Historia Unibertsala»Egungo aroa
Islamiar higikundeak
ISLAMA IKUSPEGI POLITIKO BATETIK AZTERTZEN DUTE GIZARTEA ALDATZEA ETA ISLAMIAR
ESTATU BAT ERATZEA HELBURU.Munduan milioika pertsonek islama
daukate ez bakarrik sinetsi beharreko erlijiotzat
edo bizimodutzat, baita beren jardun
politikoaren elementu nagusitzat ere. Islamiar
askoren iritzian, oinarrizko islamaren
printzipioetara, sortzezko testuetara, itzuli
behar da gaur egungo gizartearen erronkak
eta arazoak bideratzeko eta konpontzeko.
Baina islam fundamentalistaz hitz egitea ez
da anbiguetatea baizik, nahasmenerako bidea:
batetik interpretazio guztiz ere aldaketen
kontrakoak, aginpide politikoaren zilegitasunaren
aldekoak sortzen ditu (Saudi
Arabia), bestetik musulman tradizioaren
azterketa kritikoa egiten du eta gizartearen
eta politikaren antolamendu berri bat egiten
saiatzen da, Muhammad profetaren garaiko
Medinako komunitatea harturik eredu.
Gaur egungo islamiar higikundeen ustez,
ez da aski fededuna izatea, ez eta islamaren
arauak legeetan zorrotz aplikatzera
murriztea islama. Haientzat islama ideologia
politiko bat da, bizitza osoa hartzen du
bere baitan eta bakarkako eta taldekako
ekintzetara deitzen ditu musulman guztiak.
Ikuspegi horrek islamaren historian eta bilakaeran
ditu sustraiak, baina ahalegintzen
da gaur egungo arazoei erantzuna ematen.
Islamismo zorrotz-zorrotzaren oinarriak, islamismo
politikoarenak azken batean, nahiz
herrialde bakoitzean berezitasunak eta
izen desberdinak dituen eta maiz joera batzuk
besteekin nahasten eta elkarren aurka
borrokatzen diren, Hassan al-Bannak
(1920 inguruan Anaia Musulmanak zeritzan
elkartea antolatu zuena) eta Abu Ala al-
Manwdudik (Pakistaneko Jama’at-i-islami
taldearen sortzailea, 1941) jarri zituzten.
Bigarren higikunde horren arabera, politikaren
eta islamiar estatuaren antolamenduak
legearen adituen (ulemas) aginpidera
makurtu beharra zeukan, herritarrak
mendeko hutsak ziren, eta sistema moral
zorrotz bat errespetatu behar zuten nahitaez.
Politika eta gizarte ekintzak bereizten
ditu joera islamiar kontserbadoreak eta beste
joera islamiar erradikalagoak, Sayyid Qotb
pentsalariaren jarraitzaileak, islamiar sunnietan
eta islamiar xii heterodoxoetan banatuak.Lehenengoek lehentasuna ematen diote
islamaren jarduerak eguneroko bizitzan
berriz sartzeari batetik (otoitzak, baraua,
emakumeek aurpegian zapia jarri beharra
eta emakumeak leku publikoetatik desagerraraztea),
eta bestetik, gizarte laguntzari
(topaleku, lagunarte, eskola, kooperatiba,
eritegi eta errukizko elkarteen bidez). Gainera,
behartzen dituzte gobernuak islamiar
printzipioei buruz haiek egiten duten interpretazioa
hitzez hitz aplikatzera, nahiz horren
truke indarrean dagoen aginpidera
egokitzeko eta beren jarrera kritikoa uzteko
arriskuan egoten diren. Islamismo iraultzailearen
ustez, borroka politiko zuzena
egin behar da, indarkeriaz behar izanez
gero, estatuen, musulman antolamendu ofizialen
eta baita gizartearen zati baten kontra
ere, ezjakina baita eta utzia baitu politika
eta erlijio militantzia.
Islamiar higikundeek era askotako jendea
biltzen dute, behartsuak gehienbat,
baina baita burgesia txikiko jendea, intelektualak,
ikasleak eta teknikariak ere, hirietako
gizaldeak alegia, beren herrialdeetako
ekonomia kapitalismo pribatu edo estatuarenean
sartzearen ondorioz sortu den krisiak
bizi mailaz apaldu baititu, eta iritsi nahi
zuten aginpide politikoa ukatu baitzaie. Modernizazioaren
aurkako erreakzio bat baino,
islamiar higikundeak gehiago dira modernizazio
bidegabe, indibidualista, gainbehera
etorria, materialista eta xahutxaile baten
ondorioa, herriak kontsumo gizarte
mendebaleko ohiturak hartuarekin identifikatzen
baitu, eta ez baita goi mailako
jendearen onerako eta gehiengoaren kalterako
baizik.
Hala ere, 1960ko hamarraldiaz geroztik
ia islamiar higikunde guztiak islamismo berri
fundamentalista batera lerratu izan dira:
ideologia, gizartea eta ekonomia aldatzeko
egitasmoak bertan behera utziak izan dira
ohitura jakin batzuk zorrotz baino zorrotzago
indarrez ezartzeko egitasmo puritano,
formalista eta zurrunen alde. Saudi Arabia,
Pakistan eta Pertsiar Golkoko Emirerrien
diru laguntzak indar handia eman die
islamaren joera erradikal horiei, eta haiei
esker ari dira gaur egun musulman gizarteak
berriz islamiartzen.
Islamiar higikundeen goraldiaren nondiknorakoa
ISLAM OFIZIALAK INDARREAN DAUDEN AGINPIDEEKIN
IZAN DUEN HARREMANA, ETA IDEOLOGIA NAZIONALISTA,
LIBERAL ETA SOZIALISTEK ETA HAIEN EKONOMIA ETA
POLITIKA ANTOLAMENDUEK ARABIAR-MUSULMAN
ESTATUETAN IZAN DUTEN PORROTA IZAN DIRA ISLAMIAR
HIGIKUNDEEN GORALDIA BULTZATU DUTEN
ARRAZOIETAKO BATZUK.XIX. mendean islama izan zen kolonialismoaren
aurkako borrokaren indar nagusia
islamiar kultura zuten herrialdeetan. Neokolonialismoak
eta herrialde bakoitzean zeinek
bere independentzia iritsi ondoren sortu ziren
eliteek ezarri zituzten aurrerabide ereduek,
izan kapitalistak edo sozialistak, ez zituzten
gizarte horietako arazo nagusiak konpondu:
gosea, etxebizitza, autonomia ekonomikoa,
baliabide naturaletatik ateratako irabazien
banaketa zuzena eta bidezkoa, hezkuntza…
Gero eta desberdintasun gehiago dago gizartean,
eta landatik hirirako emigrazio desordenatu
eta saldokakoak gizarte antolamendu
tradizionala desegin du; islamak ordea erroerrotua
dirau gizarte zibilean.
Errejimen autoritario eta ustelduen demokratizazioa
ere konpondu gabeko auzia
da oraindik; hiritarrek debekatua dute politikan
libre parte hartzea, eta gobernuek azpijokoz
erabiltzen dituzte sindikatu eta herri
erakundeak. Badira, horretaz gainera, beste
arazo larri batzuk: Estatu Batuen nagusitasuna
Ekialde Hurbilean, mendebaleko herrialde
batzuek hidrokarburoak eta azpiegiturak
bere mende edukitzeko duten lehia,
gerra etengabeak eta lurraldekako zatiketa
–maiz kanpotik bultzatua–, palestinarren arazoari
konponbide zuzenik ez ematea…
Arazo horiek guztiek sortu duten kezkak
eta ezinegonak gaizkitu du herrialde haien
egoera. Meskita eztabaida politikorako leku
bihurtu da erlijio egoitza bezainbat, handik
kanpo ez baitago iritzi politikoa adierazteko
aukerarik; herrialde horietako herritarrek, beraz,
beren nortasunaren babeslekutzat daukate
islama.
Xiismoa
XIISMOA DA ISLAMAREN JOERA DISIDENTE NAGUSIA;
GUTXIENGO BATENA, MISTIKOA ETA MILITANTEA DA.Profeta hil ondoren musulmanen gidaritza
(umma) norentzat ote zen erabakitzeak
sorrarazi zuen xiismoaren eta sunnismoaren
edo islamaren joera nagusiaren arteko bereizketa.
657. urtean Muawiya Siriako gobernadoreak
buruzagitzatik bota zuen, Mekako
aristokrazia zaharraren laguntzaz, Ali
laugarren kalifa eta Mahomaren suhia. Aliren
jarraitzaileek (shia) haren ondorengoen
eskubideen alde egin zuten: gidari espiritual
gailenak (imam) eta musulmanen aldiko
buruzagiak Aliren eta, beraz, Mahomaren
ondorengo zuzena behar zuen izan.
Jainkoaren gorentasuna herriarenean islatzen
da, eta herriaren gidaritza imamari dagokio,
pertsona zintzo eta jakintsu goiargiz
bete bati. Liskar eta borroka asko izan zen
sunnien eta xiien artean, azken horiek kalifa
ofizialen politikaren aurkakoak baitziren
eta gero eta zapalduago baitzeuden. 680an
Aliren seme eta hirugarren imam Husseini
lepoa moztu zioten. Aliren eta Husseinen
martirioek garrantzi handia dute xiismoaren
mitologian, pasioa, sufrimendua eta bekatuen
ordaina oso baitira aintzat hartuak xiismoaren
baitan.
Xiien dotrinak aginpide ohiz kanpokoa
eta hutsezina ematen die imamei, profetaren
ondorengoei, alegia, eta haiengan dago
gorpuztua politika eta erlijio gidaritza. Xiismoa
luzaroan esetsia izan baita, bere ideiei
eta bere erlijio bizitzari gogor eutsi behar
izan baitio, eta kanpotik ere ekarri ideologikoak
izan baititu, hala du bere baitan agerikoa
denaren eta ezkutuan dagoenaren ezagueraren
arteko kontrakotasun bat. Hala
bada, xiismoak garrantzi handia ematen dio
ezagueran eta gogoetan oinarritutako interpretatzeko
ahaleginari.
Imamen ondorengotza lerroa azken
imamean etenda geratu zen. Zer imam
hartzen duten gidaritzat, hala bereizten dira
elkarrengandik xiismoaren baitako talde
ugariak: zaidiarrak, ismailiarrak edo septimanoak
(zazpigarren imamaren aipamenez)
eta Mohamed hamabigarren imamaren
aldekoak, eta beste joera asko (drusoak,
alauiarrak…). Hamabigarrenaren aldekoak
gehiengoa dira, batez ere Iranen,
Libanon eta Iraken. Imamak bizirik dirau,
baina desagertua dago: mesianismo berezi
bat da hori, eta «ongia Jainkoak gidatua»
(mahdi) da izatasuna ematen dion irudia,
haren itzulera salbamenezkoak bakearen,
zuzenbidearen eta egiaren garaipena ekarriko
baitu. Hura gabe egon behar izan
duten aldian xiiek gogor egin diote kontra
aginpideari, baina haietako batzuk nahiagoizan dute aginpidearekin elkarlanean
aritu, iraun ahal izateko. XVI. mendean
safawien dinastiak Hamabigarrenaren aldekoen
xiismoa beretu eta erabili zuen
Irango erlijio ofizial gisa estatua errazago
menderatu ahal izateko horrela, baina hala
eta guztiz ere erlijio gizon xiiek beregaintasunari
eta kritikatzeko eskubideari eutsi
zioten. 1979ko iraultzak islamiar estatu bat
ekarri zuen Iranera, politika egin eta kontrolatzearen
alde zeuden mollah xiien gidaritzapean.
Xiiak biztanle musulmanen %10 dira; 100
milioi fededun, alegia, Iranen, Libanon,
Iraken, Afganistanen, Indian, Pakistanen,
Yemengo iparraldean, Arabiako eta Pertsiako
Golkoan eta Turkian.
Irango iraultza
JENDE OSTE HANDIA, GAZTEAK ETA EMAKUMEAK
BATEZ ERE, ALDAKETA ETA BERRIKUNTZA ESKE ARI
ZAIO ISLAM POLITIKO XIIARI.1979ko otsailean Iran islamiar errepublika
bihurtu zen, urte batzuk lehenago sortua
zen uhin iraultzaileak Pahlavi sha eta
haren gobernua aginpidetik bota ondoren.
1960ko eta 1970eko hamarraldietan areagotu
zen errejimen haren izate diktadurazkoa:
oso gogor zapaltzen zuen oposizioa;
zeharo makurtua zegoen Estatu Batuen interesetara,
zaindari lanak egiten zituen Pertsiar
Golkoan besteren zerbitzuko; herrialde
kapitalista bihurtua zuen Iran, petrolioaren
industria, azpiegiturak eta merkataritza
atzerriko enpresen esku zeuden utziak,
sharen gortean etxekotua zegoen burgesia
handiaren gidaritzapean. Kapitalismoak ustez
ekarri behar zuen zaharberritzeak ez
zuen aitzitik baserriaren desegitea, hirigintza
neurririk gabe haztea eta industrietako
langileak, nekazariak eta bazarretako merkatari
txikiak pobreago bihurtzea baizik lortu.
Ikasleak eta langileak –haietako asko
Tudeh alderdi komunistaren edo islamiar
erakunde sozializatzaileen aldekoak ziren–,
burgesiako kide liberalenak, bazarretako
merkatari gehienak eta «mollahak» (hierarkian
maila apala duten elizgizonak) izan
ziren iraultzaren eragileak. Islama izan zen
shak zapaltzerik izan ez zuen gizarte zibileko
indar bakarra eta hala bihurtu zen
iraultzaren oinarri ideologiko nagusi eta
haren sortzaile eta bultzatzaile. Gizarte protesta
hark Ali Shariati soziologoa, erlijiogizon
baten semea, izan zuen eragile nagusietako
bat, Khomeini bera baino gehiago.
Shariatiren mezuak eragin handia izan zuen
Iranen, islama, eta bereziki xiismoa, indar
iraultzaile gisa aurkeztu baitzuen, indar nazionalista,hirugarren munduaren aldeko
eta mendebaleko inperialismoaren aurkako;
gizartea aztertzerakoan marxismoaren
ideia nagusi batzuk beretu zituen,
eta ekintza politikoa eta erlijioaren berrikuntza
izan zituen ardatz Muhammad
profetaren eta musulman komunitatearen
hasierako garaietako garbitasuna harturik
eredu. Baina islamiar errepublika aginpidean
ezarri zen orduko, berehala islamiar
higikundearen joerarik kontserbadoreena
nagusitu zen, eta lehia handiz baztertu zituen
bai erlijio tradizionalaren aldekoak,
ez baitzuen haien ustean islamismoak politikarekin
nahastu behar, eta bai ezkerra,
hala laikoa nola islamiarra, erlijioaren aldetik
irekiagoa eta gizartean aldaketak egiteko
zalea baitzen.
Khomeini hilez geroztikako urteetan
joera guztien arteko elkar hartzeen eta kontra
egiteen sare korapilatsu bat izan da Irango
politikaren ezaugarri nagusia. Alii Jamenei
iraultzaren gidari berri eta atzerakoiak
batetik, eta funtzionario eta teknokrata bihurturik
apaiz xii askok esku handia duten
estatuko burokraziaren maratila guztiak bere
esku dituen Hachemi Rafsanyani lehendakari
hautatuak bestetik elkar hartu izanak oztopo
handiak jarri dizkio islamiar kritikoen
gobernurako bideari, haiek izan zirelarik
lehenak errejimenaren liberalizazioa eskatzen,
Montazeri ayatollaha gaur egun bere
egoitzan zainpean dagoena gidari zutela.
Jamenei eta Rasfanyani liberalismo ekonomikoaren
aldekoak dira, baina liberalizazio
hori aplikatzeak arazo handiak sortu ditu:
kanpo zorra 30.000 milioi dolarrekoa da;
oinarri-oinarrizko salgaien prezioak igotzen
ari dira; industria petrolio esportazioen
mende dago eta zaharkitua gelditu da, eta
merkataritza Estatu Batuek aginduriko blokeoaren
mende dago. Ez da inongo erreforma
ekonomikorik egin, eta aberatsen eta
behartsuen arteko desberdintasunak gehiagotu
egin dira, irabazi gehienak islamiar
fundazioek eta aginpidean dauden politikoek
eskuratzen dituztela. Gizartearen ezinegonak
eta asalduak matxinada asko sorrarazi
ditu, bai gobernuak gogor zapaldu
ere.