Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Animalien sailkapena

1. Taula 1. Irudia

Filogenian oinarritutako azterketa sistematikoen ondorioz egindako animalia talde desberdinen antolaketari deitzen zaio sailkapena. Eskola desberdinetako pentsamoldeen arabera, sailkapen horiek ez dira denak berdin-berdinak. Hala ere, ezaugarri sail orokor bat eta animalia talde handienak onartuak daudela esan daiteke. Oro har onartutako sailkapen hori ikusiko da atal honetan.Sailkapena, hortaz, sistematikaren emaitzaz egindako animalia talde desberdinen antolaketa da. Jakintza alor hori, gaur egun, filogeniari oso lotua dago, gaurko sailkapenek, izan ere, filogenetikoak izateko joera baitute, alegia, animalien eboluzio hurbiltasunaren arabera egiten dira, eta ez kanpotik izan lezaleketen antzaren arabera.

Esate baterako, Anelidoak eta Sipunkulidoak har talde desberdintzat hartzen dira egun, ornogabeen barruan, biak Phylum kategoriarekin. Antzinatean, aldiz, animalia klase hauen jatorria eta bilakaera gaur bezain ondo ezagutzen ez zirenean, taldeberean sailkatzen ziren, hain zuzen, kanpotik duten antzagatik.

Sailkapenak aipatu dira hemen, eta ez sailkapen bakarra, teoria bat baino gehiago baitago, eta teoria bakoitzaren arabera sailkapenak ere desberdinak dira. Ikertzaileak, izan ere, ez daude denak ados animalia taldeen filogenia aztertzerakoan.

Animalien sailkapen orokorraren eskema doa ondoren. Teoria desberdinak dauden neurrian, aldaketaren bat edo beste izan daiteke, aurrerago ikusiko den bezala, baina onarpen handiko eredua da, nolanahi ere.Eskeman, phylum nagusiez gainera, taldeak eratzeko erabiltzen diren irizpide taxonomiko nagusiak ere sartu dira.

 

Bereizkuntzarako irizpide taxonomiko nagusiak

Eskemari begiratu bat ematea nahikoa da konturatzeko hiru adar bereizi direla lehenik.

Zenbait autorek Azpierreinu deitu izan die adar hauei.

Mesozooen adarrean oso animalia primitiboak sartzen dira, antolakuntza biziki xumea dutenak: ugaltze zelula talde bat erdian, eta zelula somatikoz osatutako geruza bat haren inguruan. Izen berbereko phylum bakarra sartzen da adar honetan.

Parazooen adarrean kokatzen den phylum bakarra Porifero edo Belakiak dira. Gorputz porotsuko animaliok, koanozito izeneko zelula bereziz estalitako barrunbe bat edo gehiago, eta zelula bereiztuz osatutako ehun xumeak dituzte, baina ez dute organo sistemarik.

Azkenik, Eumetazooen adarrean sartzen dira benetako ehunak eta organo sistemak dituzten animalia taldeak, alegia, ahoa eta txegoste barrunbea dutenak, nahiz eta azken hau beti ez izan. Gainera, ez dira porotsuak eta ez dute koanozitudun barrunberik.

Eskemako hurrengo bereizketa, animalien bi ezaugarri nagusiren arabera egiten da.

Simetriaren eta enbrioiaren garapenaren arabera, alegia.

Simetriari dagokionez, bi talde bereiziko ditugu: Simetria erradiala duten animaliak: bi polo desberdinen artean (puntako poloa eta oineko poloa) ardatz bat duten animaliak dira, eta ardatz horretatik simetria plano desberdinak heda daitezke.Enbrioiaren garapen mailaren arabera eratutako ehunek beste bereizketa bat egiteko aukera ematen dute: bi ehun geruzaz (ektodermoa eta endodermoa) osatutako animalia diblastikoak, eta hiru geruzaz (ektodermoa, endodermoa eta mesodermoa) osatutako animalia triblastikoak.

Bada erlazio orokor bat azkeneko bi ezaugarrien artean, eta hala, simetria erradialeko eumetazooak diblastikoak dira (Knidarioak eta Ktenoforoak) eta alde biko simetriadunak, aldiz, triblastikoak (gainerako phylum guztiak).

Eskemako beste bereizketa bat zelomaren araberakoa da. Gastrulazio aldian, zenbait animaliaren enbrioian sortzen den barrunbe moduko bat da zeloma delakoa. Ezaugarri honen arabera organismo zelomatuak edo zelomadunak, azelomatuak edo zeloma gabeak eta pseudozelomatuak izeneko bien tarteko beste kategoria bat bereizten dira.

Animalia azelomatuetan, ektodermoaren eta endodermoaren (txegoste hodia inguratzen duenaren) artean, mesodermoa besterik ez dago, inolako barrunberik ez, beraz.

Gainerako phylumetan, organoak barrunbe moduren baten barruan egoten dira; horrek abantaila ugari eskaintzen du. Alde batetik, ehun trinko baten barruan itxita baino askatasun handiagoa dute mugitzeko. Bestalde, erraien eta gorputz paretaren artean gai edo substantziak trukatzeko bidea ematen du.

Barrunbe hori izan daiteke zeloma, goi mailako ornogabeetan eta ornodunetan, edota pseudozeloma, behe mailako ornogabeetan.

Mesodermoak inguratzen du zeloma eta azken hau peritoneo izeneko ehun batez bildua dago. Pseudozeloma, aldiz, mesodermoaren eta endodermoaren artean aurkitzen da eta ez du peritoneorik.

Eskemako azken zatiketan, animalia protostomoak, deuterostomoak eta lofoforodunak bereizten dira. Enbrioia garatzerakoan ahoa blastoporotik abiatuta eratzen bada, organismo horiei protostomoak deitzen zaie.

Deuterostomoetan, aldiz, uzkia eratzen da blastoporotik, eta ahoa beste arrakala batetik abiatuta. Ezaugarri definitzaile hauez gain, badira beste desberdintasun batzuk ere bi taldeen artean. Protostomoetan enbrioiaren garapena segmentazio espiralez hasten da, mesodermoa teloblastiaz eratzen da eta zeloma eskizozeliaz. Deuterostomoetan, segmentazioa erradiala da, eta mesodermoa eta zeloma enterozeliaz eratzen dira.

Lofoforodunek, azkenik, beste bi taldeen ezaugarriak biltzen dituzte. Alde batetik, ahoa blastoporotik eratzen da, protostomoetan bezala; bestetik, segmentazioan eredu espiralak eta erradialak nahasten dira; eta mesodermoaren eraketa berriz, kasu batzuetan enterozeliaz, eta besteetan teloblastiaz eta eskizozeliaz gauzatzen da. Filogenia arloan garrantzi handiko taldea da azkeneko hau, izan ere, protostomoen eta deuterosto- 42moen desberdintasunen erpinean kokatzen baita, talde batean zein bestean sartu izan dutelarik autore batzuek edo besteek. Talde honen ezaugarri nagusia lofoforoa da: garro ziliodunez osatutako koroa bat, taldeko phylum guztiek dutena.

 

Sailkapenaren aldakuntzak

Animalien sailkapena azaltzen duen eskema, egin daitezkeen askotatik bat baizik ez da. Arrazoi horregatik ez zaie kategoria taxonomikorik eman animalia taldeei. Gainera, beste zenbait eredurekin alderatu aurretik, komeni da zenbait gogoeta egitea.

Lehenik, autore batzuek bitan banatu dute Mesozooen phyluma: mesozooak eta plakozooak, edota azken izen hau eman diote. Beste batzuek, superphylum gisa hartzen dute Askelminten phyluma. Berorien ustetan Errotiferoak, Gastrotrikoak, Kinorrinkoak, Nematodoak eta Nematomorfoak lirateke superphylum horrek barnean hartuko lituzkeen phylumak. Baina sailkapen honetan klase kategoria ematen zaio.

Azkenik, Artropodoen phylumaren kasua ere aintzat hartzekoa da. Izan ere, geroz eta autore gehiagok uste du, talde honek jatorri polifiletikoa duela, alegia, arbaso bat baino gehiagotatik datorrela, eta ondorioz, euren artean ahaidetasunik ez duten talde desberdinen bilkura artifiziala izango litzateke.

Nahiko arrunta da, beraz, ondorengo taldeetan banatua aurkitzea, talde guztiak phylum kategoriarekin: Oskoldunak (karramarroak eta kidekoak), Kelizeratuak (armiarmak eta kidekoak), Unirramoak (intsektuak eta miriapodoak) eta jada galdua den Trilobiteen phyluma.

 

Animalia talde nagusien deskribapena

Ondoren, animalia talde nagusien azalpen labur bat egiten da, organismo biziak kontuan hartzen direla, alegia, ez dira sartzen fosil moduan soilik ezagutzen diren animalia taldeak.

 

Mesozooen phyluma :

Animalia bizkarroiak dira, ezaugarri primitibodunak.

Barne antolakuntza oso xumea dute: ugaltze zelula talde bat erdian, eta zelula somatikoz osatutako geruza bat haren inguruan.

 

Poriferoen phyluma :

Belakiak sartzen dira phylum honetan.

Eskuarki itsasoan bizitzen dira, nahiz eta inoiz ur gezatan ere aurki daitezkeen. Simetria erradiala dute edota ez dute simetriarik.

Organorik ez dute eta gorputza hodizeta barrunbez zulatua dute. Koanozito izeneko zelula ezaugarri batzuek estaltzen dituzte esandako hodi eta barrunbeak, eta zelula horiek dira hazkurria eskuratzen dutenak.

 

Knidarioen phyluma :

Animalia diblastikoak dira, ia denak itsastarrak, simetria erradialekoak, nahiz eta zenbait kasutan alde biko simetriara hurbildu.

Garroak, ehun bereiztuak eta zelula erresumingarriak (knidozistoak) dituzte. Ugalketa asexuala ala sexu bidezkoa izan dezakete txandaka, eta polipo eseri forma edo marmoka askeaerena izan dezakete. Talde honetako adibideak dira koralak, aktiniak, itsas anemonak eta marmokak.

 

Ktenoforoen phyluma :

Talde hau organismo diblastikoz osatua dago, denak itsastarrak. Alde biko simetria bikoitza dute (eskuina = ezkerra eta aurrea = atzea) simetria erradialararen bilakaeraz.

Zaku forma dute, zapala kasu batzuetan; zilio ilarak eta zelula eranskor ezaugarriak (kolozistoak) dituzte. Hermafroditak dira eta sexu bidez ugaltzen dira.

 

Platelmintoen phyluma :

Talde honetakoei ?har zapalak? deitzen zaie. Animalia azelomatuak dira, uzkirik eta zirkulazio sistemarik gabeak. Phylum honen barruan sartzen dira planariak*, Turbelarioen klasea osatzen duten har zapalak. Gehienak bizitza askekoak dira, nahiz eta bizkarroiak ere badiren. Zaku zapal baten itxura dute, ahoa sabelean, eta eskuarki sexu bidez ugaltzen diren hermafroditak dira. Gehienak itsasokoak dira, baina badaude ur gezatakoak, eta baita lehorrekoak ere, toki hezeetan.

Talde honetako beste bi klase animalia bizkarroiak dira, Trematodoak edo Duelak* eta Zestodoak edo Teniak, euren bizimodura oso egokitutako ezaugarriekin.

 

Gnatostomulidoen phyluma :

Itsasoaren hondoko areetan bizi diren hartxo batzuk dira. Alde biko simetria dute eta zilioak gorputz guztian. Baraila ezaugarriak dituzte baina ez dute uzkirik. Sexu bidez ugaltzen dira.

 

Nemertinoen phyluma :

Har txikiak dira, alde biko simetriadunak, eskuarki zapalak eta luzeak, zenbait alditan hari itxurakoak. Aurrez ikusitako azelomatu taldeak baino aurrerago daude bilakaeran.

Organoak bilduago eta garatuagoak dituzte eta txegoste aparatu osoa, ahoarekin eta uzkiarekin. Animalia hauen ezaugarri nagusiabarrunbe berezi baten barruan eduki ohi duten tronpa luzagarri bat izatea da. Sexu bidez ugaltzen dira eskuarki, nahiz eta zatiketa bidezko ugalketa asexuala ere izan dezaketen.

Gehienak itsastarrak dira, itsasertzekoak, baina badira batzuk ur gezatan edo lehorreko toki hezeetan bizitzera egokitu direnak ere.

 

Endoproktoen phyluma :

Itsas edo aintzira hondoetan bizi diren organismo bitxi batzuk dira, ia denak itsastarrak, nahiz eta ur gezatakoak ere badiren.

Bakarka ala kolonietan bizi daitezke eta harriei edo algei erantsita egoten dira. Kaliza garrodun baten itxura dute eta pedunkulu batek lotzen ditu substratura. Sexu bidezko ugalketa edota asexuala izan dezakete, gehienetan sexu bereiztuak dituzte eta inoiz hermafroditak dira.

 

Akantozefaloen phyluma

Animalia bizkarroiak dira, txegoste hodirik gabeak; tronpa kizkidun bat dute, barrunbe berezi baten barruan kokatua, eta haren bidez lotzen dira ostalariari. Zirkulazio aparaturik ere ez dute eta azalaren bidez elikatzen dira. Sexu bidez ugaltzen dira (sexu bereiztuak dituzte).

 

Askelminten phyluma :

Oso animalia desberdinak sartzen dira talde honetan. Denak bermiformeak dira (har formakoak), zefalizazio eskasekoak (buruaren eraketa), eta gorputzaren estalgarri kutikula edo lorika ezaugarri bat dute. Era berean, joera handia dute euteliarako, helduen organoetan zelula kopuru iraunkorra izateko, alegia. Asko dira anabiosia dutenak ere ?bizi baldintza txarrak dituztenean metabolismoa gelditzeko gaitasuna?, eta zenbait kasutan ur irakina edo azido kontzentrazio handietan ere bizirik irautera iritsi dira.Bizitzeko era asko eta oso desberdinak dituzte. Ez da harritzekoa beraz, klase desberdinetan sailkatzea. Zenbait autoreren iritziz klase horiek phylum kategoria dute.

Errotiferoak animalia mikroskopikoak dira, eskuarki ur gezatakoak ?nahiz eta itsasokoak ere badiren? eta duten ezaugarri nagusia gorputzaren aurreko aldean duten koroa moduko organo birakor bat da. Gastrotrikoak, mikroskopikoak hauek ere, aurrekoen antzekoak dira, baina koroarik gabe, eta gorputza ezkataz edo arantzaz estalia dute.

Kinorrinkoak har txiki eraztundun batzuk dira, gorputzaren aurreko aldean kako indartsuak dituzte eta itsaso antartiko eta ez hain hotzetako sakonera txikiko tokietan ibiltzen dira, lokatzetan eta alga artean.

Nematodoak dira, zalantzarik gabe, Askelminte klase ezagunena, hainbestekoa izan 43baita animalia hauen arrakasta. Ingurune guztiak kolonizatu dituzte nola forma askeetan, hala klase guztietako ?ostalarien? bizkarroi gisa: animalia, landare edo onddo.

Zilindro formako harrak dira, muturretara zorrotzak, eta hiru edo sei ezpaineko aho ezaugarria dute. Adibide gisa gizakiaren hesteetako Ascaris zizare ezaguna aipa genezake, eta baita, legatzaren edo antzeko arrain askoren sabel barrunbean kisteak eratuz ikusi ohi diren hartxoak ere. Nematomorfoak, azkenik, aurrekoen antzekoak dira kanpotik, baina askoz luzeagoak. Hari formako harrak dira, kanpotik ezaugarri nabarmen gabeak, sexu bidez ugaltzen dira eta larba aldia uretako animalien (artropodoen, eskuarki) bizkarroi gisa iragaten dute.

Behin helduak direnean bizitza askea dute (itxuraz, ibai hondoetan korapilatzeraino bihurrikatzen den zaldi zurda luze baten antza dute).

 

Soinberen phyluma :

Guztiz animalia talde ezaguna da. Itxura desberdineko animaliak sartzen dira: txirlak, muskuiluak, e.a. (Kusku bikoen klasea); lehorreko barakuiluak, itsasokoak, bareak, itsas erbiak, (Gasteropodoen klasea); eta olagarroak, txibiak, txipiroiak, e.a. (Zefalopodoen klasea). Talde honetako animalien gorputzeko ezaugarri nagusiak dira burua, oina, eta errai masa, kasu batzuetan besteetan baino bereiztuagoak. Askok maskor ikusgarriak dituzte kanpotik, batzutan espiral formakoak. Beste batzuek barruan dute maskorra, batzutan oso txikia (txipiroiek, esate baterako), eta inoiz batere ez (olagarroa).

 

Sipunkulidoen phyluma :

Segmentu gabeko har talde txiki bat da.

Gorputzaren aurreko aldea zorro moduko batean sartua dute, nahi dutenean zorrotik ateratzen dutela, eta garroak dituzte alde horretatik. Itsas hondoko zirrikitu, maskor edo tutuetan bizi dira. Sexu bereiztuak dituzte.

 

Ekiuridoen phyilum-a :

Talde hau osatzen duten animaliak itsasoko har batzuk dira. Eurek moldatutako zirrikitu edo tutuetan bizitzen dira. Tutu edo zaku itxurakoak dira, eta tronpa ezaugarri bat dute, eskuarki ezkutuan edukitzen badute ere harrigarriki luzatzen dutena, gorputzaren tamaina kontuan hartuta. Jakia biltzeko eta ukimen tresna gisa erabiltzen dute.

 

Priapulidoen phyluma

Itsas animalia bitxi batzuk dira, txikiak, gorputza zilindro itxurakoa, segmentu gabeak, eta aurreko aldea kakoduna eta atzeragarria dute. Arrastaka mugitzen dira itsas hondoan.

 

Anelidoen phyluma :

Har talde oso zabala sartzen da phylum honetan, horien artean lurreko zizareak (Oligoketoen klasea), izainak (Hirudineoen klasea), eta arrantzarako amutarako erabiltzen diren txitxareak (Poliketoen klasea).

Gorputz segmentatua dute, metamerizatua, eta gorputzaren antolaketa metamero edo segmentu guztietan errepikatzen da. Buruaren konplexutasuna desberdina izan ohi da batzuetatik besteetara. Azal fin batez estalia dute gorputza, eta azal horretatik kitinazko zeta batzuk (ile modukoak) ?edo ketak? ateratzen dira.

 

Artropodoen phyluma :

Animalia talde ugariena da. Egun bizi diren animalia mota guztietatik erdietatik hiru laurdenetara phylum honetakoak dira.

Duten ezaugarri nabarmenena gorputza eta hankak estaltzen dizkien kitinazko kanpo eskeleto giltzatua da. Kutikula hau, eskuarki, mintz malgu batek batzen dituen plaka edo eraztun gogorragoez osatua izan ohi da.

Luzakinak edo hankak, animalien bilakaeraren kariaz, funtzio jakinetan espezializatu dira, eta garrantzi berezia dute animaliak sailkatzerakoan.Horrela sailkatu izan da taldea: - Trilobiteen azpiphyluma, egun galdua; - Kelizeratuen azpiphyluma. Antenarik ez dute eta kelizero izeneko matxarda moduko luzakin batzuk dituzte barailen ordez. Ondorengo klaseak sartzen dira: Merostomak edo ?lapiko karramarroak? (gehienak galduak, forma bizi gutxi batzuk bizi dira Ameriketako itsasertz atlantikoan, Indiako Ozeanoan eta Itsaso Barean), Araknidoak (armiarmak, akaroak, eskorpioiak, eta antzekoak), eta Piknogonidoak (armiarmen antzeko itsas animalia txiki batzuk).

- Barailadunen azpiphyluma. Antena adarrak eta barailak dituzte eta ondorengo klaseak hartzen ditu barnean: Oskoldunak (karramarroak, itsas arkakusoak, lanpernak eta gisako taldeak); Intsektu ezagunak, munduko klase ugariena (tximeletak, euliak, eltxoak, inurriak, termitak, arkakusoak, kakalardoak, liztorrak, erleak, kilkerrak, matxinsaltoak, e.a.); eta beste talde txiki batzuk, lehenago Miriapodoetan sartzen baziren ere, gaur egun kategoria taxonomiko jakinik ez dutenak. Horien artean, Kilopodoak (ehunzangoa), Diplodoak (milazangoa), eta tamaina txikiagoko antzeko beste bi talde, Pauropodoak eta Sinfiloak.

 

Tardigradoen phyluma :

Animalia biziki txikiak dira, 1 mm baino txikiagoak, gorputza lau segmentutan zatitua dute eta kutikulazko kanpo eskeletoa ?artropodoenaren antzekoa baina hanka zurrunekin?, kasu batzuetan plakaz estalia.

Gehienak ingurune hezeetako goroldio, iratze eta landareetan bizi dira, baina badira itsasoko eta ur gezatako mota batzuk ere.

 

Onikoforoen phyluma :

Har itxurako animaliak dira, kutikula fin batez estaliak eta segmentuka bereizi gabeko hanka pareekin. Hiru luzakin pare dituzte buruan, bi baraila modukoak eta antena pare bat. Esan daiteke, beraz, artropodoen eta anelidoen antzeko ezaugarriak dituztela.

Lehorreko habitat hezeetan bizi dira.

 

Pentastomidoen phyluma :

Segur aski ez da agertu zaharra animalia talde hau. Bizkarroiak dira, har itxurakoak, ez dago argi zeinen antza duten baina larba aldiko garapenean badute artropodoekin zerikusia. Tropikoetako goi mailako ornodunen arnas aparatuan bizi dira, narrastienetan, gehienbat, baina baita zenbait hegazti eta ugaztunetan ere.

 

Foronidoen phyluma :

Har itxurako animalia sedentarioak dira, tutuetan bizi direnak, itsasertzeko ur axaletan.

U formako txegoste aparatua dutenez, oso hurbil dituzte ahoa eta uzkia. Lofoforo deitzen zaion garro ziliodunezko koroa bat dute.

 

Ektoproktoen phyluma :

Aurrekoen oso antzekoak dira, baina hauek ez dute arnas aparaturik. Gorputzeko paretaren eraketa ere berezia duten arren, animalia hauen ezaugarri nagusia eta bistakoena da kolonietan biltzen direla kasu guztietan. Masa modukoak eratuz bizi dira ?Foronidoak bezala tutuetan bakarka bizi ordez?, gelatinatsuak kasu batzuetan, eta gogorrak besteetan, alga, harkaitz edo beste edonolako itsas substraturen gainean.

Talde honetako animaliei Briozooak ere deitzen zaie, baina kontuan hartu behar da lehen izen hori ematen zitzaiela bai Ektoproktoei bai Endoproktoei. Bi talde hauen arteko kanpoko desberdintasuna da lehenengoetan garro koroak ahoa soilik inguratzen duela, eta bigarrenetan ahoa eta uzkia.

 

Brakiopodoen phyluma:

Animalia lofoforodunak dira, aurreko biak bezala, baina tutu bat edo estalki bat 44eratu ordez, brakiopodoek kusku biko maskorra eratzen dute, kusku biko soinberen antzera. Arrazoi horregatik soinberen barruan sailkatu izan dira lehen. Hala ere, begiratu hutsez antzematen da lerro sagitalak bi kusku simetrikotan zatitzen dituela kusku biko soinberak. Brakiopodoetan, aldiz, sagitala bi kuskuak zeharkatuz pasatzen da, eta kusku bakoitzaren bi erdiak dira orain simetrikoak.

 

Ekinodermoen phyluma :

Oso phylum ezaugarria da, erlikiazkoa esan daiteke, gainerako animalia taldeen antzik gabekoa morfologia aldetik. Animalia hauek ur aparatua izatea dute ezaugarri nagusia. Aparatu horrek lokomozio funtzioak (anbulakroak), perzepziokoak, eta gas truke funtzioak betetzen ditu. Karekizko plakaz (zenbait kasutan espikula soilez) osaturiko endoeskeletoa dute (dermikoa), azal fin batez estalia. Talde honen beste ezaugarri bakan bat zera da: simetria erradiala (gehienetan pentameroa). Delako simetria erradiala, alde biko simetriatik abiatu eta garatzen da, eta jatorrizko simetria horren aztarnak gordetzen ditu. Ez dago beste animalia talderik bizitza alde biko simetriaz hasi eta metamorfosiaren ondorioz simetria erradiala izatera pasatzen denik.

Talde honetako forma guztiak itsasokoak dira, eta bertan sartzen dira, itsas izarrak (Asteroideoen klasea), itsas trikuak (Ekinoideoen klasea), komatulak eta itsas lirioak (Krinoideoen klasea), ofiurak ?itsas izarren antzekoak baina beso meharrago eta luzeagoekin? (Ofiuroideoen klasea) eta itsas luzokerrak (Holotutoideoen klasea), azken hauek, simetria erradialaren gainean garatutako alde biko simetriadunak.

 

Ketognatoen phyluma :

Organismo itsastarrak dira, harrapariak eta planktonetan bizi ohi direnak. Gorputzaluzea eta gardena dute, eta hegaltxoak alboetan eta isatsean. Azken ezaugarri hau dela eta arraina gogorarazten dute.

 

Pogonoforoen phyluma :

Har itxurako animaliak dira, luzeak eta meheak. Tutuetan bizi dira itsaso guztien hondoetan, sakonera handian. Aurreko aldean ?segmentuetan zatitua dute? garro sail bat dute. Bizitza askeko animaliak izanik, ez dute inolako txegoste hodirik ?ez aho ez uzki?, eta, dirudienez, gorputzeko pareta edo tegumentutik zurgatzen dute jakia.

 

Hemikordadunen phyluma :

Nolabaiteko har itxurako organismoak dira, denak itsastarrak, bakarka edo kolonietan bizi direnak, tutuetan sartuak, lokatzetan, edota harkaitz edo alga artean. Animalia hauen ezaugarri nagusia hemikorda da, bizkar kordoiaren antzeko zerbait, kartilagozkoa, elementu gogorrik gabea eta ektodermikoa jatorriz, aurretik atzera hedatzen dena eta kordadunen kirio kordoia gogora ekartzen duena. Aurreko ezaugarri horren, faringea kanpoaldearekin lotzen duten zakatz arrailak izatearen, eta barneko beste ezaugarri batzuen kariaz, kordadunen eta kordagabeen arteko mailatzat hartzen dira.

 

Kordadunen phyluma :

Animalia talde nahiko berria da, bilakaeran arrakasta handia izan duena. Animalia hauen ezaugarri nagusia da, bizitzako faserenbatean behintzat, bizkar kordoi edo notokorda izenekoa dutela euskarritzat, gorputzaren luzetara hedatua. Kordoiaren atzean hodi formako kirio sistema bat dute ?phylum honetako ezaugarria hau ere? eta txegoste sistema sabel aldean. Notokordak, batzutan, iraun egiten du heldutan, eta beste batzuetan aldiz, galdu egiten da animalia garatu ahala. Kordadunen beste ezaugarri batzuk honako hauek dira: bihotz taupakaria; zakatz arrailak garapeneko uneren batean ?heldutan ere iraun dezaketela?; eta isatsa -garapeneko faseren batean, hau ere? uzkiaren atzetik, notokordaren eta gihar sistemaren luzapenez eratua. Phyluma itxura guztiz desberdineko hiru azpiphylumetan zatitzen da: Lehenik, Urokordadunen azpiphiluma dago. Itsas animalia hauen ezaugarri nagusia da larba aldian eta isatsean soilik dutela notokorda. Urokordadunen larbak bizitza askekoak dira, txalburuen antzekoak itxuraz.

Behin heldu eta gero itsas hondoari erantsita bizi dira, bakarka edo koloniak osatuz. Zaku edo tutu formakoak dira eta bi zulo dituzte (sifoiak). Iragazpenez elikatzen dira. Aszidioak dira talde honetako adibide bat.Zefalokordadunen azpiphyluma animalia txiki batzuek osatzen dute (5-6 cm. luze ingurukoak). Bizitza askekoak dira, igerilariak eta itsas hondo hondartsuetan bizi dira.

Gorputz osoan dute notokorda eta bizitza osoan irauten die. Baita zakatz arrailek ere.

Arrain mehar baten itxurakoak eta gardenak dira. Hegal bakoitiak dituzte (bizkar aldean eta sabel aldean) baina ez dute arrainek bezala hegal-parerik aurre aldean. Mota 45gutxi hartzen ditu barruan, denetan ezagunena anfioxoa da (Branchiostoma lanceolatus).

Zefalokordadunak eta Urokordadunak, Prokordadunen barruan sartu ohi dira, nahiz eta filogenia aldetik arrazoirik ez dagoen talde berean sartzeko. Prokordadunen taldeak, beraz, ez du kategoria taxonomikorik, eta hizkera arruntean bestetan ez da erabiltzen.

Azkenik, Ornodun edo kraniatuen azpiphyluma da taldearen bilakaeran aurreratuen dagoena. Gorputz osoan hedatzen da notokorda eta, hezur edo kartilagozko eskeletoak ordezkatzen du pixkana-pixkana.

Hodi formako kirio sistema, notokordaren atzeko aldean kokatua, aurreko aldean zabaldu egiten da burmuina osatuz, eta burezurra dute burmuin horren babesgarri.

Ornodunen barruan ?bizi diren organismoak kontuan harturik?, lehenik arrainak daude (kategoria taxonomiko gabeko taldea) eta hor sartzen dira Ziklostomadunen klasea edo baraila gabeko arrainak ?lanproiak dira talde honetakoak?, Kondroiktioen klasea edo kartilagozko arrainak ?marrazoak eta arraiak?, eta Osteiktioen klasea edo hezurrezko arrainak ?ezagutzen ditugun gainerako arrainak; gero Urlehortarren klasea dator, hauek larba aldian zakatz bidezko arnas aparatua dute (urperako egokia) eta heldutan aldiz, birika bidezkoa ?uhandreak, arrabioak, zapoak eta igelak?; Narraztien klasea, birika bidezko arnas aparatua dute eta gorputza ezkataz edo adarkizko ezkutuz estalia dute ?apoarmatuak, sugandilak, muskerrak eta sugeak, eta beste zenbait tokitan kameleoiak eta krokodiloak?; Hegaztien klasea edo moko eta lumadun animaliak; eta Ugaztunen klasea edo ile eta titidun animaliak.

Ugaztunak, bestalde, ondokoo ordena hauetan sailka daitezke: Monotremak (ornitorrinkoa), Martsupiodunak (kangurua, zarigueia, koala, e.a), Intsektujaleak (satorra, trikua, satitsua), Dermopteroak (maki hegalariak), Kiropteroak (saguzarrak), Folidotoak (pangolinak), Hortzgabeak (hartz inurrijaleak, nagiak, armadilloak) Karraskariak (katagorriak, arratoiak, saguak, lursaguak, e.a.) Lagomorfoak (untxiak, erbiak), Haragijaleak (zakurrak, katuak, hartzak, hienak, erbinudeak, e.a.), Pinnipedoak (itsas txakurrak, itsas lehoiak, mortsak), Zetazeoak (baleak, kaxaloteak, izurdeak, masopak, e.a.), Tubulidentatuak (urde inurrijalea), Proboszideoak (elefantea), Hirakoideoak (damanak), Sirenioak (manatiak, dugongak), Artiodaktiloak (urdeak, hipopotamoak, gameluak, oreinak, jirafak, bobidoak, ardiak, ahuntzak, antilopeak), Perisodaktiloak (zaldiak, astoak, zebrak, tapirak, errinozeroak), Primateak (makiak, tximinoak, simioak, gizakia).