Historia Unibertsala»Egungo aroa
Ameriketako Estatu Batuak 1865-1918
Banakuntzarako gerraren (1861-1865) eta indiarren kontrako gerren ondoren, Hamahiru
Kolonien banakuntzatik sorturiko estatu berriak garrantzi handiko aldaketa izan
zuen eta munduko herrialde ahaltsuenekoa izatera iritsi zen Lehen Mundu gerrarako.
Gerra zibilari eta indiar nazioekiko liskarrei esker barne banatasun handia lortu zuen
eta kolonizazioaz gero amerikar muga izandako lurraldeak menderatu zituen. Horrela
jarri ziren zabalkunde berrirako oinarriak. Urte haietan europarrek oldeka emigratu
zuten Ipar Ameriketako hirietara, garai hartako hiririk jendetsuenetara. Lurraldea oso
bizkor ari zen urbanizatzen. Emigrazioa eta urbanizazioa, ordea, ekonomia hazkundeari
esker gertatu ziren, nagusiki. Estatu Batuek nekazaritza modernoa eta baliabide natural
ugari zituzten, garraio sistema bikaina zen eta, batez ere, garrantzi handiko aurreramendua
izan zuen bertako industriak; horri guztiari esker Estatu Batuetako ekonomia
munduko ekonomia aberatsena zen 1918rako.
Banakuntzarako gerra (1861-1865)
1830 ingurutik bi alderdi nagusi eratzen
ari ziren Estatu Batuetan. Bi komunitate,
bakoitza bere leialtasun, lotura, kultura
eta ekonomia bereziekin, zeinek bere
lurraldea, interesak eta Batasunaren ikuspegia
zutela. Komunitate dinamikoa, industriala
eta urbanoa zen bata, Iparraldekoa,
eta aristokratikoa, lur sailetako bizimoduari
lotua bestea, Hegoaldekoa. Bien artekolehiaren ondorioz Hegoaldeko estatuen
erakunde berezi deritzonaren gatazka sortu
zen; esklabotasunaren inguruko gatazka
alegia. Lurraldeen arteko harreman larri
hura (Kaliforniako krisia izan zen larritasun
haren erakusgarrietako bat) 1850eko
Hitzarmenaren bidez orekatu zen nolabait.
Baina beste gatazka batzuk agertu ziren
berehala (Kansas-Nebraska legea, Buchananen
lehendakaritza, alderdi errepublikarraren
sorrera, etab.) eta 1860an Hego Carolina
batasunetik bereizi zen Lincoln errepublikazalea
lehendakari zela. Haren
atzetik beste sei estatu bereizi ziren (Mississippi,
Florida, Alabama, Georgia, Louisiana
eta Texas) eta Ameriketako Estatu
Konfederatuak osatu zituzten (1861). Gobernu
federalak borrokari ekin zion Batasunaren
alde (Sumter fronteko istilua,
1861eko otsaila), eta esklabotasuna legezkotzat
zuten beste lau estatu lotu zitzaizkion
Konfederazioari (Virginia, Ipar
Carolina, Tennessee eta Arkansas).
Estatu Batuetako gerra zibila Napoleonen
gerretatik Lehen Mundu gerra arte
munduan izandako gerra guztietan gogorrena
izan zen. Milioi bat zauritu, 650.000
hildako eta lurralde bat zeharo suntsitu eta
hondaturik –Hegoaldekoa– izan ziren gerraren
emaitzak. Bestalde, «lehen gerra modernoa»
izan zen, fronte zabalak, berrikuntza
teknikoak eta batez ere, industriaren
indarrean (Iparraldearen indarrean) oinarrituriko
garaipen estrategia erabili ziren.
Nazioarentzat garrantzi handiko ondorioak
izan zituen gerrak. Hegoaldeari hondamena
ekarri zion (han gertatu ziren gudu
latzenak), lau milioi esklabok askatasuna
lortu zuen, Iparraldea atera zen garaile eta
Batasuna eta gobernu federala indartuta
atera ziren.
Emigrazioa, hiriak eta industrializazioa
Gerraren ondorioak politikan nabarmendu
ziren batez ere, baina Estatu Batuetako
ekonomiaren modernizazioa ere ekarri zuen
gerrak, eta nazio hartako bizitza goitik behera
aldatu zuen. Lantegietako produkzioa
lehendik ere sendoa zen arren, Estatu Batuetako
ekonomia jarduera nagusia nekazaritza
zen 1861ean, baina XIX. mendearen
azken herenean industrian oinarrituriko
ekonomiarako trantsizioa gertatu zen. Industria
ekoizpena zazpi halakotu egin zen
1860tik 1900era, hamar bider kapital handiagoa
inbertitu zen eta industriako langile
kopurua bost halakotu zen. 1900 inguruan
munduko manufakturen %30 bat egiten zen
Estatu Batuetan, eta beraz, lehen mailako
herrialdea zen industrian.
Aurreramendu horiek hainbat arrazoiri
esker gertatu ziren. Estatu Batuetako nekazaritza
oso modernoa zen 1860 inguruan,
beste herrialde batzuetakoaren aldean (mekanizatuta
zegoen, goldeak, ereiteko, uzta
biltzeko eta garia jotzeko makinak erabiltzen
ziren etab.), baina aurreramendu handienak
gerra zibila amaitu, Mendebaleko lur
berriak hartu eta burdinbide bidezko garraioa
zabaldu zenean gertatu ziren. Ekoizpenak
gora egin zuen berrikuntza teknikoei
eta hiru bider lur gehiago landu izanari esker;
1880az gero Estatu Batuak ziren munduko
ekoizle nagusiak. Kostu apaleko ekoizpena
zuten; barne merkatu gero eta zabalago
eta ongi antolaturako salgaiak ekoizten
ziren batez ere. Burdinbidearen berrikuntzek
berebiziko garrantzia izan zuten aldaketa
prozesu horretan, bai nekazaritza zabaltzeko,
bai Mendebaleko lurraldeekiko harremanak
bideratzeko eta baita nazioa industrializazioari
egokitzeko ere, meagintza
eta siderurgiari egokitzeko bereziki. 1865-
1900 bitartean burdinbide sarea sei bider
handiagotu zen, eta Europa guztiko (Erresuma
Batua eta Errusia barne) sarea baino
handiagoa izatera iritsi zen. Orduan sortu
ziren Union Pacific, Central Pacific, Northern
Pacific, Southern Pacific eta Santa Feko burdinbideak,
besteak beste. Baina ekonomia
bilakaeran zerikusia izan zuen, orobat, lurraldeak
baliabide natural aberatsak izanak.
Aintziretako burdinak, Appalatxeetako ikatzak,
Koloradoko kobreak eta petrolioak
industria berri indartsuak sortu zituzten Pittsburgh
edo Chicagon esaterako. Bankuak eta
finantzen alorrak, bestalde, oso ongi egokitu
zitzaizkion egoera berriari. Korporazio
eta partzuergo handiak eratu ziren (Morgan
bankua esaterako), eta enpresa berrietan
esku hartzen hasi ziren. Hasieran Britainiako
kapitalaren merkatu izan ziren Estatu Batuak,
baina 1918rako kapitala esportatzeko
moduan zeuden.Europarrek, industrializazioak erakarrita,
oldeka emigratu zuten Estatu Batuetara
(23,5 milioi inguru 1881 eta 1920 bitartean),
eta biztanle kopurua asko igo zen (hogei
urteoro bikoiztu egiten zen). Aurreko emigrazioetan
ez bezala, oraingoan Europa
Ekialdeko eta Hegoaldekoak ziren etorkin
gehienak. Baina emigrazioen jatorria baino
nora emigratzen zen da aipagarriagoa: hiri
amerikarrak (eta ez muga lurraldeak). Hiriek
hazkunde ikusgarria izan zuten (New
Yorkeko biztanle kopurua bost halakotu
egin zen 1860-1920 bitartean) eta hiri antolaketa
berria, unibertsitateak, egunkariak,
museoak, finantza eta merkataritza zentroak
eta zerbitzu berriak sortzea ekarri zuen horrek.
1850ean biztanle guztien %12 bizi zen
hirietan, eta %51, berriz, 1920an.
Gizartea eta politika
Hazkunde ikusgarri hark, ordea, ez zituen
aspaldiko gizarte arazoak ezkutatu, eta
arazo berriak agertu ziren gainera. Aberastasun
neurrigabea iritsi zen, bai, baina justiziarik
eza eta miseria nagusitu zen gizartearen
parte batean.
Hasteko, eskualde guztietan ez zen neurri
bereko hazkundea gertatu. Iparraldea lurralde
oparoa zen, baina Hegoaldeak hondoa
jo zuen (1900ean Iparraldeko estatuen
per capita errentaren erdia baizik ez zuten
hegoaldekoek). Milaka beltz baztertu ziren
(eskolan, garraioetan, etxebizitzetan etab.)
eta botoa emateko eskubidea ukatu zitzaien.
Arraza berdintasunaren eta eskubide zibilen
aldeko mugimenduak eratu ziren, baina
orduan sortu zen Ku-Klux-Klan talde
arrazista ere. Langile klase zabala eratu zen
gune pobreetan. Horrek arazoak ekarri zituen,
jakina: grebak egin ziren Pittsburgen,
Chicagon, Baltimoren etab., 1893ko krisia
zela-eta batez ere. 1869an lehen sindikatu
handia eratu zen (Knights of Labor; gero
American Federation of Labor eta IWW).
Sindikalistek negoziazio kolektiboan eta lan
baldintzetan oinarritu zuten beren jarduera,
eta negoziatzeko baldintzak oso gogorrak
zirenez, joera erradikala hartu zuten oro
har. Prezioak beheratzeak, lehorteak eta
krisiak miseria ekarri zien Hegoaldeko eta
Mendebaleko baserritarrei. Emakumearen
boto eskubidearen aldeko erakundeak sortu
ziren; Estatu Batuetako gizartean Europan
baino garrantzi handiagoa zuen emakumeak.
Hirietako arazoak gansterismo delako
mugimenduan eta haren inguruko literaturan
islatu ziren.
Politikan ere izan zen hainbat arazo,
ekonomiak politikan egiten zuen presioa
zela eta sortuak gehienak; boss handiek
bezeria, ustelkeria eta hauteskunde iruzurraren
bidez kontrolatzen zuten politika. Lehendakaritza,
Estatu Batuetako sistemangarrantzi handiko erakundea, ez zen nabarmendu
1900 arte.
Whig alderdia desagertu ondoren bi alderdi
nazional handiren inguruan antolatu
zen politika: alderdi errepublikarra, Iparraldeko
zuri protestanteen eta Hegoaldeko beltzen
alderdia, batetik, eta alderdi demokrata,
Hegoaldeko zurien eta Iparraldeko emigranteen
(katolikoak asko) alderdia bestetik.
Ideologia eta klase desberdintasun handirik
ez zen alderdi bateko eta besteko kideen
artean, baina Iparraldeko langile emigranteek
alderdi demokratari botoa emateko
joera hartu zuten. 1891n Herriaren Alderdia
sortu zen, miseria gorrian bizi ziren
baserritarrak bildu zituena, baina XX. mendearen
lehen hamarraldian desagertu zen.
Muga berria eta munduko herrialde ahaltsuenen mailara iristea
Bakea lortu eta ekonomian herrialde
ahaltsuenetako bat bihurtu zelarik, Estatu
Batuek lehen mailako zeregina hartu zuten
munduko arazoetan. «Halabeharrezko helmuga»
zirenez (1845az gero erabiltzen zen
esapide hori) bere eragin-gunetzat zituen
lurraldeekiko (Karibe aldea, Amerika Erdikoa
eta Ozeano Barea, Asiarako bide gisa)
interesa piztu zitzaien Estatu Batuei. Lurralde
horiek kontrolatzeko gudaroste ahaltsua
osatu zuten, gerrako itsas ontzidian oinarritua
(Itsasgintza eskola sortu zen 1884an;
ontzi modernoez osaturiko gudarostea osatu
zen; itsas baseak antolatu zituzten).
Estatu Batuak 1898an sartu ziren buru
belarri nazioarteko politikan. Urte horretan,Espainiaren kontrako «gerra txiki bikainaren»
eta haren ondoko Parisko hitzarmenaren
(abenduaren 10) ondoren, Espainia Ameriketatik
egotzi zuten, eta horrela Kuba uharte
estrategikoa, Filipinak eta Guam uharteak
eskuratu zituzten, eta Hawai uharteak anexionatu;
beren merkataritza Txina eta Japoniara
zabaltzeko oinarrizko abiapuntuak ziren.
Estatu Batuek Alaskako lurraldea erosi
zioten Errusiari (1867). Kanada bereganatzeko
asmoa zuten (ezin izan zuten, Kanadako
federazio burujabea eratu baitzen
1867an eta Washingtongo hitzarmenak onespena
eman baitzion 1871n) eta «hatz bat Asiara
begira» jarri zuten, Aleutiar uharteetan hain
zuzen ere. Midway anexionatu eta Hawairekin
merkataritza itun bat sinatu zuen amerikar
administrazioak, Txina eta Japoniarako
«ateak zabalik» politikarekin aurrera egitearren.
1898an hartu zuen gerora Estatu Batuen
kanpo politika ezaugarritu duen joera.
Erdiko Amerika eta Karibe aldea izan
zituen beste bi eragin gune nagusiak. Estatu
Batuek lurrak kendu zizkioten Mexikori
1846 eta 1848an (Texas, Nuevo Mexico eta
Kalifornia); Mexikon sartzea besterik ez zitzaien
gelditzen harrezkero. 1880az gero
meagintza, inmobiliaria eta petrolio enpresek
inbertsio handiak egin zituzten Rio Grande
hegoaldean. Ipar amerikarrek ekinaldi
militarrak egin zituzten 1914 eta 1916 bitartean
interes horiek babesteko eta 1911ko
iraultzaz gero bere eragin politikoa iraunarazteko.
Ekonomia zabaltzeko eta krisi garaiko
ekinaldi militarrak egiteko politika
erabili zuten, beraz, Erdiko Amerika eta
Karibe aldean beren nagusitasunari eusteko.
Hori, eta Europako herrialdeak Ameriketatik
egoztea (Monroeren dotrinaren
formulazio berria).