Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Aro berria

Protestantismoaren zabalkundea

Joan Kalbinoren erretratua.<br><br>

Erreformatzaileen lehen belaunaldian eztabaida handiak izan ziren. Horrelaxe sortu zen ?protestante? hitza, Spirako bigarren Dietan bertan (1529). Baina erreformazaleen arteko aldeak funtsezko puntuetan sortu ziren, eukaristiaren interpretazioari buruzko puntuetan bereziki. Izan ere, Luterok konsubstantziazioa defenditzen zuen, hau da, bi substantzien aldi bereko presentzia: Jesukristoren gorputza eta ogia, Jesukristoren odola eta ardoa. Beste batzuen iritziz ordea, Jesukristoren presentzia Eukaristiako afariko osagaietan sinbolikoa zen. 1536ko Wittenbergeko Adostasunak markatu zuen luterotar ortodoxiaren agerpena, eta Erreformaren baitan sortutako joera desberdinak adostu.

1555eko Augsburgoko Bakeak luteranismoaren legezko izatea berretsi zuen: ?Cuius regio, eius relijio? hastapenaren arabera (norena lurraldea, harena erlijioa), zeinek bere estatutaren fedeari men egin behar zion. Baina erreformazaleen bigarren belaunaldi bat etorri zen gero, Kalbino haien artean, eta horrek Erreformaren beraren erreformak ekarri zituen.

 

Kalbino eta Genebako Ebanjelioaren errepublika

JOAN KALBINOK ERREFORMA GOGORRRA ETA ORIJINALA EGIN ZUEN GENEBAN, AURRERANTZEAN BESTEREN EREDU ERE IZANGO ZENA.Jean Cauvin, Kalbino deitua, Noyonen jaio zen 1509an, goi mailako administrazio zibil eta elizakoan aritzen zen familia batean.

Erreformaren aldeko eginda, Bibliaren frantsezko itzulpenean hasi zen lanean. Frantzisko I.aren esestetik ihes, Basilean hartu zuen bizilekua, eta han argitaratu zuen Kristau erlijioaren erakundea obraren lehen bertsioa, latinez, gerora etengabe osatu eta aldatuko zuena; frantsesera itzuli ere egin zuen, eta, berehala, protestantismoaren eskuliburu didaktikoa bihurtuko zen mendebaleko Europan.

Interesgarriagoa da halere Kalbinoren bizitzan Genebako aldia; beste erbesteratu batek, Guillaune Farelek (1489-1565) deitu zuen hara. Orduan argitaratu zituen bere Eliz Ordenantzak, bi mendez Genebako erakunde eta moralaren kode izango zirenak. Horrelaxe fundatu zen Ebanjelioaren Errepublika zeritzana. Geneba kalbindarren hiri sakratua bihurtu zen, eta Kalbino haien profeta; eliza hartako kideek hildura eta neurritasunezko bizimodua egitea onartu zuten.

Esan daiteke Kalbinoren arrakastarik handiena gizaki mota berri baten sortzea izan zela: erreformazalea (ondo dakigu denok zer den jarrera ?kalbindarra?, ?puritanoa?, ?genebatarra?).

Komentu laiko zabal bat bihurtu zen Genebako hiria, eta herritarrak moral zorrotz baten pean bizi behar izan zuten. Kalbindar Elizaren antolamendua eliztarra izan zen,erreformatzaileen lehen irizpideen aurka.

Europa osorako misiolariak hezi ziren Geneban.

Pentsamolde kalbindarraren orijinaltasuna predestinazio bikoitzaren teorian datza.

Haren arabera, bekatu orijinalak ongia egiteko ezgai bihurtu du gizona, eta denek merezi dute kondenatuak izatea. Baina Jaungoikoak hautatuak ditu betiko salbamena lortuko dutenak. Salbamena eman egiten zaie batzuei, eta ukatu besteei; egintza onek ez dute berez gizona salbatzen, baina salbamenerako hautatua izanaren ageriko sintoma dira; horixe zen moral kalbindar zorrotza bete ahal izateko sekretua.

 

Kalbinismoaren zabalkundea Europan

KALBINOREN DOTRINAK EUROPA OSOAN IZAN ZUEN OIHARTZUNA, ETA HURAXE IZAN ZEN ELIZAREN BENETAKO ERREFORMA MODERNOA, XV. MENDEKO IRAULTZA HUMANISTAK ERAGIN ZUENA.Funtsezkoak izan ziren misio lanak kalbinismoan, eta haren zabalkundean zerikusia izan zuten, Genebako Akademiaz gainera, beste osagaiok ere: Kalbinoren beraren gutunak, batez ere Frantzian; inprenta, haren bidez hedatu izan ahal baitziren bai Biblia, bai Kalbinoren beraren obrak; salmuak eta kantuak, bereziki herri xehearentzat eginak.

Hala bada, kalbinismoa Frantziara zabaldu zen (higanotak), Ingalaterrara (puritanoak), Eskoziara (presbiteriarrak), Alemaniara (erreformatuak) eta Herbereheetara. Frantzian, 1540an jada agerikoa zenkatolikotasunarekiko haustura, baina 1555 arte ez zen lehen eliza kalbindarra eratu, hau da, Jean le Maçon artzainak Pariskoa ezarri zuen arte.Hantxe egin zen eliza erreformatuen lehen sinodoa, 1559an; erreinuko biztanleen %12 bildu zituen. 1571n, Arroxelako Fede Aitorpena onetsi zuten frantses kalbindarrek.

Herbehereetan, 1540 eta 1545 artean sartu zen kalbinismoa, baina Gido Breskoak finkatu zuen (1522-1567), Confessio Belgica obraren bidez (1561); idatzi hori nahitaezkotzat hartu zen hamar urte geroago, Emdengo Sinodoan.

Kalbinismoak hegoaldean zeukan jatorria, baina, espainiar monarkia katolikoaren kontrako borrokaldi luzearen ondorioz, iparraldera ere zabaldu zen; Joan Laski poloniarra izan zen han bultzatzaile, eta hark bihurtu zuen Emdengo eliza ?Iparraldeko Geneba? deituko zena. Alemanian, bi bidetatik sartu zen kalbinismoa: batetik, luteranismoari berari kutsatu zitzaion (kriptokalbinismoa), eta, bestetik, ageriko komunitate kalbindarrak ere eratu ziren. Kalbinismoa, aldi labur batez, Palatinerrian sartu zen, Frederiko III.ak babestu zuen artean, eta 1583an Frederiko IV.aren agintariordeak, Joan Kasimirok, estatuko erlijio gisa ezarri zuen.

Alemaniako gainerako lekuetan ordea ez zuen aldeko askorik lortu, luteranismoaren arrakasta zela-eta. Eskozian, teologia kalbindarraz gainera, kalbinismoaren antolamendu eredua ere sartu zen. Goi mailako nobleak izan ziren horretan aitzindari. Ingalaterran ordea, dogmaren osagai asko onartu ziren arren, eliza anglikanoaren antolamenduan ez zuen kalbinismoak eraginik izan.

Eskozian batez ere John Knoxek egin zuen Kalbinismoaren zabalkundea; Kalbinoren adiskidea zen, eta 1560an Confessio Scotica idatzi zuen, Legebiltzarrak dotrina egoki eta zuzentzat onartu zuena. Knoxek Genebakoan oinarrituriko protestantismoa ezarri zuen, presbiteriarra eta puritanoa, Elizaren gobernua presbyterium (parrokiako presbitero batzarra) izeneko gorputz misto baten eskuetan jartzen zuena.

 

Erreforma Ingalaterran: anglikanismoa

INGALATERRARA ELIZA NAZIONALEN SORRERAREN ILDOTIK ZABALDU ZEN ERREFORMA, ALEGIA, MONARKIA ZENTRALISTA BATEN AUTORITATEARI LOTURIK.Ingalaterran, Suedian eta Danimarkan bezala, erregeek bultzatu zuten Erreforma; arrazoi erlijiosoengatik baino areago, arrazoi politikoengatik, Estatuaren beharren mende jarri zuten eliza. Henrike VIII.aren arrazoi pertsonalez gainera, bere emazte Katalinarengandiko dibortzioa zela-eta, eliza tradizionala ez zegoelako herrian oso sustraitua etorri zen eliza ingelesaren banaketa, eta bazelako halako antiklerikalismo bat burgesen eta noble txikien artean. Honela zioen Henrike VIII.aren garaiko Nagusitasun Aktak: ?(Erregea) da Ingalaterrako elizako buruzagi gorena, heresiak zapaltzeko eta eskumikatzeko eskubidea duena??. Luteranismoaren eragina 10 Artikuluen Fede Aitormenean antzeman zen; 1536an onetsi zuen ingeles Sinodoak dokumentu hori, fedearen bidezko justifikazioaren printzipioa berresten zuena. Luteranismoaren aldeko jokabide moderatu hori aragotu egin zen Henrike VIII.aren seme Eduardo VI.aren erregetzapean, Somerseten agintearen garaian.

Orduan argitaratu zen Prayer Book liburua (1549), batez ere liturjiakoa. John Dudley, Warwickeko kondeak hartu zuelarik Somerseten lekua (1549), haren agintaldian garrantzi handiagoa izan zuten kalbindarrek, eta hori liturjiaren berrikuntzetan gauzatu zen, eta orobat Second Book of Common Prayer liburuan (1552an argitaratua) eta Fede Aitorpen berri batean. Maria Tudorren garaiko aldi katoliko laburraren ondoren (1553-1558), Isabel I.a erreginak (1558-1603)ezarri zuen betiko protestantismoa Ingalaterran.

Aurreko Fede Aitorpena berriro azterrarazi zuen, eta 39 artikulutara mugatua utzi zuen (The Articles of Religion, 1563).

Artikulu haiek, nolabait ere, Estatuko eliza bat fundatzera zetozen, dogma kalbindarraren ideietan oinarriturik, baina hala ere katolizismotik gertu zegoen liturjia gordez.

Horrela jaio zen anglikanismoa, katolizismoaren eta kalbinismoaren arteko erdibide baten modura, eta, horrexegatik, Eliza Zubia deitu izan zaio; buruzagi gorena erregea du. 1564tik aurrera beste puritanismo mota bat sortu zen, bizimodu pobrea bultzatzen zuena, baina, aldi berean, negozioen oparotasuna Jainkoaren hautapenaren seinale zela zioena. Hori zela-eta, izan zuen zerikusirik Ingalaterrako burgesia kapitalistaren sorreran, eta baita legebiltzarrean oinarritzen ziren errejimenen zabalkundean ere. Anglikanismo ofizialak esesten baitzituen, haietako batzuk Ameriketara erbesteratu ziren, eta han Massachussetseko kolonia fundatu zuten.