Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Espainia: distiralditik hondamendira

Filipe II.a garai hartako grabatu batean.<br><br>

 

Filipe II.aren erreinaldiaren garrantzia

FILIPE II.AREN ERREINALDIAK HIRU ARDATZ NAGUSI IZAN ZITUEN: UNIBERTSALISMOA, KATOLIZISMOZ BETEA, AUSTRIA DINASTIAREN ALDEKO JARRERA ETA HISPANISMOAKarlos V.ak ezin eutsi zituen erregetza bakar baten mendean inperioa osatzen zuten bi alderdiak, eta azkenean, inperioa bitan banatu zuen bi oinordekori uzteko: ekialdea, austriarren inperioa hartzen zuena, bere anaia Fernandorentzat utzi zuen, eta ekialdea (Espainia, Flandria eta Italiako ondasunak, Milan barne) bere seme Filiperentzat.

Filipek politika unibertsalaren ideia aitarengandik jaso zuen. Bestalde, Ameriketako lurraldeak herentziaz hartu zituen lurraldeei gehitu zien batetik eta Portugalgo erreinua (1580) eta inperioa bestetik, itsasoz haraindiko lurralde eta guzti (Ekialdeko Indiak eta Brasil). Indietako jabetzei dagokionez, nahitaez aipatu behar dira Ameriketatik biltzen zituen dirutzak, horiekin finantzatzen baitzuen bere politika.

Politikari dagokionez, Filipe II.aren erreinaldiak hiru oinarri nagusi izan zituen: unibertsalismoa, Inperioaz zuen ideiak eta erlijio katolikoaren aldeko jarrerak eratua; Austria dinastiaren aldeko jarrera, hau da, Austria etxearen bi adarren elkarlanean oinarritua; eta hispanismoa, errege izan zen bitartean Espainia izan baitzen Filiperen politika gidatzeko eta eragiteko gunea.

Filipe II.aren kanpo politikak bi aldi izan zituen: lehenengoa oso laburra izan zen (1556-1560), baina nahikoa Karlos V.ak konpondu gabe utzi zituen arazoak arrakastazkonpontzeko. Bigarren aldian (1560.. rtetik aurrera), Filiperen politikak bi ardatz izan zituen: Mediterraneoa bata eta Atlantikoa bestea. Lehenengo hamar urteetan Mediterraneo itsasoa izan zen Filiperen politikaren ardatz nagusia, baina Lepantoko garaipenaren ondoren, eta bereziki Portugalgo inperioan sartu ondoren, Atlantikoa eta Atlantikoko boterea izan ziren Filiperen politikaren erdigunea.

 

Herbehereetako auzia

HEBEHEREETAKO AUZIA IZAN ZUEN FILIPE II.AK ARAZORIK LARRIENA; 1598AN SAIATU ZEN ARAZOARI KONPONBIDEA AURKITZEN, BAINA WESTFALIAKO ITUNAK IZENPETU ZIREN ARTE EZ ZEN ERABATEKO KONPONBIDERIK IZANFilipe II.ak Herbehereak utzi zituenerako (1559), bazen lurralde hartan bere kontrako higikunderik: batetik, ez zelako jadanik errege nazionala, eta ez zituelako ulertzen ez herrialdearen interesak ez bertako biztanleak; bestetik, erlijio arrazoiak zirela eta, izan ere, kalbinismoak gero eta indar handiagoa baitzuen.

Herritarren kezka nagusia ekonomikoa zen. Kezka hori 1560. urtean atera zen lehenengo aldiz agerira espainiar gudarosteak, Cateau-Cambrésiseko bakearen ondorioz, Herbehereetan gelditu behar izan zutenean.

Bestalde, zerga berriek eta 1565eko goseteak herriaren atsekabea areagotu zuten. Nobleen kezka, aldiz, politikoa zen: haien ustez beren kontura indartu nahi zuen erregeak bere ahalmena, sortu berriak ziren hamalau eliz barrutietako goi karguetarako ez baitziren nobleak izendatu. Erlijio arazoek ere garrantzi handia izan zuten: gero eta gehiago ziren kalbindarrak eta luterotarrak.

Matxinadak hasiak ziren eta ?barkamen orokorra?-rekin (1566) ere ezin izan zituen baretu; gertaera haiek 1566an ??mirarien urtean?? iritsi ziren gorenera: protestanteek 400 eliza katoliko desegin zituzten eta Anberes, Amsterdam eta beste hiri batzuk hartu zituzten. Iskanbilak isilarazteko indarraz baliatzea eta errudunak zigortzea erabaki zuen Filipe II.ak; Albako dukea Flandriara bidali zuen osteen buru jartzeko. Orduan, Margarita Parmakoak gobernari kargua utzi, eta Albako dukeak ahalmen politikoa eta militarra bere esku izan zituen. Fernando Alvarez de Toledo dukeraren politika osogogorra izan zen: iraultzaileak garaitu zituen, baina oso neurri gogorrak ezarri zituen, esaterako Matxinaden Epaimahaia sortu zuen eta zerga berri bat ezarri zuen osteak ordaintzeko. Neurri haien kontra, beste matxinada handi bat izan zen 1572an.

Egoera horretan, Filipe II.ak Gorteko alderdi bakezaleari kasu egin eta Albako dukearen ordez, Luis De Requesens jarri zuen gobernari. Requesensen gobernua eta haren ondorengo Joan Austriakoarena gobernu bakezaleak izan ziren. Hala ere, erregeak erlijioari zegokionez ez zuenez amor ematen, arazo endemiko bihurtu zen hura; nazionalismoak, bestalde, erabat korapilatu zuen egoera, bereziki Iparraldeko Probintzia Batuetan.

Austriako Joan hil zenean, Filipek Alexandro Farnesio jarri zuen Herbehereetan buru. Alexandro oso diplomatiko ona zen, eta jeneral handia. Hark izan zituen garaipen militarrek ia konpondu zuten arazoa (1585ean Anberes menderatu zuen).

Alexandro gaur egungo Belgikaren sortzailetzat hartzen da. Baina Alexandroren lorpen haiek ez zuten behar adina arreta izan, Filipe II.ak Ingalaterra menderatzeko zuen proiektua eta Frantziarekin izan zituen gatazkak zirela-eta. 1593an, Farnesio hil zenean, Herbehereetako arazoa konponezina zen; horregatik, Filipe II.ak, hil aurretik, uko egin zien herrialde haiei eta bere alaba Elisabet Klara Eugeniari utzi zizkion. Elisabet Alberto artxidukearekin ezkondu zen.

Filipek itxaropena zuen errege-erregina berriek mendekoen begirunea izango zutela eta dinastia burujabe bat sortuko zutela Espainiarekin ahaidetasun loturak izango zituena. Hala ere, klausula baten arabera, ondorengotzarik ez bazen, Espainiako erregearengana itzuliko ziren Herbehereak.

 

Ingalaterraren kontrako borroka

ESPAINIAKO FILIPE II.AREN ETA INGALATERRAKO ELISABET I.AREN ARTEKO HARREMANAK POLIKI-POLIKI TXARRERA EGIN ZUEN, ETA AZKENEAN, ESPAINIAK INGALATERRAREN KONTRA BORROKATU ZUENElisabet I.aren erreinaldiaren lehenengo hamar urteetan Espainiaren eta Ingalaterraren arteko harremanak adiskidetsuak izan ziren oro har, Espainiak Frantziaren kontra zuen politikarekin jarraituaz. Filipe II.ak erreginaren alde egin zuen Frantziak Ingalaterran sartzeko egiten zituen saio guztietan; saio haien oinarria Maria Estuardoren eta Frantzisko II.aren arteko ezkontza zen. Filipe II.a neutral agertu zen anglikanismoa Ingalaterran sartu zenean; bestalde, erregina eskumikatzeko lehenengo asmoak geldiarazi zituen. Baina, ingelesek Atlantiko ozeanoan barrena zabalkundea hasi zutenean eta Espainiari Ameriketan zuen monopolioa kentzen saiatu zirenean, arras hoztu ziren Ingalaterraren eta Espainiaren arteko harremanak.

Ingeles itsasgizonek espainiarren ontzidien edo lurraldeen kontra egin zituzten harrapaketez gainera, ingeles erregearen eta espainiar erregearen arteko sinesmen desberdintasunak eta bataren eta bestearen jokabide desberdina dago aipatu beharra.

Espainiaren eta Ingalaterraren arteko etsaitasunaren oinarriak hauek izan ziren: Espainiak Atlantikoan zuen nagusitasunaren sendotzea, Portugal eta herrialde horrek itsasoz haraindi zituen lurraldeak espainiarren mende gelditu zirenean; Bernardino de Mendoza espainiar enbaxadoreak Maria Estuardo erregina egiteko azpikerian parte hartzea; Leicesterko kondeak Herbehereetan espedizio militar bat zuzentzea matxinatuak babesteko. Leicesterko kondea gobernari izendatu zuten han.

1583. urteaz gero Filipe II.aren gogoan gero eta indar handiagoa zuen Santa Cruzeko markesarengandik hartutako asmo batek, alegia Ingalaterra indarrez hartzeko asmoak; izan ere, era horretan protestante frantsesei eta holandarrei han zuten euskarria kenduko baitzien, eta harrapakeriaren gunea ezeztatuko baitzuen. Alvaro de Bazánen lehenengo asmoa itsas armada zuzenean Ingalaterrara bidaltzea zen, baina egitasmo hura aldatu egin zen: Lisboatik irtengo zen ontzidia Herbehereetara joango zen lehenbizi, eta han Alexandro Farnesioren gudarostea ontziratuko zuen.

1588ko uztailean Espainiako gudarostea (Garaitezina deitua) Espainiatik irten eta Herbehereetara abiatu zen. Mantxako itsasartean ingeles ontzidia topatu zuen.

Hainbat borrokaldi izan zituzten; ekaitzaketa kontrako haizeak zirela-eta, Espainiako Gudarostea ezin itzul zitekeen itsasartera, eta azkenean, Ingalaterra eta Irlanda inguruko bidaia neketsua egin behar izan zuen.

Bidaia hartan, itsasgizon asko hil ziren eta itsasontzi asko hondatu; urte hartako irailean Espainiara itzuli zen ontzidia bere asmoak huts eginda.

 

Kultura eta erlijioa

ESPAINIAK MENDEBALEKO KRISTAUTASUNARI SAN JOAN DE LA CRUZEN MAILAKO MISTIKOAK EMAN ZIZKION; URREZKO MENDEA ZEN, ETA LITERATURAN CERVANTESEKIN IRITSI ZEN GORENEKO MAILARAErreforma Katolikoa Trenton burutu zen; mendebaleko zenbait herrialdeetan, ordea, askoz ere lehenagotik hasia zen prozesu hura. Espainian aipatzekoa da Cisnerosen erreforma, Errege-erregina Katolikoek lagundua. Ondoren, Erasmoren eraginak, joera iluministak (aurrekoak baino herrikoiagoak), eta judu kristautuek egin zituzten ekarpenek erlijio joera barnerakoia ekarri zuten. Joera horrek XVI. mendeko mistikan izan zuen goreneko maila. Santa Teresa de Jesús, San Joan de la Cruz, Joan de Avila edo Fray Luis de Granada izan ziren erlijio higikunde hartako pertsonaia nagusiak.

San Ignazio Loiolakoak protestantismoaren kontra borrokatzeko Jesusen Lagundia sortu zuen. Trentoko Kontzilioan, bestalde, espainiar teologo ospetsu hauek nabarmendu ziren: Diego Laínez eta Nicolás Salmerón jesuitak; Domingo de Soto eta Melchor Cano domingotarrak, eta beste hainbat.

Baina, Espainiaren indarra ez zegokion erlijioari bakarrik, kulturak ez zuen ordu arte inoiz halako hazkunderik izan. Hazkunde hori kulturaren ia alor guztietan gertatu bazen ere, literatura sorkuntzan izan zuen garrantzi gehien. Gaztelaniazko prosak La Celestinaren mailako lanak eman zituen Errege-erregina Katolikoen garaian, eta gorantz jarraitu zuen, harik eta XVI. mendearen azken herenean eta XVII.aren hasieran gailurrera iritsi zen arte. Garai horretako literaturan gehien nabarmendu ziren gaiak mistika eta pikareska izan ziren. Hala ere, ezin ahantz daiteke poesia lirikoa: Garcilaso, Lope de Vega, Gracián, Góngora edo Quevedo. Antzerkian ere ospe handiko hainbat egile izan ziren: Lope de Vega, Tirso de Molina edo Calderón de la Barca.

Dena dela, leku gehiago beharko litzateke ospea izan zuten beste gai eta egile batzuk aipatzeko, hala ere, derrigorrezkoa da eleberri bat aipatzea: Miguel de Cervantesen El ingenioso hidalgo Don Quijote de la Mancha.

 

Hondamendiaren lehen zantzuak

FILIPE III.AREN ERREINALDIAN AZALDU ZIREN ESPAINIAREN GAINBEHERAREN LEHENENGO ARRASTOAK; HALA ERE, LERMAREN BAKEZALETASUNAK EZKUTUAN GORDE ZITUEN1580-1598 bitartean izan zen Espainiaren boterearen goreneko maila; baina Filipe II.aren erreinaldirako azalduak ziren krisiaren lehenengo arrastoak, esate baterako estatuaren bankarrotaren edo nahikoa gari ez sortzearen ondoriozkoak. Filipe III.aren erreinaldiaren ezaugarri nagusia bakea izan zen; hala ere, ez zen egoera horretaz baliatu estatuaren barruko egitura berregiteko.

Londresko hitzarmenari esker (1604), bakea izan zen Jakobo I.aren Ingalaterraren eta Filipe III.aren Espainiaren artean; handik gutxira Hamabi Urteko Su-etena izenpetu zen (1609) Holandako probintzia batuekin.

Urte horretan bertan, Filipe III.ak moriskoak bota zituen, eta horrek kalte handiak eragin zituen Espainiako demografian, gizartean, eta baita ekonomian ere.

Italian bitartean, espainiar monarkiak ez zuen ospe ona galdu, erregeordeen, gobernarien edo enbaxadoreen lanari eta ahalmenari esker: Bedmar markesa Venezian, Fuentes kondea edo Pedro de Toledo Milanerrian eta Osunako dukea, besteak beste.