Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

1960-1970 hamarraldiko krisia

Gudarosteak garraiatzeko helikopteroak Vietnamgo gerran. Hirurogeiko hamarraldiko gerrek armagintza justifikatzeko eta mantentzeko balio izan zuten.<br><br>

1956 eta 1973 urte bitartea “hamarraldi historikoa” izan zen, Khruschovek estalinismoa kondenatu zuenean hasi, eta petrolioaren prezioen garestitzeak berekin ekarri zuen ekonomia krisiarekin bukatu zena. Hamarraldi luzea izan zen, eta herrialde bat baino gehiago iraultzaren muga-mugan egon zen, itxuraz behintzat, ez zen ordea iraultza betea iritsi. Hala ere, 60ko hamarraldia, eta batez ere 1968. urtea, iraultza aldi gisa geratu dira historian, nahiz eta halakorik izan ez. Eta hori, seguraski, desagertua zelako herrialde aurreratuenetan iraultzaren kontzeptu klasikoa (hau da, astinaldia, jauzi kualitatiboa), XIX. mendetik zetorrena; kontzeptu haren lekuan ipini zen aldaketaren ideia lotuagoa zegoen mundu pribatu eta egunerokoarekin. Ez zen gobernurik erori, ez jauregirik hartu, baina hala ere urteotako gertariek ondoko urteetan etorriko zena bideratu zuten, hainbesteraino non hiru hamarraldi geroago ezin den haiek gabe ezer ulertu.

Garai honetan sendotu ziren –ez jaio–, gaur bizi-bizirik diren higikunde sozial eta balio asko, hala ekologismoa, feminismoa, pazifismoa, antiautoritarismoa, kontsumoko gizartearen kritika, askapen pertsonala… eta garai honetatik datoz gure garaiko eredu estetikoak ere. Telebista da agian iraultzarik gabeko aldaketa errotikako horren adierazpen agerikoena. Telebistak lekuan lekuko gertaerak mundu osoko bihurtu zituen: Mexikoko Tres Culturas plazako sarraskia, Parisko barrikadak, eta batez ere, telebistatik igorri zen eta iritzi publikoaren epai zuzenaren mende egon zen aurreneko gerra, Vietnamgoa. Eta, politika gutxi balitz, garai berekoak dira Warhol, Henry Moore, twist, rock and roll eta pop musika-dantzak, Brasiliako arkitektura, Beatlesak, Bob Dylan, Rolling Stones, Sartre, Marcuse, Chomsky, Reich edota Woodstockeko jaialdia.

 

Ezker berria

Bi gauzatan igerri zen gutxienez Bigarren Mundu gerraren ondorengo ekonomiaren garapenak mendebaleko herriei ekarri zien bizi mailaren goratzea: gizarteko talde zabalek kontsumo eta kultura ondasunak iritsi izana, eta ezkerreko alderdi tradizionaletan ideia iraultzaile eta klasistek atzera egitea. Lehen kasuan, kontsumoko gizartea hedatu ahala, gizarte horren mugak azaleratu ziren, eta, hala, joera existentzialista eta kritiko bat sortu zen 60-70 urteetan, gizarte formalki demokratiko baten mugak auzitan jartzen zituena, lanaren antolamendu zapaltzailea zela-eta, pertsonen askatasun indibidualak eta ahalmenak garatzeko gai ez zelakoan. Kritika hori unibertsitatean egin zen; izan ere, Europako leku askotan, hirukoiztu egin zen ikasleen kopurua, eta unibertsitatea, hezkuntza elitistako gune izatetik, gizarte maila desberdinetatik zetozen gazteen topaleku izatera igaro zen. Horrez gainera, gaztetasunaren izen ona zabaldu zelarik, gaztedian legokeen balizko indar eraldatzaile bat goresten zen, azken-azkenean, gaztedia “klase iraultzaile” izatera bultzatuko zuena, proletarioen klase ohikoak halako indarrik ez zuelakoan. Bigarren, ezkerreko alderdi eta sindikatuen moderazioak pentsamendu eta ekimen espazio zabal bat utzi zion sektore “intelektualari”, hots, ikasle eta langile gazteei. Hori guztia, beste hiru osagai ahaztu gabe: komunismoklasikoaren tesien errebisioa, estalinismoari egin zitzaion kritikaren ondoren adierazia; Hirugarren Munduko herrietako astinaldi politiko eta iraultzailea, askapen gerrako prozesu betean (Kuba, Aljeria, Vietnam…); eta kezka berriak lehen mailara igarotzea, hala feminismoa, gerraren kontrako protestaldia, internazionalismoa edota eskubide zibilak.

Pentsamendu joera berri baten modura aztertu behar da “ezker berria”, joera anitza eta heterogeneoa izan baitzen, komunismoaren kritikoak eta erradikalak (trotskistak, maoistak, marxista-leninistak oro har), libertarioak eta intelektualak (unibertsitarioak eta unibertsitario ez zirenak) bateratu zituena.Talde horien ordezkari ziren, besteak beste, Alain Krivine trotskista, Daniel Cohn-Bendit libertarioa, Marcuse, Chomsky eta Sartre bezalako pentsalariak. Ez zuten inoiz osatu organizazio modu jakinik, eta are gutxiago izan zen haien artean lotura nazional edo nazioartekorik.

Zenbaitek usadiozko alderdiak berregin zituzten (partitini italiarrak, hala Lotta Continua eta Potere Operario), beste batzuk eragin handiagoko edo gutxiagoko aldizkarietan aritzen ziren (The New York of Books edo The New Left Review), edo ikasle sindikatuetan (Frantziako Ikasleen Batasun indartsua, UNEF). Formalki, “new left” edo ezker berria 1960an sortu zela esan daiteke, Estatu Batuetan, beltzen eskubide zibilen aldeko borrokari loturik. 1962an eratu zen SDS eraginkorra (Students for a Democratic Society); bi urte geroago, Berkeleyko unibertsitateko protestaldiak hasi, eta handik Estatu Batuetako beste unibertsitateetara zabaldu ziren. Europako herrialde bakoitzak zeinek bere historia izan zuen. Frantzian, trotskistak eta anarkistak, komunista disidenteak, ezkerreko katolikoak, UNEFeko ikasleak eta intelektualak bateratzea lortu zuten Vietnamgo Nazio Batzordeko protestaldiek, bere osagai bereziekin 68ko maiatza arte arte jarraitu zuen mugimendu batean. Alemanian ere, Vietnam izan zen amerikarren kontrako borrokaren ikurra, eta borrokaren protagonista berriz parlamentuz kanpoko oposizioa izan zen, sozialdemokratak eskuin demokristauarekin elkartzearen kontrakoa zena; Bad Godesbergeko biltzarrean SPDtik kaleraturiko gazteek osatua zen batez ere. SDS taldea (Alemaniar Ikasle Sozialistak) izan zen talderik eraginkorrena, Rudi Dutschke zuela buru. Ingalaterran, Vietnam Solidarity Campaign delakoaren inguruan hasi ziren protestaldiak, disidenteak eta laborismotik egotzitakoak batetik, eta bestetik, internazionalistak, eta baita Bertrand Russell Fundazioa ere, elkartu zituena. Italian, PCIren inguruan hasi ziren aurreneko eztabaidak, baina eztabaida haietatik alderdi marxista-leninistak sortu ziren gero, eta, azkenean, joera autonomo bat. Italiaren kasuan, tankera “politikoagoa” izan zuen higikundeak (organizazio klasikoaren antzera), eta horrek estutu egin zituen ikasleen eta langile sindikatuen arteko loturak.

“Ezker berriak” ez zuen inon arrakastarik izan, eta ezker tradizionaleko alderdien lekua betetzerik ere ez zuen lortu. Alabaina, esperientzia hura interesgarria izan zen etorkizunerako, batez ere, ohiturak eta diskurtsuak berritu zituelako erreibindikazioaren lehen mailara ekarriz ezker ohikoak ahaztuta edo baztertuta zeuzkan gaiak, pertsonen bizitzarekin eta eskubideekin lotuak zeudenak hain zuzen. Aitatzat edo aholkularitzat ezin hartu bada ere, guztiz agerikoa da hirurogeiko “ezker berri” horrek laurogeita hamarreko «gizarte mugimendu berri» deritzanekin duen lotura politikoa edo intelektuala (zentzu zabalean). Beste gauzetan bezala, une horretan ez zen ezer aldatu, baina handik aurrera dena izan zen desberdina.

 

Hamarraldi luzea eta trinkoa

Errazkeriara joaz, 60. hamarraldiko krisia, eta batez ere 1968koa, Parisko ikasleen barrikadekin lotzen bada ere, askoz ere gertaleku gehiago izan zuen krisi horrek.

 

“Pragako udaberria”

Sobietarren eraginpeko blokean, “sozialismorako bide nazionalak” jarri zituen abian estalinismoaren desagertzeak, hau da, herri bakoitzeko prozesu berezi eta historikoei gehiago begiratzen zieten bideak; zenbaitetan, sistema sozialista baten baitan askatasunak izan zitzakeen mugekiko kezkak garrantzitsuak ziren bide horietan. Prozesu horrek izan zuen eraginik Errumanian eta Hungarian, baina beste era batera gertatu zen Txekoslovakian, non Alderdi Komunistako sektore liberalenak, Alexander Dubceken inguruan, demokratizaziorako egitarau bat antolatu zuen, azkenean Varsoviako Itunaren eraso militarrak eragotzi zuena, 1968ko abuztuan.

Demokraziaren eragozpen hark, ordea, eragin zorrotza izan zuen mendebaleko alderdi komunistetan. PCIko italiarrek bazterrera utzi zuten “eredu sobietarra”, eta “hirugarren bide” oraindik lauso bati heldu zioten; bide hori urte zenbaiten buruan eurokomunismoan gauzatuko zen (Frantzia eta Espainiako alderdi komunistekin batera), askatasun demokratikoak errespetatuko zituen formula baten modura.

 

Vietnamgo gerra

Iparramerikarrek frantsesen eraginpeko izandako eremu baten deskolonizazio arazo bat “heredatu” zuten, munduko armada ahaltsuena eta herrialde periferiko baten askapen mugimendua aurrez aurre jarri zituena.

Hori guztia, “gerra hotz” baten baitan, zeinaune horretan, gainera, SESB eta Txinaren arteko gatazkek areagotzen zuten. Viet Congeko gerrilla komunistak, Iparraldeko armadaren laguntzarekin hegoaldean jarduten zelarik, hainbesteraino nahasi zuen egoera, non gero eta agerikoagoa zen amerikarren esku hartzea. Tet-eko erasoaldiaren ondoren (Iparraldeak 1968ko urtarrilean hasia), milioi erdi gizon eraman zituzten amerikarrek Hego Vietnameko gobernua defenditzera.

Alabaina, Indotxina osora zabaldu zen gatazka, Kanbodia eta Laosa bereziki. Viet Congen eta Iparraldeko armadaren beste erasoaldi baten ondoren, 1972ko martxoan, behin-behineko bake bat izenpetu zen Parisen, baina, berriz ere hasi zirelarik borrokaldiak (1975eko urtarrilean), iparraldeko komunistak hegoaldean sartu, eta herrialde osoa bateratu zuten. Aldi berean, Laos eta Kanbodiako gerrillek beren herriak menderatu zituzten, eta hori izugarrizko galera izan zen amerikarrentzat, telebistatik eman zen gerra hartan ikusleak zeharo asaldatu zituena. Hala, Vietnamgo gerrak gobernuaren kontra jarri zuen Estatu Batuetako gizartearen parte bat, eta funtsezko bandera bihurtu zen nazioarteko oposizio guztiarentzat (mendebalekoarentzat batez ere), bai orekarik gabeko gerra haren, bai Estatu Batuen eraginpeko eremuen kontrol politikaren kontra.

 

68ko maiatza

Parisko kaleak izan ziren ikasleen altxamenduaren paradigma eta irudirik ohikoena.

Nanterreko unibertsitate periferikoan hasi zen matxinada, batez ere esanahi sinbolikoa zuten gertaerekin –Cohn-Benditen eta François Missoffe hezkuntza ministroaren arteko eztabaida–, eta grebak eta unibertsitate guneen okupazioa zabaltzen joan ziren, Nanterretik aurrena eta Sorbonatik gero. Hortik aurrera ugaritu egin ziren ikasleen eta poliziaren artekoborrokak; ikasleek, beren eskaerak adierazi eta irudimen iraultzaileko leherketa bat zabaltzeko, gune batzuk “askatzea” lortu zuten.

Izan ere, 68ko maiatza, hirurogeiko iraultza gehienak bezala, gehiago izan ziren zibilizazio krisi baten, kontsumo gizartearen adierazpide, prozesu iraultzaile klasikoa baino.

Ikasleen eta langileen arteko aliantzatik etorriko zen iraultza. Izan ere, abiatzekotan egon zen, fabriketako langileak, gazteak batez ere, sindikatuei jaramon handirik egiten ez zietenak, lantokiak hartzen eta ikasleen “irudimen iraultzailearen” diskurtsuaz kutsatzen hasi zirenean.

Alabaina, sindikatuek, komunistek batez ere –bai PCFak, bai CGTk–, susmo txarrez ikusi zituzten lotura horiek, eta, hala, une jakin batean, beren eskaera propioak hasi ziren negoziatzen, ikasleen proposamenak ahaztuta. Grenelleko akordioetan (maiatzak 27) gauzatu ziren eskaera horiek, baina langileen botoak atzera bota zituen. Hortik aurrera, krisi iraultzaile benetako baten aukera zabaldu zen, higatua egon gabe, aginpidea auzitan jarria zuen estatu baten aurrean. Ikasleen matxinada fabriketatik ospitaletaraino iritsi zen, Cannesko Zinemalditik igaroz. Une horretan, De Gaulle jeneral zaharrak egoera usteltzen utzi zuen, Frantzia kontserbatzailea kalera ateratzeko.

Aldi berean, ezker politikoa ez zen gauza izan bere burua estatuko krisiaren alternatiba moduan aurkezteko, eta azkenean ez zen gauzatu Mitterrand sozialistaren inguruan sortutako aukera. Frantzia kontserbadorearen erantzuna, maiatzaren 30eko manifestazio izugarrian gauzatua, bukaeraren hasiera izan zen. Langileak fabriketara itzultzen hasi ziren, Grenelleko akordio orokorretik abiaturik, beste akordio batzuk lortzen hasita. Desagertu ziren ikasleen amets iraultzaileak. Hilabete baten buruan, ekainaren 30ean, gaullistek gehiengoz irabazi zituzten legegintzako hauteskundeak.