Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Eztanda demografikoa.
Migrazio handiak

Eskola bat Nigerian. Gaur egun Hirugarren Munduko herrialdeek dute biztanle hazkunde handiena.<br>

Munduko biztanleriaren bilakaera inoiz ez da homogeneoa izan, biztanle kopurua gizadiaren historiaren %0,1 baino aldi txikiagoan gertatu baita demografia hazkunde handia.
Gizadiaren historia duela 5 bat milioi urte hasi zen; australopitekoak izan ziren lehenengo gizakiak, ez ziren 125.000 baino gehiago, baina biztanleriaren lehenengo hazkunde handia gizakiak lanabesak asmatu eta harria zizelatzen trebatu ondorengoa izan zen.
Duela 10.000 bat urte, biztanleriak beste hazkunde handi bat izan zuen Homo Sapiensa abereak hezten eta lurra lantzen hasi zenean, elikagai gehiago zeuzkatenez bizileku sedentarioetan bizitzeko joera izan baitzuten. 8 bat milioi biztanle zegoen orduan.
Geroztik, biztanleriak hazkunde motela izan zuen, behera ere egin zuen zertxobait V. eta VI. gizaldietan, Erromako Inperioa desagertu eta barbaroen inbasioaren garaian.
1650ean munduko biztanle kopurua 500 milioikoa zen; lehenengo eztanda edo hazkunde demografiko handia 1750 geroztikakoa da.
Baina biztanleriaren gehiegiak eta migrazioek biztanle kopuruaren hazkundea mugatzera bultzatu izan ditu gobernuak.

 

Biztanleriaren bilakaera

GAUR EGUNGO BIZTANLERIAREN HISTORIA BIZTANLE KOPURUAREN EZTANDAREN HISTORIA DA, ORAINDIK ERE ETENGABEKO HAZKUNDEAN BAITA MUNDU OSOKO BIZTANLE KOPURUA.200 urtetan (1750-1950) biztanle kopurua hirukoiztu egin zen, bai nekazaritza iraultzagatik, eta bai, batez ere, industria iraultzagatik; industria iraultzak bizi baldintzak hobetu eta asko txikitu zuen heriotza kopurua, eta biztanle kopurua gogotik hazarazi zuen horrela.
1950. urteaz geroztik munduko biztanle kopurua izugarri handitu zen gerra ondoko «Baby boom-aren» eta heriotza kopurua asko txikitu izanaren eraginez; alde handia zegoen ordea herrialde garatutakoeta herrialde azpigaratuetako biztanle kopuruen artean.
1960ko hamarraldian herrialde garatuetako biztanle kopurua gutxitzen hasi zen ongizatearen eta kontsumoaren gizartean bete-betean sartu ahala. Gutxitze hori Estatu Batuetan eta Kanadan izan zen lehenengo, Europako erdialdeko herrialde industrializatuetan gero, eta Europako Mediterraneo aldekoetan azkenik. Baina hala eta guztiz ere munduan biztanleria haziz joan zen 1970 inguru arte oro har. Eta gaur egun ere, 1990eko hamarraldian, bere horretan dirau «bultzada demografikoak», hau da ugaltze tasak behera egin eta askoz geroago biztanle multzo jakin batek oraindik ere hazteko duen joerak.
Demografiaren bilakaeraren heterogeneotasunak eragin handia du munduko biztanleriaren banaketan, biztanle kopurua askoz gehiago handitu baita herrialde behartsuetan, baina hori ez da herrialde horien azpigarapenaren arrazoi nagusia, nahiz eragin handia duen ekonomia, gizarte eta politika gorabeheren nondik norakoan.
era berean, herrialde garatuetan biztanleria gutxitu izana ekonomiaren eta gizartearen aurrerabidearen ondorioa da, eta ez haren kausa.
Hainbat arrazoirengatik dago biztanleria kopuruan aldea munduko leku batzuen eta besteen artean: arrazoi fisikoengatik (klima, garaiera, lurraldearen nolakotasuna), eta arrazoi historiko, sozial eta ekonomikoengatik (gizataldeen antzinatasuna, migrazioa,iraultza ekonomikoak). Hala bada, Antzinako Mundua Mundu Berria baino askoz ere jendeztatuagoa dago. Eurasiak bakarrik munduko biztanleriaren 3/4 hartzen du, hiru dituelarik jende kontzentrazio gune nagusiak: Ekialde Urruna, Asiako Hegoaldea eta Europako Erdialdea eta Mendebala.

 

Biztanleriaren gehiegia

BIZTANLERIAREN GEHIEGIAK BALIABIDE URRITASUNA SORRARAZTEN DU, JENDE PILATZE HANDIAK BAINO GEHIAGO, ETA HORI IZANGO DA, HAIN ZUZEN, XXI.
MENDEKO ERRONKA NAGUSIA.1958an NBEko adituek iragarri zuten 2000. urterako munduak 6.280 bat milioi biztanle izango zituela, baina gehieneko eta gutxieneko kopuruak ere kontuan hartu ziren (4.900-6.900). 1995ean, munduak artean 5.700 biztanle zituela, ez zegoen oraindik jakiterik kopuru horiek iritsiko ziren ala ez, baina iragarpen horietaz baliaturik prentsa sensazionalistak kalkulu ausartagoak eta arriskatuagoak egin zituen (12.000 milioi 2035. urtean, 24.000 milioi 2070. urtean eta 76.000 milioi 2.140 inguruan). Hortaz, 1960ko hamarraldian asaldura handia sortu zuen biztanleriaren gehiegiaren beldurrak, eta nonahi ugaritu ziren demografiari buruzko aldizkariak, hondamenenezko eta mehatxuzko kutsu funtsik gabekoak gehienak.
Ez dirudi hala ere argi dagoenik biztanleria gehiegiak zer esan nahi duen. Hitz horiek biztanle dentsitatearen arabera definitzeak sortu du nahaste hori, kontzeptu horrek, berez, leku jakin batean bizi den pertsona kopuruaren, haien baliabideen eta ingurugiroak biztanle multzo horri eta haien jarduerari eusteko duen gaitasuna lotzen dituela kontuan ez hartzeak hain zuzen ere.
Eredu horren arabera, ia nazio guztietan dago biztanle gehiegi, herrialde aberatsek lur osoko baliabide erreserbak ahitzen ari baitira, baliabideak neurriz gain ustiatzearen eraginez. Hala bihurtzen dira baliabide berriztagarriak baliabide ezin berriztatuzko, berriztatzeko astirik utzi gabe erabiltzen baitira.

 

Migrazio handiak

ASKORENTZAT MIGRAZIOA IZATEN DA BIZIRIK IRAUTEKO AUKERA BAKARRA, BEHAR GORRIAN BIZI DIRELAKO EDO ESETSALDI POLITIKOAGATIK.Migrazioa izaten da biztanle kopuru handiek leku jakin batzuetan egiten duten presioaren ondorio nagusietako bat. Migrazioak beti izan dira, baina XIX. mendearen bukaerako masa gizartean bihurtu ziren gizartearen garrantzi handiko ezaugarri. Migrazio guztiek ez dituzte ez arrazoi eta ez ezaugarri berberak, horregatik hiru migrazio mota bereizten dira: kontinente artekoak, migrazio behartuak eta langileen migrazioak.
Kontinente arteko migrazioek XIX. mende osoan eta XX. mendearen lehenengo hogeita hamar urteetan izan zuten indarra.
Nekazaritza iraultzak lanik gabe utzi zituen nekazaritzan ziharduten langile asko, eta Ameriketara, Hego Afrikara, Australiara eta Zeelanda Berrira emigratu behar izan zuten lanik gabeko haiek, industriaren iraultzak sortu zuen enplegu eskaintzaren bila.
Gerra arteko garaian migrazioa gutxitu egin zen, inmigranteak hartzen zituzten herrialdeetako ekonomia krisian zegoelako eta emigranteen sarbidea mugatu zutelako.
1950. urteaz geroztik migrazioek goraldia izan zuten berriz. Lau herrialde izan ziren emigrante hartzaile nagusiak emigrazio olde hartan: Kanada, Estatu Batuak, Zeelanda Berria eta Australia.
Emigrante behartuen artean bi multzo daude: hitzarmen politikoen ondorioz lekuz aldatzera behartuak eta erbesteratuak.
Batzuetan herrialde desberdinetako gutxiengoen arteko biztanle leku aldatzeak izan dira, 1923an Turkiako gutxiengo greziarraren eta Greziako turkiarren artekoa adibidez.
Erbesteratuak beren jaioterrian esetsiak dira etnia, erlijio edo politika arrazoiengatik, eta beraz beste herrialde batzuetan bilatu behar izaten dute babesa. Erbesteratuen kopurua handitu egin zen Bigarren Mundu gerran, eta gerra hori bukatu ondoren, batez ere Europan eta Asian. Gaur egun Afrika da erbesteratu eta lekuz aldatzera behartuen kopuru handiena duen kontinentea (bai herrialde barneko migrazioetan eta bai herrialdeez kanpokoetan).
Azkenik, langile migrazioak ekonomiaren aurrerabideak herrialde bakoitzean izaten dituen desorekak sortuak dira. Era honetako migrazioek 1950-1973 garaian izan zuten goraldia, enpleguaren eskaintza/eskaria arteko desorekak langile asko bultzatu baitzituen garapen eta zabalkunde handiko ekonomia zuten herrialdeetara.
Baina emigrazioak badu beste alderdi bat, etorkinek jasan behar izaten duten bazterkeria eta arbuioa: xenofobia; emigranteak ez baitira beti ondo hartuak izaten, eta bizilekuahartu duten herrialdeko herritar batzuen ustez haien erruz langabeziak, gaizkiletzak, drogak, etab. sortzen dituen arazoak larriagotu egiten omen baitira. Jarrera horrek emigrante saldo berrien beldurra sorrarazten du herrialde etorkin hartzaileetan, eta beldur horren ondorioz ez zaie askotan gizartekotzen uzten eta baztertu egiten dituzte.
Gainera, gizarte berri horietara etorkin saldoak iristeak badu ezaugarri jakin bat, emigranteek auzo berezi eta barne koherentzia handikoetan bereizten dituzte beren buruak, eta hala ghetto horietan are baztertuago gelditzen dira. Garrantzi handiko arazoa da hori gaur egun Europako gizarte gehienetan.

 

Politika demografikoak

HISTORIAN ZEHAR NEURRI BATZUK HARTU IZAN DIRA BIZTANLE KOPURUAREN ALDETIK EMAITZA JAKIN BATZUK IRISTEKO, BIZTANLERIAREN EGOERA GOBERNU JAKIN BATEN GOGOKOA EZ ZENEAN.Biztanle kopurua arautzeko erabaki politiko gehienek jaiotze tasan izan dute eragina demografiaren beste edozein alderditan baino gehiago (migrazioak, heriotzak…).
Bi dira alor horretan har daitezkeen erabakiak: jaiotze tasa gehitzea edo mugatzea.
1930eko hamarraldian eta 1960ko hamarraldian jaiotze tasa gehitzeko politikak jarri ziren abian, ugalkortasunak izan zuen beheraldiaren eraginez; batetik, antisorgailuen erabilera debekatu edo mugatu zen, eta, bestetik, laguntza ekonomikoak eman ziren jaiotze tasa igo zedin.
Gerren arteko garaian Europako errejimen totalitarioetan –Italian faxistek agintzen zutela eta Alemanian naziek– neurri asko hartu ziren biztanleriaren hazkundea bultzatzeko: abortoa debekatu zen, orobat antisorgailuei buruzko informazioa, seme-alaba askoko familiei eta senar-emazte gazteei diru laguntzak eman zitzaizkien, emigratzeko ozpotoak jarri ziren…1930eko hamarraldian era horretako erabakiak hartu ziren Belgikan, Suitzan, Erresuma Batuan eta Frantzian. 1960ko hamarraldian, herrialde sozialistetan (Hungaria, Txekoslovakia, Bulgaria, eta, batez ere, Errumania) ere antzeko erabakiak hartu ziren enplegu eskaintzaren eta eskariaren artean desorekak izan zitezkeelakoan etorkizunean.
Europatik kanpo Txina da jaiotze tasa kontrolatzeko ahalegin handienak egin dituen herrialdea. Mao aginpidean zegoenean jaiotze tasaren aurka egin zuen, biztanle kopurua eta indarra oso lotuta zeudela uste baitzuen.
Jaiotze tasaren aurkako ahalegin handienak Hirugarren Munduan eta Japonian egin ziren. Japonian II. Mundu Gerra galdu ondoren jarri ziren indarrean abortoa legeztatzeko eta abortoa dohainik edo oso merke egin ahal izateko erabakiak.
Hirugarren Munduko herrialdeen artean, berriz, India izan zen jaiotza tasa jaitsiarazteko neurriak hartu zituen lehena, 1952an.
1950eko eta 1960ko hamarraldietan bide bera hartu zuten Egiptok, Pakistanek, Tunisiak, Hegoaldeko Koreak eta Txinak (hasierako jarrera goitik behera aldatu baitzuen).
1965etik aurrera famili plangintzen bidez jaiotze tasa txikitzeko erabakiak hartu ziren, herrialde askotako gosetearen eta NBEk eginiko erroldaren eraginez batez ere.
Hirugarren Munduan bizi maila hobetu izana hartu zuten aitzakiatzat Estatu Batuek 1950az geroztik jaiotze tasa gutxitzeko higikundeak bultzatzeko eta pilulari buruzko ikerketak bizkortzeko; minbiziaren ikerketetarako baino lau aldiz diru laguntza handiagoak eman zituen, eta Puerto Ricoko emakumeak erabili zituzten «akuri» gisa. Azkenik, 1960an pilula merkaturatu zuten, baina ustez «elkartasunezkoa» zen erabaki horren atzean Estatu Batuek Hego Ameriketan 1950eko hamarraldian izan zen eztanda demografikoari zioten beldurra zegoen.