Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Estatu modernoaren sorrera (XII-XV. mendeak)

Berryko dukearen Orduen liburua, XV. mendearen hasierakoa. Gazteluak eta nekazariak, edo botereak ematen zuen babesa.<br><br>

Erdi Aroan elizak eta inperioak izan zuten gizartea ordenatzeko ardura, baina gauza nabarmena zen erakunde haiek ezin zutela gizabanako guztietara zuzenean iritsi. Hortaz, molde edo egitura «askeagoak» ?parrokia, jaurrerriak, erreinuak?? erabili behar izan zituzten agintariek eta haiek izan ziren, hain zuzen, Erdi Aroko gizarte harremanak bideratu zituzten zelulak. Egitura «askeago» horien artean bereziki aipagarria izan zen erregetza. Erromako inperioaren hondamena eragin zuten «jendeek» hedatu zuten erregetza eta, aurrerago, herentzia bidez jasotzen zen dohain sakratu bilakatu zen.

«Jende» horiek kristautu zirenean haien erregeak inperioaren edo aita santuaren mende gelditu ziren arren, indartu ere egin ziren beste alde batetik, izan ere gerra garaian zein bake garaian, jainkoaren legearen eta ohituren arabera zuzenbidea banatuz, herritarrei babesa eskainiko zioten egitura bihurtu baitziren. Erregeak izan ziren, beraz, harreman feudaletatik etekin gehien atera zutenak; hain, hala ere, etekin handia, ezen inperioaren eta elizaren aurrean nolabaiteko autonomia ere lortu baitzuten.

 

«Inbestiduren auzitik» aita santuen eta inperioaren hondamenera

«Dominiun mundi» delakoa eskuratzeko lehia bizian jardun zuten bi erakundeek, aita santuak eta inperioak, eta lehia horrek berak ekarri zuen haien hondamena eta garrantzi handiko monarkien sorrera. XI. mendea aurreratuxe zen arte inperioa zen Kristandadeko erakunde nagusia, baina erregeak eta enperadoreak izendatzeko eta eraisteko eskubidea aita santuen esku uzteko eskatu zuen Gregorio VII.a aita santuak, eta inperioaren nagusitasuna ahultzen hasi zen horren ondotik.

Elizak aginpide sekularraren aurrean bere autonomia ?eta are bere nagusitasuna? definitu («Inbestiduren auzia») eta bere barne antolamendu korporatiboa zehaztu («Gregoriar erreforma») zuen garai hartan. Antolamenduari dagokionez, azpimarratzekoak dira Ekialdeko Elizatik behin betiko bereizi izana, eliz gizonak gizabanako laikoetatik bereizi izana ?horretan berebiziko garrantzia izan zuen ezkongabetasunaren aldeko eta simoniaren (eliz ofizioak gizabanako laikoei saltzea) kontrako borrokak?, eta orobat, zuzenbide kanonikoa osatu izana. Aita santuek ezaugarri feudalak hartu zituzten, jaun tenporal edo munduko ondasunen jaun bihurtu ziren, eta «Pontifex Maximus» ez ezik «verus Imperator» ere izendatu zuten bere burua.

Nagusitasun tenporal hori ezagutu zitzaien ?zergak ordaintzen zitzaizkien eta beste ezaugarri batzuk hartu zituzten?, besteak beste Ingalaterran, Sizilian, Korsikan eta Sardinian, Hungarian, Dalmazian eta Kroazian, Aragoin, Danimarkan, Suedian, Norvegian, Saxonian, Bohemian, Polonian edo Zipren.

 

Inperioaren gainbehera

Aldaketa horiek kalte handia egin zioten inperioari, eta aurrerantzean ere enperadoreak «dominium mundi» delakoa beretzat eskatu bazuen ere, eta zenbait garaitan behinola izandako indarra berreskuratu izan zuen arren, gero eta garrantzi gutxiago izan zuen. Ez zuen lortzen Europako erregeek inperioaren nagusitasuna onar zezaten, eta bere eragina eta aginpidea hurbilagokoa zitzaien beste lurralde batzuetan ezin zuen erabat sendotu (Germanian, Italian, Provenzan, etab.). Aita santuek ere gutxietsi egin zuen inperioa batzuetan.

Frederiko II.aren heriotzaren ondoren (1250) inperioak Italiako penintsularen kontrola galdu zuen, eta liskar garaia hasi zen horrekin, antzina erregerenak izandako eskumenak bereganatu eta indar handia hartu baitzuten lekuan lekuko eta eskualdeetako agintariek. Enperadoreek lurralde haietako maila apalagoko erakundeek sorturiko egoerari aurre egin behar izan zioten. 1356an «Urrezko Bulda» eman zen; bulda horrek inperioaren barne egoera zigortzen zuen eta zazpi hautesleak zeintzuk izango ziren zehazten zuen. Ordurako garbi zegoen oso zaila zela kristau aginpide guztiak Germanietako Inperioaren mendera biltzea, baita ideologiaren alorrean ere.

 

Elizaren arazoak

Baina aita santuek ere ez zuten ahalmenik izan kristautasunaren aginpide guztiak beren baitara biltzeko. Gregorio VII.a, Inozentzio III.a eta Inozentzio IV.a aita santuek, besteak beste, botere handia lortu zuten, eta Lehen Erdi Aroan zalantzan jarri zen haien zintzotasuna, bai moralaren alorrean ? aginpide tenporalarekiko atxikimendu eta joera nabarmena baitzuten? eta baita legearen alorrean ere. Aita santuek erreinu askotako jurisdikzioan eta zergetan zuten esku hartzearen kontrako erresistentziarekin batera, Jainkoaren aginduekin lotura estuagoa izango zuen erlijio jarduera baten aldeko adierazpen izpiritualak agertu ziren. Aita santuaren egoitza Aviñonera aldatzeak (1309.1377) eta «Mendebaleko Zismak» (1378-1417) erakusten dute, besteak beste, aita santuen aginpidea eta ospea gainbehera zetozela eta erreformak bideratzeko beharra zutela. Gauzak horrela zirelarik, zenbait teologoren artean kontzilioaren teoria osatu zuten, esaterako; haien arabera jainkoaren nahia ez zen aita santuaren bidez zabaltzen Lurrera, sinestunen bidez baizik, baina heresiatzat hartu zituen elizak. Era berean, XV.. endearen lehen erdian Frantziako eliza «nazional» (edo eliza galiar) bat sortzeko oinarriak finkatu ziren. Gertaera horiek guztiak XVI. mendean kristautasunaren baitan gertatu zen zatiketa handiaren iragarpen gisa har daitezke.

 

Monarkien, estamentuen eta beste zenbait korporazioen sendotzea

AGINPIDE UNIBERTSALEN KRISI HORREN AURREAN, XI.

MENDEAZ GERO SEGURTASUN EZAREN IZURRIA DESAGERTU ZEN ETA ZENBAIT IDEIA KLASIKO BERRESKURATU ZIREN ?ZUZENBIDE ERROMATARRA ETA PENTSAMENDU ARISTOTELIKOA?. HORRI ESKER, FEUDALISMOA EZAUGARRITU ZUEN ERA ASKOTAKO AGINPIDEEN BERRANTOLAKETA BIDERATU AHAL IZAN ZEN, BERRANTOLAKETA HORRETAN. MONARKIEN, HIRIETAKO KORPORAZIOEN ETA ESTAMENTUEN ONURA BILATUZErasoak eten zirelarik, berehalako babesa lortzeko beharrak garrantzia galdu zuen, eta horri esker herriak elkartu eta beren arteko komunikazioa indartu zen.

Horren ondorioz merkataritza eta hirietako bizimodua zuzpertu ziren, eta hirietan oinarrituriko kultura klasikoarekiko loturak sendotu. Horrela, Aristoteleren ideiak berreskuratzeak talde bizitzaren «naturaltasuna» nabarmendu zuen ?hau da bizitza «politikoaren» naturaltasuna? eta horren ondorio gisa atera zen Jainkoaren boterea zuzenean igarotzen zela herritarretara, eta herritarretatik erregeagana iristen zela gero.

Ikuspegi horren arabera, jurisdikzioa ?boterea? elkarteak kokatuta zeuden lurraldetik bertatik ateratzen zen ?ihintza urtegitik bezala, italiar legegizon batek zioenez?. Era horretako ideiek erakusten dute hiri errepubliken, nekazari komunitateen, hiri elkarteen eta abarren nagusitasuna gero eta nabarmenagoa zela, bereziki Germanietako Inperioan, eta gizabanakoen artean beren komunitatearekio atxikimendua zabaltzen ari zela.

 

Korporazioen aginpidea

Baina ez da ahaztu behar kategoria klasikoak berreskuratzea ?»errepublikarena» batez ere? hirietako edo lurralde txikietako komunitateen mesedegarri ez ezik, goragoko inolako aginpiderik onartzen ez zuen edozein egituraren mesedegarri ere izan zela. Horren ondorioz, errege bati loturiko komunitateek ?edo komunitate horien multzoak? erreinu deitura hartu zuten, baina horrek ez zuen esan nahi erregearen eskumeneko eremuak zirela soilik, antolaketa jakin bat zuten komunitateak zirela baizik ?estamentuetan, korporazioetan? antolaturiko komunitateak?; Gorteetan, Parlamentuetan eta era askotako batzarretan islatzen zen komunitate antolamendu hori. Hori izan zen, errege-erreinu bikoiztasuna, aginpide feudalen berrantolaketak ekarri zuen eredu politiko nagusia; ingeles nobleek1215ean erregeari sinarazi zioten Carta Magna da bikoiztasun horren erakusgarri argiena.

Erregearen ikuspegitik begiratuta, bi modutara ikus daiteke prozesu hori. Alde batetik bere aginpidearen mugak zehaztuta gelditu zitzaizkion. Aginpide hori ez zen inola ere arbitrarioa izango. Gauzen ordena naturala bere horretan iraunaraztea eta ordena hori ez urratzea da aginpide horren helburua; zeregin horrek hierarkien, korporazioen, legeen eta tradizioen errespetua eskatzen zuen. Santo Tomas Akinokoak ?zenbait mendetan kultura erreferentziatzat hartu izan zenak Aristoteleren ideiak eta kristautasunarenak lotu baitzituen? esaten zuen ordena naturala gordetzeak mendekoen Ongia zekarrela eta erregea errege zintzo egiten zuela, eta aldiz, ordena hori urratzeak erregea tirano bihurtzen zuela.

Erregea «burua» zen, funtzionamendu arau jakin batzuk zituzten «gorputz» batzuen burua, hain zuzen.

 

Monarkia indartzea

Baina beste alde batetik, indartuta atera zen monarkia. Batetik errege eta erreinu askok inperioaren mendekotasunetik askatzea lortu zuten, eta ordu arte inperioarenak izandako zenbait ezaugarri bereganatu zituzten ?Rex est imperator in regno suo?. Horretan berebiziko garrantzia izan zuen zuzenbide erromatarra erregearen mesederako aplikatzeak enperadorearen mesederako baino gehiago, hasieran bestela izango zela zirudien arren. Zenbait koroak, Gaztelakoak adibidez edo Frantziako Capetarrenak indar handia hartu zuten. XIII-XV. mendeen artean koroa horiek eta beste batzuek erregeari aginpide gorena eman zioten legegileak hartu zituzten; horiei esker noble gehienen interesak ?eta baita beste talde batzuenak ere, adibidezhiritarrenak? dinastien estrategietara bildu ziren ?bereziki kanpo politikari zegokionez, adibidez Ehun Urteko Gerra, Frantzian eta Ingalaterran?; lurralde barnean bakea egiteko prozesuetan protagonista izan ziren eta administrazioaren nolabaiteko eraberritzea bideratu zuten; basailutza loturez baliatu ziren eta erreinuko biztanle guztientzat «berezko basailutza» baten ideia zabaldu zuten? Horrekin guztiarekin erregea Erreinuaren Ongizate Orokorraren arduradun nagusi bihurtu zen, egoera larriei aurre egiteko ardura hartu zuen eta agintari goren bihurtu zen, nahiz eta erreinuetan baziren erregeak berak ezagutu beharreko beste erakunde batzuk.

Erdi Aroaren amaieran, beraz, Europako agintari eta eragile politiko nagusiak erregeak ziren, eta hemen adierazi diren bi ideien eta botereen arteko tentsioa zen nagusi, erregetzaren eragina indartzera bideratua bata, eta erregetza buru zuten gorputz eta komunitateen aurrean erregeek zituzten mugak azpimarratzen zituena bestea.

 

Estatu modernoa?: eztabaida historiografiko bat

Tradizioz, arestian azaldu den prozesua «estatu modernorako» igarobide gisa interpretatu izan dute historialariek, baina azken urteotan egile askok zalantzan jarri dute «moderno» eta are «estatu» kontzeptuak egokiak ote diren historiako garai hartako egoera azaltzeko.

Horrela, bada, Ingalaterrako, Ipar Amerikako eta Frantziako iraultzen garaia arte, aginpide guztiak aginpide bakar batera biltzeko prozesu horren aurrean beste era bateko jarrerak azaldu ziren arte, gertaeren nondik norakoek gure «estatu kultura» sortzera baino «logika feudala» gauzatzera bideratuak zirela dirudi.