Historia Unibertsala»Egungo aroa
Langile mugimendua eta sozialismoa
Industria Iraultzak hainbat aldakuntza eragin zituen bai gizartean, bai ekonomian. Aldakuntza
horien ondorioz, gero eta jende gehiagorentzat bizibidea ateratzeko bide bakarra,
diru sari baten truke lan egitea zen. Ordu arte, hirian lan egin edo baserrian lan
egin, lan harremanen ezaugarri nagusia jaunekiko, ekoizleekiko edo gremioekiko mendekotasuna
zen; iraultzaren ondoren, ordea, langileak legez askeak baziren ere, ez zuten
gizarte babesa lortzeko ez baliabiderik, ezta mekanismorik ere. Industrializazioaren
eta ekonomia liberalaren lehenengo urteetako babesgabetasunak batetik, eta bizitza
baldintzen txirotasunak bestetik, biziki kezkatu zituen gutxiengo ilustratua, burgesak
edo aristokratak. XIX. mendearen erdialdean –“industralizazioaren sorterrian”, Britainiar
Uharteetan alegia, askoz ere lehenago– langileak elkarteetan biltzen hasi ziren.
1848an, Marx eta Engelsen Manifestu Komunista argitaratu zen urtean hain zuzen,
aldi berri bat hasi zen: ordu arte aurrez aurre zeuden klase gizartea batetik, eta bestetik,
gizarte burgesa; urte hartatik aurrera, berriz, buruz buru jarri ziren jabeak eta langileak.
Langile askok ontzat hartu zituzten berdinzaleen proposamenak: Marx eta Engelsen
sozialismoarenak, eta Proudhon eta Bakuninen anarkismoarenak. Horien eskakizunek,
langile mugimendu antolatuarenak eta adar sozialista desberdinen eskakizunek
langileen Internazionalean, Langileen Elkarte Internazionalean, bildu ziren elkarrengana.
Internazionala 1876an desegin bazen ere, elkarte hura izan zen sindikatuen
edo alderdi sozialisten bidez langile mugimenduaren oinarria XIX. mendearen azken
laurdenean eta XX. mendearen lehen hamarraldietan.
Lehenengo sozialismoa
Askatasuna, Berdintasuna eta Anaikortasuna
trilogia izan zen Frantziako Iraultzaren
oinarria; baina trilogia hark ondorioz
ekarri zuen askatasunak eta berdintasun
formalak elkarrengandik urrunarazi zituen
herritarrak eta langileak, eta eskubide politikoak
eta sozialak.
Frantziako Iraultzaren bukaeran, “sans
culotte” erradikalenek, Babeuf eta beste
iraultzaile batzuk gidari zituztela –Berdinen
konspirazioa (1796)–, egoera haren kontrako
iritzia agertu zuten. Haien ondoren,
sozialista utopikoek –aristokratak edo burgesak,
hala nola Saint Simon, Fourier, Cabet
edo Owenek– zenbait proposamen egin
zituzten ekonomia liberalak eta kapitalismoak
sortutako desberdintasunak gainditzeko.
Kooperatiben, komunen eta falansterioen
bidez, hainbat gizarte egitura diseinatu
zituzten elkar ondo etor zitezen interes
pribatua batetik, eta bestetik, taldearena.
Sozialista utopikoek ez zuten proposatzen
iraultza egitea, negatibotzat hartzen
zuten errealitatea gainditzea baizik. Haien
igualitarismoa ez zen komunista: ez zuten
jabetza desagertzea eskatzen, jabetza hori
berdintasunez banatzea baizik. Adierazpen
hori sozialismoaren jatorrizko adierazpena
zen, eta horren analisiak etorkizuneko sozialismoaren oinarria erakusten zuen: baldintza
materialak aldatzea, berdintasunean
eta harmonian bizitzeko gai izango zen gizadia
sor zedin.
Baina ideia eta errealitate horiekin batera,
ordu arte mendeko artisau zirenek,
baina babesa zutelarik, eta ordutik aurrera
legearen arabera proletario aske zinerek,
baina babesik gabeak, aurre egin behar izan
zioten errealitate berri haren alderdi materialari,
makinari alegia. XIX. mendearen hasieran
–hiru alditan: 1811-1812, 1814 eta
1816–, Ingalaterraren erdialdean eta iparraldean
(Midlans, Yorkshire, Cheshire eta Lancashire)
makinak deusezteko mugimendua
sortu zen: ludismoa. Ingalaterratik barrena
beste herrialdeetara zabaldu zen higikunde
hura. Makinaren kontrako eraso haren bidez,
lan harreman berria salatzen zen, langilea
produkzioaren atal soila bihurtzen
zuen harremana alegia: harreman berri hark
baliogabe uzten zituen langilearen giza baldintza
eta lan espezializazioa, gutxitzen zuen
lana, eta langabezia sortzen zuen. Bestalde,
ordu arteko errealitate egituratua eta organikoa
deusezten zuen, eta beste lanbideetako
pertsonak, emakumeak eta umeak,
elkarren lehian aritzera bultzatzen zituen.
Greba garaian nagusiari indar egiteko modua
ere izan zen ludismoa. Ehundegiak
deuseztearen kontra Ingalaterran onartu zenlege baten bidez (1812), zigor gogorrak ezarri
zitzaien ludistei; azkenean, milaka soldaduz
osatutako gudaroste batek garaitu
zituen ludistak.
Langileen eskubide politikoak eta sozialak
betetzeko eskakizunak Britainiar
Uharteetan egin ziren lehenik, herrialde
hartan baitzegoen industralizazioa aurreratuena,
eta hantxe ikusten baitziren garbien
gizarte liberalaren kontraesanak.
1832ko Reform Bill-en ondoren (boto eskubidea
eman zien erdi mailako sektoreei),
popularrak oraindik ere bazterturik zeuden
politikan, eta 1838an, azkenik, Herriaren
Gutuna idatzi zuten Londresen. Gutun
hartan egiten ziren eskakizunak hauek ziren:
batetik, sufragio unibertsala, eta, bestetik,
herriak politikan parte hartze handiagoa
izatea, hala hobetuko baitziren,
haien ustetan, herriaren bizitzeko baldintzak.
Kartistek William Lovett edo Feargus
O´Connor buru zituztela, milioika sinadura
bildu zituzten (hiru alditan, 1839, 1842
eta 1848an), Parlamentuari beren eskubideak
bete zitezen eskatzeko. Sinadura
haiek bildu ziren garai berean manifestazio
eta greba ugari izan zen. Egoera aldatu
ahala, kartismoaren izaera ere aldatu, eta
poliki-poliki langile eskakizunen adierazpen
soila bihurtu zen. Egile batek esan
bezala, “langileen lehenengo alderdia” izan
zen. Europako beste herrialdeetan gizartearen
erradikalizazioa errepublikazaleengan
nabarmendu zen. Errepublikazaleak
ere eskubide politikoen aldekoak ziren; eta
haien ustez, eskubide haiek betetzen zirenean
sortuko zen langileak babesean edukiko
zituen gizarte eta ekonomia egoera
berria.
Marxistak eta anarkistak
Sozialismo modernoaren “aita fundatzaileak”
Karl Marx eta Mikhail Bakunin izan
ziren, eta horiek dira, hain zuzen, sozialismoan
hasiera-hasieratik bereizi ziren bi familia
handien ordezkariak, alegia, sozialismo
marxistaren eta sozialismo libertarioaren
edo anarkismoaren ordezkariak, hurrenez
hurren.
Hauek dira sozialismoaren bi adar horien
arteko desberdintasun nagusiak: antolamendu
eredua, politikaren ideia eta Estatuaren
zeregina. Sozialista marxisten iritziz,
langileen antolamenduak zentralizatua
izan behar zuen, eta irtenbide eraginkorrak
bilatu behar zituen batez ere. Anarkistak,
aldiz, egitura federal, malgu eta librearen
aldekoak ziren, lekuan lekuko
baldintzetara egokitzeko gai izango zen
egituraren aldekoak. Batzuen eta besteen
diskurtsuak ere elkarren oso desberdinak
ziren egituraz: sozialismo marxistak pentsamendu
egitura itxia eta oso koherentea
osatzeko joera zuen; anarkismoan, berriz,
alde handia zegoen egile baten edo beste
baten idatzien artean, baina zenbaitetan
kontraesanak ere ikus zitekeen arren, kontraesan
horiek guztiak ideia nagusi batean
elkartzen dira: askatasuna eta esperimentazio
librea.
Manifestu Komunista argitaratu zenetik
bertatik, bi bide hartu zituzten marxistek
politikan: iraultzailea batetik, eta, bestetik,
legezkoa. Bigarren bideak erakundeak
(alderdi politikoak) osatzera behartu
zituen, eta haien bidez parte hartu zuten
hauteskundeetan lehenbizi, eta legebiltzarrean
ondoren. Anarkistek uste osoa zuten
bigarren bide hori ez zela egokia, sozialistek
iraultzarako zuten indarra ahituko zuela
eta etsaien logika politikoaz kutsatuko zirela.
Estatuari dagokionez, bai marxistak bai
anarkistak estatua deuseztearen aldekoak
baziren ere, lehenengoen ustetan iraultza
egiteko estatuaren aparatua konkistatu behar
zen lehenbizi, eta ondoren, trantsizioko
aldian, estatutik bertatik burgesia deuseztu
eta oinarrizko egiturak aldatuko zituen
boterea ezarri behar zen –proletarioen
diktadura–, gizarte sozialista osatu ahal
izateko. Anarkistak, aldiz, estatua deuseztearen
aldekoak ziren, trantsizioko aldi
iraultzailerik eta iraultzaren instrumentalizaziorik
izan gabe. Batzuen eta besteen
artean bazen beste desberdintasun bat:
anarkistek erro-errotik baztertzen zuten
aginpidea; marxistentzat, aldiz, baztertze
hori gogoetaren ondorioa da, eta azken
buruan, garrantzi handiagoko beste zenbait
gairen mende jar daiteke (politika,
ekonomia…).
Langileen internazionala. Komuna
Langileen Elkarte Internazionala 1864an
osatu zen Londresko St. Martin´s Hallen.
Elkarte hartan hainbat langile erakunde bildu
zen, helburu bakarrarekin; helburu hura
esapide honetan laburtzen da: “Langileen
askatasuna langileen beren betekizuna da”.
Marxek idatzi zuen Elkartearen sorrera manifestua.
Sortu zen unetik bertatik Kontseilu
Orokor batek koordinatzen zituen herrialde
batzuetan eta besteetan egiten ziren jardunak.
Hala ere, Internazionalaren eragina
estatuek eta gobernuek uste zutena baino
ahulagoa izan zen, haien ustetan hirurogei
eta hirurogeita hamar hamarraldietan izan
ziren higikunde iraultzaile guztien antolatzaile
izan baitzen Internazionala.
Iraultzaren beldurrak Parisko Komunan
izan zuen goreneko unea (1871). Frantziak
Prusiaren kontra galdu ondoren, Parisko langileak
eta popularrak matxinatu eta mendean
hartu zuten hiria. Thiersen osteak, Bismarcken
baimenarekin, odolez ito zuen Komuna:
17.000 lagun hil ziren eta 47.000 lagun
epaitu zituzten. Une hartatik aurrera zorrotz
jokatu zuten gobernuek Internazionalen
kontra.
Internazionalaren barruan, bestalde, nabarmen
gelditu ziren Marxen eta Bakuninen
arteko desberdintasunak. Internazionalak
lehenengoaren estrategia onartu zuen:
alderdi politikoak sortzea, bai legearen eremuan
eta baita iraultzaren eremuan ere aritu
ahal izateko. 1872an, Hagako Kongresuan,
bitan banatu zen Internazionala. Banaketa
horrek lehenbizi, eta gobernuen erasoek
ondoren, Internazionala desegitea ekarri
zuten ondorioz (1876). Une hartatik aurrera,
marxistak eta anarkistak zein bere
bidetik ibili ziren eta bi familia sozialista
handitan banatuta gelditu zen langile mugimendua.
Sindikalismoa eta langile alderdiak
Langile mugimenduaren lehenengo agerraldiek
mutualismoarekin eta sorospen
elkarteekin izan zuten lotura. Elkarte haiek
babesa ematen zieten langileei gaixotzen zirenean,
lana derrigorrez utzi behar zutenean
edo greba zenean. Horrez gainera, langile
batek istripu bat izaten zuenean edo hiltzen
zenean babesa ematen zitzaien haren
senideei.
Ondoren lanbide elkarteak sortu ziren,
antzinako gremioen egituran oinarrituta hasieran.
Lanbide elkarteen helburua, batetik,
lanaren prezioa eta baldintzak kontrolatzea
zen, eta, bestetik, baldintza haiek zehaztea.
Lehenengo elkarteak Ingalaterran sortu ziren,
Trade Unions izenarekin, eta herrialde
horretan ezarri zituzten hain zuzen elkarte
horien kontrako lehenengo legeak. Lege
haiek Cominations Acts izeneko legea ekarri
zuten ondorioz (1800): langile elkarte
guztiak legez kanpokoak ziren. Hori bera
gertatu zen Frantzian Le Chapelier legearekin
(1791), eta baita beste hainbat herrialdetan
ere.
Dena dela, hasierako sindikalismo hura
ekintza askatasunaren eta klandestinitatearen
artean aritu zen. XIX. mendearen erdialdean,
langile elkarte nazionalak sortu
ziren hainbat herrialdetan, esate baterako
Alemanian edo, aurretik baina jarraipenik
gabe, Britainia Handian. Langile alderdiak
XIX. mendeko hirurogeigarren hamarralditik
aurrera sortu ziren. 1863an Lasallek Alemaniako
Langileen Elkarte Orokorra sortu
zuen. 1875ean Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata
eratu zen; 1880an sortu zen Frantzian
eta Danimarkan; 1884an Holandan, eta
handik urtebetera Belgikan. Espainian,
1879an Pablo Iglesiasek sortu zuen alderdi
sozialista (PSOE).