Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Bigarren Mundu Gerra.

Mugarik gabeko gudua

USAF-eko hegazkinak Lufwaffe-ko hegazkin base bati erasotzen Lechefelden (Alemania) 1944ko irailaren 12an.<br><br>

 

Gerraren ondorioak

Bai giza galerei, bai bestelako galerei dagokienez, Bigarren Mundu gerraren kostua Lehenengoarena baino askoz handiagoa izan zen. ‘Erabateko gerra’ harekin, ordu arte onartzen ziren arau moralak ere hautsita, heriotza eragiteko modu askoz ere latzagoak erabili ziren.

 

Galera demografikoak Gerraren emait...

Galera demografikoak Gerraren emaitza beldurgarria da: 50- 60 milioi lagun hilak. Zenbait herritan bereziki gogorrak izan ziren gerraren ondorioak, hala Sobiet Batasunean (20 milioi), Txinan (7 milioi), Alemanian (6 milioi) eta Polonian (5,8 milioi, biztanleriaren erdia).

Trajediaren handiari zentzugabekeriaren izua erantsi behar zaio gainera. Herritar zibilak ziren hilen erdiak baino gehiago. Asko eta asko ia defentsarik gabeko hirien bonbardaketetan hil ziren; beste asko kolaborazionista izateagatik hil zituzten, edo erresistentzia mugimenduetako kide izateagatik fusilatu. Holokausto nuklearrak eragindako asaldura izugarria nazien kontzentrazio esparruek bakarrik gainditu zuten, sei milioi judu hil baitziren haietan. Lehen gerraren ondoko muga aldaketak milioika erbesteratu eragin zituen; era guztietako miseriak bizi behar izan zituzten erbesteratuek eta hotzez, izurriteen eraginez eta goseak hil ziren asko eta asko. Gerra garaiko ankerkeria alferrak eta itxaropenik gabeko etorkizunak egonezina sortu zuten gizartean, gerra ondoko existentzialismoak garbi adierazi zuen bezala.

 

Mundu suntsitu bat

Gerran aireko bonbardaketak eta gudatalde motordunak erabili zirelarik, izugarriak izan ziren txikizio materialak. Coventrytik Hiroshimaraino eta Rotterdamdik Belgradoraino, hiri asko txiki-txiki egin ziren. Erabilezinak geratu ziren industria eraikuntza eta garraiobide asko. Erabat suntsitu zituzten Erdiko Europako, Balkanetako, Europa aldeko Errusiako eta Txinako iparraldeko eremu zabalak. Erretiratzen ari ziren gudarosteek suntsitu egiten zuten atzera uzten zuten lurra. Ekoizpen egituren antolamendu falta are larriagotu zuen lehengaien eta diru baliabideen faltak. Garaileek ere izan zuten arazorik. Denbora askoan gobernu frantsesa eta britainiarra ez ziren gauza izan inflazioamenderatzeko eta anoa banaketako libururik gabe moldatzeko. Alemania okupatuan desagertu egin zen dirua, eta amerikar zigarroak bihurtu ziren truke gai. Okerrago geratu ziren Berlin eta Moskuren arteko herriak, armada gorriak konfiskatu egin baitzuen baliozko gauza oro, gerrako ordain gisa. Europatik kanpoko herri indartsuek, gaztazkatik urrun zeudenek, Kanadak eta Australiak adibidez, haiek bakarrik lortu zuten irabazirik borrokan ziharduten herrien eskaeretatik. Bereziki onuradun gertatu ziren Estatu Batuak; hala, 1945ean mundu osoko industria ondasunen erdia amerikarrek ekoizten zuten, eta haienak ziren urre erreserben bi heren.

 

Holokaustoa

Hitlerrek eta nazionalsozialismoak muturreko alderdietara eraman zituzten arrazismoa eta antisemitismoa. Arrazen inguruko teoriak XVIII. mendearen bukaeran jaio ziren, baina XIX. mendearen bukaeratik aurrera teoria horiek arrazismo bihurtu ziren, Gobineau eta Lapougeren baieztapenen bidez.

Hitlerrek antisemitismoaren premisak ideologia politiko gisa zehaztu zituen Mein Kampf liburuan, eta alderdi nazionalsozialistaren programako laugarren puntuan argi eta garbi esan zuen “judu bat bera ere ez da (alemaniar) nazioko kide izango”. Horrenbestez, 1933an aginpidera iritsi zenetik eta gerra hasi zen arte, juduek presio ekonomiko eta fisikoa jasan behar izan zuten, eta Alemaniatik irtetera behartu zituzten: beren ondasunak eta eskubideak kendu zizkieten, eraso egin zieten eta seinalatu egin zituzten, eta lehenengo kontzentrazio esparruetara eraman zituzten aurkari politikoekin batera (etsai politikoak ziren gehiengoa hasieran). Garai hartakoak dira Dachau, Oranienburg, Ravensbrück edo Mauthausengo kontzentrazio esparruak. Gerra hasi zenean kontzentrazio esparruen kopuruak gora egin zuen, gero eta preso gehiago hartzen baitzituzten; errepresioa gogortu egin zen, eta judu, ijitu, homosexual, gaixo eta etsai politikoak atxilotu zituzten. Juduei dagokionez, edo getoetan biltzen zituzten (Lodz, Varsovia…), edo atzerrira bidaltzen zituzten bestela. Baina aldi latzena Wannseeko Konferentziaren ondoren hasi zen (1942ko urtarrila), agintari naziek “azken buruko irtenbidea” bilatzea erabaki zutenean,alegia Europako judu guztiak era sistematikoan hiltzea (gas ganberetan eta errausketa labeetan). 1941ean, Errusiako inbasioaren garaian, polizia bereziek milioika lagun hil zituzten (Keitel mariskalaren Nacht un Nebel –Gaua eta Lainoa– dekretuak babesturik). Kontzentrazio esparruen sistema, bizitzeko baldintza gogor eta atxilotuak lekuz aldatzea eta sistematikoki desagertaraztearekin bospasei milioi judu hil zituzten; horiez gainera, lau milioi ijitu (europar ijituen herena) eta ia ehun mila buru gaixo. Hil zituzten juduetatik erdia poloniarrak ziren, eta ehuneko hamarrera jaitsi zen judu kopurua. Aliatuek, gerra amaitu zenean, Nurembergeko epaiketetan agintari naziak epaitu zituzten delitu horiengatik eta beste batzurengatik (1945. urte bukaera-1946. urteko lehen hilabeteak). Handik zenbait hamarraldietara, hainbat historialak holokaustoaren inguruko beren teisak eman zituzten argitara eta teoria horietako batzuek tirabira handiak eragin zituzten. Eztabaita ezagunenetako bat 1996an izan zen, “Goldhagenen eztabaida”; egile horrek bere lan batean (Hitler´s willing executioners) aipatzen baitzuen alemaniar “herritar xeheak” zuzenean parte hartu zuela genoziodio hartan.

 

Zeruko mehatxua

Hegazkinetatik bonbak jaurtitzeko sistema Lehen Mundu gerran ere erabili zen, baina Lehen Mundu gerran aerodromoak edo komunikabideak bonbardatzen ziren bakarrik. Bigarren Mundu gerran, aldiz, hiriak bonbardatzen hasi ziren; era horretan, herriaren morala eta erresistentzia suntsitzen zen eta hiriak babesteko erabili behar ziren baliabideak. Espainiako 1936-1939 gerra zibilan alemaniarrek eginak zituzten mota horretako saioak, eta horren erakusgarri dira Durangoko, eta bereziki, Gernikako bonbardaketak.

Alemaniarrek Ingalaterra hegoaldeko hiriak bonbardatu zituzten gerraren hasieran, eta 1944an V-1 bonbak bota zituzten Londresen. Hori bera egin zuten Polonian eta SESB-en 1939an eta 1941ean hurrenez hurren, helburu estrategikoen kontra (hegazkinentzako pistak). Baina Ingalaterra eta Ipar Amerika ez ziren horregatik atzean gelditu. 1944az geroztik, Alemaniako hiriak txiki-txiki egin zituzten; Dresden esate baterako 135.000 lagun hil ziren (1945eko otsaila). Bonbardaketen helburua herriaren morala ahultzea zen batetik, eta bestetik, etsaiaren produkzio ahalmena gutxitzea.

Hala, lantegiak eta komunikabideak borbardatzen ziren batez ere. Hori dela eta, Speer-ek, alemaniar gudarosteko jeinuak, lantegi militarrak ezkutatu behar izan zituen.

III. Reich-ak gerraren azken urteetan eraso ugari jasan bazituen ere –1942an 48.000 tona bonba jaurti zituzten, 1944an, berriz, 915.000–, gauza izan zen bukaera arte ahalmen militarra ia bere horretan mantentzeko.

Japonian ez zen, ordea, halakorik gertatu: amerikarren bonbardaketek %20ra jaitsiarazi zuten bertako industriaren ahalmena.

Gerra bukatu ondoren, askotan kritikatu badira ere alemaniar hirien kontra egin ziren bonbardaketak, bonba atomikoekin iritsi zen gorenera sarraski hura, 1945ean Hiroshima eta Nagasaki hirien kontra jaurti ziren bonba atomikoekin hain zuzen ere.

Lehenengo hirian ehun mila hildako izan ziren gutxi gorabehera; horrez gainera, aipatzekoak dira, X izpien eta gamma izpien ondorioak. Amerikarrek beren burua zuritzeko arrazoi hauek eman zituzten: eraso harekin gerra etetea lortu zutela, eta horrenbestez, hildako gehiago izatea eragotzi zutela. Baina, ordurako Japoniako ekonomia lur jota zegoen eta armistizioa atzeratzeko agintari japoniarrek egin zituzten ahaleginak ez zetozen bat beraien benetako ahalmenarekin. Dena dela, historian hondamen gehien eragin dituen gerrak (kontuan hartuta zibilengan izan ziren hondamenak) epilogo basatia izan zuen: bonba atomikoa.

 

Kolaborazionistak eta erresistentzia

1987an eztabaida handiak izan ziren Ernst Nolte historialariak argitaratu zuen liburua zela eta. Lan hartan Bigarren Mundu gerra gerra zibila izan zela aipatzen zuenNoltek. Funtsean Noltek esan nahi zuen Alemanian bertan eta gerran parte hartu zuten herrialde guztietan 1930eko hamarraldiko ideologia talde handien arteko borrokak izan zirela, hala agerian nola ezkutuan: demokrazia liberala, komunismoa eta faxismoa. Hala ere, borroka ideologikoaz gainera, borroka geoestrategikoa ere izan zen. Alemaniak Europako zati handi bat hartu zuen bere mendean: Pirinioetatik hasi, eta Mosku, Norvegia eta Finlandiaraino, eta Grezia eta Egiptoraino. Lurralde berrietan hainbat sistema erabili zituen eremua hedatu eta hura administratzeko: III. Reicharen, Alemania Handiaren, eremua zabaldu eta lurraldean haietan zuzenean agindu; administrazio berri bat jarri; lurraldea zuzen-zuzenean okupatu, Wehrmacht-aren bidez (Frantzia okupatua); beste batzuetan, gobernu lagunek agintzen zuten (Italia), edo sateliteek (Eslovakia, Hungaria, Errumania…) edo neutral aldekoek (Espainia); eta beste batzuetan, ideologikoki hurbilekoak ziren gobernuak jartzen zituen agintari (Vichyko Frantzia).

Okupazioari bi eratara erantzun zitzaion: batetik, era aktiboan –kolaborazionismoa edo erresistentzia– eta bestetik, era pasiboan –gizartearen gehiengoa–. Kolaborazio lana herrialde okupatuetako alemaniarrek (eskubide bereziak eman zitzaien) edo lehendik indar zuten ideologia horretako taldeek egin zuten, esate baterako, Léon Degrelleren rexista belgikarrek, Quislingen jarraitzaile norvegiarrek (Nasjonal Samling) edo Antonescuren Burdinezko Goardia errumaniarrak.

Vichyko Frantziari dagokionez (Pétain mariskalak zuzendua), antolamendu berezia zuen. Lehenbizi, kolaborazioan oinarritutako politika hartu zuen, ez zedin kalte handiagorik izan Frantziaren alderdi horretan; baina, egitura horren barruan jarrera faxistak ere izan ziren, Bolondres Frantsesen Legioa edo Maurrasen Action Française-ren politika, adibidez. Pétainen errejimenak ere, “Iraultza Nazionala”, berez faxista ez bazen ere, antzekotasun handiak zituen faxismoarekin, eta naziek baztertzen zituzten gizarte talde guztiak esetsi zituzten: juduak, sozialistak eta komunistak, masoiak… Erresistentzia bestalde, Ingalaterrak eta Estatu Batuek bultzatu zuten mendebalean, eta horretarako erakunde babesleak osatu zituzten: SOE eta OSS, hain zuzen. Erresistentziak garrantzi handia izan zuen Herbehereetan, Belgikan eta eskandinaviar herrietan; azken horietan, erregeen babesa ere izan zuen. Beste herrialde batzuetan erresistentzia monarkikoek edo komunistek, Grezian eta Jugoslavian besteak beste, gerra zibila sortu zuten: Grezian, EDES-eko monarkiazaleek ELAS-eko komunistak garaitu zituzten, britainiarren laguntzari esker; Jugoslavian, Titok irabazi zuen eta gobernu sozialista ezarri zen berriz ere. Polonian eta Txekoslovakian, germaniarren eta sobietarrenarteko hitzarmena hautsi zenean (1941eko ekaina), erresistentzia higikundeak sortu ziren, komunistek bultzatuta. Italian, Mussolini aginpidetik kendu zutenean eta Badoglioren gobenua osatu zenan sortu zen erresistentzia; almaniarren inbasioaren ondoren, erresistentziak hiri asko askatu zituen haien mendekotasunetik, Florentzia besteak beste. Alemanian bertan, aginpidearen kontrako erresistentzia nagusia agintari militar batek eragin zuen, Staufenberg koronelak hain zuzen, Hitlerren kontrako atentatua antolatu baitzuen (1944ko uztailak 20).

Frantziari dagokionez, De Gaulle jeneralaren –Londresen zela– deialdiari jarraituaz, erresistentzia taldeak sortu ziren Frantziaren alderdi okupatuan, eta baita Vichyn ere.

1943ko maiatzean erresistentzia talde horiek Erresistentziaren Kontseilu Nazionalean bildu ziren, eta De Gaulle jenerala izan zuten buruzagi. De Gaullek berak Batzorde bat antolatu zuen Aljer-en; batzorde hartatik irten zen askatasunaren ondorengo lehen gobernua (1944ko ekaina). Horiez gainera, erresistentzia antifaxistan parte hartu zuten, besteak beste, aktibista juduek, alemaniar burgesiako gazte taldeek (Arrosa Zuria), espainiar erbesteratu errepublikazaleek, errusiar partisanoek eta beste hainbatek.