Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

1848ko iraultzak

Barrikada La Bastilleko plazan, Parisen, 1848ko ekainaren 23a eta 26a bitarteko iraultza egunetan. Champinen margolana.<br>

Gaur egungo aroa 1789ko Frantziako iraultzarekin hasi zela esan daiteke, iraultza hark ekarri zituen aldaketa politiko eta sozialen ondorioz hain zuzen ere. 1848ko iraultzak, berriz, 1789ko aldaketa sakonek Europako politikan eta gizartean sortutako kontraesanak nabarmendu zituen. Lehenengo iraultzaren ondoren politika sistema liberala zehaztu zen, aurreko ataletan ikusi den jatorrizko ideia mugatu ondoren, eta jabegoak eta gizataldeek jabegoaren arabera gizartean zuten mailak ezaugarrituriko aldaketa sozial bat gertatu zen. 1848a, beraz, iraultza molde berri baten sorreratzat har daiteke, gizarte iraultzaren sorreratzat alegia; urte hartan egin zen legearen aurreko berdintasunaren eta aberastasunaren aurreko desberdintasunaren gizartea aldatzeko lehenengo ahalegina.
Gaur Egungo aroko kontraesan horiek 1848an nabarmendu ziren lehenengoz. Frantzian 1848ko iraultzaren bidez gelditu ziren agerian, lanaren munduari buruzko diskurtsu bat erabili baitzuen iraultza hark; eta Britainia Handian, berriz, lanaren munduko mugimendu handi batekin zabaldu zituen, kartismoak hain zuzen ere. Horrela zabaldu ziren, pixkanaka, sozialismo genero izena hartuko zuten mugimenduen ideologiak Europan zehar.
Baina XIX. mendearen lehen erdialdean beste arazo bat ere sortu zen Europan: nazioen eta estatuen arteko harremanak. Vienako kongresuak herrialde ahaltsuek eskatzen zuten aginpideen oreka eta segurtasuna erabili zituen nazioaren eta estatuaren arteko tirabirak estaltzeko. 1848-1849 urteetan, ordea, nazioak eta herriak estatuekiko zuten mendekotasun harremana aldatzeko ahaleginak egiten hasi ziren, Italian eta Europa erdialdean eta ekialdean batez ere.

 

Iraultzaren nondik norakoak Frantzian

1848 aurreko urteetan ekonomia egoerak okerrera egin zuen Frantzian; industria eta finantzak krisian zeuden, uztak oso txarrak izan ziren, eta ekonomia jarduera nagusia nekazaritza zenez, pobretasuna eta gosea nagusitu ziren. Ekonomiarengainbeherarekin batera, ordea, aldaketa handiak gertatzen ari zien gizartean. Garai hartako ikertzaileen ustez, ezkerreko zein eskuineko ikertzaileen ustez (François Guizot, Pierre-Joseph Proudhon) ondasunen arabera gizabanakoek gizartean zuten maila zen gizartearen oinarria. Jabegorik ez zutenek, ondasun bakartzat lan ahalmena zutenek, beren ondasun bakarra, hau da lana, saltzen zuten, eta salgai horretatikateratzen zutenarekin (soldata) larri bizi ziren, gainera. Jende asko ari zen hirietara emigratzen eta joera horrek eskulanaren eskaintza igoarazi zuen, lan munduaren ohiko antolaketa moldeak desegin zituen eta lanak merkatuan zuen indarra murriztu zuen.
Horren ondorioz asko kaskartu ziren bizi baldintzak (etxebizitza, elikadura, osasuna, etab.), baina horrekin batera gizarte gatazkaren kontzeptua agertu zen; egoera hari trataera politikoa eman behar zitzaiola onartu zen, beraz.
François Guizot historialari kontserbadorearen laguntzarekin, Luis Filiperen gobernuak jarrera autoritarioa hartu zuen berriro.
Errepublikazaleek eta liberal-progresistek hauteskunde sistema eraberritzeko kanpaina bat antolatu zuten oposizioko prentsaren eta elkarteen laguntzarekin; kanpaina horrek iraultza sorrarazi zuen otsaileko 23-24an, gudarosteak Kanpo Arazoetako ministerioaren aurrean jarri eta erasoari ekin zionean. Ministerioa aldatu eta Molé liberalaren esku utzi zen, baina istiluak ez ziren hargatik baretu. Luis Filipek agintea utzi behar izan zuen eta behin-behineko gobernu bat osatu zen; gobernu hark iraultzarekin bat zetozen zenbait neurri hartu zituen, errejimen errepublikazalea ezartzearren.
Antzina parlamentuko kide izandakoez osatua zen gobernuaren gehiengoa, gehiengo liberala, eta buruzagi erradikal bat (Blanc) eta langile bat (Albert) ere baziren gobernuan.
Langileen ordezkariari esker egin ziren aldaketa erradikalenak: gizon guztiei botoa emateko eskubidea eman zitzaien, lan eskubidea bermatu zen eta errepublikak eskubide hori begiratuko zuela agindu zuen.
Hala izan zen gainera, langabetuei lana bilatzeko Nazio Tailer lantegi bereziak sortu izanak erakusten duen bezala.
Joera erradikalak gizarte erreforma bultzatu zuen errepublikan. Gizarte ordena asko-asko ere aldatu gabe lanaren munduko egoera hobetu nahi zen legedi sozialaren bidez. Hirietako langileek (eskulangile, langile kualifikatuak), negozio txikien jabeek eta intelektual batzuek bultzatu zuten hobekuntza hura. Sufragio unibertsalak errepublikan erradikalismoa sendotuko zuen itxaropena zuten, baina ez zen hala gertatu.
Botoa emateko eskubidea lortu zuten 8 milioi frantsesek ez zuten erradikalismoaren ikuspegi soziokulturalarekin bat egin. Frantzia nekazaria zen nagusiki eta boto emaileek hautagai tradizional, legitimista eta liberal moderatuei eman zieten botoa (900 ordezkaritik 600 baino gehiago atera zituzten).
Horri esker Frantziako II. Errepublika osatu eta lehenengo errepublikak proposaturiko aldaketa sozial erradikalak bertan behera gelditu ziren.
Horren ondorioz Parisko eta beste hiri handi batzuetako (Lyon adibidez) talde erradikalek iraultza prozesu bat hasi zuten ekainean, herri eta auzo langileetako kaleakhartuz. Paris barrikadez bete zen; hiri itxia eta kontrolatzen zaila zen (Haussmannen berrikuntzak egiteke zeuden artean) eta herri matxinada deusezteko gudarostearen laguntza behar izan zen. Asanbladak Cavaignac jeneralaren esku utzi zuen egiteko hori: bere osteak bildu eta auzo matxinatuak eraso zituen, hildako eta atxilotu ugari izan ziren, eta Parisko ezkerrak hamar bat urte behar izan zituen hondamen hartatik osatzeko.
Mugimendu erradikala barnealdeko probintzietara zabaldu zen, baina ezin izan zuen hauteskundeetan garaipena lortu, Luis Bonaparte, Napoleonen hilobak eskuratu baitzuen lehendakari kargua. Ezkerrak emaitza onak lortuko zituela zirudien, baina lehendakariak berak estatu kolpea jo, errepublika desegin eta bere mende egongo zen inperio bat osatu zuen (Napoleon III.ak egin zuen bezala).

 

Nazionalismoa eta iraultza Europan

Esan bezala, iraultza mota berri bat sortu zen 1848an, desberdintasunari aurre egiteko gizartea eraberritzea zuena helburu; Europa erdi eta ekialdean eta Italiako penintsulan, iraultzak, ezaugarri liberal eta erradikalez gainera, kutsu nazionalista ere hartu zuen. Italiako lurraldeetan garrantzi handiko aldaketak eragin zituen iraultzak erakundeetan. Iraultza ekainean hasi zen Sizilian eta handik Napoliko erresuma guztira, Aita Santuaren lurraldeetara, Toskanara eta Milanera zabaldu zen. Lurralde horietan guztietan erreforma liberalak eskatu ziren eta agintariek 1831n Belgikan ezarri zenaren antzeko konstituzio liberalak onartu behar izan zituzten. Dena dela, iraultzarik erradikalena Erroman gertatu zen; Batzar Konstituziogile batek errepublika aldarrikatu zuen 1849an, eta lurreko ondasunetan zuen eskumena kendu zioten Aita Santuari. Aipagarria izan zen Piemonte-Sardiniako iraultza ere; Karlos Alberto erregeak konstituzioa onartu zuen (Albertoren estatutua) eta gudarostea bidali zuen austriarren kontra Lonbardiara eta Veneziara. Milan askatu ondoren Austriarren esku gelditu ziren lurralde haiek Radetzky jeneral austriarraren esku hartzearen ondoren, 1849an.
Alemaniaren lurraldeetan, martxoko iraultzak parlamentu alemaniarra prestatzeko batzar batean (Vorparliament) bildu zituen alderdi liberal guztiak. Alemaniako hiritar jabeen ordezkariek parte hartu zuten batzar hartan (Austriakoek izan ezik); Alemaniako estatua izango zenaren konstituzioa idazteko bildu ziren (Frankfurteko parlamentua edo Paulskirche). Liberalen arteko eztabaidak eta Alemaniako estatua ongi zehaztu gabe egoteak aukera eman zion Frederiko Gilen IV.a Prusiakoari Alemania bateratuko erregetzarik ez zuela hartukoesateko eta denbora eman zion, orobat, iraultzaren kontrako zapalkuntza antolatzeko (1849). Prusiari konstituzio bat emango zitzaiola agindu zen arren, 1851 arte ez zen eman, eta orduan ere «konstituzio emana» izan zen. Austriako inperioaren lurraldeetako iraultza Vienako unibertsitatean hasi zen; konstituzioa eta erreforma liberalak eskatu ziren. Austria oso lurralde konplexua zen, eta herri askok (hungariarrek, eslaviarrek) zeinek bere batzarra osatu zuten; Hungariak bere independentzia aldarrikatu zuen 1849an, tarte batez. Iraultza haren emaitzarik aipagarriena Kreimsergo batzarrak egindako aldaketa izan zen: inperiorako konstituzio federal bat idatzi zen, inperio barnean gizabanakoaren eta nazioaren eskubideak kontuan hartzen zituena.
Europako gainerako lurraldeetan bezala, 1849an Frantzisko Jose enperadore berriak gudarostearen laguntzarekin inperioaren lurretan sorturiko iraultza ahaleginak zapaldu zituen, Kreimsergo erabakiak indargabetu zituen eta neoabsolutismoa ezarri zuen berriro (Silvesterpatent, 1851).

 

Kartismoa eta sozialismoa

1848ko iraultzen inguruan diskurtsu ideologiko berri bat eratu zen Europa guztirako, gizarte desberdintasunen eta desberdintasun horiek ekiditeko berrikuntzen inguruan gogoeta egiten zuena. Diskurtsu hori eratu zenean gizataldeen arteko desberdintasunak gero eta nabarmenago gelditzen ari ziren, lanaren eta kapitalaren merkatuan talde bakoitzak zuen egoeraren arabera.
1930-1940 urteetan lan ahalmenari buruz zegoen mendekotasunak miserian bizitzera behartzen zituen herritarrak. Erreforma liberalak egin ziren egoera hori konpontzeko: komunitatearen lurrak pribatizatu ziren (itxiturak), eta lanaren gremiokako antolaketa eta lanaren esplotazioa onartzen zuenlegedia deuseztu zen. Ez da harritzekoa ingeles langileen lehenengo mugimenduek 1834ko Pobreen legea deuseztu nahi izana; lege horiek onegitea desagerrarazi zuten eta haren ordez pobreen esplotaziorako zentro beldurgarriak bultzatu zituzten.
Lanaren munduaren egoera hobetzeko gizarte berrikuntzak egin nahi ziren beraz, eta kezka horrek diskurtsu berri bat osatu zuen. XVIII. mende amaierako tradizio erradikal-demokratikoarekin lotua zen diskurtsu hura; eta proposamen sozialistei bidea ireki zien. Ingalaterrako mugimendu kartistak bildu zituen kezka horiek. Herriaren kartaren inguruan egituratu zen kartismoa eta Ingalaterrako parlamentuan hauteskundeak goitik behera eraberritzeko ahalegina egin zuen –1832koa baino aldaketa sakonagoa eskatzen zuen–, langileei ordezkariak hautatzeko eskubidea eta legegintzarako ahalak emateko.
Talde haren eskakizunak honela azal zitezkeen garai hartako printzipioen arabera: parlamentua jabeen interesen ordezkari bada eta langileak beren lan ahalmenaren jabe badira, orduan langileek ere izan behar dute ordezkaritzarik. Horrela, legeak egiteko ahalmenaren kontrolarekin alegia, desberdintasunak gainditu ahal izango zirela uste zuten. Hala ere, desberdintasunak suntsitzea ez zen hain lan erraza, Frantzian 1848an gertatu zenak, hau da gizonezkoentzako sufragio unibertsala ezarri arren erradikalek eta sozialistek ia ordezkaririk lortu ez izanak, erakutsi zuen bezala.
Pierre-Joseph Proudhonen (Zer da jabegoa?, 1840) eta beste zenbaiten testuek ziotenez desberdintasunaren gakoa lurraren jabegoa eta kapitala jabego pribatu gisa hartzea zen. Kritika horren sintesia 1848ko iraultzan Komunisten ligaren eskariz argitara eman zen beste testu batek egin zuen.
Liburu txiki bat zen, Manifestu komunista, Carl Marx eta Frederic Engelsek idatzia; testu hura gizartea eraldatzeko ideia bilduma gisa hartu zen.