Historia Unibertsala»Egungo aroa
Txinako iraultza komunista
Bigarren Mundu gerraren amaierak Txinaren ameskaitz handienetako bat aienatu zuen, Japoniaren espantsionismoa, alegia. Baina bigarren arazo handiena, hots, nazionalisten eta komunisten arteko gatazka, berpiztu egin zen. Komunistak irten ziren garaile borrokaldi odoltsu baten ondoren. Txinako komunismoak nahastura moduko bat egin zuen nazionalismoaren eta gizarte iraultzaren artean –oso nahastura erakargarria herritar gehienentzat–, eta hiru bitarteko hauek medio erdietsi zuen garaipena: kontzientziazio kanpaina iraunkorra eta arrakastatsua, nekazariei –biztanleriaren %85– zuzendua; koherentzia praktikoa –japoniarren aurka borrokatu zuten, eta mendean hartu zituzten lekuetan lurra banatu zuten–; gudaroste indartsu eta disziplinatu baten laguntasuna.
Gerra zibila eta komunisten garaipena
1927an, Txiang Kai-Txek jeneralak komunisten
aurkako jazarpena abiatu zuenean,
matxinadara deitu zuten komunistek
Kantonen. Gudarosteak oso gogor zapaldu
zuen matxinada ahalegina, eta matxinatuen
artean bizirik irten ziren buruzagiek
–Mao Zedong, besteak beste– mendira
jo zuten. Mendian Gudaroste Gorria eratu
zuten, sobietarren eredura, eta abian jarri
zuten, nekazarien laguntzarekin, Txiangen
errejimenaren aurkako erresistentzia. Alderdi
Komunistak gero eta jarraitzaile gehiago
bildu zuen: batetik, Txiangen antikomunismo
itsuarengatik –eta hori zela eta,
nekazariei jazarriz egin zituen sarraskiengatik–,
eta, bestetik, gobernuak agindu
zuen nekazaritza erreforma gerotik gerora
uzteak nekazarien artean eragin zuen nahigabeagatik.
1931ko abenduan Maok errepublika
sobietarra sortu zuen Txinako hegoaldean,
Kiangsi (Jiangxi) probintzian;
Txiangen gudarosteak ezarritako setioak,
ordea, herrialdeko iparraldera ihes egitera
behartu zuen. Martxa Luzea deitu den ibilaldi
hartan abiaturiko 120.000 lagunetarik
gehienak bidean hil ziren. Mao buru zutela,
gudaroste gorriaren hondarrak Shenxin
finkatu ziren eta jabetza pribaturik gabeko
estatu bat sortu zuten bertan. 1937an
japoniarrak Txinan sartzearekin, Maoren
eta Txiangen arteko borrokak eten egin
ziren, etsai komunari elkarrekin aurre egin
ahal izateko. Bigarren Mundu gerra amaitzean,
ordea, bi aldeen arteko gerra zibila
lehertu zen. Horrenbestez, japoniarren zortzi
urteko okupazioak eta haien aurkako
gerrak ekarritako txikizioaz gain, lau urteko
(1945-1949) guda zibilak eragindako
odolustea pairatu behar izan zuten txinatarrek.Azkenean komunistek irabazi zuten gerra.
Osteen kopuruari dagokionez Txiang
gailen ageri bazen ere –2’5 milioi gudari,
Maoren 300.000ren aurka–, nekazarien etsaigoak
indargabetu zuen nagusitasun hura.
1949rako komunistek beren esku zuten
herrialdearen kontrola; urtarrilean Pekin
errendarazi zuten, maiatzean Xangain sartu
ziren –aurreko urtetik setiatua–, eta urrian
Kantonez jabetu ziren. Kuomitang-eko nazionalistek,
Formosara (Taiwan) eta inguruko
uharteetara erretiraturik, Estatu Batuen
babespeko gobernua ezarri zuten bertan.
1949ko urriaren 1ean Txinako Herri Errepublika
aldarrikatu zen era ofizialez.
Errejimen komunista
Berreraikitze aldia (1949-1952)
1949an gobernu komunistaren lehen
aldia abiatu zen. Hiru urteko denbora bitartean
herrialdearen batasun geografikoa berreskuratu
zuten estatu aginpide sendo baten
bidez. Gerrako urteek hondaturiko Txina
haren berreraikuntza ekonomikoa hasi
zen eta aldaketa erabakigarriak sartu ziren
gizartearen baitan. Gobernu komunistak
jabe handien lurrak banatu zituen eta 300
milioi nekazari jabe txiki bilakatu ziren. Alfabetatzea
eta irakaskuntza hedatzea helburu
zuen egitaraua garatu zuen, bai eta hizkuntza
eraberritu ere, erraztu eta Pekingo dialektoaren
nagusitasuna ezarri. Sexuen berdintasuna
eta ezkontidea aukeratzeko askatasuna
aldarrikatu zituen, bai eta ezkontzeko
adin legala atzeratu ere. Erlijioaren
alorrean, konfuzionismoari esetsi zion, lurjabe
handien eta mandarinen aginpidea zuzenesten
zuen etsipenezko erlijioa zelakoan.
Halaz guztiz, jabego pribatua eta talde politikoen
aniztasuna onartu eta mendebaleko
elizak –katolikoa zein protestanteak– errespetatu
zituzten.
Sozialismorako trantsizio aldia (1953-1957) eta “Aurreranzko jauzi handia” (1958-1960)
1952an alderdi bakarreko errejimena
ezarri zuen Alderdi Komunistak eta, errejimen
sobietarra eredu harturik, sozialismoa
eraikitzeari ekin zion. Hala, ekonomia sozialista
bi zutabe oinarrizkoen gainean egituratzea
erabaki zuten: nekazaritzaren kolektibizazioa
eta industria astunaren garapena
–lehentasunezkoa berau–. Kooperatibak
ezarriz burutu zen nekazaritzaren kolektibizazioa,
eta jabego pribatua toleratzen
jarraitu bazuten ere, lurrak kooperatibaren
mende uzten ez zituen nekazaria kreditorik
eta laguntza teknikorik gabe gelditzen zen.
1955erako laborarien %92 kooperatibetan
sarturik zegoen. Industria astunari dagokionez,
altzairutegi modernoen eta petrolio
produkzioaren garapena sustatu zuten; xede
horretan orobat, burdinbide sarea eta Ibai
Horiko nabigazioa bultzatu zituzten. Errusiaren
laguntza nabarmena izan zen aldi
horretan, bai finantza eta bai teknika alorrean.
Maok sozialismorako trantsizioa amaitutzat
eman zuenean, ondoko helburuari
ekin zion: komunismorako trantsizioa, “Aurreranzko
jauzi handia” alegia. Nekazaritzak
eginkizun nagusia hartu zuen bere gain eta,
horrekin batera, nekazaritza ustialeku molde
berria agertu zen: komuna izenekoa
–maoismoaren ezaugarria–, kooperatibaren
ordez. Nekazarien lurra eta produkzio bideak
ez ezik, etxeko eta familia bizitza ere
kolektibizatu ziren komunan; horien ordez,
komunako administrazioak gizarte zerbitzuak
eskaini zizkien kide guztiei –jantokiak,
haurtzaindegiak, eskolak, osasun zentroak, etab.–. Herri komuna handiak –23.500
inguru, 5.000 familiak osaturik bakoitza– eratu
ziren landako jende guztia baliatuz, baina
era dogmatiko batez eratu ziren, planifikazio
akatsak eginez eta errealitateaz arduratu
gabe. Komunak antolatzerakoan
egindako errakuntzek –komunen neurri
eskergak zirela eta, zaila gertatzen zen haien
administrazioa– eta eguraldi txarrak oso uzta
kaxkarrak ekarri zituzten, gezurrezko estatistika
ofizialak gorabehera. Hala, bada, “aurreranzko
jauzi handian”, 20 milioi inguru
txinatar hil zen, gosez.
Errestaurazio moderatua (1960-1976)
Maoren politikaren aurkako kritikak
agertzen hasi ziren eta 1960an Alderdiko
Batzorde Nagusiak, Deng Xiaoping Idazkari
Nagusi zela, erabaki guztiz kritikoa onartu
zuen. Bertan ezarritako komuna eredua
gaitzetsi eta nekazararitza unitate txikiagoetara
itzultzea defendatzen zen. Horrenbestez,
23.500 komunetatik 76.000etara pasa
ziren eta nekazariei baimena eman zitzaien
lur sailak izateko, bai eta jarduera osagarri
pribatuetan aritzeko ere. Alderdiaren ildo
kritikoaren iritziz, sozialismorako trantsizioa
epe luzerako helburua zen eta, hortaz, ezinezkoa
zen Maok nahi zuen komunismoranzko
berehalako urrats hari ekitea. Hartara,
“errestaurazio moderatua” deitu den
aldia zabaldu zen orduan. Printzipio marxista
ortodoxoetara itzultzea eta leninismo
klasikoa indartzea dira haren ezaugarriak.
Praktikan, Alderdiak bere zeregina berreskuratu
zuen masen aurrean eta Estatutik planifikaturiko
ekonomiara itzuli zen. Aldi horretannekazaritza bizkortu eta industria produkzioa
hazi zen. Maok, bestalde, bere boterearen
parte handia galdu zuen; 1959an
Errepublikako Lehendakaritza utzi zuen –Liu
Shao-ki-k hartu zuen kargu hori– baina alderdi
burua izaten jarraitu zuen, eta benetako
aginpidea ildo kritikoaren aitzindarien
–Deng Xiaoping eta Liu Saho-ki– esku geratu
zen. Mao, ordea, ez zegoen politikatik
erretiratzeko prest: burgesia berri baten sorrera
salatu zuen eta “errestaurazio moderatuari”
kapitalismora desbideratu izana leporatu
zion. Hala bada, 1965etik hara abiarazitako
oldarrak Kultura Iraultza deiturikoa
ekarri zuen. Urtebete lehenago Liburu Gorria
argitaratu zen, haren esaldi bilduma bat;
liburuak Maori buruzko kultu gehiegizkoa
eragin zuen.
Kultura Iraultza (1966-1976)
Alderdiaren ildo moderatuaren aurka
maoistek jotako erasoa zuzentasun iraultzailaren
izenean burutu zen eta Txina osoa
inarrosiko zuen zenbait urtez. 1965eko
amaieran Maok Txina zeharkatu zuen masen
mobilizazio ideologikorako dei eginez
eta iraultzari traizio egindakoak oro salatzearren
–orduan zeharkatu zuen Yangtse
ibaia igerika bere indarra erakusteko asmoz–.
Muturreko militanteak bidali zituzten
unibertsitateetara gazteek “kapitalismoaren
errestaurazioaren” aurka egin zezaten;
Alderdiko sektore moderatua suntsitzea
zen Maoren azken xedea. 1966ko
abuztuan lorpen handia erdietsi zuen
Maok. Izan ere, masen adierazpen politiko
askea eta iraultzaren kontrola bermatzen
zituzten hamasei puntu onartu zituen alderdiarenBatzorde Nagusiak. Puntu horien
arabera, alderdikideak kritikaren jomuga
izan zitezkeen eta herriak kargutik ken zitzaketen;
alderdiko buruzagiek errakuntzen
kritika bultzatu behar zuten; premiazkoak
ziren bai masen heziketa politikoa (dotrinatze
politikoa komunetako ordutegiaren barne,
Maoren Liburu Gorriaren irakurketa
kolektiboa) eta bai langile, nekazari eta
ikasleak elkarrekin bizitzen jartzea ere, hartara,
beren mundu ikuskera eraberriturik,
Iraultza arrakastaz gauzatu ahal izan zezaten.
Alderdiko buruzagi asko kontrairaultzailetzat
salatuak izanik, kargutik kendu,
kartzeleratu, hezkuntza alorretara bidali edo
hil egin zituzten. Intelektualena gehien jotako
sailetarikoa izan zen: Maorentzat herritik
at buruturiko jarduuera intelektuala
delitua baitzen. Hortaz, irakaskuntza
proletarizatzea eta intelektualak eskulangileekin
berdintzea izan zen haren lehentasunetariko
bat. Mendebaleko kulturak eta
erlijioak eraso bortitzak jasan zituzten. Txina
osoan “batzorde iraultzaileak” eratu ziren
eta goardia gorriak deituriko gazte armatuen
ekintza eta metodo suntsitzaileek
indarkeria zabaldu zuten bazter guztietara.
Kaosak herrialde osoa hartu zuen. 1966-
1967 bitartean ia gerra zibileko egoera bizi
zuen Txinak: gudarostea eta alderdia zatikaturik
ageri ziren eta mugimendu iraultzailearen
baitan ere zenbait fakziok elkarri
erasotzen zioten. Azkenik, aginte zentralak
zigortu egin zituen muturreko sektoreak.
1969ko apirilean Alderdiaren IX. Kongresuak
Maoren postulatuen arrakasta aldarrikatu
zuen; Iraultza buruturik zegoen
–nahiz eta, agintari txinatarren arabera, 1976
arte ez zen ofizialki amaitu–.