezaugarri bereziak direla eta, askotariko funtzio fisiologikoak ditu. Ornodunetan, bilakaeran aurrera egitean, proteina plasmatikoak sortu ahala funtzio berriak bete behar izan ziren —garraioa, erregulazioa, koagulazioa, defentsa, aurreztea (hemostasia)—, odola osatzen duten zelulei dagozkienez gainera. Eta, noski, ingurune hori zirkulatzen ibiltzea ezinbestekoa da funtzio horiek behar bezala beteko badira.
Barne inguruneak hiru funtzio nagusi ditu: garraiatzea, aurreztea eta defendatzea.Garraiatzea: funtzio honek erakusten du argien barne ingurunearen zeregina, azken batean zelulen eta kanpo ingurunearen bitartekoa baizik ez baita funtsean. Garraioaren bidez hesteetatik xurgaturiko elikagaiak edo biltegietan harturikoak (gibeleko glukogenoa, adibidez) eramaten dira zeluletara.
Plasman disolbatuta, proteinetan lotuta edo linfan (txegoste hodian xurgaturiko gantzak, esaterako) eramaten dira elikagaiak.
Arnasketarako oxigenoa ere hala eramaten da, odoleko globulu gorrien hemoglobinarekin nahastua, eta zelulen arnasketan sortzen den karbono dioxidoa jasotzen da bide batez. Gai horiez gainera odolak zelulen metabolismoaren hondakinak eramaten ditu, giltzurrunean iragazita iraitziz kanporatzeko gero. Garraio erregulatzaile bat ere bada: mezulari kimikoak (hormonak) hedatzen ditu, tenperatura eta ura erregulatzen ditu, ioiak garraiatzen ditu, etab.
Aurreztea: trauma batengatik zirkulazio sistematik isurkaririk gal ez dadin, badu odolak hori eragozteko modu bat, plasma proteinek (fibrinogenoa) parte hartzen duten erreakzio konplexu bat.
Defentsa: organismoak nahi ez dituen elementu arrotzei —infekzio eragileei-eta (bakteriak edo birusak)— aurre egiteko barne inguruneak eragiten duen prozesu konplexu bat da inmunitatea. Defentsa prozesu horretan odoleko zelula batzuek (linfozitoak) eta proteinek (antigorputzak) hartzen dute parte.