Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Zientzia eta jakintza XIX. mendean

Louis Pasteur (1822-1895).<br><br>

XIX. mendean zehar zientziak inoiz ez bezala egin zuen aurrera, inoiz baino gehiago begirunez hartua izan zen. Eta han abiatu ziren medikuntza, biologia, fisika, ingeniaritza, munduari eta biziari buruzko azalpenen bat bilatu beharrez, haiek lege bidez biltzera.

Sartaldeko gizarteek eta herri agintariek liluraturik begiratzen zieten izadi etsai hura gizakiaren esanetara lotzen zuten jakintsu haiei.

Behatzea eta saiatzea, horra Darwinek eta haren jarraitzaileek erabili zuten zientzia metodoaren funtsa. Lan metodo bera hartu zuten mekanizismoaren fisikariek ere, zeinek elektrodinamika eta elektromagnetismoa egiaztatu bai, baina ez zuten azaltzerik lortu. Comteren pentsamendu positibista, berriz, espekulazioaren kontrako zientzia filosofia izan zen. Are arteak ere men egin zion teknikari. Mendearen bukaera arte ordea ez zitzaien jakitate oro egiaztabide enpirikoetara errenditu nahi horrek zituen mugei antz eman.

Zientziaren aurrerapenak industriaren eskutik etorri ziren (lurruna, elektrizitatea) eta laster asko aurkitu zitzaien erabileraren bat. Herrien ospea tekniken aurrerabidean jokaturiko partearen arabera neurtzen hasi zen, eta, hartara, eskolatzea eta alfabetatzea bultzatzen hasi ziren estatuak. Erakusketa unibertsalak ere, Londresen 1851ean hasiak, herri bakoitzaren egoeraren tenperatura hartzeko termometro halako bat izan ziren, eta batzuek eta besteek egindako aurrerapenak konparatzeko bide.

Sartaldeko herrialdeen nagusitasun teknikoari halako nagusitasun moral bat gehitu zitzaion gero. Uste ?oso zabaldu? horren bidez zuritu zen, hain zuzen, Europako herri ahaltsuenen eta haien irudira jokatu zuten besteren (Japonia) inperialismoa.

 

Erlijio zientifikoa

Ilustrazioaren pentsamoldearen oinarria, arrazoia, XIX. mendean iritsi zen, Europan, goren mailara. Arrazoiak, zientzian aplikatua ?zeinek, ordu arte, modu ez erregular batean egin baitzuen aurrera, noizik eta behin sortzen ziren jakintsuen aurkikuntzei esker?, izadia esplikatu eta gizakiaren mendean jartzeko balio izan zuen. Aurrerabidearen ideiak berak ere, oinarrizkoa sartaldeko gizartean, ezinbestekotzat jotzen zuen planeta mendean hartzea giza egoera hobetzeko.

Ziurtasun horrek kemendurik hasi ziren erakunde publiko eta pribatuek zientzia eta teknika aurkikuntzak sustatzen. Unibertsitate eta elkarte zientifikoetan hipotesiak saiatzeko eta enpirikoki egiaztatzeko metodoa azaldu zen. Ingeniaritzak, medikuntzak eta biologiak sekulako aurrerapena egin zuten. Eta gero eta jende sektore zabalagoetara heltzen ziren burdinbideak eta ubideak egiten zirelako albisteak, eritasunen eragileei eta izaki moten sailkapenari buruzko berriak.

Ingeniariak, medikuak eta zientzilariak, jakintzaren izenez jantzirik, sekulako ospea izan zuten. Berak arduratzen ziren bizitzaren legea azaltzeaz. Instituzio publikoekkontseilaritzat hartu zituzten (higienezaleak, hirigileak?) eta haien esku utzi zuten beren gizarteen egituratze fisiko-morala.

Teknikaren eta zientziaren eraginak, hortaz, orain berez dagozkiola dakigun esparruak gainditu zituen. Kontuan hartu behar da ezen orduantxe ari zela lehertzen eta zientzia azalpenen mugak batere zehaztu gabe zeudela oraindik. Filosofia enpirismoaren mende jarri zen. Arteek ere bere egin zituzten aurrerapenak (argazkigintza), eta aro berriaren bikaintasuna goraipatu zuten (modernismoa).

Aurkikuntza zientifikoek nagusitasun sentimen halako batez dohatu zuten sartaldeko zibilizazioa, orduantxe azalaratzen, eta urrutiko lurraldeetaraino zabalarazi zuten.

Lurraren geografiaren ezagutza XIX. mendean zehar finkatu zen. Europaren ahalmen teknikoak eta militarrak beste zibilizazio batzuenak gainditu zituen. Sartaldeko pentsamendua nagusitu zen erabat, pentsamendu aurreratu eta aurreragarri bakar bezala.

 

Eboluzionismoaren zurrunbiloa

XVIII. mendean zehar espezieen bilakaerari buruzko teoria batek (transformismoak)izaki motak alda zitezkeelako posibilitatea aurreratu bazuen ere, izaki motak sortzetik beretik aldaezinak zirela aldezten zuela sartu zen zientzia ofiziala XIX.. endean. Charles Darwinek ondo aztertu zituen transformismoaren sortzaile Lamarcken eta Alfred R. Wallaceren lanak, animalien eta landareen bizitzako aldaketei buruz.

Batetik, metodo esperimentala zorrotz erabili zuelako, eta, bestetik, aurreko jakitate guztia legeen bidez batzen saiatu zelako nabarmendu zen Darwinen lana.

1859an On the Origin of Species by Means of Natural Selection eman zuen argitara, zeinean hautatze naturalaren nozioa jakinarazten baita. Horren arabera ingurunera hobekin egokitzen diren izakiek baizik ez dute bizirik irauten. Izaki moten arteko trantsizioa inguruneak berak eragiten du, edo ugal organoen aldaketaren, edo ohitura aldaketen ondorio da, bestela.

Ingurunera hobekien egokitzen diren izakiek beren ondorengoei transmititzen dizkiete berrikuntzak. Darwinek ez zuen izadiaren berezkotasunean sinesten, eta Gregor Mendelek handik urte gutxira adierazi zituen genetika legeek baizik ez zuten zuzenarazi.

Eboluzionismoaren hedatzaile nagusiak, Herbert Spencer, gizarte auzietara aldatu zituen nozio biologikook, materia bizigabearen eta gizartearen artean izandako bilakaera kosmikoa azalduz. Gizakia ingurunera egokitzeko moduaz zituen ideiak bidegabe erabili ziren psikiatrian, kriminologian eta Europaz kanpoko herrietan. Eta hala, zoroak, gaizkileak, indiarrak gizadia baino lehenagoko alditzat hartu ziren, behe mailako izaki basa ezabagarritzat, alegia.

 

Zientziatik industriara

XIX. mendearen hasieran jakintza gai aurreratuena mekanika zen, zeinak hainbat problema ebatzi baitzuen aljebra eragiketen bidez. Fisikaren gainerako alorrak espekulazioaren bidez azaltzen ziren. Mundua matematika legeen bidez azal daitekeen sistema mekaniko baten ikuspegitik begiratuta abiatu zen zientzia jakitatearen abentura handia.

Mekanizismoak mugimenduaren legeen bidez azaldu zuen beroa (termodinamika), argiaren hedapena tokitu zuen eta elektrizitatearen eta magnetismoaren arteko loturak zehaztu zituen. Mendearen erdialdean energiaren kontserbazioaren legea finkatu, eta energetismoaren eta atomismoaren jarraitzaileen arteko eztabaida hasi zen. Kimikak, bestalde, materiaren molekula teoria adierazi zuen.

Mekanika berri bat agertu baino lehen ?erlatibitatearen teoria?, mekanizismoaren ikuspegia krisian sartu zen. Ikuspegi hura oinarri harturik adierazitako hastapenetako batzuek, hala nola termodinamika eta elektromagnetismoa, bere ahalmen analitikoa gainditu zuten, eta probabilitate estatistikoaren esanetara jarri behar izan ziren.

Mendearen bukaeran uste zen ezen gertaera natural guztiak gorputzen azken osagaien arteko ekintzetara murritz zitezkeela, eta lege ezagun guztiak elkarrekintza haien bidez osa zitezkeela.

Industria iraultzak zientziaren aurrerapenak praktikan jartzeko aukera eman zuen.Eta hala, kapitalismoan ondo finkatu ondoren, zientziaren eragile nagusia izan zen industria: termodinamika lurrun makinari buruzko azterlanen bidez aurreratu zen; altzairuaren ingeniaritzak masa ekoizpenaren hobekuntza eragin zuen; elektrizitatea industriaren energia iraultza izan zen.

 

Positibismoaren mendea

Positibismoak ?Auguste Comtek sortua eta kodetua? filosofia zientifiko bat, pentsamendu antimetafisikoaren sistema moduko bat izan nahi izan zuen, esperimentaziotik sortua eta mundu hau bizi duen gizakiaz bakarrik kezkatua. Comteren arabera hiru aro bereiz daitezke gizarteen bilakaera intelektualean: teologikoa, metafisikoa, eta, azkenik, teorien ordez gertaerak behatzen eta aztertzen direnean, aro positiboa.

Positibismoaren arabera gertaera zen egia faktore bakarra. Sartaldeko gizarteak XIX. mendean iritsi zuen egoera positiboa, zientzilariak, teorizazioa alde batera utzirik, behaketaren, azterketaren eta konparaketaren bidez zerbait iraunkorra eraiki nahian hasi zirenean. Gauza askotan, atomoa gutxietsi baitzuen, edota psikoanalisia, ezin frogatutzat jo baitzituen, positibismoak traizio egin zion zientzari.

Mendearen bukaera aldera positibismoak amaitutzat jo zuen aurrerabidea, eta aurkikuntza iraultzaileen aroa (Sartaldea zenbateraino zegoen bere buruaz betea adierazten du jarrera horrek): fisikan, adibidez, energiaren eta materiaren kontserbazioaren adierazpenaren ondoren, ezer ez zela posible ematen zuen; Bertholletek, berriz, frogatutzat jo zituen karbonoaren tetralogiaren eraldatze kimikoak; Ramón y Cajalek, zelularen teoria adierazi ondoren, ez zuen mikrobiologiak aurrerago egin zezakeenik uste.

Egun badakigu, ordea, errealitatea eta errealitatearen adierazpen fisikoa nahastean egin zutela huts. Horrela sartu zen bere metafisika laidoztatu horretan. Gizarte auziari dagokionez, XIX. mendeak bere egin zuen positibismoaren ikurritza ?ordena eta aurrerabidea?: garai hartako errejimenen balio oinarrizkoak, hain zuzen.

 

Eskolatzeko sukarra

Gizabanakoaren aurrerabidearen gakoa irakaskuntza zela ondorioztatu zuen liberalismoak.

Eta Europako errejimen liberalek mitifikatu egin zuten, eta hedatu, aldi berean, estatu burokraziek biztanle alfabetizatuak behar baitzituzten. Langile mugimenduak ere, uste horretakoa izanik, eskola bultzatu zuen XX. mendeaz geroztik.Gizarte kapitalista aurreratuetan, nolabaiteko industria maila bat iritsi ondoren sartu zen heziketa. Izan ere, industrializazioa ezinbesteko baldintza izan zen heziketaren beharra zabaltzeko, eta industria iraultza burutu zuten herrialdeek baino ez zuten beren haurrak eskolatzea lortu XIX.. endearen bukaeran. Gizonezkoenaren aldean emakumezkoek heziketa kaxkarragoa jaso zuten, eta batzuek baino ez zuten, aurrerago, lehen mailako irakaskuntza egiterik izan.

Prusiako heziketa nahitaezkoa eta dohakoa Alemania osora zabaldu zen 1871n, Germaniar Inperioa eratu zenean. Eskoziak 1872an hartu zuen erabaki hori, eta Ingalaterrak eta Galesek 1889an. Frantziak 1882an.

Nazio estatuek aberriaren balioak goraipatuz eragotzi nahi izan zuten ideia iraultzaileen sarrera. Herrialde katolikoetan, Frantzian III errepublikan izan ezik, aberriaren goraipamenei erlijioarena gehitu zioten.

Bai balio batzuek bai besteek helburu bera zuten, ordea: ikasleengan gero lantegietan eta gudarosteetan eskatuko zitzaien diziplina sustatzea. Izan ere, eskolatzea zenbat eta hobea eta zabalagoa orduan eta herri xehea bateginagoa estatuan.

Europako herritar gehienek lehen mailako heziketa besterik ez zuten jaso, hamabi urte bitartekoa, alegia. Oro har, aritmetika oinarriak, irakurtzen, idazten eta erlijio dotrina erakusten zen. Aberatsek, ordea, nahiago zituzten eskola pribatuak, banakako irakasleen ordezkoak.

Aberatsek bakarrik egin zuten bigarren mailako heziketa (frantses eta italiar lizeoak, alemaniar gimnasioak, espainiar institutuak).

XIX. mendean zehar humanitateak izan ziren heziketa maila horren oinarria. Grekera eta latin ikasketetan, berriz, alde handiak egon ziren leku batzuetatik besteetara. Gorputz ariketa Britainia Handian baino ez zen egin. Marrazkia eta matematika ez ziren geroago arte landu. 1902an eskaini zen lehen aldiz, Frantzian, zientziak ikasteko aukera batxilergoan.