Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Bizi moten aniztasuna

1. taula: Lurrean gutxi gorabehera zenbat izaki bizi mota dauden, eta banako mota gutxi dituztenen kopurua. A) Izaki mota ezagunen kopurua. B) Ustez existitzen diren izaki moten kopuru osoa. C) Ustez existitzen diren izaki moten artean izaki mota ezagunen batez bestekoa. D) Banako gutxi dituzten izaki moten kopurua. E) Izaki mota ezagunen artean banako gutxi dituzten izaki moten batez bestekoa. (Solbrig-en arabera, 1993. Unesco-ren Ingurugiro Hezkuntza Koadernoak).<br>Gizakiak ez du, onenean ere, oraindik ezagutzen ez dituen izaki moten %60 baizik, gainontzekoak gizakiak identifikatu ahal izan baino lehen desagertuko baitira, ingurunea hondatzearen ondorioz.<br>

Bizi moten aniztasuna izaki bizien tasun bat da, ezaugarri asko eta bereziak izateko ahalmena, alegia. Bereizkuntza naturalaren eta izaki motek irauteko dituzten mekanismo genetikoen ondorioz, Lurreko bizitza aniztasun handikoa da; eta aniztasun hori ezinbestekoa da, bizia izango bada, eta ezin ordezkatuzkoa da, hura galtzeak hondamena baitakar. Bizi moten aniztasuna ez da berdin banatzen Lurrean zehar; badira eremu batzuk, tropikoak batez ere, bizi moten aniztasunaren aldetik goi mailakoak direnak.Bizi moten aniztasuna esapideak Lurrean gaur egun bizi diren milioika izaki bizien ugaritasuna eta desberdintasuna adierazi nahi du, alegia: izaki moten aniztasuna, haien aldakortasun genetikoa, eta ekosistemendemen eta inguru naturalen ugaritasun handia.
Bizi moten aniztasuna izaki bizien tasun bat da, ezaugarri asko eta bereziak izateko ahalmena ematen diena (1. taula).
Tasun hori bizitzaren antolamenduaren maila guztietan agertzen da, zeluletatik ekosistemetaraino, eta funtsezkoa da izaki bizien funtzionamendurako. Aniztasunari esker, bizitzak erreakzionatzeko eta egokitzeko gaitasuna du, Lurrean maila askotan izaten diren aldaketak gertatzen direnean.
Baldin eta, adibidez, landare mota bakarra balego Lurrean (gauza jakina denez, landareek oxigenoa sortzen dute, eta, beraz, gizakia landareen mende dago), eta mota horretako landare guztiak berdinak balira genetikaren aldetik, gizakien eta izaki bizi gehienen bizitza landare mota bakar horrenlegoke. Baldin eta izurri batek edo klima aldaketa batek landare mota horretan eraginen bat izan eta suntsitu balitz, oxigenoaren sintesia ere desagertu egingo litzateke, eta gizakia ere harekin batera iraungikolitzateke; milaka landare desberdin egoteak esan nahi du -erraz ulertzeko esanda- oxigenoa sintetizatzeko “erantzukizuna” landare asko eta askoren artean dagoela banatua, eta, beraz, haietako batek “huts eginez gero”, ez dagoela arriskurik gizakiarentzat. Gainera, izaki mota bakoitzaren baitan, multzo osoa eratzen duen banako bakoitza desberdina da genetikaren aldetik, eta, beraz, zeinek bere sentikortasuna du gaixotasun, giro aldaketa, eta abarren aurrean. Bereizkuntza naturalaz eratuz joan den gure mundu biologiko honetan, beti-batekotasunak erasoaren kontrako ahultasuna nahi du esan, eta ez dakigu ekosistema mugitzen duen mekanismoa noiz hasiko den huts egiten, ekosistema eratzen duten osagai guztiak, izaki motak alegia, osotasun horretatik bereizten badira.Bizi moten aniztasuna ez da beti berdina Lur osoan, aitzitik, arrazoi asko direla eta, ekosistemak desberdinak izaten dira halaber izaki moten aberastasunari dagokionez. Bizi moten aniztasun maila handiena tropikoko ekosistemek dute, Tropikoko Oihan Euritsuko biomak edo koralezko uhaitzek, askotan aski eztabaidatsuak diren eta oraingoz ezagutzen ez diren arrazoiengatik. Oro har, bizi moten aniztasunari dagokionez, aberatsagoak dira tropikoko eremuetako ekosistemak eremu hotz edo epeletakoak baino, herri batzuk definitzeko megaaniztasuna dutela esaten delarik (1. irudia), aniztasunaren goi maila herri horiek dutela adierazteko; izaki bizi multzo askok gero eta aniztasun maila handiagoa dute poloetatik Ekuadorrera hurbildu ahala.
Amazoniako ohian tropikaleko hektarea batek ehundaka zuhaitz mota desberdin izan ditzake -Iquitos-eko (Peru) hektarea batek ditu marka guztiak: 300 zuhaitz mota hektarea batean-, hainbesteraino non nekez aurki baitaitezke landare mota bereko bibanako; Euskal Herrian, adibidez, baso hektarea batek zuhaitz mota gutxi batzuk baizik ez ditu, hamabitaraino ere iristen ez dela.
Lurrean diren 9.000tik gora txori motaren ia herena Amazonian dago; 250.000 landare motetatik, 170.000 (%68) tropikoetan eta azpitropikoetan daude; Kolonbia, Ekuador eta Peruko landaredian 40.000 motatik gora daude, Lurrean ezagutzen diren landare guztien seirena, alegia, Lurraren eremuaren %2an. 12 orduko lanaldian, biologo batek 429 tximeleta mota harrapatu zituen Brasilgo sartaldean: Europa osoan 380 dira, Afrikako iparraldeko Mediterraneoko kostaldea barne. Panamako zuhaitz bakar batean 48 inurri desberdin aurkitu dira, eta hektarea batean, 18.000 kakalardo desberdin; kopuru horiek argi erakusten dute tropikoetako ohian galerak zer kalte ekar ditzakeen.
Izaki biziek eginkizun bat dute biosferaren sistema osoaren baitan; etxeko euli batek zer “baliagarritasun” duen jakitea guretzat zaila izateak ez du esan nahi baliagarritasunik ez duenik, zertarako balio duen ez dakigula baizik ez du esan nahi; izan ere, izaki mota batzuk desagertzeak edo urritzeak hondamen handia ekarri du, bai ekonomiaren aldetik ere, eta horrek garbi adierazten du izadiko sistemen oreka oso konplexua dela, eta askotan hauskorra gainera. Bada hori argitzen duen adibide bat Kaliforniako kostaldean, hainbat animalia eta landare mota tartean daudela. Itsas hondo arrainez ugarian Macrocystis izeneko itsas belar erraldoi batzuk dira nagusi, baso handiak eratzen dituzte itsas azpian eta haiek dira eremu horretako bizi moten aniztasun handiaren ardatza, haiei esker arrain ugaritasun handia baitago, bertako arrantzaleen harrapakin; arrantzale horiek orobat harrapatzen dute laparen antza duen soinbera handi bat, garrantzi handiko industria bat sorrarazi duena bazter haietan. Itsas igarabak, ugaztun jolastia izatez, erruz jaten ditu soinbera horiek, eta baita itsas trikuak ere. Trikuek, bestalde, Macrocystis sasiak jaten dituzte. Arrantzaleak igarabak saldoan hiltzen hasi ziren, haiekin lehian baitzebiltzan (igarabek soinbera haiek jaten zituzten), eta ia-ia desagerrarazi ere egin zituzten; horren ondorioz, trikuak ugaritu egin ziren, eta Macrocystis basoak suntsitu zituzten, eta soinberak eta arrainak desagertzen hasi ziren beraz. Ekosistema hura ez zen lehengoratu, harik eta igarabek txikizio aurretikako kopurua iritsi ez zuten arte, orduan hasi baitziren igarabak itsas trikuak berriz jaten. Igaraba zen aldez aurretik nekez ikus zitekeen oreka ekologiko hauskor haren giltzarria. Era horretako ezin konta ahala adibide aipa daitezke, izaki bizi guztiak bizirik iraunaraztearen premiaren argigarri.
Bada, ikuspuntu egozentriko batetik, kontuan hartu beharreko beste alderdi bat, izaki mota askok osasunaren eta industriaren aldetik gizakiarentzat interesgarriak diren gai kimikoak dituztela, alegia (2. taula). Tropikoko oihaneko landareak milioika urteko bilakaeran gaixotasun asko eta asko sendatzeko gai kimikoak sortu dituzten farmazia modukoak dira. Gai horietako batzuk ezagunak dira jadanik eta ustiatuak izan dira, baina beste asko eta asko, oraindik ezagutzen ez diren ahalmenak dituztenak, bere horretandaude ezezagunak diren eta agian egunen batean desagertu egingo diren landareetan.
Estatu Batuetan, farmazietan prestatzen dituzten sendagai guztien laurden batek landareetan du oinarria, eta farmazia produzio osoaren %40 izaki bizietatik dator. Adibidez, aspirina sendagai ezaguna -sahatsaren azaletikateratako azido salizilikoa osagai nagusitzat duena-; baina badira beste adibide asko ere.

 

Bizi moten aniztasunaren jatorria

¿Hainbeste aniztasun nola azal daiteke?, ez bakarrik izaki mota desberdinen aniztasuna, bai eta mota baten barruan banako desberdinena ere, hainbesterainokoa, non ugalketa asexualeko kasu ohiz kanpokoak izan ezik, esan baitaiteke ia-ia ez daudela bi banako genetikaren aldetik berdinak direnik? Horren azalpena material genetikoan eta sexu ugalketan parte hartzen duten mekanismoetan aurkitu behar da. Izaki mota bakoitzak oso informazio kopuru handia du bere material genetikoan (ADN). Gen kopurua aldakorra da; 1.000 bat gen daude bakterietan, 10.000 onddo batzuetan, eta 400.000 landare loredun askotan eta animalietan.
Gen horiek izaki biziaren zelula bakoitzean daude, helize bikoitz baten itxura duten kateetan antolatuta, milioika eta milioika nukleotido pare dituztela. Gen egitura horien aldatzeko ahalmena ezin bukatuzkoa da.

 

Gizakiaren mehatxua

Gizakiak ingurugiroa aldatzeko duen ahalmen handiak bizitza moten aniztasuna asko gutxitzea ekarri du, eta gutxitze horren ondorioz milaka animalia eta landare mota desagertu eta ekosistema asko suntsi daitezke datozen urteetan. Izadi sistema askok ezin izango dituzte gizakiak eragiten dizkieten aldaketak jasan. Bestalde, gizakiak izadian, askotan alor jakin batzuetan soilik, duen eragin neurriz gainekoak kalte egiten die gizakiari baliagarriak zaizkion izaki motei - arrantza, basoak ustiatzea, larrugintza-, edo gizakiaren eragin hori zuzenean da kaltegarria -intsektu jakin batzuk, narrastiak (sugeak), ugaztunak (otsoa, azeria, hartza, tigrea)edo zeharka da kaltegarria, baliabide komunak ustiatzerakoan lehiakide dituelako izaki mota horiek, gehienetan arrantzaren alorrean -fokak, igarabak edo izurdeak-, baina baita belar jale batzuetan ere (elefanteak).Bizi moten aniztasunean eragin zuzena duten jardueratzat har ditzakegun horiez gainera, badira askoz eragin handiagoa duten beste jarduera batzuk ere. Nekazaritzak edo abere hazkuntzak, adibidez, lur sail handiak hartzen ditu, eta eremu horietako animaliak eta landareak suntsitzea dakar, eremu horiek ustiatu ahal izateko. Basoak soiltzen dira larreak sortzeko, eta belardiak laborantzarako alor bihurtzen dira; basoa soiltzeak milaka animalia eta landare moten habitata suntsitzea dakar, eta orobat dakar baso hori lehengoratzeko behar diren baldintzak ere desagertzea, onenean ere ehundaka urte beharko baitituzte egonkortasuna hartzeko. Badira bizi moten aniztasuna gutxitzen duten beste eragile asko ere: energia fosilen erabilera, ur ereduen aldaketa (urtegiak egitea, akuiferoak lehortzea, ibaiakbideratzea eta desbideratzea), izaki mota exotikoak berariaz edo zeharka leku batetik bestera aldatzea, ibaiak, lurrak eta itsasoak kutsatzea.

 

Bizi moten aniztasuna gordetzea

Izaki bizi mota guztiek, eta haien aldaera genetikoek, bizilekutzat dituzten ekosistema guztietan, bizirik iraun ahal izango badute, behar-beharrezkoa da bizi moten aniztasuna gordeko duen jarduera multzo bat.
Arestian aipatu dugu gizakiak eragin erabakigarria duela bizi moten aniztasuna suntsitzerakoan, eta aniztasun horren galerak zerikusi handia duela orobat ekonomia jarduerekin; era berean, gizakiak bere esku du aniztasuna gordetzeko estrategiak asmatzea, era honetako neurriak harturik, besteak beste: eremu babestuak sortzea (3. taula), izaki biziak babestea, zelula edo ehun ugaltzaileen bankuak lantzea, eta ingurunea arrazoiz ustiatzeko eta aldi berean eremu handiak aldatu gabe gordetzeko aukera emango duten bideak aurkitzea; alegia, lurraldea egoki eta zuzen antolatzea.Bizi moten aniztasun horri eusteko kezka zela eta, 1992an herri askok Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena sinatu zuten Rio de Janeiron, ekosistemak eta izaki motak babesteko eta garapen iraun arazgarria sustatzeko, gizadiaren garapenak ingurugiroa errespetatuko zuela ziurtatzeko, alegia. Bestalde, interes handiko habitat natural batzuk eta animalia eta landare mota batzuk definitu ziren, eta horiek gordetzeko kontrol bereziko errejimen bat izango zuten eremu bereziak (3. taula) izendatzeko premia ikusi zen.
Hala eta guztiz ere, Estatu Batuek eta beste herri industrializatu batzuek ez zuten hitzarmen hori sinatu, beren enpresek ikerketa bioteknologikoan, zurgintzan eta, oro har, bizi moten aniztasun handiko eta bizi maila apaleko herrietako baliabideak ustiatzeko zituzten interesak defendatu nahi baitzituzten. Erakunde ekologisten ustean, hitzarmen hori hutsa da edukiaren aldetik, ez baitu ezartzen ez babeserako laguntzarik, ez horretarako diru kopururik, ez babestu beharreko eremurik, ez izaki moten zerrendarik, etab.

 

Bioaniztasuna: Bushek ezetz esan zuen

Landareak eta animaliak genetikaren aldetik anitzak direnez, hala molda daitezke ingurugiroaren aldaketetara, gaixotasun jakin batzuetara, etab. Aniztasun hori bera oso baliagarria izaten da nekazaritzan, medikuntzan eta industrian. Bioteknologia ikerketak azken garai honetan egin duen aurrerabideak aukera handiak eskaintzen ditu elikagaien ekoizpenean, medikuntzan, energian, kimika gai berezietan eta beste lehengai batzuetan, bai eta ingurugiroaren ordenamenduan ere.
Aditu gehienen ustean, hurrengo hogei urtetan lau landare edo animalia motetatik bat desagertzeko arriskuanegongo da, oraingo urratsa bera jarraituz gero. Hauek dira aniztasuna galtzea dakarten arrazoi nagusiak: habitatak galtzea edo aldatzea, baliabideak neurriz gain ustiatzea (tropikoko baso galtzearen eraginez izaki mota guztien ehuneko bostetik hamabostera bitarte galduko da), uraren eta airearen kutsadura, eta tokin jakin batean izaki mota exotikoak sartzea bertako animalien eta landareen kalterako.
Rio de Janeiron sinatu den hitzarmenak proposamen batzuk egiten ditu arazo hori konpontzeko: baliabide genetikoen jabetza, baliabide genetikoen jabe diren herrialdeei baliabide horien erabilera ordaindu beharra, eta baliabideak gordetzeko Iparraldeak Hegoaldera bideratu behar dituen diru laguntzak.
Hitzarmen horrek badu ordea huts handi bat, Estatu Batuek ez sinatu izana, nahiz herrialde hori den mundu osoko industria bioteknologiko handiena duena; eta uko hori zuritzeko, Estatu Batuek esan dute ez dutela arauen bidez oztopatu nahi Estatu Batuetako enpresek bioaniztasunaz baliatzeko duten erraztasuna, zientzialari askoren lanpostuak arriskuan egongo omen lirateke eta haien ikerketa lanari trabak jarriz gero.
Frantziak, Ingalaterrak eta Japoniak sinatu zuten azkenik hitzarmen hori, bai nekez eta kostata sinatu ere. Talde ekologista askorentzat, testu hori axalekoa da eta haren edukiak ez du inolako eraginik izango, ez baititu finkatzen ez izadia babesteko diru laguntzen zenbatekoak, ez zer eremu ez zer izaki mota diren babestu beharrekoak…