Historia Unibertsala»Egungo aroa
Magreb: haserrea eta zalantza
Kolonien aurreko garaian ohiturazko erakunde politiko bereziek -klan eta leinu endogamiko
eta aita bidezkoak- lotura gisa funtzionatu zuten, baina XIX. mendearen erdialdetik
1960 inguruan kolonizazioak indarrez suntsitu zituen erakunde horiek, higatu
zituen gizarte haiek oinarri zituzten leinuak eta haien gizartekotze prozesuak, eta nazio
erakundeak jarri zituen bitartekotzarako ohiko bideen ordez, agintaritzan zegoen
gutxiengoak politika, finantza eta zuzenbide erakundeen monopolioa zuelarik ia beretzat
bakarrik gordea.
Gaur egungo Magrebeko gizarte eta politika antolamendua herrialde bakoitzak zeinek
bere independentzia iritsi ondoren sortu zen, patriarkatuaren eta hierarkiaren bidez
dago tankeratua, eta erlijioa, familia, klana, talde etnikoak, aginpidea, bortxa bidezko
agintea eta errituak ditu oinarri. Gizarte zibila estatuaren zaindaritzapean dago, ez du
ia aginpide politiko eta ekonomikorik, eta zalantzaz, inongo uste onik gabe eta arriskuan
begiratzen dio erabatekoa inondik ere ez den demokratizazio hari.
Aljeriaren egoera odoltsua
Militarrek 1992an jo zuten estatu kolpeak
larriagotu egin zuen Aljeriako liskarra, ez
baitzion aginpidea hartzen utzi biztanleen
%60k botoa eman ez zuen hauteskundeak
irabazi zituen Salbamenerako Islamiar Fronteari,
eta luzarorako utzi baitzituen aginpidean
independentziaz geroztik agintaritzari
eutsia zioten militarrak. Oposizioa gogor zanpatzeaz
gainera, militarrek errejimen gogor
bat ezarri zuten, liskarrak izan zituzten haien
aldekoen artean, baina halako zilegitasun bat
iritsi zuten konstituzioa onartzeko erreferendumean
eta lehendakaritzarako eta legebiltzarrerako
hauteskundeetan. Oposizio demokratikoak
iruzurtzat salatu zituen militarren
aldekoei legebiltzarrean gehiengoa eta
Liamin Zerual jeneralari aginpidea eman zioten
hauteskunde haiek, ez baitzuen errejimenaren
aldekoek izan zuten adierazpen
eskubide berbera izan, eta artean FIS alderdia
klandestinitatean baitzegoen eta haren
buruzagiak espetxean edo agintarien zainpean.
Alde batetik, agintariek giza eskubideak
zapaldu dituzte autodefentsarako milizien
laguntzaz segurtasun indarrek egiten ari
diren «gerra zikinean», eta beste aldetik, oposizioa
zatitu dute, uko egin baitiote beti FIS
alderdia barne hartuko duen elkarrizketa saio
orori (Erromako Nazio Kontratua eta bakearen
aldeko hainbat deialdi).
Aljeria Frantziaren kolonia izan zen 1962
arte. Nazio Askapenerako Fronteak alderdi
bakarreko diktadura ezarri zuen eta plangintza
zentralean, gasaren eta petrolioaren
esportazioan eta nekazaritza bertan behera
uztean oinarritu zuen ekonomia. Buruzagiek
irabazi handiak izan zituzten, eta burokrazia
ustelkeriara emanak areagotu egin
zuen baserri aldetik hiriratu zirenen kopurua,gizarte deserrotzea sorrarazirik haiengan.
Estatuak indarrez ezarritako bateratze
erlijioso eta ideologikoak nahaspila hura areagotu
zuen, ez baitzuen islam herrikoia eta
berberiarren berezitasuna errespetatu.
1970eko hamarraldiaren bukaeran hidrokarburoen
prezioak jaitsi zirenean ekonomiak
lur jo zuen eta protesta handiak sorrarazi
zituen, gudarosteak gogor zanpatu zituelarik.
Politikan eragin handiagoa zuten gizarte
taldeek liberalizazioaren eta herriaren
parte hartzearen alde egin zuten, eta alderdi
aniztasuna lortu zuten 1990ean. Estatuak
utzi zuen hutsuneari esker, gizartea berriz
islamdartzen ahalegindu baitzen ezkerreko
joerei aurre egiteko, FIS alderdia indartu eta
gailendu egin zen, eta 1990eko udal hauteskundeak
eta 1991eko legebiltzarrerako
hauteskundeak irabazi zituen. Gudarosteak
gerra egoera ezarri zuen eta aurrabide demokratikoa
geldiarazi zuen.
Gaur egun Bakearen eta Elkartasunaren
aldeko Higikundeko islamiarrak gobernuan
dira, FIS alderdi zatikatu eta oraindik erelegez kanpokoari bidea ixteko. GIA talde
armatuak atentatu basatiak egiten ditu behin
eta berriz. Gizartearen eta ekonomiaren
egoera gero eta okerragoa da Nazioarteko
Diru Fondoaren erabakiak indarrean
jarri izanaren eraginez: enpresa publikoak
eta gizarte zerbitzuak desegin dira, prezioak
libre utzi dira eta oinarri-oinarrizko ondasunei
ez zaie diru laguntzarik ematen.
Maroko eta Sahara
1956 urteaz geroztik da Maroko erresuma
burujabe. XII. mendeaz geroztik, ia almohadeen
garaitik, estatu eta dinastia tradizio
handia izan du, inperio otomandarretik
bazter. Alauiarrak XVI. mendeaz geroztik
daude aginpidean. Gaur egungo errege
Hassan II.a haien oinordekoetako bat da.
Erregea da Marokoko politikaren ardatza,
guztizko babesa du eta hura da buruzagi
politiko eta erlijiosoa eta batasunaren sinboloa.
Independentziaz geroztik, eta 1962ko
konstituzioaren onespenaz, erregearen aginpideak
alderdi gehienak geldiarazi, zatitu
edo erakarri zituen -Istiqlal alderdiko nazionalistak
bereziki-, haien eragina mugatu
zuen eta babesa eman zien haien atxikitasunaren
eta erakundeak bere mende edukitzearen
truke, eta landaldea eta hango
administrazio tradizionala edo majzén ere
bereganatu zuen, hitzarmenari eta bitartekaritza
esker. Konponketarik onartu ez eta
demokratizazioaren bideari eutsi zioten taldeak
sarri matxinatu ziren, eta gobernuak
gogor zanpatu zituen.
1990eko hamarraldian ekonomiak zertxobait
gora egin bazuen ere, Maroko herrialde
behartsua da, ia ez dago gizarte eskubiderik
eta gizarte desberdintasunak oso
handiak dira. Nazioarteko Diru Fondoaren
aplikazioak ekonomiako magnitude nagusiak
orekatu ditu, baina kaltea ekarri du biztanle
gehienen eguneroko bizitzara, batez
ere hirietan, han bizi baita biztanleen %47:
soldatak bere horretan gelditu, langabeziatasa igo (ia %20), eta osasunbiderako eta
etxebizitzarako aukerak zaildu. Emigrazioak
eta turismoak ez dute aldez baizik berdintzea
lortu Saharako borrokak sortu dituen
gastu handiak, fosfatoen irabaziak gutxitu
izana -fosfatoen prezioa beheratu egin
baitzen- eta nekazaritza gero eta esportaziora
bideratuagoen gainbehera. Kanpo
zorra 22.000 milioi dolarrekoa zen hamarraldi
horren erdialdean, per capita errenta
ez zen 1.000 dolarretik gora igo, eta biztanleriaren
%40k 30.000 pezetatik beherako
soldata jasotzen zuen hilabetero, erregearen
familiak, administrazioko burokraziako
goi mailako kargudunek eta errejimenaren
aldeko alderdietakoek irabazi handiak zituztelarik
enpresa multinazionaletan eginiko
inbertsioei esker.
Hala eta guztiz ere, monarkiaren bitartekaritzari
esker Magrebeko beste herrialde
batzuetan baino askatasun gehixeago dago.
Marokok ez du gobernu militarrik izan.
1990eko hamarraldian monarkiak halako
itxuraldatze bat egin zuen. Legebiltzarrean
Bloke Demokratikoak (Kutla) gehiengoa
zuen –102 aulki-, Nazio Ententeak, berriz,
100 –erregearen aldeko alderdien batasuna
da hori-, eta zentro eskubiko Independenteen
Elkarteak, 97. Hiru indar horien arteko
oreka Hassan II.aren eta haren balido Driss
Basri barne ministroaren alde dago, Sidi
Mohamed printze oinordekoaren ondorengotza
ziurtatu nahi baitute, alauiarren dinastiak
aginpidean iraun dezan itxura demokratikoan.
Hassan II.ak herriaren protestak geldiarazteko
baliatu izan du Saharako liskarra,
nazio batasunaren izenean. Espainiak
1975ean egin zuen deskolonizazio lotsagarriaren
ondorioz, Mendebaleko Sahara Marokoren
esku utzi zuen, eta autodeterminazio
eskubidea ukatu zien sahararrei –nahiz
Nazio Batuek hori agindua zuten–, eta beraz
sahararrek Aljeriako Tindufen erbesteratu
behar izan zuten, han bizi direlarik
oraindik ere 200.000 pertsona nazioarteko
laguntzaren mende eta Fronte Polisarioaren
administrazioak sortu ahal izan dituen baliabideen
esku. 1991ko irailean Marokoko
eta Fronte Polisarioak elkar hartu eta sueten
bat iritsi zuten, eta hitzarmen hau jarrizen abian: erreferenduma, sahararrek independentziaren
edo Marokon baitan sartzearen
alde bozka zezaten. Erreferendum hori
behin eta berriz atzeratua izan da. Marokok
120.000 pertsonetara zabaldu nahi izan du
errolda, horietako asko Marokoko hegoaldean
bizi direla, eta Polisarioa ez dago prest
1974an Espainiak egin zuen erroldako
75.000 pertsona kopurua %10 edo %15 gehiago
igotzea onartzeko. 1997ko irailean
Houstonen Estatu Batuen babespean egin
ziren hitzarmenek irtenbide bat eman nahi
izan zuten, baina alauien monarkiak oztopoak
jarri izan dizkio behin eta berriz arazo
horren konponbideari.
Tunisia, Libia eta Mauritania
Kanpoaldetik Tunisiak itxura turistikoa
eta modernoa badu ere, 1996ko maiatzean
Europako Legebiltzarrak adierazpen bat
onartu zuen giza eskubideen eta askatasun
demokratikoen zapalketak gaitzetsiz. 1997an
Ben Ali lehendakariak hamar urte egin zituen
aginpidean, estatu kolpe baten bidez
aginpidetik bota baitzuen Bourgiba. Ben
Alik lehendakitza bidezko errejimena ezarri
zuen; hauteskundeak ez dira erabat garbiak
izaten, lehendakariak gehiengoa lortzen
baitu beti (163 eskutik 144) eta islamiar
alderdi gero eta indartsuagoei parte hartzea
debekatzen baitie. Ben Alik ekonomiaren
goraldia eskaini dio herriari, baina autoritarismoa
du haren politikak ezaugarri nagusia.
Erreforma ekonomikoak eredu neoliberalaren
hiru oinarri izan ditu: inportazioak
liberalizatzea, enpresa publikoak pribatizatzea
eta dinarra libre trukatzeko aukera,
baina horren ordainetan soldatak urriak
dira, biztanleen %16 langabezian dago, eta
1995ean Europako Batasunarekin sinaturiko
truke librerako hitzarmenaren ondorioak
erronka handia dira Tunisiarentzat, bizi
egoera zaildu bailezakete industria zaharkituak
konkurrentzia ahalmena hobetzen ez
badu.
Libiako Arabiar Herri Errepublika Sozialista
militarren estatu kolpeak 1969an abiarazizuen iraultzaren geldialdiaren eta 1992az
geroztik Estatu Batuei, Frantziari eta Britainia
Handiari bi hegazkin atentatuen ikerketan
ez laguntzeagatik nazioartean jasan behar
izan duen bakartzearen artean egon
behar izan du kolokan. Libiako errejimenaren
gobernua Oinarrizko Herri Batzordeetan
dago egituratua, urtero biltzen direlarik
batzorde horiek Herriaren Kongresu Nagusian.
Batzorde sistema hori, benetako demokrazia
izan zitekeen arren, iraultzaren
buruzagi nagusiaren jarraibide ideologiko
eta politikoen mende dago. Gadafi panarabista
eta musulman berritzailea da, izatez
ameslaria eta kontraesanez betea, mendebaleko
inperialismoari eta gainerako arabiar
buruzagiei buruhauste handiak eman dizkiona,
«gidari» bakartu eta ustekabeko gisa.
Ez du inongo oposiziorik onartzen, are gutxiago
islamiarrik, Gaddafik bultzatzen duen
islam berritzailearen zeharo aurka baitaude.
Libiako ekonomiaren aurrerabideak hidrokarburoak
ustiatzeko ahalmen handia du
oinarri, hari esker Libiak azpiegiturak sortu
ahal izan ditu, gutxieneko hornidura bermatu
ahal izan du, eta biztanleen bizimodua
hobetu ahal izan du. Baina errentaz
bizitzeko joera zabaldu du biztanle askorengan,
produkzioaren zati handi bat etorkinen
esku utzia izan dela. Gainera, akatsak
izan dira kontsumogaien, elikagaien eta tresneriaren
horniduran, petrolioaren mozkinen
mendeegi egoteagatik, prezioak beheratu
egin baitira; akatsak izan dira orobat bai
nekazaritzaren plangintzan, mugatuak baitira
nekazaritzarako lurrak eta ura, eta bai
industrian.
Mauritania independientea da 1958az geroztik,
etnia asko (arabiarrak, berberiar nomadak
eta tribu beltzak) estatu bakar batean
biltzeak zailtasun handiak sortu zizkion.
1996ko legebiltzarrerako hauteskundeetan
hasi ziren Mauritaniara demokrazia ekartzeko
saioak, oposizioak boikota egin zien hauteskunde
haiei, baina hala ere Mauritaniako
Herri Alderdiko buruzagien eta gizarte zibilaren
arteko etenak indarrean dirau. Mauritaniako
ekonomia urria arrain sarden irabazietan
eta mineralen –burdinarena batez ere–
esportazioan dago oinarritua.