Historia Unibertsala»Aro berria
Espainiarren eta portugaldarren mendeko Ameriketako lurraldeak (XVI. mendea)
Ameriketako historian «Mende iberiarra» deitu izan da XVI. mendea, eta ez arrazoirik
gabe gainera, izan ere, garai hartan Gaztela eta Portugal izan baitziren Ameriketako ia
agintari bakarrak. Amerika aurkitu eta berehala, aita santuak Gaztela eta Portugalen artean
banatu zituen lur berriak eta geroago, Tordesillasko hitzarmenak berretsi zuen banaketa
hura; Tordesillasko hitzarmenaren arabera, Ameriketako lurraldearen parte handi
bat Portugalek eskuratu zuen: Brasil hain zuzen ere. Gaztela eta Portugal ez beste
europar erreinuek ere bazuten Mundu Berriko aberastasunak bereganatzeko grinarik,
baina XVII. mendea arte ez zuten lurralde hartan eragin handirik izan.
Ameriketako kontinenteko inperio indigena handiak –azteka, inka, txibtxa inperioak–
aurkitu eta menderatu izanak kolonizazioa bideratzeko aukera eman zien konkistatzaileei:
kultura aberatseko gizarte indigenak aurkitu zituzten han, gizarte eta ekonomia
antolaketa bikainekoak, eta baita harri eta metal bitxiez –urrea eta zilarra– beteriko
lurraldeak ere. Lurralde haiek konkistatu eta bakea egin ondoren, antolamendu
politikoa egituratu behar zen, bai kolonoena eta bai bertako biztanleena, eta bi munduen
arteko harremanak bideratuko zituzten erakundeak osatu behar ziren orobat. Lan
zaila izan zen benetan –Indietako erreinuen sorreraren garaia zen– eta ez zen bukatu
XVI. mendeko azken hamarraldiak arte, baina orduko egituraketa hark iraun zuen indarrean
–tarteka aldaketa txikiak egin ziren arren– XVIII. mendearen bigarren erdia
arte, Borbondarrek eraberritze lan handiak hasi zituzten arte, hain zuzen ere.
Portugaldarren mende zeuden Ameriketako lurraldeek bilakaera geldiagoa izan zuten
Gaztelaren mendekoek baino, eta ez zuten halako aldaketa handirik izan XVI. mendean
zehar. Portugaldarrek Ameriketako lurraldeetan baino, Afrikako kostaldean egin
zituzten ahaleginak, ekialdeko merkatuekiko lotura bilatu nahian.
Antolaketa politikoa
Gaztelako erregeek XVI. mendean zehar
osatu zuten Indietako egitura politikoa,
hainbat lege, militar eta ogasun alorretarako
erakundeak antolatuz horretarako.
Ameriketako lurraldeen oinarrizko egitura
politikoak gobernazioak izan ziren.
Gobernazioak konkista bideratu zuten Kapitainek
Erregeekin sinaturiko kapitulazioetatik
sorturiko erakundeak ziren. 1535az
gero gobernazio horietako batzuk, garrantzi
politiko handiena zutenak, erregeordetza
edo gobernazioaren lehendakaritza bihurtu
ziren, baina, bazter lurraldeetako gobernazioak
ez ziren desagertu, aitzitik, gobernazio
txikiek beren autonomia eta gobernu
zentralarekiko komunikazio zuzena
gorde zuten aurrerantzean ere. Lege alorrean
audientziak ziren administrazio erakunde
nagusiak; zuzenbide administrazioaren organo
gorenak ziren, baina, horrez gainera,
Ameriketako lurraldeen ezaugarri bereziak
zirela eta, audientzietako epaileek gobernupolitikoan ere esku zuten, eta haiek izan
ziren, hain zuzen ere, erregeordeek eta gobernari
lehendakariek zuten aginpide zabalari
nolahalako mugak ezarri zizkiotenak.
Alor militarrean kapitain barruti orokorra zen
barruti lurraldea. Errege ogasunaren administrazioa,
berriz, Errege Kutxa izeneko barrutien
inguruan egituratu zen, erregearen
ofizialen ardurapean: faktorea, diruzaina eta
kontularia.
Ameriketako gobernari nagusiek, erregeordeek
eta gobernari lehendakariek lau
funtzio nagusien gaineko ardura zuten beren
gain, baina ardura bakoitzari titulu bat
zegokion: gobernaria, audientziako lehendakaria,
kapitain nagusia eta errege ogasunaren
gobernu orokorra.
Ameriketako gizartea hiru arrazaren
bilgune izan zen, eta horixe zuen ezaugarri
nagusietakoa: indiarrak, zuriak eta afrikarrak
elkarrekin bizi ziren, eta talde horien
arteko nahasturak arraza aberastasun handia
ekarri zuen.Gizatalderik ugariena indiarrena zen.
Arraza zurikoak konkistatzaileak eta agintariak
ziren. Eta beltzena, azkenik, Ameriketara
esklabo gisa eramandako taldea zen.
Espainiar batzuek beren gizarte eta egitura
politiko berezia osatu zuten, espainiarren
errepublika deitua; hirietan bizi ziren eta
Iberiako penintsulako gizartearen eredura
osatu zuten beraiena ere. Herri indigena
gehienak, berriz, indiarren errepublika delakoan
sartu zituzten; errepublika hartan
indiarren bizimodu tradiziozkoak eta mendebaleko
moldeak, denak batera elkartu
ziren. Kreoleek beren ekonomia interesen
alde erabili zituzten indarrak; zergak ordainarazi
zizkieten eta beraientzat lan egitera
behartu zituzten, meatzeetan batez ere.
Gerora beltzek osatu zuten, eskualde tropikaletan
batez ere, gizarteko gizatalde handiena.
Ekonomia
Gaztelako erregeek merkantilismoan
oinarritu zuten Ameriketako ekonomia
–hura zen garai hartako ekonomia dotrina
nagusia–, eta harri eta metal bitxiak ustiatzea
zen helburu nagusia.
XVI. mendearen erdialdean zilar meatze
handiak aurkitu ziren Nueva Españan
–Guanajuato, Zacatecas, Taxco–, eta Peruko
erregeorde barrutian ere aurkitu zituzten
beste batzuk, Potosiko muino aberatsa besteak
beste. Harrezkero zilarra izan zen
Ameriketan ustiatzen zen baliabide nagusia,
urrea bera ere baino gehiago. XVI. mendearen
bigarren erdian behera egin zuen
ekoizpenak, baina Huancavelicako merkuriozko
meatzeak aurkitu ziren eta Peruko
erregeorde barrutiko zilarraren ustiakuntza
erraztu eta merketu zuen horrek; Peruko
erregeorde barrutia zilar ekoizle nagusia izan
zen harrezkero, XVII. mendea arte.Askotan esan izan da garai hartako politikaren
xedea urre eta zilar ustiakuntza zela
soilik –eta egia da gainera– eta alde batera
utzi zirela ekonomiaren beste alor batzuk,
garrantzitsuak izanik ere, baina azken hori
ez da aurreko baieztapena bezain egia biribila.
Izan ere, meatzeen ustiakuntza –giza
ikuspegitik, indiarren esplotazio ankerra zela
eta, oso gaiztoa izan zen arren– beste alor
batzurentzat mesedegarria izan zen; abeltzaintzarentzat
eta nekazaritzarentzat, adibidez,
mesedegarria izan zen, zenbait lurraldeetan
jarduera horiek bazter geratu izango
baitziratekeen meatzaritzagatik izan ez
balitz; bestalde, ekoizpen hiri nagusien eta
urruneko guneen artean komunikabideak
antolatzeko aukera eman zuen, eta jakina,
merkataritzaren bilakaeraren eragile garrantzizkoena
izan zen.
Ekonomia jarduera nagusia merkataritza
zen. Eta Gaztelako erreinuak merkataritza
babesteko zenbait neurri hartu zituen
arren, Europako gainerako herrialdeek atera
zuten etekinik Ameriketako aberastasunetatik,
legezko jardueren bidez, baina baita
legez kanpoko jardueren bidez ere. Izan ere,
bai Gaztelak bai Portugalek merkataritza
monopolio zorrotza ezarri zuten, eta Indiekiko
merkataritzatik kanpo utzi zituzten gainerako
herrialdeak. Portuetako monopolioa
ere ezarri zen, eta Espainian Sevillari eta
Ameriketan Callao, Veracruz eta beste porturen
bati bakarrik eman zitzaien merkataritza
harremanak izateko eskubidea, ustez
Mundu Berrirako salgaiak eta bidaiariak
hobeto kontrolatu ahal izango zituztelakoan.
Bestela gertatu zen, ordea; izan ere gaztelarrek
eta atzerritarrek berehala aurkitu zituzten
kontrabandoa egiteko bideak, bai Iberiako
penintsulan bai Indietan. Kontrabandoa
eta itsas lapurreta izan zituen Amerikarekiko
merkataritzak arazo nagusiak.
Eliza Ameriketan
Elizak garrantzi handiko zeregina izan
zuen Ameriketako gizartean eta kulturan,
koroak ebanjelizazioa baitzuen helburu,
besteak beste.
XVI. mendean zehar misiolari asko joan
ziren Indietara, eta indiarrak kristautzeaz gainera
garrantzi handiko lana egin zuten indiarraren
eta haien heziketaren alde: bertakoentzat
eskolak sortu zituzten, indigenen
kulturak ikasi zituzten etab.
Aldi berean, eliza erabat antolatua eta
haren erakundeak eta ohiturak eraman ziren
lur berrietara, kolonoen eta gero eta
talde zabalagoa osatzen zuten kreoleen zerbitzurako.
Horrela, berehala antolatu zen
Indietan eliza, komentu bizitza, unibertsitateak,
goi mailako eskolak, kofradiak eta
gaztelarren hainbat ohitura kristau.
Elizaren eta koroaren arteko harremanak,
Indietan, Errege Eskubideen bidezarautu ziren XVI. mende hasieratik; aita santuak
errege eskubideak eman zituen elizako
karguak eta horiei zegozkien beste pribilejio
batzuk –eliz barrutiak antolatzekoa edo
ekonomiari zegozkion beste zenbait pribilejio–
banatzeko. Liskar txiki batzuk gorabehera,
XVI. mendean zehar nahikoa harreman
onak izan zituzten Espainiako erregeek
eta aita santuek.
Brasil
XVI. mendean zehar portugaldarrek
Ameriketan egindako kolonizazioa gaztelarrak
egindakoaren oso bestelakoa izan zen.
Portugalgo erregeak ekialdeko Indietako
merkataritza bideez eta Indiako ozeanoan
eta Ozeano Barean beren lanteagiak finkatzeaz
gehiago arduratu ziren.
Baina XVI. mendean zehar portugaldarrak
Brasilgo kostaldean baizik ez ziren
kokatu. XVII. mendea arte ez zuten Brasil
barnealdea konkistatu.
Horrenbestez, Brasilgo administrazio
egitura oso urria zen garai hartan. Kostaldean
lurraldeak lerroka bezala zeuden banatuta,
kapitulazio bidez aginpide politiko
eta ekonomikoa hartzen zuen kapitain baten
agintepean. 1549an aurrera pauso handia
eman zen, halere, gobernuaren zentralizazioaren
alde: Kapitain Orokor bat izendatu
zen lehenengo aldiz. Kapitain orokorra
erregearen ordezkaria zen, eta aginpide
politikoa zuen arren, lurjabeen esku utzi
zuen ekonomia, gobernariari eta metropoliari
buruz nobalaiteko askatasunaz aritzeko
moduan.
Brasilen metal bitxien meatzerik ez zen
aurkitu XVII. mendea arte. Hango ekonomia
azukre kanaberaren ustiakuntzan oinarritu
zen XVI. mendean. Kolonoak hasi ziren
azukre kanabera lantzen, haiek eraman
zituzten kanabera xehetzeko tresnak eta
hasiera-hasieratik bultzatu zuten esportazioa.
Portugalen kolonia izateak baldintza egokiak
eskaintzen zituen horretarako: Afrika
mendebaleko kostaldean nagusi ziren –esklaboak
eskulangile gisa erabiltzeko aukera
ematen zion horrek– eta merkataritza
harremanak zituen Europa iparraldeko herriekin,
herri horiek XV. mendean merkataritzarako
azpiegitura antolatu zutenez gero.
Hiru puntako merkataritza deitu izan dena
bideratu zen horrela: Europatik salgaiak eramaten
ziren Afrikara eta esklaboen truke
aldatzen ziren han; ondoren esklaboak
azukre truke saltzen ziren Brasilen eta, azkenik,
Europara esportatzen zen Brasilgo
azukrea.
Arazo handiak izan ziren Portugalen
mendeko Ameriketako lurrak ebanjelizatzeko,
ez baitzegoen lan hura egiteko misiolaririk.
Izan ere, Brasil kolonia askorenarteko bat baino ez zen Portugalentzat, eta
portugaldar misiolariek joera handiagoa
izan zuten Ekialde Urrunerako Mundu Berrirako
baino. Alor honetan aipagarria izan
zen jesuiten lana; espainiarren kolonietan
egin zutena baino askoz ere eraginkorragoa
eta indar handiagokoa izan zen, izan
ere espainiarren mendeko lurretan beste
ordena batzuek bete zuten zeregin hori,
adibidez, frantziskotarrek, domingotarrek
edo mesedetako ordenak. Portugalgo kolonietan
ospe handia izan zuen Jose Antxieta
(1530-1579) misiolariak, espainiarren
mendeko Ameriketako lurretan De Las
Casas aitaren antzera, indigenak babesteko
egin zuen lanagatik.