Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

1930-1940 hamarraldiko banaketak sozialismoan

Erasoka, Ramon Casasen margolana, Oloteko Udal Museoa.<br><br>Espainian, sozialismoaren krisia zela eta, PSOEk malgutasun handiagoz jokatu behar izan zuen, eta Primo de Riveraren gobernuaren egituretan parte hartzera iritsi zen.<br><br>

Langile alderdien eta sindikatuen goreneko aldia XIX. mendean izan zela esan ohi bada ere, ez bata ez bestea ez ziren alderdi nagusi izan XX. mendearen hasiera arte. Alemanian, eta ondoren Italian eta Frantzian, legebiltzarreko gutxiengo nagusia izan ziren; beste herrialde batzuetan, Ingalaterran adibidez, eta baita Alemanian, Frantzian eta eskandinaviar herrietan ere, gobernuak osatu zituzten edo haietan parte hartu zuten beste alderdi batzuekin batera. Alderdi horietatik gehienak sozialdemokraziarekin edo laborismoarekin lotuta zeuden, baina 1917tik aurrera alderdi komunistekin aritu behar izan zuten lehian. 1920ko hamarraldiaren hasieratik bertatik, etsaitasunezkoa izan zen sozialisten eta komunisten arteko harremana.

 

II. Internazionalaren bilakaera eta krisia

Marx, Engels, Bakunin eta beste hainbaten garaiko Langile Elkarte Internazionala (AIT), I. Internazionala alegia, 1876an desagertu zen Filadelfian. I. Internazionala oso gogor esetsi zuten gobernuek; horrez gainera, marxisten eta anarkisten arteko borrokek batetik, eta bestetik, elkartea osatzen zuten kideen eta asmoen heterogeneotasunak, Elkartea banatzea ekarri zuten ondorioz. 1889an, Frantziako Iraultzaren mendeurrena zela-eta, Parisko Erakusketa Unibertsala egin zen garai berean, II. Internazionala osatu zen.

Bigarren saio horretan indar handiko alderdi politikoak eta sindikatuak bildu ziren; azken horiek 1900. urtean sortutako Bulego Sozialista Internazionalean elkartuta zeuden. Alderdi haiek legezkoak eta parlamentarioak ziren, erakunde gisa onartuak, eta zeinek bere herrialdeko ezaugarriak zeuzkan; egituraz iraultzaileak eta erreformazaleak ziren. Internazional hartan ez zen jadanik liskarrik izan anarkistekin, izan ere, 1896an, Londresen, legezko alderdiak eta parlamentarioak bakarrik onartzea erabaki zenean, elkarte hartatik kanpora gelditu ziren anarkistak. Aldi berri hartan, ordea, tirabirak izan ziren marxisten artean; familia marxistaren barruan askotariko jendea biltzen baitzen (Juarés, Bernstein, Kautsky, August Bebel, Lenin, Rosa Luxemburg), eta elkarren oso desberdinak ziren elkarteak, alemana eta espainiarra esaterako. Espainian, 1910ean, Pablo Iglesias izan zen lehen diputatu sozialista Diputatuen Ganbaran; Alemanian, aldiz, urte horretan bertan, SPD (Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata) gutxiengo nagusia zen ganbaran.II. Internazionalean izan ziren eztabaidak eta tirabirak hiru gai edo gertaera nagusiren ingurukoak izan ziren. Errebisionismoa zen lehenengo eztabaidagaia, Internazionalak Bernsteinen proposamena atzera bota zuenean sortu zena. Proposamen hartan teoria eta praktika batzea eta sozialdemokraziak ?eta bereziki bere alderdiak, SPD? iraultzailea zela, baina iraultza egin gabe, onestea eskatzen zen. Hori guztia onartuz gero, zalantzan jartzen ziren Marxen zenbait tesi ?kapitalismoaren nahitaezko krisia eta horren ondoriozko sozialismoaren indartzea?, eta demokrazia eta legezkotasuna bide gisa hartzen ziren, ez taktika gisa.

Errebisionismoa baztertu bazen ere, erreformismoa izan zen Internazionalaren ezaugarri nagusia. Kolonialismoaren eztabaidan, Kautskyk ?errebisionismoaren kontrakoak? izan zituen aldeko gehien. Hark kolonialismoa baztertzen zuen tesi bat aurkeztu zuen, nahiz eta Internazionalak eragin gehien zuen herrialdeak ziren kolonialistenak (Alemania, Frantzia, Ingalaterra, Holanda?). Muturreko aldean Lenin eta Rosa Luxemburg zeuden, Internazionalaren azkeneko bi auzietako protagonistak: arazo nazionala eta gerra.

Estatu inperialisten arteko tirabirek iragartzen zuten gerra handia zetorrela, eta gertaera hori zela eta, hainbat iritzi sortu ziren, Internazionalaren barruan, elkarren oso desberdinak. Azkenean, iritzi haien artetik adierazpen bakezaleak batetik, eta bestetik, muturrenekoen iritziak ?iraultza prozesura iristeko, gerraz baliatzea proposatzen zuten?, ez ziren aintzat hartu. Lehen Mundu gerraren atarian, Frantziako eta Alemaniako parlamentario sozialistek gerraren aldeko botoak eman zituzten, eta langile internazionalismoak langileek babesten zuten ?interes nazionala? onartu behar izan zuen.

Horrela amaitu zen II. Internazionala, eta Burgfrieden (?batasun sakratua?) izan zen haren epitafioa.

 

Internazional komunista

Lehen Mundu gerra amaitu zenean, ordea, erabat bestelakoa zen egoera. Errusiako iraultzaren arrakastak lehen estatu proletarioa eta sozialista osatzea ekarri zuen berekin; gerraren ondoren Europan izan ziren iraultzek, aldaketak iragartzen zituzten. Leninek uste osoa zuen iraultza sozialistak zabaldu behar zuela munduan, eta Internazional berri bat osatzeko tesiaren alde egin zuen, gerraren aurreko Internazionalaren ordezkoa hain zuzen. Hala, III. Internazionala, komunista, 1919an sortu zen, Moskun; hasieran, herrialde bakoitzean alderdi komunista bat osatzea proposatu zen, alderdi sozialistetan izandako banaketetatik edo hausturetatik sortuak. Frantzian, adibidez, hala gertatu zen, Tourseko biltzarrean (1920.. rteko abendua). Beste herrialde batzuetan, berriz, banaketaren ondoren komunistak gutxiengo bihurtu ziren, izan ere, Komintern-eko (Internazional Komunista) 21 puntuen edo baldintzen mende baitzeuden: puntu horiek onartzen ez zituztenak erreformistatzat hartzen ziren. Italian komunisten zatiketa, Gramsci eta Bordiga buru zirela, ez zen garrantzi handikoa izan; Alemanian ere ez zen aipagarria izan, SPD-aren ezkerreko taldea (USPD) aurreko Alderdi Komunistari (Paul Leviren KPD) lotu baitzizaion.

Hala, nolabaiteko masa alderdiak osatu zituzten (alde alemaniarrak zuen kide gehien), Txekoslovakian, Norvegian edo Bulgarian esaterako; alderdi horiek, bestalde, legezkoak ziren. Espainian, iraultzaren ametsak bultzatuta, CNT-ko anarkosindikalistak Internazional berriari lotu zitzaizkion; baina berehala bereizi ziren hartatik, Angel Pestañak Moskura egindako bidaiaren eraginez, edo zenbaitek proposatutako irtenbideen eraginez, Emma Goldmanenaren eraginez esate baterako. Beraz, Espainiako Alderdi Komunista txikia izan zen aurrerantzean ere. Internazional berriak bazuen aurreko internazional sozialdemokrataren (1923an behin betiko osatua Hanburgon, Internazional Sozialista izenaz) hondarrei buru egitea, eta horixe zen, hain zuzen, garrantzitsuena. Beraz, etorkizunean ere izango ziren hainbat tirabirak langile mugimenduan.

 

Fronte bakarra, klasea klasearen kontra eta Fronte Popularra

Hauek izan zirenKomintern-en politikaren ezaugarri nagusiak: alderdi komunisten ?sukurtsalizazioa? batetik, eta bestetik, Sobiet Batasunaren mendean egotea. Sobiet Batasunaren buru Stalin zela, Internazional Komunistak hainbat proposamen estrategiko egin zuen; proposamen horiek bat zetozen ?iraultzaren aberria?-k zituen beharrekin.

Hala, Jacques Droz historialariaren hitzetan, aldi berean gertatu ziren, batetik, atzerakoiei aurre egiteko osatu zen ?fronte proletario bakarraren? mezua (1921etik aurrera), eta bestetik, gerrako komunismoaren baztertzea eta Ekonomia Politika Berriaren ezartzea; batetik, 1923-1924 urteetako ?boltxebizazioa?, edo alderdi komunistak garbitzea eta Moskuko aginduen mende jartzea, eta, bestetik, Trotskiren kontrako Stalinen borroka eta ezker komunistaren oposizioa eratzea; txinatar komunistak behartzea Sun Yat-senen Kuomitang-ekin eta burgesia nazionalarekin elkarlanean aritzera batetik, eta bestetik, Stalinek eta Bukharinek alderdi boltxebikea kontrolatzeko behinbehineko hitzarmenak sinatzea; alderdi komunista SESB-ren inguruan batzea eta ?klasea klasearen kontra? estrategia delakoan sozialistak ?sozial-faxista?-tzat hartzea (1928- 1933) batetik, eta, bestetik, Lehenengo Bost urteko Plangintza onartzea, industralizazio politika gogorra eta kanpoko erasoaren beldurra zabaltzea (horrek sozialismoa ?herrialde bakar batean? eraikitzeko Stalinen joera galaraziko bailuke); eta azkenik, sozialistekin eta muturreko burgesekin elkar hartzearen aldeko politika antolatzea, Fronte Popularraren eskutik bideratua (1934-1936), batetik, eta, bestetik, alemaniar gudarostea indartu eta Europa erdialdean nazionalsozialismoa sendotuko zelako Stalinen beldurra nabarmentzea. 1939ko abuztuko alemaniar-sobietar hitzarmenek (Stalin-Ribbentrop ituna) indargabe utzi zituzten Europako alderdi komunistak, eta ez ziren indarberritu gerra amaitu zen arte eta erresistentziak faxismoaren kontra borroka egin zuen arte (Hitlerrek ?sozialismoaren herria? eraso zuenean).

Hala, Komintern-aren politikaren ondorioz, nazioarteko komunismoa Moskuren interesen eta aginduen mende gelditu zen, alegia, Stalinenen mende. Alderdi horiek, errusiar iraultzaileak, eta baita Stalin bera ere, garaitezinak zirelako mitoak eraginda, zenbait garbiketa eta aldaketa estrategiko ulertezin onartu zuten etsi-etsian, baina hainbat tirabiraren ondoren halere. Baina garai hartan oso gertaera negatibo bat izan zen: Sobiet Batasunean eta handik kanpora sortu zen Stalinenganako gurtzaz gainera eta alderdi komunistetako demokrazia erabat desagertzeaz gainera, sozialistak eta komunistak, elkarren lehian, ez ziren gauza izan 1930eko hamarraldian mugimendu faxistei aurre egiteko. Horren erakusgarri da alemaniar nazismoaren goraldia: batzuek zein besteak, hasieran, alderdi indartsuak ziren, bai kideei dagokionez, baita botoei dagokionez ere. Beste herrialde batzuetan, eta Fronte Popularrak indarrean jarri eta gero (Frantzian eta Espainian, batez ere), langileindarrak ezkerreko burgesiari lotu zitzaizkionean, garrantzi handiko aurrerapenak izan ziren legedian, batez ere gizarte arazoetan.

Aurrerapen nagusiak, zalantzarik gabe, Frantzian izenpetu zituzten, 1936an, enpresarioek eta sindikatuek (Matignoneko hitzarmenak), Léon Blum lehen ministro sozialista bitartekari zela. Sindikatuek lortu zituzten aurrerapen nagusiak hauek izan ziren: soldatak igotzea, 40 lan orduko astea, eta urtean hamabost eguneko oporrak ordaintzea.

1943ko maiatzaren 22an, bizi-bizian zela gerra, Biltzar Eragileko Presidiumak Komintern-a banandu zuen. Kominternaren zereginak sobietar alderdi komunistako zerbitzu batek hartu zituen bere gain; zerbitzu haren bidez, alderdi nazionaletako ordezkariak koordinatzen ziren Moskun.

 

Disidenteak

Internazional Komunistaren kontrakoak ezkerraldeko hainbat eremutan bildu ziren.

Sozialdemokraziak haiek proposatzen zuten bidearen kontra egin zuen, eta zenbait egilek, hala nola Otto Bauer-ek, kritika gogorra egin zioten. Internazionalaren aldeko zirenen artean aipatzekoa da Leon Trotski.

Hark, Stalinen kontra, nazioarteko iraultza iraunkorra proposatzen zuen; izan ere, Stalinek ?herrialde bakar bateko sozialismoaren? alde egitea proposatzen baitzuen, edo beste era batera esanda, komunista guztiak SESB-ren estrategiaren mende jartzea.

Horrez gainera, Trotskik, batetik, alderdi komunistaren burokratizazioa, eta,bestetik, sobieten hasierako ahalmena PCUS-eko organoek bereneganatu izana salatu zituen. 1927an alderditik bota zuten, eta handik bi urtera SESB utzi behar izan zuen. 1938an Internazional berri bat osatu zuen, Laugarrena: Stalinen kontrakoa zen argi eta garbi. 1940an Ramón Mercader katalandar mertzenarioak (Moskutik joana) hil zuen Mexikon.

Hasieran boltxebikeen alde egon ziren bakarrak anarkistak izan ziren. Lehen Mundu gerraren hasieran anarkistak indartsu ziren, baina gerraren bukaeran, egoera berrira egokitzeko gaitasun falta eta komunisten banaketa zirela eta ?esate baterako Frantziako CGT-en gertatutakoa, hasieran anarkisten eragin handia izan zuena?, Espainiako CNT-ko anarkosindikalistak gelditu ziren bakarrik benetako indar gisa. 1922an, Berlinen, anarkistek, anarkosindikalistek eta sindikalista iraultzaileek AIT antolatu zuten berriz ere; baina AIT berri hark ez zuen indar handirik izan Espainiatik (1939. urtea arte) eta Ameriketako hegoaldeko zenbait herrialdetatik (Argentina, Uruguai) kanpora.

1920-1921 bitartean, Nestor Makhnok alderdi komunista libertarioa osatzeko saio bat egin zuen Ukrainan, baina Trotskiren Gudaroste Gorriak berehala suntsitu zuen, Kronstadt-eko marinelen matxinadarekin egin bezala. Bestalde, George Orwell ezkerreko komunistak, hainbat literatura lanetan estalinismoaren izaera eta ekintzak kritikatu zuen: Animal Farm, Homage to Catalonia eta 1984, satira, protestazko saiakera eta munduko erregimen totalitarioen iragarpen ezkorra, hurrenez hurren.