Historia Unibertsala»Egungo aroa
Napoleon eta inperioa
1792tik 1815era Frantzia ia etengabe egon zen gerran Europako lurralde eta monarkia
askorekin. Iraultzaren eta gerraren arteko harremanak eragin handia izan zuen iraultzaren
bilakaeran, hainbesteraino non Napoleonek, 1799an aginpidea hartu zuenean,
inperio bat eratu baitzuen Europan. Napoleon Bonaparte jeneral gazte eta garaileak
Brumarioaren 18a (azaroaren 9a) esaten zaion kolpe militar batez hartu zuen aginpidea;
era horretara Kontsulatuaren gobernua kontrolatu zuen lehenengo, eta inperioa
sortu ahal izan zuen gero. Inperioa berrezartzeko asmoak liskar handiak sortuak zituen
Europaren historian, inperio bat sortzeko azken saioa Espainiako Habsburgotarrek
Karlos V.aren agintepean egin zutenez geroztik. Napoleonek ez zuen nahi izan
enperadore bat jaun eta jabe zuen Europa hura berriz eratu, tresna gisa erabili nahi
izan zuen inperio hura bere nahien neurriko sistema bat indarrez Europan ezartzeko.
Horretarako militar gisa zuen trebetasuna erabili zuen, baina berak esana da bere egintzarik
handiena ez zirela bere militar balentriak izan, bere gudarosteek zekarten politika
eta gizarte sistema baizik, Napoleonek berak 1804ko Côde Civil edo Kode Zibilean,
Napoleon Kodea ere esaten zaion horretan, laburbildua utzi zuena.
Izan ere, Napoleonek inperioaz zuen usteak iraultza Europan barrena zabaltzea zekarren.
Horretarako ez zituen inoiz erabili iraultzaren jatorrizko ideiak: nazioaren burujabetza,
ordezkaritza bidezko biltzarra, eskubideen adierazpena. Napoleonek berak
1799an jo zuen amaitutzat iraultza, eta politika eta estatuaren eta gizartearen arteko
harremanak ulertzeko beste modu bat abiarazi zuen, gerora Errestaurazioak eta estatu
liberal klasikoak asko baliatuko zuten gizarte antolamendua. Estatua indartzeko, administrazio
sistema eragin handiko bat sortu zuen, orobat polizia eta zerbitzu sekretuak,
noblezia berri bat, eta bere mendeko estatuen sistema bat zuzenean kontrolatzen zuena.
Hori guztia sorturik zeharo gaitzetsi zuen nazio burujabetzaren ideia.
Printze eta erregeei ez ezik, herri eta nazioei ere aurre egin zien, eta Europak Westfaliako
Bakeaz geroztik (1648) izan zuen lurralde aldaketarik handiena eragin zuen.
Europa eta inperioa
1792az geroztik iraultza Europan barrena
zabaltzen hasi zen. Jacques-Pierre Brissotek
esana zuen orduan Nazio Konbentzioan
tiranoei gerra eginez herriak askatu
beharra zegoela. 1795etik aurrera, Frantziak
aldi baterako bakeak eginak zituelarik potentzia
nagusiekin, iraultza finkatu egin zen
indar militarraren aldetik ahulagoak zirenez
eta nazio barneko toki jakin batzuetan iraultzaile
taldeak bazituztenez eskuragarriagoak
ziren lurralde batzuetan, Herberehetan eta
Italian adibidez. Herrialde horietan Frantziak
kontrolaturiko errepublikak sortu ziren (Bataviako
errepublika, Errepublika Zisalpinoa,
Parthenopeakoa, Liguriakoa) Frantziakoen
antzeko gobernu erakundeekin. Frantziako
iraultzaren egitasmoa oso garbi zegoen;
Europa zaharreko lurralde egiturak aldatu
nahi zituen. Aldi berean, 1795. urteaz geroztik
(aurreko ataletan ikusi denez) Frantziako
iraultzak gero eta antz handiagoa
zuen despotismo ilustratuarena, eta gero eta
antz gutxiago, berriz, nazio burujabetza eta
eskubideen adierazpena ikurtzat zituen hasierako
egitasmoarena.
Militarrek gero eta eragin gehiago izan
zuten gobernuan, eta aldi berean iritzi publikoliberalak (Germaine de Stäel, Benjamin
Constant, Emmanuel de Sieyes, etab.)
gobernu indartsu bat eskatzen zuen errejimen
politiko egonkor bat finkatzeko.
Egonkortasun hori lortzeko, iraultza amaitu
behar zen lehenik, alde batetik iraultzaren
lorpen batzuk mantenduz –ondasunen jabeek
gizartean eta politikan zuten nagusitasuna
(horietako asko eta asko elizaren etanoble emigratuen ondasunekin aberastu
baitziren)–, eta nazioaren baitan segurtasuna
eta lasaitasuna ere bermatuz, horretarako
hitzarmenak egin beharra zegoelarik elizarekin,
eta erbesteratu batzuei itzultzen utzi
behar zitzaiela. Azken finean, frantses burgesia
diktadore baten bila zebilen, iraultza
gelditzeko gauza zen norbaiten bila.
Erradikal batzuen azpijoko saioak hondatu
zirelarik –Babeufena 1797an, adibidez–,
frantses burgesiak Napoleon jo zuen begiz,
ekinaldi militar bikainak egin baitzituen Europan
eta Egipton. Napoleonek ekintza militar
batez hartu zuen aginpidea, parlamentuari
erasoa jo zion eta Kontsulatu bat eratu
zuen, oso pertsona gutxiko gobernu bat
Napoleon bera buru zeukana. Napoleonen
egitasmoa, ordea, gerrari eta gudarosteari
zegoen estu-estu atxikia, eta Europan barrena
zeukan nahitaez zabaldu beharra. Egitasmo
hori burutara emateko, 1802 eta 1804
bitartean jarri zituen 1799an sorturiko kontsulatuaren
errejimena inperio bilakatzeko
oinarriak. Napoleon enperadore koroatzea
sinbolo itxuraz eta tankeraz oso zaindu bat
izan zen. Aita santua aurrean zuela, ez zion
utzi aita santuari koroa hark jar ziezaion, aitzitik
berak ezarri zuen koroa bere buruaren
gainean, era orretara inperioa berea eta ez
beste inorena zuela adieraziz.
Inperioaren hedatzea enperadoreak une
oroz kontrolatu ahal izateko moduan zegoen
pentsatua. Horretarako elite berri bat
sortu zuen, noblezia titulu berriak eman zizkion,
eta bere familiako kideak jarri zituen
mendean hartuak zituen erresumetan agintari.
Napoleonek lurralde batzuk beretu zituen,
hala nola Belgikako lurraldeak, Toscana,
eta Dalmaziako kostaldeko probintziak.
Beste lurralde batzuk, berriz, mendean
hartu zituen, baina haietan agintari kideko
gobernuak utzirik (Helvetiako Errepublika,
Rhineko konfederazioa), eta beste batzuetan
bere familiako kideak jarri zituen tronuan
zeuden dinastien ordez (Napoli, Westfalia,
Holanda, Espainia). Era horretara
Napoleonek kontinente osoko lurraldeetan
sendotu zuen bere nagusitasuna, bere gobernuaren
kontrolpean jarriz eta inperioko
gudarostea noranahi hedatuz, gudaroste hori
mendean harturiko lurraldeek mantendu eta
hornitu behar zutela. Mendetasunezko sistema
horren osagarri, Napoleonek trebe
erabili zuen diplomazia, itun eta hitzarmen
sekretuak eginez, eta era horretara Prusiaren
eta Austriaren txandaka laguntza ziurtaturik.
Inperioak mendean hartuak zituen
lurraldeetako biztanle kopurua 85 bat milioikoa
zen guztira, Frantziak 1789an zuen
biztanle kopurua halako hiru, alegia.
Inperioaren hedatzeak Britainia Handia
izan zuen oztopo bakarra. Britainia Handiko
herri iritziak Napoleonen sistema politikoaren
autoritarismoa salatzen zuen, eta
inperioari aurre egiten zion sistema militareta estrategiko bat eratu zen erresuma hartan.
Horretarako erabakigarria izan zen Britainia
Handiak Mediterraneoaren arroa kontrolatu
izana, Sizilian eta Mediterraneo ekialdean
mendean hartuak zituen lurraldeei
esker, eta baita ere enperadoreak 1808an
Espainian bere mendeko erresumaren buru
ezarri zuen Jose Bonaparteren aurka gerran
ari ziren espainiar matxinatuei Britainia
Handiak eman zien laguntza. Napoleonek,
bere aldetik, Britainia Handiaren eragin horri
aurre egiteko, «kontinente blokeoa» zeritzana
jarri zuen abian; Britainia Handia ahultzeko
ahalegina zen hura, kontinentearen
eta uharteen arteko merkataritza harremanak
eragozteko ahalegina.
Napoleonen sistema
Inperio zabal bat hedatzeaz gainera, Napoleonek
gobernu sistema bat eratu zuen,
eta hein handi batean iraun zuen Errestaurazioaren
garaiko Europan (1815) sortu zen
estatu liberal klasikoan. Sistema horrek nazioaren
burujabetza ukatzen zuen, herriaren
ordezkaritza erakunde nagusietan egon behar
zuelako ideia 1789ko iraultzaileek indarrean
jarria, alegia. Izan ere, parlamentuari
zegozkion erakundeak itxura hutsa baizik ez
ziren izan, enperadorea bera buru zuen eta
enperadoreak izendatzen zuen Estatu Kontseilu
batek kontrolatzen baitzuen sistema
politiko osoa. Eredu hura guztiz ere zen legeak
betearazle hutsa, ordezkaritza bidezko
erakundeek ia ez baitzuten parte hartzerik.
Napoleonentzat garrantzi handia zuen beraz
administrazio eragin handiko bat sortzea,
hierarkia bidezkoa eta Estatu Kontseilu horren
mende egongo zena. Inperioaren funtzionamendua
behar bezala kontrolatuko
zuen administrazio egitura bat sortu zuen:
ministerioak, departamenduko prefetak, kantonamenduetako
subprefetak, eta udalak.Lanpostu horiek betetzeko, elite profesional
berri bat sortu zen, haiek ziren sistema haren
funtzionamendua benetan kontrolatzen
zutenak, eta gerora burokrazia gisa iraun
zuten Errestaurazioaren ondoren.
Jabe taldeek (lurjabeek, industri gizonek,
merkatariek, finantza gizonek) uste osoa izan
zuten sistema hartan, une hartako legediaren
bidez, Kode Zibila (1804), jabetza eskubidea
ziurtatzen baitzien, hura izan zelarik
1789ko Eskubide Adierazpenetik indarrean
iraun zuen eskubide bakarra. Baina Napoleonek
orobat izan zuen herri xehearen eta
nekazarien laguntza, enperadorea eta inperioa
nazioaren handitasunaren eta goraldiaren
ekarletzat baitzeuzkaten, eta ikuspegi
horrek indarrean iraungo zuen Napoleonen
ondorengo belaunaldietan ere.
Inperioaren amaiera
Luneville, Amiens, Presburgo (Bratislava),
Tilsit eta Vienako hurrenez hurreneko
itunetan (1801etik 1809ra) inperioaren mendeko
lurraldeetako mugak modu egonkorrean
finkatzeko ezintasunak ahuldura guztiz
ere erabakigarria ekarri zion inperioaren
sistemari, eta erabateko krisia eragin 1814tik
1815era. Inperioari modu batera edo bestera
atxikitako lurralde guztiek mantendu
behar izan zuten inperioko gudaroste handia,
eta zinez eginbide garestia zen hura;
gero eta zerga gehiago ordaindu beharra,
soldaduek egoitza hartzen zuten tokiko
udalek gudarostea hornitzeko betebeharra,
indarrezko ebasteak eta harrapakeriak, horiek
ziren Napoleonen zabalkunde militarrak
ekarri zituen ondorioetako batzuk. Britainia
Handia Europako kontinentea mendean
hartuz makurrarazi nahiak inperioaren
beraren definizioa auzitan jarri zuen, eta
enperadorearen beraren eta bere obraren
kontrakoa gertatu zen azkenerako.Napoleonen inperioa alor militarrean desegin
zen ezinbestean. Britainiarrek Mediterraneoan
zuten kontrolak eta inperioko gudarosteari
aurre egiten zioten tokian tokiko
higikundeei eman zieten laguntzak eragin
handia izan zuten desegite hartan. Aurre
egiterik erabakigarriena Espainiakoa izan zen,
1808. urteaz geroztik Napoleonek bere mendeko
erreinu bat sortua baitzuen bere anaia
Jose buru zuela. Espainiako matxinada bi
arrazoirengatik izan zen garrantzi handikoa.
Batetik, atzera eginarazi baitzion Napoleonen
gudarosteari, gerrilla sistemaren bidez
(eraso ustekabekoak eta aldian aldikoak), eta,
batez ere, Britainia Handiko gudarostearen
laguntzaz, eta Iberiako Penintsulatik alde
egitera behartu baitzuen frantses gudarostea
Gasteizko guduaren ondoren (1813ko ekainaren
21ean). Bestetik, iraultza bat sorrarazi
zuelako orobat, eta horren ondorioz, Espainiako
lehenengo konstituzioa, 1812an Cadizen
onartu zena, 1820an eta hurrengo hamarraldietan
liberalismo iraultzailearen eredu
bihurtu zena. Errusia izan zuen Napoleonek
beste oztopo militar ezin gaindituzkoa,
haren gudarosteak ezin izan zuen Moskuren
setioa bururatu, eta, gainera, Alexandro I.a
tsarrak bere maila indartu zuen Europako
agintarien artean. Hura izan zuen bultzatzaile
eta gidari Napoleonen kontrako seigarren
koalizioak, 1814 eta 1815 bitartean haren inperioa
suntsitu zuenak. Frantziako eliteek eta
lurjabeek laguntza ukatu izana, nahiz Napoleonen
laguntzaile leial batzuek ahalegin
handiak egin zituzten enperadorearen alde,
guztiz erabakigarria izan zen Napoleonen
hondamenerako, eta hala, Waterlooko guduaren
ondoren (1815eko ekainaren 18an),
Napoleonen nagusitasuna behin betiko suntsitu
zen.