Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Japonia eta Asiako dragoiak

Tokioko kale bat.<br><br>

ASIAKO KONTINENTEAREN EKIALDEA MUNDUKO EREMU AURRERATUENETAKO BAT BIHURTU DA EKONOMIAN. HAINBESTE GARATU DA, NON, ADITU ASKOREN USTEZ, HORTXE BAITAGO EKONOMIAREN ETORKIZUNA.Eskualde honetako motorra, dudarik gabe, Japonia da; izan ere, Japoniak, Bigarren Mundu gerraren ondoren, Estatu Batuen babespean, munduko merkatuan txertatzea helburu zuen prozesu bati heldu baitzion. Japoniaren atzetik, garapenaren bidean, asiar dragoiak deritzatenak etorri ziren: Hong Kong, Hegoaldeko Korea, Taiwan eta Singapur.

Herri hauen hazkunde ekonomikoa 1970 hamarraldian hasi zen, eta ez da eten.

Hazkunde horren ezaugarrietako bat da urte haietan izan ziren ekonomia atzerapenek ez zietela herri hauei eragin, aitzitik, hazten jarraitu zuten (1970tik 1990 arte, %7 batez beste). Hauek dira asiar ekonomien (lau dragoien) aurreramenduaren oinarriak: nekazaritza dinamikoa, atzerriko kapitala ugari erabiltzeko aukera, aurrezki tasa garaiak, atzerritarren zuzeneko inbertsio oso mugatuak, eta estatuaren interbentzionismo handia.

Baldintza horietan hazi zen herri hauen ekonomia, batez ere esportazioan diharduena, konfuziar kapitalismoa deritzanean. Esportatzen dutenetik %70-90 bat Estatu Batuetara eta Europar Batasunera datozen gai landuak dira, merkatu hori ugaritzen hasi den arren. Gaur egun, truke guztien %12,6 da dragoien eta Japoniaren gai landuen merkataritza, eta duela 30 urte %6 zen. Atzerrian ere inbertsio handiak egiten dituzte, beren korporazioen bidez. Atzerriko inbertsioak ere handiak dira; hala, zenbait kalkuluren arabera, 1962tik 1990 arte 7.260 milioi dolar pasa inbertitu du Munduko Bankuak eskualde honetan. Azkenik, gaien eskaerak ere gora egin du, inportazioek adierazten duten bezala: 1970an %2,7 ziren, eta %11 dira gaur egun. Etorkizunak ona dirudi, eta hazkunde erritmoek garaiak izaten jarraituko dute, orain arte izan diren adinakoak ez izan arren. Nolanahi ere, era askotako arazoei aurre egin behar diete herri hauek: ingurugiroa, azpiegiturak, arazo politikoak, finantzetakoak, eta, batez ere, teknologikoak, lehengaien faltatik datozenez gainera.

 

Japonia, Asiako miraria

INDAR ALIATUEN AURREKO KAPITULAZIOAREN ONDOREN (1945), ABIARAZI ZUEN JAPONIAK ASIAR MIRARIA DEITU IZAN DENA, ZEINAREN BIDEZ MUNDUKO BIGARREN POTENTZIA EKONOMIKOA IZATERA IRITSI DEN.1945eko irailaren 2an Hirohito enperadoreak indar aliatuen aurrean kapitulatu zuen. Hain handia izan zen japoniarren hondamendia, non Ozeano Bareko Indar AliatuenAginte Nagusia sortu zen. Kutsu militarrez eta osagai inperialistekin garatu zen Japonia hura berraraikitzeko plangintza ekonomiko, sozial eta politiko bat jarri zen martxan.

Desmilitarizazioa, deszentralizazioa eta demokratizazioa premisen pean hasi zen prozesu hau; lehen ondorioa 1947ko maiatzaren 3an onartu zen konstituzioa izan zuen. Burujabetasuna japoniar herriaren esku zegoela onartzen zen konstituzio horretan, eta enperadorea estatuaren ikur gisa uzten zen. Bestalde, 1946an onartu zen lurren banaketarako plangintza, aurrekoa, arrendamenduena, ezabatzen zuena, eta era berean japoniar militarismoan ohiko ziren enpresa multzoak ere desagertarazten zituena.

Bestalde, eta nazioartean txertatu izanaren adierazgarri, 1956an onartu zen Japonia NBEan eskubide osoko kide gisa.

Hortik aurrera, egonkortasuna eta bozketetan parte hartze handia izan dira Japoniako bizimodu politikoaren ezaugarriak. Alderdi bikoiztasuna giltzarri gertatu da horretan.

Izan ere, bi hautu izan dira bozketetan nagusiak: alde batetik, Alderdi Liberal Demokrata, 1993 arte hauteskundeak irabazi dituena, eta bestetik sozialdemokratak. Oinarri politiko horren gainean hasi zen ekonomiarengorakada, hainbat eragile izan dituena: langile asko, japoniar gizartearen lanerako grina, inbertsio eta aurrezki tasa handia, asimilazio teknologikoa, keiretsu edo industria korporazioen esku hartzea, eta japoniar gizartearen antzinako usadioak eta modernotasuna bateratzea. Era horretan, bi aldi nagusi bereizten dira japoniar ekonomian: lehena, urrezko aroa, 1952tik 1973 arte doana, urteko hazkundea %15era ere iristen zena, eta bigarrena, ordutik gure egunak arte, japoniar ekonomiaren heldutasun aroa, hazkunde moderatuagokoa (%5).

 

Hegoaldeko Korea

KOREAKO GERRAREN ONDOREN, ESKUALDE HONEN HEGOALDEAK IPARRALDEKO AHIZPAREKIN BATERE ZERIKUSIRIK EZ DUEN IBILBIDE EKONOMIKO ETA POLITIKO BATI EKIN ZION, ETA HORREK ONURAK ADINA BURUKO MIN EKARRI ZIZKION.1960. urtean dimisioa ematera behartu zuten Rhee lehen ministroa, eta gobernu konstituzional bat ipini zuten haren lekuan.

Urte bete geroago, gobernu hori militar talde batek eraitsi zuen agintetik estatu kolpe baten bidez, eta Park Chun Hi jeneralak hartu zuen agintea. Park jenerala 1963an hautatu zuten berriz, eta hil zuten arte egon zen agintean (1979ko urriak 27). Chun Doo Hwa-k, jenerala hura ere, jarri zen haren lekuan; 1980an hartu zuen agintea, eta zortzi urtez eduki zuen. 1987an manifestaldiaketa izan ziren demokrazia eskatzeko, eta, haien ondorioz, eta Estatu Batuen presiopean, amaitu egin zen diktadura militarra, aldaketa kontrolatu baten bitartez. Hala, Chun jeneralak Roh Tae Woo izendatu zuen ondorengo, eta hark abiarazi zituen Konstituzioaren berrikuntzak, 1987ko abenduan egin ziren hauteskundeetan burutuko zirenak.

Woo bera atera zen haietan garaile, eta 1988ko otsailean hartu zuen kargua. Haren politikaren ezaugarri nagusia iparraldeko Koreara zabaltzea izan zen, bateratzeko elkarrizketak proposatuz; iparraldeak, azkenik, onartu zituen proposamen haiek. 1991n batasun akordio bat eta penintsula osoaren desnuklearizazioa izenpetu zituen Iparraldeko Korearekin batera. Baina ikasleek oso greba gogorrak egin zituzten Wooren kontra, eta zapalkuntza izugarria izan zen, ikasle bat hil zutelarik 1991an; horrekin guztiarekin, garai bateko izena galdu zuen Wook.

1992ko lehendakaritzako hauteskundeetan, zeinetan Woo ezin izan zen aurkeztu, gobernuko alderdiaren hautagaia atera zen garaile, Kim Young Sam. Gobernuaren lehen urratsen helburua ustelkeria eta chaelbols-en aginpidea desagertaraztea izan zen.

Hegoaldeko Korearen hazkunde ekonomikoa, gainerako dragoiena bezala, esportazio ekonomian oinarritu da batez ere, langileen ugaritasunean, atzerriko inbertsio handietan, estatuaren interbentzionismoan, eta barne merkatua chaelbols-entzat gordetzean.

Korearen arazo nagusia finantzetan duen egonkortasun falta da, eta horrek guztiz baldintzatzen dio ekonomiaren hazkundea.

 

Singapur eta Hong Kong

SINGAPUR ETA HONG KONG DIRA, ASIAKO HEGO- EKIALDEAN, INBERTSIO MAILAN ETA FINANTZETAN HARTU-EMAN HANDIENAK DITUZTEN ESTATUAK.

HONG KONG TXINARA ITZULTZEAK ERABAKIKO DU BERE ETORKIZUNA.Singapur britainiar koroari itzuli zitzaionez geroztik, demokratizazioaren aldeko urrats batzuk hasi ziren egiten herri honetan.

1959an barne autonomiako errejimen bat eman zitzaion. Orduz geroztik, 1990eko azaroa arte, PAP alderdiak (People’s Action Party), Lee Kuan Yew bere buruzagiarekin, izan zuen aginpidea. Malaysiako Batasunarekiko anexio aldi labur baten ondoren (1963), estatu independente bihurtu zen Singapur 1965ean. 1981eko hauteskundeen ondoren legebiltzarrean Work’s Party alderdiko parlamentario bat sartu izana izan da azken urteotan gertaera politiko garrantzitsuena.

Une horretatik aurrera, PAP alderdia ganbarako ordezkariak galtzen joan zen pixkana, baina hala ere erabateko gehiengoaz jarraitu zuen gobernuan, ia alderdi bakarreko errejimenean. 1990ean Goh Chok Tong izendatu zuten lehen ministro, Lee Kuan historikoaren ordez. 1993an Ong Teng Cheong jarri zuten lehendakari.

Hong Kong, jadanik britaniarren kolonia ohia dena (1898-1997), historiako aldi berri batean sartu da Txinako Herri Errepublikaren baitan. Ozeano Bareko gerran (1941-1945), japoniarren mende egon ondoren, britainiarren esku geratu zen berriz ere kolonia hau. Txinako Herri Errepublikaren sorrera ekarri zuten gertaerek (1949), uharte honetan kapitalak eta iheslariak oldeka sartzea eragin zuten, eta horiexek izan ziren hazkunde ekonomikoaren eragile nagusiak,batez ere 1960ko hamarraldiaren aurretik. Hong Kongi estatus berezi bat ematearen truke onetsi zuen Londresek Txina komunista (1950. urtea). Britainia Handiaren eta Txinaren artean izenpetu zen akordioaren bidez (1984), 1997ko uztailaren lehenean, britainiar nagusitasunaren 99 urte amaitu dira. Hala, Asiako hego-ekialdeko, eta, batez ere, Txinako finantza gune nagusia bihurtu da Hong Kong.

 

Taiwan: laster Txinara berriz

ESAN DAITEKE TXINAKO ALDERDI GARATUENETAKO BAT DELA TAIWAN. TXINAREKIKO HARREMANEK ERABAKIKO DUTE TAIWANEN ETORKIZUNA.1949an, komunistek Txinako agintea lortu zutenean, nazionalisten babestoki bihurtu zen Taiwan. Hortik aurrera, Taiwango errepublika nazionalista sortu zen, Txian Kai-Txek zela lehendakari. Hark, 1968tik aurrera, politika irekixeagoa bultzatu zuen, Xiang Xing-Kuo bere semeak, lehendakaritzan ondorengo izan baitzen, jarraitu zuena.

1972an, Xangaiko Ituna izenpetu zenean, Maoren Txina irekiago baten eta Nixonen artean, Taiwanen egoera, atzerriari zegokionez, ahuldu egin zen, amerikar gobernuak ez baitzuen ezagutzen Herri Errepublika beste Txinarik. Nolanahi ere, uharteak estatu beregain moduan jarraitu zuen, hazkunde ekonomikoa Asiako egonkorrenetakoa zuela. Txina eta Taiwanen arteko harremanek maila aski ona iritsi zuten 1991n, uharteko lehendakariak Txinaren aurrez aurreko politika baztertu, eta komunismoaren kontrako mobilizazio nazionala amaitu zenean. Hortik aurrera, politika irekiagoa egin zen; urtehorretan bertan egin ziren lehen hauteskundeak, Nazio Biltzarreko ordezkariak hautatzeko; oposizioko alderdiak botoen laurdena lortu zuen, KMT ahaltsuaren aurrez aurre. Konstituzioa 1996an berriztatu zen; konstituzio horren arabera, herriko ordezkari nagusia sufragio unibertsal zuzenaren bidez hauta daiteke.

 

ASEAN: potentzia ekonomikoa

ORGANIZAZIO HAU, HASIERAN BATEZ ERE POLITIKOA IZAN ZEN ARREN, EKONOMIA ESPARRU INDARTSUENETAKO BAT BIHURTU DU ASIAKO HEGO-EKIALDEA.1967an, Bangkokeko hirian, Asiako hego-ekialdeko Nazioen Elkartea sortu zen, Filipinak, Indonesia, Malaysia, Singapur eta Thailandiak osatua. Lehen helburua komunisten aurrerakadari, Vietnamen-eta, aurre egitea izan zen. 1975ean, Estatu Batuek herri hauen integrazioa, merkataritza librearen gainean, bultzatu zutenean, zerbait baretu zen egoera. 1976ko gailurrean adierazi zen lankidetza. Gero, 1992an, AFTA sortu zen (ASEANen merkataritza libreko eremua).

Esparru hau, 350 milioi biztanlerekin, merkataritza libreko bihurtu zen, arantzelak ezabatuz eta herri elkartekideen ekonomiak bateratuz. 1992an abiatu zen prozesu hori aurrera doa, oztopaturik bada ere, batez ere 1997aren bukaerako diru krisiarekin, eta ekonomiaren beste erraldoi den Txinaren konkurrentzia gero eta handiagorekin.

1997an hauek ziren ASEANen kide: Brunei, Indonesia, Filipinak, Malaysiako Federazioa, Singapur, Thailandia, Vietnam, Laos eta Myanma (Birmania); begirale dira Kanbodia eta Papua Ginea Berria; Hegoaldeko Koreak estatutu berezia du.