Historia Unibertsala»Egungo aroa
1914ko Gerra Handia: guztizko gerra
Europa, Napoleonen gerrak pairatu zituenez geroztik (Vienako Biltzarra, 1815), gerra
saihestu nahaian ibili zen, baina, azkenean, bete-betean sartu zen gerran (1914ko abuztua),
nahiz eta potentzien arteko gatazkei eta Otomandar Inperioaren desegiteak ekarritako
arazo larriei oreka sistema bat aurkitu zitzaien Berlingo Biltzarrean (1878). Alabaina,
gerrak hartu zuen hedaduragatik, ukitu zuen biztanle kopuruagatik, arma berrien
indarragatik, tartean izan ziren interes estrategiko ugariengatik eta egin zen gerra ahaleginagatik
(guztizko gerra), ordu arte Europan inoiz izandako borrokaldirik handiena
eta izugarriena izan zen 1914 eta 1918 urte artekoa. Horregatik (eta gerra hasi aurretik
nabariak ziren eta gerrak zabaldu zituen joerengatik), Europa erabat aldatu zen
garai horretan, mugei nahiz ahalmenen orekari zegokionez, bai ekonomia eta kulturari,
baita politika egiteko eta Estatuak antzolatzeko moduari zegokionez ere.Gertaera larrien segida hori –hain gertaera
larriak non gerra piztu baitzuten Europan–
herrialdeen arteko aliantzen bipolarizazioaren
ondorio izan zen, eta orobat
armaden mobilizazioen automatismoarena,
Alemaniako estatu nagusiak antolaturiko
plan militarrena (Schlieffen plana: Errusiarekin
gerra balitz, Frantziari Belgikatik eraso
egin, “abantaila erabakiorra”, eta Errusiari
eraso), neurtu gabeko erabaki guztiz
handinahiena, eta baita kalkuluetan huts
egitearen ondorio ere.
Austria-Hungariak Serbiari egotzi zion
Sarajevoko atentatua, eta haren ondoren,
Serbia irainduz, behin betiko bukatu nahi
izan zuen hegoaldeko eslabiarren arazoa,
konturatu gabe ordea Errusiak ez zuela horrelakorik
onartuko (1908an egin zuen bezala,
Bosnia-Herzegovinaren anexioarekin).
Alemaniak (1905ean eta 1908an bezala), Europan
zuen nagusitasuna finkatu nahi izan
zuen, Frantziak eta Britainia Handiak zuhur
jokatuko zutelakoan. Eta Austria-Hungariari
Balkanetan borroka irabaziko ziola uste
izan zuen Errusiak, mehatxu bikoitzak (Errusia
eta Frantzia) Alemaniari geldirik eutsiko
zion artean. Horrelakorik, ordea, ez zen
ezertxo ere gertatu, eta gerra piztu zen.
1914: sugar nazionalista
Ez da Europan beste gerrarik izan, biztanleriaren
aldetik, 1914ko abuztu hartan bezalako
berotasunez hasi denik (erdi mailako
klase politizatuei dagokienez behintzat).
Gerra deklaraturik, jendetza sutsuen
aurrean desfilatzen zuten borondatezko
gazteez bete ziren hiriak. Batzuentzat, mundu
burgesaren ohiko bizimodu gatzgabetik
ihes egiteko aukera izan zen hura. Sentimendu
garbiak, heroismoa eta bizimodu
emozioz betea iragartzen zituen gerrak.
Beste zenbaitentzat berriz, gizarteen materialismoa
sakrifizioz ordaintzeko modua zen.
Baina abertzaletasuna da seguraski lehen
egunetan gehien zabaldu zen sentimendua,
eta orobat jende gehiena mobilizatu
zuena. Hain izan zen nabarmena, non Londresen
dachshund zakurrak (jatorriz alemaniarrak)
harrika ibili baitzituen jendeak, eta
alemaniarren dendak txiki-txiki egin zituzten
Parisen. Jendeak, saldoka, God save the
King kantatzen zuen Buckinghamgo jauregiaren
aurrean, eta gogo beroz erantzuten
zioten Gilen II.a Kaiserraren “nazio
leialtasun”erako deiari. Frantses gazteak la
revanche-n haziak ziren, denen irakurgai
zela, adibidez, Bi haur Frantziara bueltan,
“probintzia galduak” (Alsazia eta Lorrena)
gogoratuz. Alemaniar gazteek, Goethek bere
Memoriak liburuan agertzen zuen frantsesen
kontrako erromantizismoaren oinordeko,
eslabiar barbaroek eta britainiar merkantilismoak
arriskuan jarritako zibilizazio
goi mailako baten zaindaritzat zeukaten
beren burua. Bitartean, Errusian paneslabismoa
errotu zen, aldi berean poloniarren eta
teutoien mehatxua sumatzen zela. Zenbait
herritako sozialistak Stuttgarten (1907) eta
Basilean (1912) bildu ziren gerraren eta
bakearen inguruko auziez jarduteko, bainaez zuten lortu bakezko estrategia bateratu
batera iristerik. Laboristek britainiar gobernuaren
alde egin zuten; gerraren hasieran
eratu zen “Batasun Sakratu”ko gobernuan
egon ziren frantsesak, eta alemaniar sozialdemokratek
tsarren despotismoaren kontrako
borrokatzat hartu zuten gerra. Errusiar
boltxebikeen talde txiki bat bakarrik atera
zen “inhibizio iraultzailearen” alde.
Abertzaletasuna –abertzaletasuna batez
ere– izan zen gerrak hasieran behar izan
zuen sentimendua, armadak soldaduz hornitzeko.
Lehen berotasun hark, ordea, behera
egin zuen 1914an zehar, hilak milaka
izan baitziren (300.000 frantses aurreneko
hilabeteetan), eta desagertu egin zen 1915
eta 1916an.
Teknologia militar berria
1914ko abuztuan, Alemaniak bere estrategia
militar modernoa jarri zuen abian
(Schlieffen Plangintza, 1898an egina), puntuotan
oinarritzen zena: oste handiak burdinbidez
mugitzea, arma berriak, artilleria
astuna ugari erabiltzea, telegrafia bidezko
komunikazioa, ingeniari eta zulatzaileen oste
laguntzaileen babesa, eta, batez ere, estatu
nagusi baten plangintza. Alemanen aurrez
aurre, Frantziak ere armada masiboa (soldaduzkan
oinarritua) eta modernoa erabili
zuen, baina teknokratikoagoa, eta ofizialen
mailetan zurrunagoa, eta estrategia (Jofre
plangintza) eta taktika zaharrak (karga masiboan
sinestea) gordetzen zituena.
Marneko guduak ordea argi erakutsi
zuen gerra hura ez zutela estrategek aurreikusi
(Ameriketako Banakuntzarako gerra,
Mantxuriakoa edota Boerrena gorabehara):
suaren indarrak (errepikapeneko remington
fusila, Maxim metrailadorea, tiro
lasterreko kanoia), bebes hesiek (lubakiak
eta hesi arantzadunak), eta borrokalari multzo
handiek oso eraginkorra egiten zuten
babeseko gerra. Erasoaren frantses dotrinak
nahiz alemaniar infanteriaren karga masiboek
hilkintza izugarriak baino ez zituzten
eragin. Bestalde, asmakari berriek ezabatu
egin zuten zalditeria. Kanpainako kanoiek,
metrailadoreek, denek ere gudu zelaira joandako
gudarosteek, hornigaiak behar zituzten;
munizio gastuak eta hornigaien beharra
espero zitekeena baino askoz ere handiagoak
izan ziren. Gudarosteak harrapatuta
geratu ziren zelaietan, eta indarrak orekatuak.
Hala, mendabaleko lubakien gerra
etorri zen: bizimodu aspergarria, lohia, hotza,
zikinkeria, eta su etengabea. Kanpaina
handien eta erasoko gerraren ordez, fronteak
zeuden orain, eta haietan, oste handiak
(650 km, Mantxako itsasartearen eta
Suitzaren artean). Garraio autonomo baten
garapen eskasak (ezinezkoa burdinbidearekin
eta oso motela animaliekin, eta, hortaz, leherketa motorreko ibilgailuen bidez
bakarrik lor zitekeen) mugatu egin zituen
hornigaien banaketa eta erasoko gerra.
Gauzak horrela, antzinako eskuzko granada
eta morteroa berreskuratu ziren, gas
pozoitsuak (1915) eta nolabaiteko tankeak
(1916) hasi ziren erabiltzen, eta, poltsa handiak
bakartuz, gudarosteak arerioaren babesguneak
inguratzen saiatzen ziren (eta
hori izugarri nekeza zen zalditeria hutsarekin).
Aldaketak atzegoardian hasi ziren
traktorrak eta kamioiak erantsiz, zaldi, mando
eta burdinbideei (Britainia Handiak, gerra
hasi zenean, ehun kamioi zeuzkan; bukatzean,
baziren 60.000); elikagaiak biltegietan
gordetzeaz eta kontserbatzeaz arduratu
ziren, eta fronteko ospitaleak eta kanpainakoak
sortu ziren, eri eramaileen konpainiak,
botikak sistemaz ematen hasi ziren,
eta abar.
Era berean, ez zuten asmatu itsasoko
armadaren indar izugarria erabiltzen ere (minak,
torpedoak, destruktoreak, itsaspekoak,
dreadnought korazatuak), gerra aurreko
armamentu karreran garrantzi handikoak
izan ziren arren. Jutlandiako gudua erabakiorra
izan zen (1916), eta horretan argi
erakutsi zuen britainiar Errege Armadak
itsasoan zuen nagusitasuna. Alemaniaren
gerrako itsas armada ez zen ia portuetatik
atera ere egin. 1917an bakarrik erabili zituen
Alemaniak bere itsaspekoak, merkataritza
gerran hainbat naziotako ontzi merkatariak
urperatuz.
Aireko gerrak (zeppelinak eta hegazkin
ahulak) ez zuen garrantzi handirik izan.
Guztizko gerra eta ekonomia
Ez ziren aurreikusi gerrako estrategia berriak,
ezta egin behar izan zen ahalegin izugarria
ere, ekonomiari nahiz giza bizitzei
zegokienez. Europa osoak parte hartu zuen
gerra hartan (eskandinaviar herriek, Espainia,
Holanda eta Suitzak izan ezik). Ameriketako
hamaika herri iritsi ziren esku hartzera
(batzuk formalki). Beste hainbeste egin
zuten Afrikako eta Asiako koloniek ere,
Turkiari Ekialde Hurbilean eraso egiten zioten
artean. Abuztuan hamabi milioi gizon
ere mobilizatu ziren (60 milioi gerra osoan
zehar), eta 1914ko udazkenean bakarrik
kontinenteko urte bateko diru sarrerak inbertitu
ziren borrokaldian. Eta hori guztia
emaitza errealik batere gabe. Guduetako
giza kostua ankerra eta zentzugabea zen,
eta diru ahalegina berriz lekuz kanpokoa
gertatzen zen baita herri aberatsenetan ere.
Halakorik ez zen ezertxo ere aurreikusi gerra
aurretik. Britainia Handiaren lehen asmoa,
gerra hasi zenean, negozioak betiko
moduan egiten jarraitzea izan zen; horixezen aurreko gerretako esperientzia. Alemaniak
ere, gerrako ekonomiarako prestatuago
zegoen arren, ez zuen plangintza ekonomikorik
aurreikusi gerrako beharrei erantzuteko
(uztailaren bukaeran oraindik ere
zekale kopuru handiak esportatzen ziren,
gerrako zalditeriak laster beharko zituenak).
Baina halako mobilizazio zabalak berehala
hautsi zituen nazioarteko merkataritzaren
loturak; soldadugaien beharrak
enpresak langile gabe uzten zituen; gerra
bete-betean zela, burdin gordinaren ekoizpena
murriztu egin zen Alemania, Suitza,
Britainia Handia eta Frantzian; Erresuma
Batuak ezin zituen galtzen ziren adina itsasontzi
berregin; eta leku guztietan ikaragarri
urritu zen elikagaien ekoizpena, eta aldi
berean, ezinezkoa zen haiek inportatzea.
Frontetik zetorren material eskaera, bestalde,
ikaragarria zen. 1914an frantses bateriek
gehieneko ahalmenaz tiratu izan balute
munizioa, hamairu minututan gastatuko
ziren eskura zeuzkaten hornigai guztiak.
Munizioz hornitu behar ziren fusil berriak,
metrailadoreak eta tiro lasterreko kanoiak,
osteak elikatu behar ziren, arropez eta zapatez
hornitu, tresneria eta hesiak egiteko
materiala behar zuten (Britainia Handiaren
aurreikuspenen arabera, 250.000 lur zaku
beharko zituen hilean; 1915ean sei milioi
eskatzen zituen), burdin hesiak, errekinak,
botikak, etab. Azken finean, nazioetako
ekonomiak berriz antolatzea eskatzen zuen
gerrak.
Gobernuek atzerriko maileguetara
(EEBB izan ziren onuradun nagusiak), eta
zorrak eta altxor bonoak igortzera jo zuten.
Laster hasi ziren atzerriko dibisak eta inbertsioak
menderatzen. Alde horretatik, mugarria
izan zen 1915. urtea; gobernuek zuzenean
esku hartu zuten ekonomietan guztizko
gerra egin ahal izateko, jarduera guztiek
behar zuten gerraren eskakizunen mende
egon.
Alemaniak hartu zuen horretan aurrea
(agian, militarrek herri barreneko auzietan
zuten ahalmenagatik, ahalmen hori hazi
baino ez baitzen egin: 1914az gero, Hindenburg
eta Ludendorffeko jeneralek markatzen
zituzten gobernuaren nondik norakoak).
Jadanik 1914an, Lehengaien Saila
sortu zuen Walter Rathenau industria gizonaren
gidaritzapean. Alemaniako meategi
eta industria guztiak militarizatu zituzten:
hark erabakitako plangintzaren arabera,
kontratu bereziak egin ziren Estatuarekin,
eta ekoizpen prezioak eta mailak finkatu.
Era berean, elikagaien eta jantzien prezioak
ere finkatu ziren, eta arrazionamenduak
hasi ziren (ogiarena, 1915eko urtarrilean).
1916ko neguan Nazio Zerbitzuko legea aldarrikatu
zen, industria eta gerrarako soldadugaiak
mugagabe hartzea proposatzen
zuena, eta enpresako istiluetan nahitaezkoarbitrajeak jartzen zituena. Pixkana-pixkana,
Austriako ekonomia beretzen joan zen,
eta era horretan gauzatu egin zen hain beldurgarria
zen Mitteleuropa-ko eskualde ekonomikoa
(Danubioa zabalik geratu zen, eta
normalizatuak Alemania eta Turkiaren arteko
joan-etorriak).
Britainia Handiarentzat zailagoak izan ziren
gauzak. Lehenengo urratsa soldadugaiak
lehen aldiz 1916an nahitaez biltzean egin
zuen. Laster nazionalizatu zituen, aldi baterako,
burdinbideak, merkataritzako ontzidia
eta ikatz meategiak. Munizio lantegi asko
jarri zen abian urte horretan (emakumezkoek
lan egiten zutela), eta gehiagora
egin zuten, harik eta 1918an 218 izan ziren
arte. Horrez gainera, ekonomia sail asko
antolatu zituen Armamentu Ministerioak
(1915eko maiatzean sortu zen ministerio
hori). 1918an anoa mugatu zen, irin industria
nazionalizatu zen eta bost milioi hektarea
erosi ziren gerrarako produzitzen jartzeko.
Gainerako herrialdeek beste hainbeste
egin zuten, baina nahiko atzeraturik. 1917tik
aurrera, Parisko 1916ko ekonomia konferentzietan
blokeoa estutu ondoren, aliatuek
plangintzarako bulegoak zabaldu zituzten
altzairu, gasolina eta lehengaientzat. Aliatuen
arteko Batzordea, Gerrako Kontseilu
Gorena eta Itsas Garraioko Kontseilua sortu
ziren. EEBBak gerran sartu izanak asko
lagundu zuen batzorde horiek antolatzen.
Hein handi batean, gerra hura guztizko
gerra izan zen (hurrengo erabateko gerraren
aurrekari), eta nazio ekonomia planifikatuak
erabakiorrak izan ziren borrokaldiaren
azken emaitzan.
Horrek guztiak, oro har, herri guztietako
inmunitate zibilak murriztu, eta garai hartako
europar gizartearen militarizazio joera indartu
zuen (gobernuetatik gizarte zibilera).