Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Genetikaren aurrerapenak medikuntzan

1. Taula: Gaixotasun genetiko batzuk.<br>

LABURPENA:Genetikaren jakintzan egin diren aurrerapenei esker, herentziazko gaixotasunak sortzen dituzten geneak zeintzuk diren jakin ahal izan da, eta hala hobetu ahal izan da gaixotasun horien diagnostikoa eta tratamendua. DNA berkonbinagaiaren metodologiak erabilera asko ditu gaixotasun genetikoen diagnostikoan, eta terapia genikoak esperantza handia sortu du gaixotasun horien trataeran. Azkenik, DNA aztarnak aztertzea oso baliagarria gertatu da lege medikuntzan.

 

Gaixotasun genetikoak

Kromosomek kopuruz edo egituraz desegokitasunak edo akatsak dituztenean sortzen dira gaixotasun jakin batzuk; hauek dira, besteak beste, era horretako gaixotasun nagusiak: Downen sindromea, 21. kromosoman eragina duen trisomia; Patauren sindromea, 13. kromosomaren trisomia;Edwarsen sindromea, 18. kromosoman eragina duen trisomia; Turnerren sindromea, XO monosomia; Klinefelterren sindromea, XXY trisomia; Y bikoitzaren sindromea, XXY trisomia; “katuaren miaukaren” sindromea, 5. kromosomaren ezabapena, etab.; horiez gainera, geneen mutazioek eragindako 3.000 bat gaixotasun herentziazkoedo genetiko ezagutzen dira. I. taulan agertzen dira gaixotasun genetiko nagusiak.
Autosometan kokatuta dauden alelo mutanteak, horiek baitira gaixotasun genetikoen eragileak, atzerakoiak izan daitezke alelo normal edo gainartzaileekiko. Mutaziotik ateratzen den aleloa atzerakoia baldin bada, gaixotasuna gizabanako homozigotikoetan bakarrik agertzen da, eta aleloa gainartzailea baldin bada, gaixotasuna gizabanako homozigotikoetan eta heterozigotikoetan agertzen da.
Alelo mutantea X kromosoman baldin badago, gaixotasun genetikoa maizago agertuko da gizonengan emakumeengan baino.
Sexuari lotutako alelo horiek atzerakoiak dira, eta ez dira emakume heterozigotikoetan adierazten, nahiz, hala eta guztiz ere, emakume horiek genearen eramaile diren eta kasuen erdietan gaixotasuna semeei transmitituko dieten, edo alabei eramaile izatea.

 

Gaixotasun genetikoe diagnostikoa

Umekitik ateratako zelulak aztertzeak gaixotasun genetikoak jaio aurretik iragartzeko aukera eskaintzen du (jaio aurretikako diagnostikoa).
Jaio aurretikako diagnostikoa egiteko, isurkari amniotikoko zelulak hartzen dira, beste osagai batzuetatik bereizten dira, eta azterketa biokimikoak eta zitologikoak egiteko aztertzen dira zelula horiek. Prozesu horri amniozentesia esaten zaio, eta horri esker gaixotasun genetiko batzuk antzeman daitezke.
Teknika biokimiko eta zitologikoez gainera, DNA berkonbinagaiaren teknologiak baliabide berriak dakartza herentziazko gaixotasunen diagnostiko goiztarra egiteko.
Tresna hauek erabiltzen dira horretarako: RFLPak (murrizte zatikien tamainako poliformismoak) eta zunda erradiaktiboak.
RFLPak murrizte entzima batean ezagutza sekuentzia aldatzen edo kentzen duten mutazioen ondorio dira. Mutazioak gaixotasun genetiko bat eragiten duen alelo bat sorrarazten badu, markagailu horiek, RFL- Pak, baliagarriak dira gaixotasuna diagnostikatzeko.
Anemia depranozitikoa (anemia falziformea) izan zen metodo horren bidez diagnostikatu zen lehenengo gaixotasuna, HpaI murrizte entzimarako epaiaren lekuaren polimorfismoak lotura handia baitu anemia falziformearen entzimarekin. Gizakiaren DNA HpaI murrizte entzimarekin tratatzerakoan, hiru murrizte zati gertagarri sortzen dira, hemoglobinaren beta katea kodetzen duen genea bere baitan daukatenak.
Beta globinaren alelo normala duten pertsonengan, 7.000 edo 7.600 nukleotido dituzte murrizte zatiek. Anemia depranozitikoa eragiten duen aleloa duten pertsonengan, zatiak 13.000 nukleotido dira luze, pertsona horiei HpaI entzima ezagutzeko sekuentzia bat falta baitzaie; alelo normala duten pertsonek, berriz, badute sekuentzia hori.Genearen nukleotido sekuentzia ezagutzen denean, zunda erradiaktiboak erabil daitezke gaixotasun genetikoak diagnostikatzeko.
Adibidez, Duchenneren gihar distrofia jaio aurretik diagnostikatzeko era bakarra umekiaren sexua jakitea zen; orain gaixotasun hori zunda erradiaktibo baten bidez diagnostikatzen da. Distrofina kodetzen duen nukleotido sekuentziaren zati batekin hibridatzen den DNA zunda bat sintetizatu izan da, sekuentzia hori falta delarik gaixotasuna eragiten duen aleloan. Horrela, zundak ezin duenean murrizte zatien artean sekuentzia osagarririk aurkitu, orduan gaixotasuna diagnostikatua gelditzen da.

 

Terapia genikoa

Terapia genikoa material genetikoa (geneak) izaki bizi baten zeluletan sartzea da, gaixotasun bat sendatzeko, arintzeko edo gaixotasunetik aldez aurretik begiratzeko; terapia horrek itxaropen handiak sortzen ditu gaixotasun genetikoen sendabidean. Gaur egun terapia genikoan egiten diren saioetan geneak gehitu baizik ez dira egiten, etika biomedikoarentzat ez baita zilegi ondare genetikoa aldatzea.
Bi estrategia nagusi erabiltzen dira terapia genikoan: 1. Ex vivo estrategia. Gaixoari zelulak ateratzen zaizkio (tumor zelulak edo hapatozitoen gisako zelula aitzindariak), in vitro aldatzen dira zelula horiek, bektore erretrobiriko baten laguntzaz gene teraupetikoa sartuz, eta berriro txertatzen dira organismoan.
2. In vivo estrategia. Estrategia honi esker, zuzenean aldatzen dira erraz atera eta berriztxerta ezin diren zelulak. Kasu honetan, bektore adenobirikoak eta liposomen gisako (lipido geruza bikotz batez eratutako zisku txiki esfera itxurakoak) bektore sintetikoak dira gene teraupetikoa transmititzeko bektore eraginkorrenak.

 

DNA aztarnak erabiltzea

Gizakiak (eta beste izaki bizi batzuek) erraz identifika daitezke DNA aztarnei edo aztarna genetikoei esker. 1984an, Ingalaterrako Leicesterreko unibertsitateko Alec Jeffreys-ek aurkitu zuen oso maiz errepikaturiko DNA sekuentziak edo sekuentzia soileko DNA desberdinak direla gizabanako batetik bestera, hatz aztarnak desberdinak diren bezalaxe (bitelio bakarreko bikiek bakarrik dituzte aztarna genetiko berberak).
DNA aztarnak lortzeko, murrizte entzima egokien bidez ebakitzen dira sekuentzia soileko DNA eremuak, luzeraren arabera bereizten dira, haien tasunak aldatzen dira, eta X izpiko film batean ikus daitekeen zunda erradiaktibo baten bidez identifikatzen dira. “Barra kode” baten itxura duten DNA aztarna horiek oso baliagarriak dira lege medikuntzan, gaizkiletzat jotako susmagarriak identifikatzeko edo familia harremanak zertzeko.
Aztarna genetikoa lortzeko, aztertzaileak DNA kopuru txikia baldin badu, kopuru hori handitu egin daiteke PCR (polimerasaren kate erreakzioa) esaten zaion metodo baten bidez. Urrats hauek ditu metodo horrek: helize bikoitzeko bi kateak berotuz bereizten da, DNAtik aukeratu den sekuentziaren mutur bakoitzari hasiarazle bat (pizgailu bat) eransten zaio, eta bakterio DNA polimerasa baten eraginpean uzten dira bi kateak –DNA kateak bereizteko erabili den tenperaturak polimerasa horren tasunak ez ditu aldatzen–, gai baita polimerasa hori pizgailuak ezagutzeko.