Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Erreforma katolikoa

Trentoko kontzilioari buruzko koadroa, 1560 ingurukoa.<br><br>

Lutero Alemanian Erreforma protestantea egiten ari zen garai berean, beste leku batzuetan, batez ere Italian eta Espainian, Eliza berritzeko saioak ari ziren egiten, erregeak, elizgizonak, laikoak nahiz erlijiosoak. Gauza guztiz argia zen Elizak aldaketa baten beharra zuela, baina katolikoek Elizaren beraren baitatik egin nahi zuten erreforma, hutsegiteak salatuz baina ortodoxia errespetatuz; hori da Luteroren zismaren garai berean egin ziren ahalegin horien eta proposamen protestantearen arteko alde nagusia.

Nolanahi ere, ahalegin horiek gorabehera, Trentoko Kontziliorako deialdia arte itxoin behar izan zen Elizaren buruzagiek eliztarren artean zegoen desira berritzaile hori bere egin zuten arte.

 

Berrikuntza espirituala

Trentoko Kontzilioko erabakiak hartu baino askoz ere lehenago hasi zen erreforma katolikoa. Aldaketen berri adierazten zuten mugimendu asko zegoen eliztarren artean, bizimodu espirituala hobetzeko saioak alegia, herrien eta egoeren arabera modu desberdinez gauzatuko ziren egitasmoak.

Espainian, Errege-erregina Katolikoek gotzaintza, kleroa eta erlijio ordenak berriztatzeko lanari heldu zioten. Cisneros kardinalearen laguntza erabakiorra izan zen eginkizun horretan, hark berriztatu baitzituen frantziskotar ordenak eta Alcaláko Unibertsitatea fundatu, helburu nagusia Bibliaren azterketak bultzatzea eta sakontzea zuen erakundea.

Italian ere sortu ziren egitasmo berriztatzaileak.

Horien artean aipagarria da oratorioen higikundea; laiko eta apaiz taldeak ziren, Erdi Aroko anaidiak gogoan harturik, debozioaren bidez, eta behartsuenganako eta erienganako karitateaz, berriztatze espirituala egiteko elkartzen zirenak. Higikunde horietako zenbaitek indar handia hartu zuten, hala 1494an Vicenzan fundatu zen San Jeronimoren Konpainia Ezkutukoa izenekoak; edota laiko batek ?Ettore Vernezzak? 1497an Genoan sortutako Jainkozko Maitasunaren Oratorioak. Beste asko ere eratu ziren Italia osoan zehar: Milanen, Napolin, Brescian, Veronan? Talde horiez gainera, izan ziren beste batzuk ere, elizigizon sekularrenak; kongregazioak eratuz elkartu ziren, erruki eta karitate lanak taldean egin ahal izateko, kanpoan jakinarazi gabe, eta hala sortu ziren, besteren artean, teatinoak, barnabitak eta somaskoak. Ildo horretan berean ipini daiteke Jesusen Lagundiaren fundazioa; jesuitak, monasterioko eginbeharretatik libre, bete-betean aritzen ziren apostolutza lanetan.

Elizgizon sekularrez zegoen Lagundia osatua, eta beren kideen perfekziozko bizitzabultzatzea eta fedea zabaltzea zuten helburua, predikuaren bidez, gogo jardunak eginez eta dotrina irakatsiz. Jesuitek, usadiozko hiru botoez gainera, laugarren boto bat ere bete behar zuten, hau da, aita santuarekiko obedientzia, eta hori berrikuntza handia izan zen, nahiz eta ez zen beti ondo ulertu. Lagundia oso bizkor ugaldu zen, eta berehala zabaldu zen mundu ezagun osora, Asia, India eta Japoniaraino. Lagundiko kideek heziketa filosofiko eta teologiko sendoa zuten, eta aipagarria da orobat haien espiritualtasun sakona, aszetismo gogor batez elikatzen zena, otoitza eta apostolutza lanez gainera. Jesuiten lana erabakiorra izan zen Eliza katolikoaren berriztatzean, dotrinaren eta errukiaren alorretan batez ere.

Garaiotan beretan berriztatu zen Italian frantziskotarren ordena. Higikunde horrek predikari famatu bat, Matteo de Bascio, izan zuen gidari. Zorroztasun asmoak bultzatuta, fundatzailaren erakutsiak osorik betetzea bilatzen zuen, eta hala eratu zen kaputxinoen ordena. Hasieran, bizimodu eremutarra egiten zuten, eskulanak eginez eta behartsuak zainduz huts-hutsik. Luzaro gabe ordea, gizartea, sinesteak eta ohiturak berritu ahal izateko prediku lanen behar larria zela-eta, uko egin zioten bizimodu eremutarrari, eta heziketa lanean jardun ahal izateko beharrezko ikasketak egiten hasi ziren.

 

Aita santuaren garaia

Ikusi dugunez, gizonak prest zeuden, aldaketa eskatzen zuen giro moralak eta espiritualak egiteko, baina, kontuan izanik Elizaren egitura hierarkikoa, goitik hasi eta azken kideetaraino egin behar zen erreforma hain desiratu eta beharrezko hura. Aita santuak berriztatze lanak bere gain hartzen ez zituen arte, ez zen aurrerabiderik izango.Luzea, zaila eta neketsua izan zen berrizaleen nahiak bideratuko zituen Kontzilio haren deialdia egiteko bidea; izan ere, erlijio arazoez gainera, arazo politikoak ere baziren tartean: Enperadorearen eta frantses erregearen arteko liskarrak, aita santuaren kargua betetzen zuten gizonen familia eta politika interesek eta abarrek zatituak zeuzkaten printze kristauak. Oztopo horiek denek izan zuten zerikusia deialdia egin ahal izateko behar izan ziren urte luzeetan, eta izan zuten halaber eraginik Kontzilioaren beraren aurrerabide nahasian, bi bider eten baitzen, eta hiru aldiz osatu berriro: 1545-1547, 1551-1552 eta 1562-1563 urteetan egin zen.

Eginkizun bikoitza izango zuen Trentoko Kontzilioak: alde batetik, dogma katolikoaren hastapenen argitzea, eta, bestetik, diziplinari zegokion lana. Dogmari dagokionez, fedearen agerpen osoa egin zen, Eliza katolikoan gaur egun arte dirauena; Eskritura Santuen eta Tradizioaren balioa, justifikazioaren dotrina, eta Elizaren hierarkia nolakotasunari zegokion oro azpimarratu ziren bereziki fede iturritzat.

Diziplinaren alorrean, ordu arte gertatu ziren gehigegikeriak desagertarazten saiatu zen Trento, gotzainei beren egoitzetan egon beharra gogoratuz, heziketa lanak abade eta elizgizonei, baita haiek ereduzko bizimodua egiteko garrantzia ere. Eliztarrei zegokienez, zuhurtasunezko neurriak ipini ziren sakramentuak hartzearen balioa eta zilegitasuna segurtatzeko: ezagutza minimoak bermatzeko arautegiak, sakramentuak ematean sakramentu liburuetan errejistratu beharra, etab.

Lan hori beharrezkoa zen; izan ere, eskola teologikoen arteko eztabaidek, interpretazio protestantearen zabalkundeak, eta horrekin batera elizgizonen prestakuntza eskasak eta eliztarren heziketa faltak, horrek guztiak dotrina nahasketa handia ekarri baitzuen. Horregatik, elizgizon duinak eta gaituak izango zirenen prestakuntza azpimarratu zuen bereziki Kontzilioak, hau da, herriaren katekesia eta sakramentuen hartze baliotsuago bat.Luterorenak guztiz bestelakoak ziren erreforma katolikoak proposatzen zituen munduaren eta gizakiaren ikusmoldea. Luteroren pesimismoaren aurrez aurre, gizakiaren nolakotasuna berez zela gaiztoa eta usteldua baitzioen hark, gizakiaren askatasuna ukatuz, eta, hortaz, fedearen bidez baino ezin zela justifikazioa lortu adieraziz, egintza onen bidez ezinezkoa baita; ikuspuntu ezezkor horren aurrez aurre, bizitzaren ikusmolde optimista agertu zen Kontzilioan: gizakiaren izatasunak, jatorrizko bekatuak behin behingoz hondatu duen arren, ez du bere jatorrizko ontasuna galdu, Jesukristoren egintza salbagarriak osatu baitu, graziaren bitartez. Graziaren bidezko gizakiaren jainkotzea, eta horren ondoriozko giza egintza onen balio infinitua, Jesukristorenetan txertaturik, hori guztia kontrajartzen zitzaion Luterorentzat gizakiaren merituei Jesukristoren merituen eranste kanpotikoa besterik ez zena.

Ikusmolde horretan, baziren bi puntu paper guztiz garrantzitsua jokatzen zutenak: alde batetik, azpimarratu zen Eliza dela bitarteko bakarra, alegia, sakramentuen bidez banatzen den graziaren bide bakarra, eta, bestetik, aurrekoaren ondorioz, sakramentuen praktika erregulatu izana.

 

Erreformaren armak

Ez zen aski ordea berrikuntzak egin nahi izatea, eta berrikuntza horiek bideratuko zituzten arauak taxutzea; berrikuntzei eraginkortasuna emango zieten tresnak eskuratu behar ziren, bizikizun benetakoa bihur zitezen.

Trentoko dekretuak bideratzeko, eta erreformaren izpiritua gauzatzeko, ahalik eta baliabide gehienak eta egokienak erabili behar ziren: Filipe II.a erregearen laguntza, besteren artean, bere mendeko lurretan, elizgizonen dotrina zabaltzeko ardura, elizgizonak berak hezteko apaizgaitegien eraikitzea, erlijio ordenen lana, haietako zenbaiten berriztatzea ?karmeldarren kasua adibidez?, predikua, hezkuntza, artea eta literatura.

Izugarri garrantzitsua bihurtu zen eliztarrei dotrina katekesian erakustea. Horretarako, Kontzilioan bertan jarri zen abian hango dekretuak bilduko zituen ikasbide bat; parrokoentzat zen bereziki, sakramentu bakoitzari zegokion dotrina herri hizkuntzaz ager ziezaieten eliztarrei. Eginkizun hori Pio V.a aita santuak bururatu zuen (1565), hark eman baitzien parroko guztiei eliztarrak ikasbide horren arabera hezi zitzaten agindua. Lan horrek beste batzuk, laburragoak, eragingo zituen, baina beti ere helburu berberaz, eta gure egunotaraino ia erabili dira, Aita Asteterena eta Ripaldarena adibidez.Predikua zen katekesiaren osagaia. Predikari famatuenen artean, aipagarriak dira, Espainian, Avilako San Joan, Granadako Fray Luis, Alonso Cabrera, Villanuevako Santo Tomas eta Riberako San Joan. Heresearen aurrez aurre, polemistaren irudia sortu zen. Alemanian aipagarriak izan ziren San Pedro Canisio eta Jorge Scherer.

Hezkuntzaren alorrean, jesuitak izan ziren ordena nagusia, eta, era berean, aitzindari izan ziren erreforma katolikoaren ideiak zabaltzen eta ikasketei aplikatzen. Teologia ikasketak eta giza zientziak eta jakintzak bateratzea izan zen hezitzaile katolikoek erabiltzen hasi ziren estrategietako bat. Ikasketa plangintza guztietan sartzen zen heziketa humanistikoa, giza balio guztiak garatzeko egokiena, aldi berean fedea eta erlijioarekiko atxikidura sendotzen zirela.

Literaturari dagokionez, eragin handia izan zuten egile aszetikoek eta mistikoek; Santa Teresa eta San Joan Gurutzekoa izan ziren garrantzitsuenak. Artean baliabide guztiak, bereziki baliabide ikonikoak, fedearenzerbitzuan jarri ziren. Eukaristiarekin zerikusia zuten guztiak azpimarratu ziren batez ere, eta San Pedroren egoitzaren nagusitasunari erreferentzia egiten ziotenak.

Bitarteko horiekin batera, erlijio praktika bera ere erabili zen, Kontzilioko erabakiak ezagutarazteko: ikuskizun eta ekitaldi publikoak bultzatu ziren, hala prozesioak eta erreguzko ekitaldiak, fededuna parte hartzera bultzatzen zutenak. Ekitaldi horien artean oso garrantzitsuak izan ziren beti ere Jesukristoren Eukaristiako presentzia azpimarratzen zutenak: meza nagusiak, Corpus Christiren prozesioak, eta Espainian, Auto Sakramentalak.

Baliabide horiekin guztiekin, herriarengana eraman, eraginkor bihurtu eta eguneroko bizimoduan txertatu nahi ziren Trentoko erabakiak; izan ere, haien helburua ez zen solik ikusmoldeen akatsak zuzentzea, aitzitik, usadioak eta bizimoduak onbideratu nahi ziren, Elizaren goienetik hasita herri xehearenganaino.