Historia Unibertsala»Egungo aroa
Ekonomiaren zuzpertzea
Bigarren Mundu gerrak erabat nahastu zituen nazioarteko ekonomia harremanak. Hala
ere, 1945 eta 1975 arteko aldia bereziki oparoa izan zen mundu osoan, nahiz eta oso
alde handiak izan leku batetik bestera. Urteko %5eko baino hazkunde handiagoa izanik,
Estatu Batuek, Europa mendebalekoak eta Japoniak atera zituzten etekinik handienak.
Goraldi demografikoak, inbertsio publiko eta pribatuen gehitzeak, aurreramendu
teknologiko izugarriak eta trukeak mundu osora zabaltzeak, hazkundea bizkortu zuten,
eta multinazional bihurtu ekoizpena. Hazkunde azkar eta etengabeko hiru hamarraldi
izan ziren, ‘hogeita hamar urte gloriazko’, herri garatuenetan aldaketa ekonomiko,
sozial eta kultural sakonak eragin zituztenak.
Europaren berreraikuntzaren giltzarriak
Egitura politikoen demokratizazioaren,
Ipar Amerikaren laguntzaren eta keynesiar
taxuko politika interbentzionistaren bidez,
harrigarri bizkor egin zen Europaren berreraikuntza.
Gerra ondoko zuzpertze lasterrak
bake, oparotasun eta lankidetzako aldi luze
baten erroak ipini zituen mendebaleko Europako
herrietan.
Gerra ondoko Europaren egitura politiko berria
Naziak garaituak izan ondoren, alderdi filofaxistek eta eskuin muturrekoek izena galdu zuten erabat, eta, aitzitik, berrindartu egin ziren sozialistak eta komunistak. Kristaudemokratak ere, ‘eskuin berria’, sendotu egin ziren: sozialisten klase gatazka eta berdintasunaren aurrez aurre, kristau anaitasuna gogorarazten zuen kristaudemokraziak, gizonak adiskidetzeko eta gatazka sozialen irtenbide moduan. Europako ekialdean sobietarren nagusitasunak gobernu komunisten garaipena erraztu zuen artean, mendebalean betoa jarri zieten gobernuetan iparramerikarrek komunistei; demokrazia parlamentarioaren eta merkatu ekonomiaren alde ere egin zuten. Zenbait herritan berehala itzuli ziren gerra aurreko bizimodura –hala Britainia Handian, han ez erakunde sistema, ez alderdi sistema, ez baitziren aldatu gerra garaian–; Suitzan eta Suedian ere antzera gertatu zen, ez baitziren gatazkan sartu. Baina nazien aginteak sistema liberalaren oinarriak suntsitu zituen lekuetan, prozesu konstituziogile bat jarri behar izan zen abian, faxisten kontrako indar guztiak bilduta. Halaxe sortu ziren 1946- 1949 urteetan IV. Errepublika Frantsesa, Italia errepublikarra eta Alemaniako ErrepublikaFederala. Demokraziaren aldeko prozesu horretatik kanpo geratu ziren Francoren diktadura (Espainian) eta Salazarrena (Portugalen). Egitura politiko berria definitu ondoren, berreraikuntza lanei heldu zieten europar gobernuek.
Marshall plangintza (1948-52)
1945ean Europa erabat etsita, lur jota
eta akitua zegoen. UNRRA izeneko NBEaren
mendeko organismoaren bidez jasotako
laguntzak ez ziren inola ere nahikoak izan.
Gerra hotza piztu zenean, Sartaldeko Europa
erraz geratuko zela komunisten esku uste
izan zuten iparramerikar politikari askok,
baldin eta ez bazuen laguntza azkarra eta
egokia jasotzen. G. Marshallen ekimenez,
Truman lehendakariak laguntza ekonomikoko
plangintza zabal bat antolatu zuen
1947an europar demokraziak sendotzeko;
besteak beste kreditu biguinak, lehengaiak,
teknologia eta jestio moduak ugari bidaltzea
aipatzen ziren plangintza hartan. 1948
eta 1952 urte artean jasotako laguntza, guztira,
12.800 milioi dolarretara iritsi zen. Marshall
plangintza Europako 16 herrialdetan
aplikatu bazen ere, onuradun nagusiak Britainia
Handia, Frantzia, Italia, Alemania Federala
eta Holanda izan ziren. OEEC sortu
zen jasotako laguntzen banaketaren egokitasuna
zaintzeko; erakunde horrek, gainera,
garaile eta garaituen arteko hesia hautsi,
elkartasuna sendotu eta mendebaleko ekonomien
bateratzea bultzatu zuen. Iparramerikarren
laguntzari esker, Europak ezin lasterrago
finantzatu zuen bere berreraikuntza.
Baina Estatu Batuek ere izan zuten irabazirik.
Emandako kredituak berreskuratzeaz
gainera, dolarraren internazionalizazioa
lortu zuten, truke libreko eremu bat sortu
Atlantikoaren bi aldeetan, eta merkataritzaren
eragina sendotu zuten Europan, hura
bihurtu baitzen amerikar ekonomiaren bezero
nagusia.
Europar ekonomien ordenamendua, Keynesen ereduaren arabera
John. M. Keynesen eredu teorikoari jarraiki,
OEECko ia gobernu guztiek estatuaren
interbentzionismoaren alde egin zuten
beren ekonomien hazkundea ordenatu eta
bizkortzeko, enplegu betea eta gizarte kohesio
handiagoa lortzeko. Inbertsio publikoa
bultzatu zen, eta ekoizpena azkartu sektore
erabakigarrien ‘nazionalizazioaren’ bidez
(energia ekoizpena, garraiobide publikoak,
telekomunikazioak, banku sistema, etab.).
Baina estatuaren interbentzioak ez zion sistema
ekonomikoari bakarrik eragin. Beveridgek
proposaturiko britainiar ereduari jarraiki,
europar gobernuek sistema fiskal
progresibo bat jarri zuten abian, babes sozialeko
sistema sofistikatuen bitartez, nazio
errenta banatzeko helburuaz; sistema horietan
nagusiak irakaskuntza eta osasunaren
dohakotasuna, etxebizitza erosteko laguntzak
eta eritasun, enplegu falta eta jubilaziorako
plangintza zabal bat ziren. Aberatsen
eta pobreen arteko aldeak desagertu
ez ziren arren, asko murriztu ziren desberdintasun
sozialak. Lanaren mundura ere iritsi
zen gizarte akordioa, eskubide sindikalak
eta talde negoziazioak onetsi zirenean. Ugazaba
eta langileen arteko adostasunak hartu
zuen borrokaren lekua. Ekonomiaren
berrindartzeak kultura demokratiko bat
finkatu zuen, erradikalismo ideologikoak
(barnean) eta nazioen arteko areriotasunak
(kanpoan) desagertarazi zituena. Erreforma
horiek guztiek oso tankera berezia eman
zioten europar kapitalismoari, amerikarra
baino askoz ere bigunagoa baitzen, eta gizarteari
buruz askoz sentikorragoa.
‘Mirari ekonomikoen’ garaia
Sartaldeko Europako ekonomia oso bizkor eta modu ordenatuan garatu zen 1945etik aurrera. 1952an gerra aurreko ekoizpen indizeak iritsi ziren, eta hurrengo hogei urteetan ikusgarria izan zen OEECko herrialdeen hazkunde erritmoa. Bereziki aipagarria da Alemaniako Errepublika Federalaren kasua, hango ekonomia bihurtu baitzen, japoniarrarekin batera, munduko dinamikoena.
Alemaniaren kasua
1945eko Alemania garaitu, umildu eta
behartsu hartatik, Errepublika Federala sortu
zen, demokrazia liberal eta kapitalistaren
eredu. Adenauerren eta haren Ekonomiako
ministro Ludwig Erharden gidaritzapean,
AEFak saihestu egin zituen nazionalizazioak.
‘Merkatuko ekonomia sozial’ bat
ipini zuen, presio fiskal apalean, diruaren
egonkortasunean eta truke librean oinarritua.
Berandu gabe, industria gaien esportatzaile
garrantzitsua bihurtu zen germaniar
ekonomia, etengabe zabaltzen zen merkatu
batean. 1960-70 hamarraldian, munduko
hamar multinazional handienetakoen artean
zeuden. Volkswagen (autoak), Bayer (botikak),
eta Siemens (etxetresnak); lortua
zegoen guztientzako lana, eta alemaniar
aseguru sozialeko sistema munduko hoberenetakoa
zen. Faktore sail batek ekarri zuen
Alemaniaren arrakasta: egonkortasun soziala
bultzatzen eta aurrezki pribatuak inbertsio
produktiboetara bideratzen zituen politika
ekonomikoa; langileria asko eta kualifikazio
handikoa izatea; produktibitearen hazkunde
etengabea, soldaten moderazioak eta
enpresa adostasunak indartua; hezkuntza
sistema publikoa, modernoa eta eraginkorra,
kalitatezko formazio tekniko eta profesionala
segurtatzen zuena, eta, azkenik,
hornidura ondasunetan espezializatu izana
ekonomia, berrikuntza teknologikorako
ahalmen izugarri bati esker.
OEECko herrialdeak
Europako beste herrialdeek ez zuten iritsi
Alemaniaren hazkunde tasa bera (1950-
1970 artean, %5,5 urteko batez beste). Batzuk
ordea aski hurbildu ziren, Italia adibidez
(%5). Energia faltak, Mezzogiornoaren
atzerapenak eta gobernuaren egonkortasun
faltak eragotzitako ekonomia hura indarrez
bultzatu zuten konpainia multinazional handiek
(Fiat, Olivetti), eta IRI (‘Industriaren
Berreikuntzarako Institutua’) delakoaren
inguruan bildutako estatuko sektorearendinamismoak. Frantziak ere gora egin zuen,
mantso baina etengabe, nahiz eta langileak
falta izan (inmigrazioak orekatu zuen nolabait
akats hori), zurruna izan laborantza sistema
eta kolonietako inperioa galdu. Baina
gainditu ziren oztopo horiek guztiak, planifikazio
argi bati esker batetik, eta bestetik,
industriaren garapena, ekonomia misto
baten baitan, bultzatu zuen inbertsio politika
bati esker. Izan zuen orobat arrakastarik
Iparraldeko (Suedia, Norvegia, Finlandia
eta Danimarka), Austriako eta Beneluxeko
‘kapitalismo sozializatuak’. Herri horietan
esportazioen tradizioa eta estatuaren bitartekaritza
bateratu ziren, eta horrek gizarte
adostasuna, merkatuaren oreka, errentaren
banaketa eta gizarte zerbitzuen zabalkundea
ziurtatu zuen. Emaitza eskasenak
beste garai batean ‘munduko lantegi’
izan zen Britainia Handikoak izan ziren.
Urteko hazkunde tasa %2,5 izanik, azkena
gertatu zen industria herrialdeetan. Produktibitatearen
beherekadak, sektore nazionalizatuen
gehiegizko pisuak eta gastu publiko
handiegiak (zerbitzu sozialetan eta defentsan)
areagotu egin zuten Britania Handiaren
beherakada motela, gerra aurrean jada
nabarmentzen zena.
Oparotasunezko hogeita hamar urte
Jean Fourastié frantses ekonomilariak finkatu zuen ‘hogeita hamar urte gloriazko’ esapidea 1945-1974 urteak, hau da, munduko (eta Europako) kapitalismoaren urrezko aldia izendatzeko. Teknologiaren garapenak (atomoaren aurkikuntza, petrolioaren gero eta garrantzi handiagoa energia iturri gisa, telekomunikazioak, kimika eta medikuntza, etab.), eginkizun erabakigarria izan zuen hiru hamarraldi oparotasunezko horietan. Baina ez zen ekonomia bakarrik hazi. Kontsumo gizartearen agerpenarekin batera, egitura sozialak, ohiturak eta talde pentsamoldeak ere aldatu ziren.
Gizarte egitura berria
Berreraikuntza ekonomikoa urbanoa eta industriala izan zen batez ere. Baserri giroan jaiotza tasak handiagoak izan arren, milioika gazteek hirietara jo zuten 50. eta 60. hamarraldietan. Landaldea uzteak berekin eraman zituen usadio zaharrak ere, eta aldi berean laborantzaren kapitalizazioa, eta nekazaritza intentsiboa eta mekanizazioa erraztu zituen. Bigarren sektorea izugarri hazi zen eta erdiko klase berri bat sortu zen, enpresa handien industria ekoizpenari loturik (ingeniariak, kontulariak, jerenteak,lantegi buruak), baina are gehiago hazi zen hirugarrena, merkataritza gaien salmentari eta banaketari, eta estatu zerbitzuei loturik (funtzionarioak, sendagileak, irakasleak, etab.). Aldaketa horiek konplexuagoa eta malguagoa egin zuten egitura sozio-laborala: irakaskuntza orokortuak, eta lanerako aukera ugariek, biziki erraztu zuten mugikortasun soziala. 1960-70 hamarraldiaren bukaera aldean, hirietako kulturaren eraginpean zegoen Europako gizartea ia osorik, bai bizitzeko estiloari, bai kontsumo moduari zegokionez.
Kontsumo gizartea
Soldaten gehitzeak, emakumea lan merkatuan
sartzeak eta zerbitzu sozialeko sistema
berriek, talde jokamoldeak aldatu zituzten.
Oinarrizko gastuek (jatena, jantzia
eta etxebizitza) nagusitasuna galdu zuten
familiaren errentan. Bai epekako salmenten
sistemaren zabalkundeak, bai publizitate
eta marketing sistema berriek, kontsumoaren
zabalkundea erraztu zuten. Zinemak
eta telebistak –dudarik gabe, horiek
dira garai honetako aurkikuntza handiak–,
kultura berdindu zuten, eta ‘amerikar bizimodu
sistema’ zabaldu. Automobila kontsumo
gizartearen ikur bihurtu zen, eta tresna
elektrikoz bete ziren etxeak. 1956an,
britainiar familietan, %8ak bakarrik zeukaten
hozgailua, 1962an baziren %33, eta %69
1971n. Antzera gertatu zen garbigailu eta
besteekin. Baina, aldi berean, urte haietako
iraultza zientifiko-teknologiko handiaren
itzalean, merkatu erraldoi bat sortu zen (ondasun,
zerbitzu, ideia eta emozioena), kontsumitzailearen
eskubide politiko funtsezkoena
hautatzeko eskubidea bihurtu
zuena.
Gazteen kultura
1960ko hamarraldian gazte dirudunentzat-eta (ikasleak edo langile ezkongabeak) pentsatutako moda bat sortu zen. Erritmoak, filmak eta janzkerak ziren, eta berehala gainditu zituzten mugak eta gizarte klaseak. Estilo berezia zuten, informala eta gurasoen seriotasunari nolabait ere irri egiten ziona. 60-70 urteetako gazteen uniformearen osagaiak jeansak ziren, kolore biziko elastikoak eta ile luzea mutilentzat, eta, neskentzat, minigonaren aukera. Alabaina, musikak markartu zuen batez ere gaztedi hura –folka, bluesa, rock and roll amerikarra eta ingelesa–. Ingelesez jakin gabe ere, mundu guztiko gazteak hunkitu zituen Beatlesen ‘Strawberry Fields’en eskapismo malenkoniatsuak, edo Rollings Stonesen ‘Jumping Jack Flash’en haserre ikonoklastak.