Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Frantziako Iraultza. Ideiak

Rousseauren erretratua.<br><br>

Historialariek eztabaida handiak izan dituzte Ilustrazioko ideien eta iraultzako ideien arteko harremanaz. Iraultzaileen prestakuntza intelektuala Ilustrazioaren higikundeak sortu eta landutako ideietan zegoen oinarritua, inondik ere, XVII. mendearen erdialdetik aurrera izadiari, gizakiari eta gizarteari buruzko ideiek Europan izan zuten aldaketa handian, alegia. Nolanahi ere, badira bi gertaera Ilustrazioaren eta Frantziako Iraultzaren arteko lotura hori aztertzerakoan kontuan hartu beharrekoak. Lehenik, Ilustrazioa Europako higikunde intelektual bat zen, baina ez zen erabatekoa, joera anitzekoa baizik, pentsamolde moderatutik erradikalismoraino bitartekoa. Bigarrenik, Frantziako Iraultzaren ideologia Ilustrazioaren ideologia hasi zenean bukatu zen; iraultzaileek bestelako erantzunak eskaini behar izan zizkioten Iraultzak berak sortua zuen egoera zeharo berri eta Ilustrazioak ezagutu ez zuen bati. Iraultzaileek Ilustrazioak ekarri zituen ideia berriak landu zituzten (berezko eskubideak, gizarteen kontratu bidezko sorrera, aginpideak mugatu beharra). Baina abiapuntu berri bat hartu zuten horretarako: gizartearen burujabetzaren ideia, gizakiek mundua aldatzeko zuten gaitasuna, alegia. Horregatik, aurrerabidea zuten ideia adierazgarrienetako bat, gizarteak ezinbestean aldatu beharra.

Hala, ideia eremu handi bat sortu zen iraultzari eta haren irispideari buruz: iraultzak bazuen mugarik, ala erro-errotik aldatu behar zituen Errejimen Zaharraren egitura guztiak, monarkia eta eliza barne?

 

Ilustraziotik Iraultzara

XVII. mendearen erdialdetik aurrera, Ingalaterrako iraultzak (1649 eta 1688-1689) eta Holandako eta Suediako esperientzia politiko berriak tarteko zirela, Ilustrazioa esaten zaion higikunde bat sortu zen. Izenak berak argia aipatzen du, hau da, gizonak arrazoiaren bidez izadia, bere burua, eta beste gizabanakoekin elkarturik gizarteak eta molde politikoak sortzeko duen modua argitzeko premia. Izadia aztertzeko arrazoibidezko metodo berriak (fisika) sortu izanak garrantzi handiko aurkikuntzak ekarri zituen (Isaac Newtonek grabitatea aurkitu zuen, adibidez), eta esperientziak eta arrazoiak izadiaren funtzionamendurako mekanismoak argitzeko balio zutela egiaztatzea orobat. Metodo horiek giza taldeak eta gobernuak aztertzeko ere baliatzen hasi zirenean, alde batera utzi behar izan zituzten jainkozko ordena ezin aldatuzkoa oinarri zuten ordu arteko ideiak. Berezko eskubideen teoria landu izanak eragin handia izan zuen horretan. John Lockek XVII. mendearen bukaeran egin zituen ikerketez geroztik, gizonak izatez berezko eskubide batzuk (bizitza, askatasuna eta jabetza) dituelako ideia indarra hartuz joan zen eta hura izan zen hurrengo urteetan eztabaida politikoen ardatza.

Eskubide horiek funtsezkoak baldin baziren, gizakiarentzat ezin baztertuzkoak bakarrik eta taldean bizi ahal izateko, sistema politikoek ere kontuan hartu eta babestu behar zituzten. Montesquieuren LegeenEspiritua (1748) Ilustrazioaren oinarri-oinarrizko testu bihurtu zen, aginpide desberdinen arteko bereizkuntzak eta orekak –legeak egiteko aginpidea (legegilea), gobernatzeko aginpidea (betearazlea) eta epaitzeko aginpidea (epaileena)– gizakiaren askatasunerako zuen garrantzi handia erakusten baitzuen. Haren ideiek eragin handia izan zuten Ilustrazioko lanik adierazgarrienean, D’Alambert eta Diderot zuzendari izan zituen Entziklopedian, zientziak, arteak, politika eta historia bildurik ezagutza unibertsalaren bilduma izan nahi zuen lan mardul hartan. Obra horretan parte hartu zuen, eta eragin handia izan zuen orobat, Europako kulturan Ilustrazioaren garaian itzal handia izan zuen gizon batek, Genevako Jean-Jacques Rousseauk; Gizarte Hitzarmena (1762) haren lanean ondorio hau atera zuen: gizarteko kide guztien arteko hitzarmenak baizik ez zezakeen politika eta gobernu zilegirik eratu. Eta orobat esan zuen hiritarrek biltzarretan zuzenean, ordezkaririk gabe, parte hartzeak baizik ez zezakeela adierazi guztien borondatea. Ideia horien guztien bilakaeraz Ilustrazioa gizarte auzien mamira iritsi zen, burujabetzari buruzko funtsezko galderara: norena zen burujabetza, printze eta erregeena ala herriarena, gizarte osoarena?

 

Ideia iraultzaileak

Aurreko atalean ikusi den bezala, iraultza Frantzian hasi zen Hirugarren EstatuakHirugarren Estatu gisa eratzeari uko egin zionean, eta Nazio Biltzartzat onar zezaten eskatu (eta lortu) zuenean. Biltzar hartako eragin handiko kidea zen Emmanuel de Sieyesek Zer da Hirugarren Estatua? (1789) bere liburuan argitu zuenez, lege beraren pean bizi eta ordezkaritza politikoa biltzar berean zuen gizabanako multzoa zen nazioa.

Ideologia iraultzaileak ideia hori izan zuen ardatz, burujabetza erregeari kendu eta nazioari eman esan nahi baitzion, nazioak bere gain hartzen zuelarik era horretara errejimen berri bat ezartzeko gaitasuna (aginpide konstituziogilea). Aginpide horri esker gauza asko aldatu ahal izan ziren: lurraldearen antolamendua (orduan sortu zen gaur egun Frantzian indarrean dagoen departamentukako zatiketa), pisu eta neurri sistemak (gaur egungo sistema metriko hamartarra ezarri zen), eliza katolikoak Frantzian zeukan eragina (Apaizen Konstituzio Zibila, 1791), pribilejioak ezeztatu ziren, eta gizartea bera eta haren antolamendua ulertzeko era berriak nagusitu ziren. Nazioak egoki iruditzen zaion guztia aldatzeko eta berriz sortzeko zuen aginpidea zen ideia iraultzailearen oinarria eta funtsa. Handik sortu zen esaera iraultzaile ospetsu hura: askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna.

Iraultzak gizarterako zuen egitasmo nagusiaren arabera, jabetza pribatua gizakiaren funtsezko eskubidea zen, eta gizaki oro bere buruaren eta erosteko gauza den ororen jabe delako ustean zuen egitasmo horrek oinarria. Era horretara, gizartea eratzen zuten gizabanakoak berdinak ziren legez, desberdinak ordea ondasunez. Hura zen beraz iraultzak aldezten zuen berdintasuna:gizabanako legez eta bidez aske eta berdinek gizarte klase desberdinak eratzen zituzten haatik, batzuek ez baitzuten lanerako indarra baizik, eta besteek, aitzitik, ez baitzuten lan egiteko premiarik, bai baitzuten bizi ahal izateko beste ondasunik (kapitala, lurra, errentak). Gizarte antolamendu horrez gainera, merkatu askearen alde zeuden, ordu arteko lan antolamenduak ohikoak zituen elkarteen (gremioak) eta tokian tokiko agintarien (udalek) esku hartzerik gabea. Hortaz, merkatua eskaintzaren eta eskariaren arabera zegoen arautua, eta horrek bazuen eraginik lan merkatuan.

 

Errepublikazaletasuna

Baina, gauza jakina denez, iraultzak ez zituen ideia horiek bakarrik landu. Orobat sortu zuen ideologia erradikal eta errepublikazale bat, 1792az geroztik batez ere.

Errepublika ez zen besterik gabe erregerik eza, batez ere hiritarraren oso bestelako ikuspegi bat zen. Jakobinoen errepublikazaletasunak hiritarraren bertutea adierazi zuen, errepublikarekiko erabateko betebeharra, horretarako herrietako biltzarretan zuzenean parte hartu behar zuen, Nazio Bilkura batera ordezkariak bidali, eta erne bete errepublika defendatzeko betebeharra (soldadu-hiritarra). Horrez gainera, aberri errepublikazaleak ongi izatea eta lana ziurtatu behar zituen, ondasun gehiegi metatzea eta espekulazioa gaitzetsi, eta erlijio zibil berri bat sortu behar zuen, hiritarrak elkarren artean estu lotuko zituen sinesbide arrazoian oinarritu bat. Erradikalen pentsamenduak ideal errepublikazale klasikoaren eragina zuen, greziarren eta latindarren garaitik Florentziako berpizkundean eta Ipar Ameriketako Iraultzan ere eragina izan zuen joera berarena. Orobat izan zuen Gabriel Bonot de Mably, Jean-Jacques Rousseau eta errepublikaren ideala tankeratu zuten garai bereko beste errepublikazale batzuen eragina.

Iraultzak arazo bati egin behar izan zion aurre: errepublikazaletasuna nola bideratu hogeita hamar bat milioi biztanle zituen estatu handi batean, eta ez Atenas klasikoaren eta Rousseauren Genevaren gisako estatu-hiri txiki batean? Hirietan herri xeheak errepublikaren alde egin zuen gehienbat, Parisen batez ere, ideologia horrek oso kontuan hartzen baitzituen gizarteari zegozkion alderdiak. Errepublikak orobat zuen zuzenbidearen ikuspegi moral bat, pobrezia ondasunen banaketa desorekatuaren eraginez sortua zela uste baitzuen. Ez zeuden, ezta gutxiago ere, jabetza eskubidearen aurka, eta ez zuten kutsu sozialistako ideiarik, baina ondasunen jabetzaren arteko desberdintasuna egokitzeko premia ikusten zuten. Errepublikarenideien eraginez eman ziren beraz ogiaren eta kontsumorako oinarri-oinarrizkoak ziren beste salgai batzuen prezioa mugatzen zuten legeak (gehieneko prezioaren legeak), eta errepublikaren etsaitzat hartu ziren espekulatzaileen eta pilatzaileen aurkako legeak.

 

Iraultza bukatu

Frantziako Iraultzaren arazo ideologiko nagusietako bat mugak non zituen jakitea izan zen, noiz bukatu behar zuen erabakitzea, alegia. Iraultzak ustez ezin buka zezakeen aldi bat hasia zuen nazioaren burujabetzaren ideiarekin batera: baldin eta onartzen bazen nazioak ordena alda zezakeela, infinituraino egin zezakeen aldaketa hori.

Pentsalari iraultzaile batzuek, Condorcetek adibidez, aurrerabide jarraituaren ideiaren bidez teorizatu eta adierazi zuten arazo hori.

Beste batzuek, berriz, iraultza hasi zenetik beretik ikusi zuten prozesu hura gelditzeko premia. Iraultzak gizartea aldatzeko zuen gaitasun haren kontrako idazkirik erabatekoena ez zen Frantzian plazaratu, Ingalaterran baizik. Edmund Burke irlandar kontserbadoreak 1791n argitaratu zuen Gogoetak Frantziako Iraultzari buruz idazlanean gaztigatzen zuenez, iraultza nahasmendua ari zen sortzen Frantzian ez ezik, baita Europako kulturan eta tradizioan ere. Burkeren iritzian, ingelesek 1688an eta 1689an egin zuten gauza bera egin behar zuten frantsesek ere: aginpideak orekatzeko sistema bat ezarri, baina iraultzari biderik eman gabe.Iraultzak izan zituen hura baino aurkari gogorragoak. Iraultza beren pribilejioen aurka ari zela uste zutenak alegia, apaizak eta nobleak. La Vendée-ko matxinada eta antzeko higikundeak izan ziren iraultzaren kontrako pentsamendu haren ondorioa, horrez gainera Frantziako landaldeko herritar askoren ezinegonaz ere baliatu zirelarik higikunde haiek, iraultzaren erabaki eta neurri askok beren mundu tradizionala zeharo aldatzen zutela uste baitzuten.