Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Erreinu protistoa

1. Irudia: A-B) Diatomeoak. C) Dinoflageloduna. D) Euglena.<br><br>E) Laminaria, alga feofizeoa. F) Gelidium, alga gorria.<br><br>

LABURPENA: Erreinu protistoko izakiak organismo eukariotoak dira; animalia edo landare itxura izan dezakete, eta, antolamenduz, zelulabakarrak ala zelulanitzak izan daitezke. Ez dute ez zelula bereziturik ez ehunik. Erreinuaren mugak ez dira batere zehatzak, eta duela gutxi arte mota zelulabakarrek osatzen zuten, batzuek “animalia” eta beste batzuek “landare” antzekotasunak zituztela. Gaur egun ordea, protozooak, alga zelulabakarrak eta alga makrofitoak ere, usadioz landaretzat hartu izan direnak, erreinu honetan sartzen dira.

 

Sarrera

Erreinu honetan oso animalia desberdinak biltzen dira, animalia nahiz landare itxurakoak, zelulabakarrak eta zelulanitzak.

Ez zelula desberdindurik ez ehunik ez izateak elkartzen ditu, eta denak dira eukariotoak eta metabolismo aerobiokoak. Erreinu honen mugak ez dira batere argiak, eta duela gutxi arte erreinu honetan “animalia” tankerako mota zelulabakarrak –”animalia zelulagabe” zeritzatenak– eta “landare” tankerakoak besterik ez ziren sartzen. Baina gaur egun, alga makrofitoak protisto gisa sailkatzen dira –normalean landaretzat hartu izan direnak–; alga horietako batzuk, hala feofizeoak edo alga arreak, landareen antzekoak dira itxuraz, baina ez dute ez zurtoin, ez sustrai, ez hostorik.Protozooak

 

Algak

Sei phylum biltzen dira izen honen pean, organismo zelulabakar mikroskopikoak eta dozenaka metro luze izan daitezkeen organismo zelulanitzak tartean direla; bai akuarioetako ura uhertzen duten izaki ikusezinak, bai itsasoak hondartzetara botatzen dituen alga handiak, denak sartzen dira talde berean. Azken horiek, itxuraz, badute hosto, zurtoin eta sustrairik, baina faltsuak dira, eta, hortaz, algak ezin dira inola ere, barne antolamenduaren aldetik, landareekin konparatu.

Algak dozena bat phylumetan sailkatzen dira, barne egituraren arabera, zein pigmentu fotosintetiko duten, zein erreserba gai, edo bizitza zikloen arabera; bizitza zikloa konplexutasun handikoa izaten da normalean makrofitoetan, belaunaldiak, gehienetan diploidea izaten den esporofito bat eta haploidea izan ohi den gametofito bat txandakatzen baitira. Ikusi da ugalketa sexu bidezkoa dela lau phylumetan (krisofito, feofito, errodofito eta klorofitoak); baina ugalketa forma sexugabeak ere askotan ageri dira, hala erdibitzea edo zatikatzea.

Itsasoan oso garrantzitsuak dira algak; izan ere, mota zelulabakar ikusezinek eratzendute itsasoko elikadura katearen lehen maila; lurreko landare guztiena baino handiagoa da algen ekoizpen primarioa, eta badirudi diatomeek eta dinoflagelodunek sintetizatzen dutela munduan den materia organiko guztiaren 3/4.Krisofitoen phyluma: normalean alga mikroskopikoak izaten dira, oso ugariak ur geza eta gazietan, lurralde epeletan batez ere.

Hiru talde bereiz daitezke: diatomeoak (bazilariofizeoak, 1 AB irudia) –hauek dira ugarienak, 500 mota baino gehiago–, alga hori-berdaxkak (xantofizeoak) –450 mota–, eta alga urre-koloreak (krisofizeoak) –500 mota, horietako asko flagelodunak–. Zelula paretak silizea du itsatsia, zelulosaren ordez.

Diatomeoek bi kuskuko hezurdura dute, zulo txiki-txikiez betea. Pigmentu fotosintetiko gisa, klorofila a dute, ß-karotenoa, dinoxantina edo fikoxantinaz gainera (xantofilak).

Diatomeoek leukosina (polisakarido bat) moduan eta olio gisa pilatzen dute elikagaia; zenbait ikerlariren ustez, diatomeoen erreserba gai horien pilaketaz osatu zen petrolioa, alga horien ugaritasuna aditzera ematen duena. Ugaritasun hori eta silizezko hezurdura osatzeko gaitasuna direla-eta, gauza askotarako erabiltzen dira diatomeo fosilak; hala, badira leku batzuetan ehundaka metro lodi diren diatomeoen hezurdura biltegiak (diatomita edo diatomeo lurra).

Pirrofitoen phyluma: dinoflagelodun izena eman ohi zaie (1C irudia); alga zelulabakarrak dira; zelulosazko xaflez osaturiko kuskua dute normalean, eta itsasoan bizi dira ia beti. Mugikortasuna ematen dieten flageloak dauzkate; horietako bat luzetarako ildo batetik doa eta zeharkako ildo batetik bestea.

Hainbat pigmentu fotosintetiko dauzkate, hala klorofila a eta ß karotenoa, edo klorofila c eta dinoxantina, baina motaheterotrofoak ere badira. Erreserba gaia almidoia izaten da, olioak ere izaten dituzten arren. Mota asko lumineszenteak dira, eta gauez ikusten den argia igortzen dute; beste batzuk oso toxina aktiboak ekoizteko gai dira, beste izaki askoren heriotza eragiten dutenak. Alga hauen ugaritasunak marea gorriak sortzen ditu, itsasoak, edo aintzira batek, kolore hori hartzen baitu haien pigmentuen ondorioz. Garrantzi handia dute ozeanoetako materia organikoaren ekoizle gisa.

Euglenofitoen phyluma: mota fotosintetiko flagelodunak hartzen ditu bere baitan, egituraz oso konplexuak direnak, eta zelula partea argi antzematen ez zaiena (1 D irudia).

Animalien eta landareen ezaugarriak dituzte. Hauek dira kloroplastoetan dituzten pigmentuak klorofila b eta neoxantina, edo klorofila b eta zeaxatina (xantofila mota bat). Paramiloa da erreserba gaia. 800 bat mota ezagutzen dira. Parte bat argiarekiko sentikorra dute; pigmentuak bikorretan bilduta dituzte (begi arrastoak), eta horri esker argi iturrien alderantz mugi ditzakete.

Gehienek sexugabeko ugalketa dute, baina badira sexu bidezko ugalketa dutenak ere.

Autotrofo edo heterotrofo moduan jardun dezaketen organismoak dira. Euglena da jenerorik ezagunena.

Errodofita phyluma: phylum honetan, itsasokoak dira ezagutzen diren alga gorrien 4.000 motetatik gehien-gehienak; oso hedatuak daude tropiko aldean, eta, oro har, ur beroetan. Gehienak zelulanitzak dira, eta zelula paretean muzilagoak eta mananak dauzkate; klorofila a, klorofila d eta fikobilina duten kloroplastoak dituzte. Hiru ezaugarri nagusik definitzen dituzte: zelula mugikor flagelodunik ez izatea, fikoeritrina izatea, eta oogamia bidezko sexu ugalketa; sexugabeko ugalketa ere badute zenbaitek, espora edo alga zati bitartekoa.

Horietako askok oso bizitza ziklo konplexua izaten dute, belaunaldiak txandakatuz.

Kasurik konplexuenean, badira gametofito arrak eta emeak, itxura jakinekoak: gametoak sortzen dituzte, eta, ernalketaren ondoren, zigoto bat eratzen da, espora ekoizle den landare bat sorrarazten duena, karposporofito izenekoa. Karposporofitoak, zenbaitetan, gametofitoek ez bezalako forma izaten du, karposforak ekoizten ditu, ernamuintzean beste alga espora-ekoizle bat, tetraesporofitoa, sortzen duena; horrek tetraesporak ematen ditu, berriz ere gametofitoak sortu eta, era horretara, zikloa ixten dela (2. irudia).

Banako guztiek kanpoko itxura bera dutenean, trigenetiko isomorfiko esaten zaio zikloari; aitzitik, itxuraz desberdinak badira, trigenetiko heteromorfikoa da zikloa.

Zikloen konplexutasun handia dela-eta, mota desberdintzat hartzen dituzte taxonomialariek mota bakarreko zikloari dagozkion banakoak.Alga gorri batzuek kaltzio karbonatoa pilatzen dute organismoan, eta oso garrantzitsuak dira tropikoetako koralezko arrezifeen egile gisa. Beste batzuek merkataritzan dute garrantzia; hala, batez ere Gelidium jeneroko motetatik lortzen den agar-agarra (1F irudia), gelatina antzeko gaia, bakterioen haztegi gisa eta giza elikagaiei trinkotasuna emateko erabiltzen da. Hain da garrantzitsua alga hau industrian, ezen lantegi asko eta asko jarduten baitira biltzen eta lehortzen, udazken eta udaberriko itsasoko ekaitzek algaren parte bat banatu eta kostaldera botatzen dutenean.

Badira zuzenean jan daitezkeen alga gorriak, hala adibidez Chondrusa, Irlandako itsasaldean oso preziatua, gure karrakelen antzera.

Aipagarria da, ezen, fikoeritrina baitute, hau da, oso uhin luzera laburrak xurgatzeko gai den pigmentua, algak hauek direla ur sakonenetan bizi daitezkeenak; izan ere, gorriaz beste koloreak xurgatzen dituzte, gorria, energia gutxi baitu, azaleko urak xurgatzen duelako; energia handiagoa duten koloreak, urdina adibidez, leku sakonagoetaraino sartzen dira, eta alga hauek balia daitezke argi hartaz.

254Bada adibide bitxi bat esan berri dena argitzeko: itsaspeko filmetan, kolore berdeurdintsua izaten dute algek, harik eta kamaren argiak jotzen dituzten arte; orduan gorri-gorriak agertzen dira.

Alga gorri deitzen diren arren, ez dute beti kolore hori, kolorea aldatu egiten baita pigmentuen arabera, beltzetik hasi eta kolore urdinetaraino. Euskal Herrian sarritan ikusten dira Gelidium eta Chondrus jeneroak, eta, karedunetan, Mesophyllum, Lithophyllum eta Lithotamnion.

Feofitoen phyluma: 1.500 mota dira, zelulanitzak eta itsasokoak, 100 metroko neurria izatera irits daitezkeenak (1E irudia). Ohikoak dira ur hotzetako marea eremuetan, sakonera gutxiraino. Alginatoak ditu zelula paretan, eta kloroplastoetan, pigmentu gisa, klorofila a-az gainera, fukoxantina ere izaten dute, kolore marroia ematen diena. Laminarina izeneko polisakaridoa da phylum honen erreserba gaia.

Zenbait motak gorputzaren parte batzuk konplexuak dituzte, goi mailako landareen zurtoin, hosto eta sustraien antzeko egiturekin, eta gas pozoitsuz (karbono monoxidoz), edo muzilagoi gaiez betetako flotatzaileekin.Bizitza zikloan, ia beti, belaunaldiak txandakatzen dira, antzekoak edo oso desberdinak izan daitezkeen gametofito eta esporofitoekin; hala, ziklo digenetiko isomorfiko eta ziklo digenetiko heteromorfikoak sortzen dira.

Sexu ugalketa baldin badute, isogamia edo oogamia motakoa izaten da; sexugabeko ugalketa ere izaten dute, espora edo alga zatietatik abiatuta. Labur adierazita, esporak osatzen dituen esporofito batetik abiatzen da zikloa, eta horiek, ernamuintzean, gametofitoak eratzen dituzte; gametofitoek gametoak ekoizten dituzte, ernaldu ondoren zigoto bat ematen dutenak, eta horrek, berriz ere, esporofitoa sortzen du (2-4 irudiak).

Kasu batzuetan, ez da izaten belaunaldi txandakatzerik, hau da, zikloa monogenetikoa da. Kasu honetan, gametofitoek zuzenean ematen dituzte gametoak, ernaldu ondoren zigotoa sorrarazten dutenak; zigotoa garatu, eta berriz ere beste gametofitoak ematen ditu.

Batzuk merkataritzan erabiltzen dira, elikagai gisa eta elikagaien osagai modura, alginatoak adibidez, izozkiak egiteko eta elikagai trinkotzaile moduan erabiltzen direnak.

Euskal Herrian sarritan aurkitzen dira Laminaria (1E irudia), Sargassum eta Cystoseira motak; kostaldeko leku batzuetan, lehortu, eta aziendarentzako azpiak egiteko biltzen dira.

Klorofitoen phyluma: 7.000 mota dira, zelulabakarrak eta zelulanitzak, ur gezatakoak gehienak. Oso aparatu fotosintetiko konplexua dute, pigmentu gisa klorofila a eta b, karotenoideak eta xantofilak dituzten kloroplastoekin.

Almidoia dute erreserba gai gisa, eta zelulosa daukate zelula paretan; ezaugarri horietan goi mailako landareen oso antzekoak dira. Sexu gabe ugaltzen dira, esporez edo alga zatiz; sexu bidezko ugalketa isogamian eta oogamian oinarritzen da.

Normalean, ziklo digenetiko isomorfikoak izaten dituzte (5. irudia), baina ziklo monogenetikoak ere, haploideak edo haplodiploideak izan daitezkeenak, badituzte batzuek (6. irudia). Lehen kasuan gametofitoak haploideak dira, eta, hortaz, ez da meiosirik izaten gametoen ekoizpenean; bigarren kasuan gametofitoa diploidea da, eta, hori dela-eta, gametoak meiosiz sortzen dira.

Merkataritza gai gisa errodofizeoek eta feofizeoek baino askoz ere gutxiago balio dute hauek; Japonian bakarrik erabiltzen dituzten elikaduran. Aldiz, oso garrantzitsuak dira ekologian, ezen, normalean oso handiak izaten ez badira ere, epifito gisa bizitzen baitira beste algen gainean, eta itsas organismo askoren elikagai dira.

Euskal Herrian oso zabalduak daude Ulva (“itsas urraza” deitua, itxuragatik, 5. irudia), Codium eta Enteromorpha itsas jeneroak eta, ur gezetan, Spirogyra (6. A irudia), eta Chlorella.

 

Protozooak

Izaki zelulabakarrak dira, eta gehienek uretan edo leku hezeetan bizi behar dute; animaliei dagozkien ezaugarri batzuk dituzte, hala mugikortasuna, janaria beretzeko gaitasuna, txegoste prozesuak edo kitzikagarritasuna; hori dela-eta, estimulu askori erantzuten diete, hala tenperatura aldaketei, argiari, ukitzeari eta gai kimikoei, nahiz eta sentipen organo bakarra begi arrastoa duten.

Zelulabakar diren arren, funtzionamendu konplexua dute, eta, goi mailako organismo batean organoek dituzten eginkizunak betetzeko, zelula organulu espezializatuz daude hornituak.

Zenbaitetan banako taldeak antolatzen dituzte –koloniak–, zelula guztiak berdinberdinak dauzkatenak, espezializaziorik gabe; ehunik ez dago beraz. Neurriz mikroskopikoak dira gehien-gehienak, nahiz eta mota batzuk begi hutsez ikus daitezkeen, foraminifero asko adibidez.

Protozooak plasma mintz batek inguratzen ditu, eta mintz hori zelulosazko estalki organiko batez edo pektina edo estalki inorganikoz egon daiteke bildua; azken kasu horretan, silizea edo estrontzio sulfatoa izaten du, erradiolarioetan gertatzen den bezala, edo kaltzio karbonatoa, foraminiferoetan bezala.

Pseudopodo bidez, hau da, zilioak edo flageloak erabiliz, mugitzen dira alde batetik bestera. Zitoplasmari, luzatuz eta barneratuz, aldizka sortzen zaizkion luzakinak dira pseudopodoak; biribil antzekoak izan daitezke (lobopodioak), luzaxkak (filopodioak), sare formakoak (errizopodioak), edo erdian ardatz bat dutenak (axopodioak). Zilioak modu homogeneoz barreiatuak egon daitezke gorputz osoan zehar, edo homogeneotasunik gabe, eta kopurua ere aldakorra izaten da; flageloak ez dira inoiz asko izaten.

Ugalketa sexugabea izaten da normalean, zatiketa bitar bakun bidezkoa, organismo zelulanitzen zelulei dagokien ohiko mitosi zatiketa dagokiela. Esporulaziorik ere izan daiteke. Talde batzuetan bada sexu bidezko ugalketa, konjugazio deritzan moduan, bi banako parekatu eta DNA trukatzen dutela.

Egituraren, mugitzeko moduaren eta bizitza zikloen arabera, hainbat phylum bereizten dira. Hiru ikusiko ditugu: Sarkomastigoforoen phyluma: azpiphylum kategoriako bi azpitaldek osatzen dute, Mastigoforo eta Sarkodina izenekoek. Aurreneko biak organismo flagelodunak dira, batez ere sexugabe ugaltzen direnak, fisio bitarrez. Forma batzuk askeak dira eta besteak bizkarroiak; bizkarroien artean aipagarriak dira tripanosomak; izan ere, Trypanosoma brucei motak (7 A irudia) logalearen eritasuna kutsatzen du, tse-tse euliaren ziztadaren bidez. Trikomonak ere garrantzitsuak dira, mota batzuek sexu bidezko eritasunak eragiten baitituzte. Bestalde, ur edo elikagaikutsatuen bidez, jende asko infektatzen du Giardia protozooak, eta hesteetako arazoak sortu. Mota hauetako batzuk fotosintetikoak dira.

Sarkodinen artean amebak daude (7B irudia), foraminiferoak –foraminiferoen forma fosilek balio handia dute geologia historikoan (7C irudia)–, heliozooak (7E irudia) eta erradiolarioak. Pseudopodo bidez mugitzen dira beti; pseudopodoez baliatzen dira halaber harrapakinak beretzeko (bakterioak, algak, nematodo txikiak). Zatiketa anizkunez edo bitarrez ugaltzen dira normalean.

Beste protozoo asko bezala, ur gezatako amebek bakuola uzkurkorrak izaten dituzte gorputzean, sartzen zaien ur gehiegizkoa kanporatzeko.

Ameba gehienak aske bizi dira, baina mota batzuk bizkarroiak dira; gizona bera ere izan daiteke protozoo hauen ostalari, ameba disenteria eragiten duen , adibidez.

Foraminiferoek karakizko oskola dute, barrunbe batez edo gehiagoz osatua (7C irudia), irekidura batekin edo gehiagorekin.

Itsas azpian bizi dira ia beti, bentos delakoaren parte direla (hau da, itsasoen, aintziren edo ibaien hondoetan bizi diren organismoen multzoaren parte). Mota fosil batzuk, Nummulitesak adibidez, oso ugariak ziren zenozoikoan, hainbesteraino non Nummulitikoa izendatzen duten zenbait egilek Hirugarren aroko parte handi bat; protozoo horietako batzuk 15 cm-ko diametroa izatera ere iritsi ziren, gauza guztiz harrigarria izaki zelulabakarretan.

Erradiolarioak (7D irudia) itsas animaliak dira gehienbat, eta planktona osatzen dute (uretan norabide gabe igeri dauden animalia eta landare multzoa). Zitoplasman badute parte bat kapsulaz kanpokoa, eta beste bat kapsulaz barnekoa, erdian silizezko kapsula bat dutela, irekidura batez edo gehiagoz zulatua, eta orratzez ugari hornitua; mota batzuek ez dute kapsularik. Erradiolarioen hezurdurak ikusgarriak dira, ederrak eta delikatuak; batzuena estrontzio sulfatozkoa da (akantarioena). Erradiolarioen hezurdurek osatzen dute planetako ozeanoen hondoaren parte handi bat, barrenera erortzen baitira euria etengabe ari balu bezala; erradiolario lohi esaten zaie animalia hauen hondakinek osaturiko itsas biltegiei.

Heliozooak (7E irudia), biribil antzeko organismoak dira, axopodioz hornituak, silizezko arantzekin batzuk; ur gezatan bizi dira gehien-gehienak.

Ziliodunen phyluma: 8.000 mota dira, ur gezatakoak eta itsasokoak, zilioak izatea ezaugarritzen dituztenak, zenbaitetan baita milaka ere zelula bakar batean (7FG irudia).

Mota tipiko bat, oso ezaguna, Paramecium izenekoa da (7G irudia).

Estalki malgu bat dute kanpotik, forma jakina ematen diena. Kanpora zabaltzen den irekiune bat dute gehienek –zitostoma–,zitofaringea duena, alegia, kanpoaldea protoplasmarekin lotzen duen hodia. Zilioen bidez mugitzen dira, eta, aldi berean, zilioek ur korronteak sortzen dituzte elikagaia zitostomarantz gidatzeko. Bakuola uzkurkorrak izan ditzakete, gehiegizko ura kanporatzeko.

Trikozistoak dauzkate, organulu bereziak, harrapakinak heltzen laguntzen duten izpiak jaurtikitzen dituztenak. Gutxienez bina zelula gune izaten dute, mikrogunea (7G irudia), sexu ugalketan parte hartzen duena, eta makrogunea (7 F-G irudia), metabolismoa eta hazkundea kontrolatzen dituena; zenbaitek gune asko izaten dute.

Apicomplexa phyluma: mota bizkarroiak dira, esporozoo deitzen direnak; horrek esannahi du aldi infekziodun mugikor bat dutela bizitzaren zikloan –esporozoitoa–, sexu ugalketaren ondoriozko dena, eta ziklo sexugabe bat sorrarazten duena ostalari berrian. Sarritan, intsektu batek eramaten ditu esporozooak ostalari batetik bestera.

Malaria deritzan giza eritasuna da horren adibide argiena (8. irudia), Plasmodium jeneroko motek eragindako parasitosiaren ondoriozkoa, eta Anopheles eltxoak kutsatzen duena; gorputzean sartu, eta gibelean ugaltzen dira, sexu gabe, odolean sartzen diren merozoitoak osatuz. 150 milioi lagunei erasotzen die urtero malariak; eritasun hedatuena da tropikoko eta tropiko inguruko herrietan (8. irudia).