Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Erlijio gerrak

Erlijio gerrak: Cognac-eko gudua, 1568ko urtarrilaren 6a.<br><br>

Erlijio gerra izena historian zehar erlijioa borrokarako arrazoi izan den edozein gerra eta gatazkari eman dakioke. Dena dela, historiografiak XVI. mendean, hau da erreforma protestantearen ondoren, Europan gertatu ziren gatazkak izendatzeko baizik ez du erabiltzen erlijio gerra esapidea.

Historiako garai haren ezaugarri nagusietako bat politikaren eta erlijioaren arteko lotura gero eta sendoagoa izan zen. Izan ere, ustez erlijio gorabeherak bakarrik zirenen ondorioz gertatu ziren borroka askoren atzean beste arrazoi batzuk izan ziren: arrazoi ekonomiko, sozial eta politikoak hain zuzen ere.

Erlijio gatazka gehienak Europan gertatu ziren, orduantxe ari baitziren sortzen nazio estatuak bertan (Ingalaterra, Espainia, Frantzia, Suedia, etab.) eta estatuaren gobernu erakundeen absolutizazioa gertatzen ari baitzen. Herrialde haietako aristokraziak beren pribilejioak babesteko eginahalak egiten ari ziren, monarkiaren aginpidea sendotzen ari zela ikusirik.

Bestalde, Habsbugotarren dinastiak, Alemaniako enperadore tituluaren monopolioa zuen dinastiak alegia, ahaleginak egin zituen Erdi Aroan nagusi izan zen inperio unibertsalaren ideia berpizteko; hau da, elizaren batasuna eta aginpide unibertsala, eta inperioaren nazioarteko nagusitasuna berreskuratzen ahalegindu zen. Proiektu horren kontra azaldu ziren, ordea, nazio monarkia berriak –Frantzia, Ingalaterra eta Holanda– eta orobat, inperioaren egiturak indartu nahi ez zituzten alemaniar printze asko eta asko.

Elkarren kontrako aginpide horiek guztiek erlijioa erabili zuten bakoitzak bere asmoak aurrera eramateko eta batzuek besteei aurre egiteko tresna gisa; beren mendeko lurraldeetan ideologiak eta politika joerak batzeko tresna gisa hartu zuten batetik, eta kontra egiten zieten beste aginpide batzuetatik bereizteko tresna gisa erabili zituzten, bestetik.

 

Inperioa eta erlijio krisiaren hasiera

ALEMANIAREN EZAUGARRI EKONOMIKO, SOZIAL, POLITIKO, KULTURAL ETA ERLIJIOSO BEREZIEK ERLIJIO GATAZKAK SORRARAZI ZITUZTEN.XVI. mende hasieran gizarte eta erlijio nahasmendu handiak gertatu ziren Alemanian.

Kapitalismoaren eta kultura humanistaren bilakaerak Luteroren erreformarako bideak zabaldu zituen. Erreforma berehala zabaldu zen Alemania guztira, eta alemaniar gizarteko talde apalenek beren egoera ekonomiko eta sozial zorigaiztokotik askatzeko tresna gisa erabili zuten.

Alemaniako hego eta erdialdeko nekazari eta eskulangileek matxinada bat antolatu zuten 1524an, beren egoera kaskarra hobetzeko eta jaunek ordainarazten zizkieten zergetatik eta betearazten zizkieten zerbitzuetatik askatzeko. Zenbait predikari erreformazale izan ziren matxinada haren buru, eta hori zela-eta erlijio «iraultzaren» tankera hartu zuen. Baina jaunen gazteluak eta monasterioak eraso zituzten matxinatuek.

Luterok, Errefomaren gaineko kontrola galdu eta Erreformak hondoa joko zuenbeldur baitzen, matxinatuak zigortu zituen, eta haiek akaba zitzaten eskatu zuen, beren arimak salbatzeko modu bakarra hori izango zutela esanez. Printzeek eta jaunek, hirietako goi mailako burgesen laguntzarekin, zapalkuntza gogorra bideratu zuten eta milaka nekazari hil zituzten. Harrezkero, Luterok printzeen laguntza izan zuen, eta horrela, printzeen kontrolpean gelditu zen erreforma.

Printzeek erlijio erreformatua erabili zuten, aurrerantzean, Karlos V.ak inperio bateratua osatzeko zuen asmoari aurre egiteko.

Gauzak horrela, 1525ean elkarren kontrako bi talde handitan banatuta zegoen Alemania: printze katolikoak zeuden batetik, Dessauko ligan bilduta, eta protestanteak bestetik, Magdeburgoko ligan bilduta.

Karlos V.a Frantziaren eta turkiarren kontra ari zen gerran, eta hori dela-eta Alemaniako gatazka bi taldeen elkarrizketaren bidez konpontzeko ahalegina egin zuen.

Ahalegin hark huts egin zuen, ordea, 1531n, eta protestanteek, Smalkaldako ligan bilduta, Enperadoreari zuzen-zuzenean aurre egiteko jarrera hartu zuten, eta Frantziako Frantzisko I.aren laguntza lortzeko ahaleginak egin zituzten. Dena dela, hitzarmena sinatzeko ahaleginak egiten jarraitu zuen enperadoreak, alferreko ahaleginak guztiak ere, harik eta 1546. urtean gerra piztu zen arte.

Augsburgoko dietak erlijio gatazkari irtenbidea emateko ahalegina egin zuen 1548an, baina orduan ere ez zen bakerik lortu, aitzitik, larriagotu egin zen borroka.

Bai alde bateko printzeen eta bai bestekoen ustez, enperadoreak aginpide zabalegia zuen, eta beldur ziren Augsburgotarrek estatu autoritario bat sortzen bazuten beren, alegia printzeen, «askatasunak» ez ote ziren murriztuko.

1552an hasi ziren berriro istiluak, protestanteek Frantziako Henrike II.arekin bat egin zuten, eta horrek Karlos V.aren politika inperialaren gainbehera ekarri zuen;gainbehera horren ondorioz enperadoreak abdikatu egin zuen, bere anaia Fernandoren alde. Fernandok Augsburgoko erlijio bakea sinatu zuen (1555); bake horren arabera, printzeek eskumena zuten beren lurraldeetan nahi zuten erlijio ofiziala ezartzeko, eta horrek Alemaniaren erabateko zatiketa politikoa ekarri zuen.

 

Erlijio gerrak Frantzian

ESTATUAREN ABSOLUTIZAZIO ETA ZENTRALIZAZIOA NAGUSI ZEN GARAI BATEAN, AGINPIDE BATZUK BATZEKO ETA, ALDI BEREAN, AGINPIDE BATZUK BESTEETATIK BEREIZTEKO TRESNA GISA ERABILI ZEN ERLIJIOA.Espainiak eta Frantziako Henrike II.ak, Alemaniako printze protestanteekin bat eginda, Cateau-Cambresisko bakea sinatu zuten 1559an; bake hura sinatu ondoren bake garaia hasi zen bi estatuen artean.

Henrike II.a (1560) hil ondoren, ordea, gatazka zibila sortu zen Frantzian.

Luis XI.ak eta Frantzisko I.ak zentralizazio politiko eta ekonomikoa hasi zuten; horrek, ordea, kalte handia egin zien Frantziako nobleei. Bestalde, liskar handiak zeuden aristokraziako familia ahaltsuenen artean ere. Horrez guztiaz gainera, aipagarria da kalbinismoak Frantziako gizarteko alor guztietan izan zuen eragina.

1560an Frantzisko II.a iritsi zen agintera; agintari hark, ordea, ez zuen Frantzian bizi zen egoera nahasiari aurre egiteko ahalmenik.

Nobleak bi taldetan banatu ziren.

Batetik protestanteak edo higanoteak zeuden, Coligny almirantearen zuzendaritzapean; protestanteek eragin handia zuten Nafarroako erregetza eskuratu zutelarik Antonio Borbongoa Joana II.a Albretekoarekin ezkondu ondoren. Beste alde batetik, berriz, katolikoak zueden, Montmorencyko kondestablea eta Guisako dukea buru.

Hainbat tirabira izan ziren harrezkero (Frantziako historiografiak 8 gerra aipatzen ditu). Gudu txikiak izan ziren, oro har, harrapaketak, atentatuak, etab., baina txikiak izanagatik ere, nahasmendu handia ekarri zuten erreinura. Horrela, Karlos X.aren erreinaldian esaterako (1562-1574), protestanteen taldea desegitearren, Coligny eta beste buruzagi protestante batzuk hil zituzten, haien ehundaka jarraitzaileren artean, 1572ko San Bartolomeko gaueko hilketa handian. Bestalde, Henrike III.ak (1574-1589), bi taldeen aldetik presio handia jasaten ari baitzen, Guisako dukea hilarazi eta katolikoen taldeko gainerako buruzagiak atxilotu zituen.

Katolikoek traizio egin izana leporatu zioten erregari, eta haien susmoak areagotu egin ziren Nafarroako Henrike III.a erregeprotestantea izendatu zuenean bere ondorengo.

Henrike III.ak, Henrike IV.a izenaz, Frantziako erregetza eskuratu zuenean (1589) katolizismoak indarrean iraungo zuela agindu zuen. Baina elizgizon eta noble katoliko askoren laguntza izan zuen arren, liga edo talde katolikoko kideek antierrege bat izendatu zuten Parisen, aita santuaren eta Espainiako Filipe II.aren gudarostearen laguntzarekin.

Henrike IV.ak aldeko asko izan zituen, horretarako espainiarrek esku hartzeko beldurraz eta gerrak zekarren nekeaz baliatu zelarik, eta laguntza horiei esker Henrike IV.a erregetzat ezagutzeko iritzia zabaldu zen, baldin eta erregea katoliko egiten bazen.

Hala, bere fedeari uko egin zion eta Parisen sartu zen 1594. urtean. Filipe II.arekin zituen gorabeherak, ordea, ez ziren hargatik konpondu. 1598an Nantesko ediktua eman zuen, kontzientzia asktatasuna ezagutzen zuen ediktua hain zuzen, eta orduan, bai, bakea iritsi zuen Frantziako erreinuak.

 

Filipe II.a eta Holandaren sorrera

ERLIJIO ERREFORMATUAK ESPAINIAKO INPERIO KATOLIKOARI AURRE EGITEKO BEHAR ZUEN IDEOLOGIA BATASUNA LORTZEKO AUKERA EMAN ZIEN HOLANDAREN BURUJABETASUNAREN ALDEKOEI.XVI. mendearen bigarren erdian, Espainiaren mendeko Herbehereetara ere iritsi zen erlijio gatazka. Herbehereak 17 probintziatan banatuta zeuden eta multzo heterogeneoa osatzen zuten; teorian inperioarenmende zeuden probintzia haiek, eta nolabaiteko batasuna ematearren Inperio Santutik bereizi eta administrazio egitura bateratuak eman zitzaizkien 1548an.

Bestalde, hura zen Europan kapitalismoak indar gehien zuen herrialdeetako bat, eta Berpizkundearekin eta Humanismoarekin loturiko arteak eta ideiek zabalkunde gehien izan zutenetakoa. Hura zen, beraz, Erreforma protestantea errotzeko gune egokienetako bat.

Horrela zegoen egoera matxinada 1566an sortu zenean. Matxinada hartan elizak eta monasterioak erre ziren. Eta Albako dukearen zapalkuntza izugarria izan zen arren, gatazka ez zen horrela bukatu. Protestanteek atzerriko laguntza zuten (Ingalaterra, Frantzia, Alemaniako printzeak), eta Filipe II.ak, aldiz, bakarrean egin behar zion aurre gatazka hari. Espainiak ekonomian galera handiak izan zituen, jende asko hil zen eta ogasun alorrean gero eta arazo larriagoak zituen.

Lurralde haien erabateko zatiketa 1580 inguruan gauzatu zen. Iparraldeko probintzia protestanteek (gaur egun Holanda) beren burujabetasuna aldarrikatu zuten 1581ean. Espainia gero eta krisi sakonagoan zegoen murgilduta, eta aldi berean Holandaren egoera hobera zihoan eta estatu gisa ezagutu zuten bai Frantziak eta bai Ingalaterrak.

Herbehereetako gatazkak 80 urte iraun zuen, eta ez zen XVII. mendearen erdialdea arte konpondu, hain zuzen ere, Espainiak Westfaliako hitzarmena sinatu zuen arte. Kasu honetan ere, bistan denez, helburu politikoak lortzeko eta aldezteko tresna gisa erabili zen erlijioa.