Izadi Jakintza»Izadi jakintza
Bizitzaren jatorria
Zientziaren historian zehar, bizitzaren jatorria izan da arazo handienetako bat, bai
gaur egun ezagutzen ditugun izaki bizien jatorria, bai Lurrean sortu ziren lehen izakiena.
Urte askoan zehar, berezko sorreraren ideiak izan ziren nagusi; horien arabera, organismo
asko (behe mailakoak batez ere), materia bizigabetik sor zitezkeen. Redi eta Spallanzaniren
lanen ondoren, ideia horiek faltsuak zirela frogatu zuen Pasteurrek joan den
mendearen bukaera aldean, eta behin betiko zabaldu zuen ?izaki bizi oro beste izaki bizi
batetik dator? hastapena. Baina aurreramendu horrek ez zion erantzunik ematen Lurrean
bizi izan ziren lehen izaki bizien jatorriaren arazoari. Arazo horri irtenbidea emateko,
bi teoria mota proposatu izan dira: teoria endogenoak, bizitza gure planetan sortu
zela diotenak, eta teoria exogenoak, bizitza kanpoko espaziotik datorrela diotenak.Zein den Lurreko biziaren jatorria izan da
biologiaren arazo handietako bat. Esan
daiteke kultura eta erlijio guztietan direla
biziaren agerpenaren inguruko azalpen
mitologikoak.
Zientziaren munduaren baitan bi teoria
historiko nagusi aurkitzen ditugu, berezko
sorrera eta biogenesia, eta bi teoria moderno,
endogenoa eta exogenoa.
Teoria historikoak
Antzinate grekotik aurrera, berezko sorrerarena izan da mendeetan zehar ideia nagusia.
Hala, Aristotelesek aldezten zuen bazirela zatiki material batzuk ?hastapen aktibo bat? zeukatenak, eta hastapen hori gai omen zen izaki biziak sorrarazteko. Haren ustez, arrautza ernalduetan, lohian, haragi ustelduan eta argian zegoen delako hastapena.
Animaliak nahiz landareak era zitezkeen materia bizigabe horretatik.
Inork eztabaidatu gabe, beren horretan iraun zuten ideia horiek, batzuetan gutxiasko landutako teoria moduan, fantasiazko ideiak bezala besteetan. Hona, adibidez, 1605ean Duretek adierazitakoa: ?Bada zuhaitz bat, hosto batzuk uretara erori eta arrain bihurtzen zaizkionak, eta beste hosto batzuk berriz lurrera erori eta hegazti bihurtzen zaizkio?.
XVII. mendean Van Helmontek ez zuen berezko sorrera defenditu bakarrik egiten, aitzitik, teoria horren baliotasuna frogatzeko esperimentuak ere proposatu zituen. Hau bezain bitxiak, saguak lortzeko:?aski da emakume atorra estutzea, zikin samarra bada hobe, gari ontzi batean?.
XVII. mendean bertan, Redik berezko sorreraren aurka egin zuen, eta haren faltsukeria frogatzen saiatu zen. Bere esperimentuetako batean frogatu zuen harrak ez direlaharagi usteldutik jaiotzen, beren amen
arrautzetatik baizik:?Jartzen badira, gasa zati batez estalitako
ontzietan, animalien gorpuak edo haragi
zatiak, ikusiko da ez dela hortik euli larbarik
jaiotzen. Aitzitik, ontziak estali
gabe eduki badira, ugaritu egingo dira
larbak. Gasak ez du airea igarotzea eragozten,
bai ordea euliek arrautzak haragian
jar ditzaten?.Rediren frogak ez zuen lortu berezko
sorreraren teoria gezurtatzea; izan ere, ontzi
estalietan harrik (intsektu larbarik) agertzen
ez bazen ere, barneko gaia usteldu edo hartzitu
egiten zen, eta horrek izaki biziak bazirela
adierazten zuen (mikrobioak). Berezko
sorreraren aldekoen ustez, usteltzen ari zen
materiatik sortuak ziren mikrobio horiek,
?indar bizi-sortzaile bati? esker sortuak,
Aristotelesen ?hastapen aktibo? haren antzeko
zerbaiten eraginez beraz.
XVIII. mendean ere eztabaida handiak
izan ziren bi joeren artean. Needhamek frogatu
zuen, bere ustez esperimentu bidez
(1748), berez sortzen direla mikrobioak,
ikusi baitzuen bizia agertzen zela haragi
zukua zuten ontzi hermetikoki itxietan.
Spallanzanik, 1765ean, pentsatzen zuen
ontzi hermetiko horietan haizea ez zela
behar bezala berotu, eta horregatik izan
zitezkeela bertan hoziak.
Pasteurren lana
Pasteurren lanei esker behin betiko geratu
zen baliogabetua berezko sorrera, eta era
horretan biogenesia zabaldu zen, alegia,
?izaki bizi oro beste izaki bizi batetik datorrelako?
hastapena. 1860 inguruan heldu
zion Pasteurrek arazo honi, eta orduantxe
egin zuen bere zientzia aurkikuntza handienetako
bat. Ondo ezagutzen zuen ordu arte
egindako lana, eta orobat Redik eta Spallanzinik izandako arazoak, eta, hala, esperimentu
zail batzuk prestatu zituen berezko
sorreraren hipotesia ezeztatzeko asmoz.
? Horietako batean, airea kotoian zehar
iragazarazi zuen, eta ikusi zuen mikrobio
asko geratzen zirela kotoian harrapatuak.
Zuku organikoak jarri zituen
matrazetan, irakiten jarri zituen eta hermetikoki
itxi. Isurkaria ez zen hartzitu.
Matraz horietako bat ireki zuen gero,
esteril mantenduz, baina kotoian geratutako
hondakinak txertatu zizkion.
Gero berriz itxi zuen. Isurkaria usteldu
egin zen.
? Beste esperimentu batean, berriz ere
hainbat matraz prestatu zituen zukuekin,
matrazen lepoak tolestu zituen
?beltxarga lepo? moduan, irakinarazi,
eta hoztutzen utzi zituen. Airea ukitzen
zuten arren, erakusgarriak beren horretan
geratu ziren, hondatu gabe. Horietako
matraz batzuei lepoa moztu zien, eta
orduan hartzitu ziren.
Berezko sorreraren zaleek uko egin zioten
Spallanzaniren esperimentuari, esanez irakiterakoan
aldatu egiten zirela airearen tasunak,
eta aire horrek ezin zuela jada bizirik
sortu. Pasteurrek, bere argumentuekin, Spallanzaniren
kontrako argudioen faltsutasuna
frogatu zuen. Pasteurren arabera, airea sar
daiteke matrazean, baina ez berarekin
dakartzan zatikiak, eta horietan daude
matrazetako usteltzearen erantzule diren
mikrobioak.
Gaurko teoriak
Teoria endogenoak
Biziaren berezko sorreraren teoria bazterturik, eta onartuta ?izaki bizi oro beste izaki bizi batetik dator? delako hastapena, galdetu beharra dago nola sortu ote ziren lehen izaki biziak.
Bi teoria multzo daude: teoria endogenoak, bizitza Lurrean bertan sortu zela diotenak, eta teoria exogenoak, aitzitik, bizitza gure planetara kanpotik iritsi zela aldezten dutenak.
Teoria endogenoen aldezleen iritziz, lehen forma biziak, gure planetaren hasierako garaietan, planetan ziren kimika gaietatik sortu ziren, bilakaera kimiko aski konplexu baten bitartez.
Oparin zientzialariak adierazi zuen, 1923an, biziaren jatorriari buruzko lehen teoria. Zientzialari honen ustez, duela 3.500 bat milioi urte, metanoak, amoniakoak (seguraski baita beste hidrokarburoek ere), ur lurrinak, hidrogeno sulfuroak eta hidrogenoak osatzen zuten batez ere Lurreko atmosfera. Molekula bakun horiek, eguzkiaren irrada ultrabioletek eta elektrizitate deskargek kitzikaturik, trinkotzen eta ugaritzen hasi ziren, eta era askotako molekula organikoak sorrarazi zituzten (alkoholak, aldehidoak, aminak, etab.); molekula horiek, gero, Lurra hoztutzean, ozeanoraino eraman zituzten uholde euriek.
Ozeano primitibo hura ur berozko masek osatzen zuten, eta han hasi ziren pilatzen,kopuru handietan, molekula organikoak.
Ingurune horri ?elikagai salda? edo ?zopa
primitiboa? deitu zion Oparinek. Zoparen
tenperaturak erraztu egiten zituen molekulen
arteko erreakzio kimikoak, eta horrekin
eratu ziren pixkana-pixkana izaki biziak
osatzen dituzten molekula konplexuak
(monosakaridoak, lipidoak, aminoazidoak
eta baita bitamina primitiboak ere). Molekula
horiek, elkartuz, gai nahasi heterogeneoak
eratzen hasi ziren, Oparinek koazerbatu
izendatu zituenak. Koazerbatu horiek bazuten
bildukin bat, eta horrek, ingurunetik
banatzeaz gainera, molekula organiko
berriak hartzea ahalbidetzen zien, elikatzeko.
Koazerbatuak beraz gai ziren elikatzeko,
baina, horrez gainera, bikoiztu eta beste
koazerbatu batzuk ere sortu zituzten; hori
dela-eta, bizitzaren lehen forma gisa har daitezke
koazerbatuak. Hala, lehen forma
horiek heterotrofoak behar zuten izan.
Izaki horietako batzuek hasi behar izan
zituzten fotosintesiaren prozesuak, klorofila
erabiliz; klorofila izatea, dudarik gabe,
erabakigarria izan zen, atmosferako oxigeno
kopurua gehitzeko eta goi atmosferan ozonoa
sortzeko, ozonoak babesten baititu izaki
biziak eguzkiaren irrada kaltegarrietatik.
Oparinen ideia hauek nahiko harrera
zabala izan dute, eta hainbat zientzialarik
egin dituzte ideia horien inguruko esperimentuak.
Urey eta Millerren esperimentuak
izan ziren lehenak. Zientzialari horiek, 1953
inguruan, atmosfera eta ozeano primitiboen
baldintzak berregin zituzten makina batean.
Atmosferaren osagai primitiboek, ontzi
batean ipinita eta energia iturri gisa elektrizitate
deskarga indartsuak eraginez (irrada
primitiboak imitatuz), erreakzionatu eta
hainbat gai organiko sorrarazi zituzten,
horien artean aminoazidoak, erribosa, adenina,
etab., Oparinek teoriak dioen bezala.
Gai horiek pilatuta ageri ziren ozeano primitiboa
berregiten zuen ur irakinetan.
Geroago, beste zientzialari batzuek jarraitu
dute antzeko esperimentuak egiten, eta
gai elkartu garrantzitsuak lortu dituzte, hala
azido nukleikoen base batzuk, zelula mintzen
lipidoak eta proteinak.
Badira froga geologikoak ere, Oparinek
agerturiko atmosferaren bilakaera frogatzen
dutenak. Duela 2.500 milioi urte atmosferak
erreduzitzailea behar zuen izan; izan ere,
adin horretako arroketan aurkitu diren burdin
eta uraniozko mineralek, oxigenorik ez
zela ematen dute aditzera. Aitzitik, duela
2.000 milioi urte ?geruza gorri? deritzaienak
agertu izanak atmosfera oxidatzaile bat
bazela frogatzen du.
Australian aurkitu dira 3.500 milioi bat
urte dituzten fosilak, egungo estromatolitoen
sortzaile diren zianobakterioen antzekoak.
Era berean, ezagutzen dira beste fosil batzuk
ere, adin bertsukoak, Hegoafrika, Kanada,
Groenlandia eta abarretan. Aurkikuntzahoriek Lurraren gaineko bizitzaren jatorri
goiztarraren gaineko teoriak bultzatzen
dituzte. Zientzialarien iritziz, prokarioto
fotosintetikoei dagozkie fosil horiek, eta hori
ez da oso ondo lotzen aurreko biologia frogekin.
Aldiz, beste batzuen iritziz, baliteke egitura
biologikoa ez izatea hondakin horiek.
Froga horiek guztiak gorabehera, oso
alderdi ilunak ere badira Oparinen teorian.
Horietako bat bizitza gidatzeko eta bikoizteko
gauza diren lehen azido nukleikoen
(DNA, RNA) agerpena da. 1980. inguruan
beste ideia bat proposatu zen, RNA agertu
zela aurrena Lurrean, eta zopa primitiboko
nukleoloetatik eratu zela. Pentsatzen da
RNAz osatuak zirela bizitzaren lehen formak,
DNArik eta proteinarik gabe, eta era
horretan osatu zutela ?RNAren mundua?
deritzana, geroago egungo bizitzan ohikoak
diren proteinak eta DNA sorrarazi zituena.
Nolanahi ere, esperimentu bidez ezin izan
da frogatu RNAren eraketa atmosfera primitiboko
baldintzetan. Beste arazo batzuk
ere badira: atmosfera primitiboa erreduzaitzailea
edo oxidatzailea ote zen, nola eratu
ziren zelulak inguratzen dituzten lipido
mintzak, zein eginkizun betetzen ote zuten
buztinek bizitzaren lehen uneetan, etab.
Hori guztia dela eta, zabalik dirau bizitzaren
jatorriaren arazoak.
Teoria exogenoak
Teoria hauen aldezleen arabera, gure planetaz kanpo eraturiko gai organikoenheltzeak bultzatu zuen Lurreko bizitzaren
sorrera. Teoria hori sendotu egin dute
Lurrera iritsi diren meteoritoetan aurkitu
diren materia organikoen aurkikuntzek
(aminoazidoak, base nitrogenodunak,
etab.), kometen nukleoetan azaldu direnak
(Hyakutake kometan adibidez), eta
izar arteko hautsak. Horrek guztiak frogatzen
du gai organiko horiek, Oparinen
?zopa primitiboan? izan behar zutenen
antzera, Eguzki sistemako planeten sorrera
prozesuarekin bateratsu sintetizatu zirela,
ez geroago, teoria endogenoek dioten
bezala.Teoria hauek ez dira hain berriak; izan ere,
Richter eta Arrheniusek, 1865ean eta 1906an
hurrenez hurren, bizitza panspermiatik datorrelako
hipotesia aurkeztu zuten, alegia, espazioan
zehar, planetaz planeta bidaiatzen diren
organismo multzoetatik. Azken urteotan, teoria
endogenoek izan dituzten eragozpenak
direla-eta seguraski, gehiago dira bizitzaren
jatorria, edo zenbait molekula organikrena
behintzat, aminoazido eta base nitrogenatuena
adibidez, kanpokoa delako iritzia duten zientzialariak.
Marteko arroketan forma biziak
aurkitu direlako albisteak (1996), areagotu
egin du bizia Lurraz kanpokoa delako ideia.