Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Frantzia XVIII. mendean

Luis XV.a Frantziakoa Saxoniako mariskalari aginduak ematen Lawfeld-eko guduan (1747ko uztailaren 2an), Austriako Erregetzarako gerran. Pierre Lenfant-en margolana, Versaillesko museoa.<br><br>

XVIII. mendean, Europako potentzia handietako bat zen Frantzia, Britainia Handiarekin eta Austriarekin batera, eta 22 milioi biztanle zituen. Frantziaren mugak egungoen antzekoak ziren arren, bazituen alboko nazioekin liskarrak zenbait lurralderen gorabeheran: Korsika konkistatu zuen, Ingalaterra Mediterraneoan hartzen ari zen indarrari aurka egitearren, eta liskarbide izan ziren Avignon, Lorrenako dukerria, Niza, eta Savoia ere. Ipar Ameriketan kolonia zabalen jabe zenez, ontzidia ere indartsua zuen, baina ez Britainia Handiak bezainbatekoa. Kanada salbuetsita, Frantziaren Ipar Amerikako gainerako kolonietan ez zen frantziar jatorriko biztanle askorik.

 

Lurrezko oinak zituen erraldoia

ITSAS INPERIO ZABAL HAREN MANTENIMENDU KOSTUAK ETA GASTU MILITARRAK, ERABAKIGARRIAK GERTATU ZIREN LUIS XVI.AK TRONUA GALTZEKO.Ontzidiaren eta kolonietako gerren gastuak hazi ahala, finantza publikoen zorrak pilatuz joan ziren, eta hain zuzen, horixe izango zen 1789ko iraultza lehertzeko arrazoietako bat. Armadaren zeregina Indiarekin eta Antillekin zeuden itsas bideak babestea zen. Hango azukrea eta Indietako merkatuak ziren kolonietako aberastasun iturri nagusiak. Azukre kanaberadi handien garaia izan zen. 1740an, kolonietako merkataritzaren erdia –140 milioi libera ziren guztira– Ameriketatik zetorrena zen.

Bretainiako Lorienten kokatutako Indietako Konpainia, indiana, muselina, te, kafe eta piperrauts inportazioan espezializatu zen eta Indiako barne merkataritzarako bitartekotza egin zuen. Konpainako ontziek bi eginkizun zituzten: merkataritzakoa eta militarra.

1792an jo zuen gorena trafiko hark eta baita Bordelen eta Bretainian kokatzen zen itsas armadak ere.

Frantziaren Europako lehorreko mugak gudaroste indartsu baten indarrez eta trebezia handiko diplomaziaz ziurtatuta zeuden.

Europako gobernu guztiak bat zetozen kontinenteko ezein potentziaren nagusitasuna ez onartzeko printzipioa onartzean (Ryswickeko hitzarmenak, 1697; Hagako ituna, 1701; Rastatteko negoziaketak, 1714; Nystadeko bakea, 1721). Hala, Colbertek proposatutako Europako orekaren printzipioari eutsi zitzaion. Ez zen oreka egonkorra ordea, eta Familiako Hitzarmena zeritzana ezarri zuten kontinentean bakea ziurtatu eta koloniak hobeto ustiatzearren. Frantzian, Espainian, Parman eta Bi Sizilietan dinastia bereko erregeak (borbondarrak) egonaren ondorio logikoa zen Familiako Hitzarmena (1761), eta esandako erresumen arteko berme sistema moduko bat zen.

 

Kolonietan nagusitza lortzeko lehia militarra

FRANTZIARREN ETA BRITAINIARREN ARTEKO LEHIA MILITARRAREN AZPIAN –GARAI HARTAKO EUROPAKO BI POTENTZIA HANDIENAK ZIREN– EKONOMIA ARRAZOIAK ZEUDEN: BIEK USTIATU NAHI ZITUZTEN KOLONIETAKO PRODUKTUAK (AZUKREA, TABAKOA, KAFEA EDO TEA).

AZKENEAN, INGELESEN GARAIPENAREKIN (WATERLOO) ETA VIENAKO BATZARRAREKIN AMAITU ZIREN LISKARRAK.Lehia haren ondorioz, lehorreko gudarostearen erreforma militarra (1709), itsas armadaren murrizketa eta soldadutza ezabatzea etorri ziren. Egoera horren arrazoia aurreko gerratik geratutako 100 milioi libera Toursekoen zorra zen. Erregea adin txikikoa izateak eta erregeordearen politika zuhurrak ere izan zuten eragina erabaki hori hartzeko. Finantza publikoak zertxobait onbideratu ziren Law-en sistemari esker: banku orokor bat sortu zen (1716) eta txanpon kopuru handi batetik abiatuta diru papera atera zuen. Ondorioa bankuaren porrota izan zen (1720). Gerrarako estatu idazkari Choiseul aukeratu zutenean, honek desmilitarizazioari ekin zion.

Aginpidea ministerioak zuen eta gerrako komisarioen bidez kontrolatzen zuen ministerioa.

Lonbardia eta Mezzogiornoren kontrolagatik Italian izandako gerren ondoren (1734), Fleury kardinaleak, Ingalaterrari lurralde gatazketan parte hartzea eragozteko Hagako bake negoziaketei ekin zien.

Vienako Hirugarren Itunak (1738) ekarri zuen Paris eta Austriaren arteko behin betiko bakea. Poloniako Erregetzarako gerra salbuetsita, Luis XIV.aren heriotzaren (1715) ondorengo mende laurdena baketsua izan zen. Bakea baitzen, hain zuzen, garai hartako Frantziako diplomaziaren arduradun ziren Dubois eta Fleury kardinalen jomuga.

Azken honen politika, esate baterako, Frantziaren eta Ingalaterraren arteko adiskidetasunekoententeari lotua zegoen. Fleury kardinalearen heriotzarekin Adiskidetasuneko Ententea ezaugarritzat zuen etapa bat amaitu zen, eta Frantziako koroak Europa ipar aldeko herrialdeen koalizio bati egin behar izan zion aurre. 1701ean bezala, Frantziaren lagun bakarrak Espainiako borbondarrak eta Wittelsbachtarrak izan ziren, Ingalaterra, Hannover eta Austriaren aurkako gerran (1744).

Aachengo hitzarmena (1748). Itun honek, Frantziak eta Ingalaterrak gerra aurretik zuten «statu quo» bera ezarri zuen berriro. Gobernuak uste zuen, Lorrena bereganatzearekin, bere muga naturaletan zegoela, aurrez konkistatutako lurraldeei eustea ez baizen inolako berrikuntza. Gerrakoan ezarritako aliantza sistema desegin zen (Frantzia-Prusia aliantza) eta tregoa labur bat jarri zen abian Zazpi Urteetako gerra hasi zen arte (1756-1763), ezin konpondu izan baitziren diplomazia hutsez Frantziaren eta Ingalaterraren arteko liskarrak. Gerra hau, gainera, Ameriketara zabaldu zen.

Era honetara, mundu mailako lehen gerretako bat sortuko zen. Frantziak gatazka bat baitzuen kontinentean Austriako monarkiaren alde eta beste bat itsasoan Britainia Handiaren aurka.

Parisko ituna (1763) tregoa soil bat izan zen. Frantziak ez zuen lortu Ingalaterra garaitzerik itsasoko eta kolonietako gatazkan.

Gerra haren ondorioz, frantsesek Menorca beretu zuten (1756) eta garnizoiak jarri zituzten Korsikan ingelesak han kokatzea eragozteko.

Parisko lehen itunaren (1763) ondorengo hogei bat urtetako ezaugarri nagusiak, ingelesen aurkako mendeku gogoa, Frantzia barruko oposizio indartsua eta gerrakoan pilatzen joandako zor publiko ikaragarria izan ziren.

Choiseeulek proposamen bat baino gehiago egin zituen. Esaterako, Espainiarekin aliantza bat egitea, ingelesen Ameriketako ahalmen koloniala ahularaztea, Frantziaren itsas armada berrantolatzea eta administrazioan zenbait erreforma sartzea: itsas armadako Akademiaren sortzea, 1752an, Bresten (Bretainian); armada estatu idazkaritzatik zuzenean administratzea, eta disziplina eta erreklutatze moduak hobetzeko erreforma militarrak.

Oreka berria, Familiako Hitzarmenean eta Espainiako koroarekin egindako aliantzan oinarritu zen. Versalles-Madril aliantza ondorengo elementu hauetan oinarritu zen: bi potentzia kolonialek Ingalaterrarekiko zuten aurkakotasuna, Luis XV.a eta Karlos III.a oso lagunak izatea, Choiseul eta Grimaldik elkarrekin lan egin izana, eta bi potentzien elkar hartzea itsasoan, Ingalaterraren aurka egin ahal izateko.

 

Estatu arrazoia ideologiaren aurrez aurre

IPAR AMERIKETAKO IRAULTZAN FRANTSESAK PARTE HARTU IZANAREN ARRAZOIAK EZ ZIREN IDEOLOGIKOAK ETA INGALATERRAREN INDARRA AHULDU NAHIA BAIZIK.Frantziako ilustratuek, Ipar Ameriketako independentisten alde gerran sartzeko iritzia azaldu zuten, nahiz eta gobernuan denak ez zetozen bat. Turgot, Luis XV.a eta Aiguillongo dukea, kanpoko gerretan ez parte hartzearen aldekoak ziren, harik eta barruko arazoak konpondu artean. Baina Vergennesen iritzian, amerikarren iraultza zen hain zuzen, indar oreka berriro Frantziaren alde jar zezakeen abagune egokia, Ingalaterrari koloniak kendu eta haren tokia harturik. Horretarako, postura merkantilistak aldezten zituztenek laguntzen zioten, kanpoko merkatuak konkistatzea nahi zutenek, alegia.

Gatazka hark bi fase izan zituen. 1776tik 1778ra, laguntza militarra (armak), logistikoa eta ekonomikoa eman zien Frantziak amerikar independentistei, baina isilpean.

1778tik 1782ra ordea, ageriko gerra izan zen, Espainiako monarkia Frantziaren aliatu zela.

Ipar Amerikaren independentziako gerrak Frantziak potentzia kolonial gisa galduxea zuen izen ona berreskuratzeko balio izan zion, baina ipar Amerikaren independentziak Ingalaterraren porrota ekarriko zuela iragartzen zuten azterketek huts egin zuten, eta Frantziak ezin izan zuen haren tokia hartu.

Bestalde, Frantziako finantza publikoak zorrez mukuru zeuden etengabeko gerren gastuak zirela eta. Finantza arazo hori izan zen 1789ko iraultza lehertarazi zuena.

 

Kanpo politikaren nagusitasuna

FRANTZIAK XVIII. MENDEAN ITSASOAN IZAN ZUEN OPAROALDIAK ZERIKUSI HANDIA IZAN ZUEN INPORTAZIOEN ETA ESPORTAZIOEN GORAKADAREKIN (1688-1672), ETA HORREKIN BATERA ITSAS ARMADAREN INDARRAK ERE GORA EGIN ZUEN.Zenbait unetan, aurkako bilakaera izan zuten merkataritzak eta itsas armadak, gobernuen politika desberdinek hala bultzatuta.

Bada nolabaiteko harremana, XVIII. mendeko gerren artean (Austriako erregetzarako gerra, 1742-1748; zazpi urteko gerra, 1755- 1763; ipar Ameriketako independentzia gerra, 1777-1783) eta merkataritzaren bilakaera erritmoaren artean. Atlantikoko eta Mediterraneoko portuetako merkataritzak ere gora egin zuen (Nantes, Bordele eta Marseilla).

Dunkerkeko portuan, Herbehereekin jokatzen zuen bitartekotza paperetik sortzen ziren irabaziak, eta Baionako (Euskal Herria) portuaren garapena berriz, Mexikotik eta Espainiatik zetorren zilarraren kontrabandoari lotuta zegoen. 1763tik aurrera Bordele izan zen Frantziako itsas merkataritzaren hiriburu.

XVIII. mendearen lehen erdian, itsas merkataritzako kapitala, gehienbat, irlandarra eta euskalduna zen jatorriz.

Tratulariek eta armadoreek presio talde indartsua osatzen zuten garai hartan. 1720tik aurrera, itsas armadaren garapenari bultzada handia eman zitzaion. 1760tik 1796ra bitartean, bi frentetan banatuko da Frantziako ontzigintza: merkataritzarako ontzidia eta gerrarakoa. Ibai ibilbideen erabilpena lagungarri gertatu zen Frantziaren barru aldeko eskualdeak (Massif Central) kolonietako merkataritza sareetan eta diruan oinarritutako merkataritza harremanetan sar zitezen.

Estatu barruan berriz, monarkia absolutuaren erakundeek indarra galdu ahala, noblezia sendotzen zihoan. Karguen salmentari eta haiek jaraunsteko eskubideari esker, eskumen handiagoak lortu zituen aristokraziak. Horren lekuko izan ziren aitoren semez osatutako Kontseilu espezializatuak.

Parlamentuek ere, zerga berriak onartzeko ahalmena eskuratu zuten. Finantza publikoak ziren Frantziaren benetako puntu ahula. Zerga sistema hobetzeko egindako saio guztiak alferrikakoak gertatu ziren.

Teorian hiru estamentuei aplikatu behar zitzaien «kapitazioa» (1695) ezin izan zitzaion kleroari aplikatu, eta nobleek nekazariek baino hamar aldiz gutxiago ordaintzen zuten. Ondasunen proportziozko zerga ordaintzeko ideia guztiz baztertu zuten orduko Parlamentuak kontrolatzen zituzten talde pribilegiodunek.

Frantsesa zen nazio arteko hizkuntza.

Hizkuntza hori erabiltzen zen Ilustrazioko kultura eta ideiak adierazteko, eta Utrechteko Itunaz geroztik, baita nazio arteko hitzarmenak idazteko ere.