Historia Unibertsala»Erdi aroa
Britainiar Uharteak Behe Erdi Aroan (XIV-XV. mendeak)
Ingalaterra
Henrike III.aren ondorengoa, Eduardo
I.a (1272-1307), errege indartsu eta administratzaile
bikain gisa definitu izan da, bere
pribilejioak gogoz zaindu zalea orobat. Gizarte
harremanak berriztatu zituen zenbait
estatuturen bidez, eta 1295ean Ereduzko
Legebiltzarra bildu zuen, Komunen Ganbararen
sortzeko aurrerapausoa, nahiz eta
oraindik denbora asko falta bi ganbarako
sistema finkatzeko. Kanpoko politikan, ingelesen
nagusitasuna eremu zeltetara zabaltzen
saiatu zen, hau da, Irlanda, Gales eta
Eskozia aldera, eta aurre egin behar izan
zion Frantziako Filipe IV.a erregeak Guyenne
konfiskatu izanari; erabakiorra izan zen
hori Ehun Urteko gerra pizteko. Eduardo
II.aren erreinaldiaren ezaugarri nagusia berriz
erregearen eraginkortasunik eza izan
zen, eta oso izen txarra izan zuen bai legebiltzarrean,
bai baroien artean. Haren semeak,
Eduardo III.ak (1327-1377), Guyenneri
buruzko ingelesen lur eskubideak aldarrikatuzituen, eta orobat Frantziako errege
izateko zuen eskubidea ere, Filipe IV.aren
iloba zenez (1314an hila); era horretan hasi
zen Ehun Urteko gerra. Gatazka luze hau
?su eten luzeak ere izan ziren arren?, elikagai
falta eta izurriteekin batera, XIV. mendearen
erdialdean Europan izan zen beherakada
demografikoaren eragileetako bat
izan zen.
Eduardo III.a Normandian lehorreratu
zen, 1346an Filipe VI.a garaitu zuen, 1347an
Calais beretu zuen, eta ontzidi gaztelar bat
ere suntsitu zuen, Frantziaren aliatua,
1350ean; hasierako arrakasta horiek guztiak
ordea etenda geratu ziren ekonomia arazoak
eta Izurri Beltza zirela-eta. Egin diren
kalkuluen arabera, eritasun horrek, 1348 eta
1352 artean Europako Sartalde osora zabaldu
zelarik, biztanleen %20 bat hil zituen,
gutxienez, Ingalaterran. Herri barneko arazoak
nekez gainditurik, Frantzia eta Ingalaterra
artean jarraitu zuen gerrak, Europako
politikaren beste arazoak ere nahastu zirelarik,
hala Gaztelako dinastia borroka Pedro
I.a eta Trastamarako Henrike II.aren
artean. 1396an, ahiturik baitziren arerio biak
Ehun Urteko gerran, su eten orokorrak
izenpetu ziren Ingalaterrako Rikardo II.aren
(1377-1399) eta Frantziako Karlos VI.aren
artean. Rikardo II.ak, Ingalaterran bertan,
egoera deseroso bati aurre egin behar izan
zion, gerrak ekarritako beheraldi ekonomikoa
eta zerga gehitzea zela-eta. Gizartearen
egoera koloka horren adierazgarri garbiena
John Ball buru izan zuen herri matxinada
handia da: elizako agintarien kontrako
egitarau bat aurkeztu zioten erregeari, besteren
artean, jaunen errenten gutxiagotzea,
soldatako lanaren askatasuna eta joputasunaren
desagertaraztea arautzen zituenak.
Altxamendua Essex eta Kenten hasi zen,
baina, Londresa iritsi zenean, geldiarazi egin
zuten, gogor zapalduz. Ballen ideologia John
Wyclif elizgizonaren dotrinarekin lotu izan
da. Dotrina hori 1370 eta 1384 artean garatu
zuen, gerraren eta frantsesen mendeko
Avignongo aita santuaren egonaldiaren eraginpean;
Erromako elizak heresiatzat jo
zuen, elizako hierarkiaren eta aita santuaren
kontrakoa zelakoan.
Rikardo II.a nobleen altxamendu batek
eraitsi zuen erregetzatik, Lancasterko Henrike
V.aren gidaritzapean (1413an hila).Haren ondorengoa, Lancasterko Henrike
V.a, Frantziako politikaren gainbehera baliatuz,
Eduardo III.aren proiektu politikoak
berregiten saiatu zen, hau da, Frantziako
eta Ingalaterrako monarkiak bateratzen.
Azincourteko garaipenaren ondoren (1415),
Troyesko itunarekin (1420) amaituko zen
eraso militar luze bati ekin zion; itunaren
arabera, Karlos VI.a hil arte izango zen Frantziako
errege, eta Henrike V.aren eskuetara
igaroko zen gero frantses koroa. Alabaina,
itun hori Frantziako iparraldeko erdian baino
ez zuten onartu, alegia, Ingalaterrak kontrolatzen
zuen partean, eta erdialdean eta
hegoaldean berriz, Guyennen izan ezik,
ezezkoa eman zioten itunari; hala, frantses
erresistentzia nazionalistako gune bat sortu
zen, Karlos delfinak gidatua, gerora Karlos
VII.a izango zenak alegia. Henrike V.a eta
Karlos VI.a 1422an hil ziren. Ingalaterrak,
Lancasterko Henrike VI.a zuela orain buru
(1422-1461), izugarri galdu zuen ondoko
urteetako gerran, eta, plaza garrantzitsuak
galdu ondoren, hala Orléans, Paris edota
Normandiakoak, ez zuen lortu posizioak
berreskuratzetik. 1453an alde egin zuten
ingelesek Akitaniatik, eta Calaisko hiria baino
ez zen geratu haien esku, 1558. urtea
arte.
XIV. mendean Ingalaterran izan ziren
herri altxamenduak, nekazarienak batez ere,
berpiztu egin ziren gerrako galerekin ?Henrike
VI.aren politika inperialistak zerbait
atzeratu zituen arren?, eta, batez ere,
1450ean, Jack Cade zela buru, Surrey, Sussex
eta Kenten; 1381ko matxinadaren antzera
amaitu ziren. Erregearen azken urteetan
gerra zibila piztu zen, Bi Arrosen Gerra
deritzana: arrosa gorria Lancastertarren ikurra
zen, zuria berriz, Yorkeko etxearena.
Henrike VI.a 1461. urtean erregetzatik eraitsi
zutelarik, Yorkeko Eduardo IV.ak hil arte
(1483) gobernatu zuen; Yorkeko beste errege
bat izan zuen ondorengo, Gloucesterko
Rikardo, Rikardo III.a. Hala ere, talde handi
bat hasi zen biltzen Lancastertarren adar
baten inguruan, Henrike Tudorren inguruan
hain zuzen, hark Rikardo III.a Boswortheko
bokorraldian garaitu zuenean, 1485ean.
Henrike VII.a Yorkeko Isabelekin ezkondu
zen, eta hala amaitu zen gerra zibila.
Eskozia
XIII. mendearen azken urteetan hautsi
zelarik Eskoziaren erresistentzia Ingalaterraren
kontra, errege-odol gaelikoa zuen
noble batek hartu zuen berriz borroka horren
buruzagitza, Roberto Brucek. Bruce
behin baino gehiagotan garaitu zuen Eduardo
I.ak, baina egoera aldatu egin zen errege
ingelesa hil zenean, 1307an. EduardoII.a errege berriaren ahultasunaz baliaturik,
Brucek behin baino gehiagotan lortu
zuen garaipena, eta, azken garaipenarekin
(1314, Bannockburn), Eskoziaren independentzia
lortu zuen, 1328an Northamptongo
Itunak berretsiko zuena. Gerrak 30 urte
baino gehiago iraun baitzuen, guztiz ahuldurik
zegoen herria bere egitura ekonomiko,
sozial eta gobernukoetan, eta gizarte
egiturak berrantolatu beharrean aurkitu
zen eskoziar erregea, derrigorrezko gauza
bere aginpidea finkatu nahi bazuen. Helburu
horrekin, bere aldekoei lurrak opari
eman zizkien. 1329an hil zen; Bruceren
erreinaldiko azken urteak bakezkoak izan
ziren, Eskozia bateratu eta ondo antolatu
batean.
Roberto Bruce hil zenez geroztik, Eskozia
ahultzen hasi zen, Europa osoan aitoren
semeen autoritatea kontrajarri baitzitzaion
erregearenari. David II.a adin txikikoa
zelarik, haren erregeordetzaren garaian,
Sconen, eta Ingalaterraren laguntzarekin,
beste noble bat izendatu zuten errege, John
Balliol-en semeetako bat, eta, hortaz, bi errege
gertatu ziren batera, zein baino zein ahulagoa
ordea. Usurpatzailea erregetzatik eraitsi,
eta legezko erregea hil ondoren (1371),
Roberto II.a izan zen hurrengo erregea (Estuardo
etxeko lehen eskoziar erregea izan
zen), eta Roberto III.a hurrengokoa; hura
hil zenean, 1406an, nobleek hartu zuten
aginpidea, eta areagotu egin ziren anarkia,
jaunen arteko liskarrak eta nekazarien gaineko
bortxa.
Gizartearen giro nahasi horrek antzinako
leinu egitura zeltikoak berpiztarazi zituenXIV. eta XV. mendeetan; familia indartu egin
zen banakoaren elementu txertatzaile eta
babesle gisa, eta Highlands edo Goi Lurretan
gizarte eredu hori arriskuan jarria zeukan
sistema feudala baztertu zuen. Era berean,
mendiko ekonomia itxia nagusitu, eta berriz
ere iraupenezko ekonomia bihurtu zen,
larrez larreko artzaintzan, ehizan eta arrantzan
oinarritua ia huts-hutsik. XV. mendean
zehar, Estuardo familiako errege Jakobo I.a,
Jakobo II.a, Jakobo III.a eta Jakobo IV.ari
(1406-1513), Ingalaterraren ahultasunak lagundu
zien, Ehun Urteko gerran, eta barne
liskarretan (Bi Arrosen Gerra) baitzegoen
hura murgildurik; nolanahi ere, bi monarkien
arteko harreman gaizto horiek Eskoziak
eta Enrike VII.a Tudorrek izenpetu
zuten bakearekin bukatu ziren. Aldi egonkorrago
horren eragileak, alde batetik, burguak
izan ziren, Holanda eta Espainiarekiko merkataritzari
esker ari baitziren garatzen, eta,
bestetik, Eliza, kulturaren zabalkundea bultzatu
baitzuen 1414an Saint Andrewseko
unibertsitatea fundatuz.
Irlanda
KULTURAN NAHIZ POLITIKAN GUZTIZ BANANDUA
DAGOEN HERRIA, BERE NAGUSITASUNA ERDI AROAREN
AMAIERA ALDEAN FINKATUKO DUEN INGALATERRA
BATEK PARTEZ MENDERATUA.Eduardo I.ak ez zuen Irlanda hartu lurralde
ingelesa balitz bezala, aitzitik, Frantzia
edo Eskoziarekiko gerrak ordaintzeko
giza eta material baliabideak ateratzeko balio
zuen lur konkistatu baten gisara hartu zuen.
Horrek azal dezake zergatik, Roberto Brucek
?eskoziar gaelikoa baitzen? 1314an Ingalaterraren
gaineko garaipena lortu ondoren,
buruzagi irlandar gehienek haren anaia
Eduardo deitu eta errege koroatu zuten
(1316). Alabaina, Eduardo Bruce eskumikatu
egingo zuen Joan XXII. aita santuak, Ingalaterrako
erregearen aldeko baitzen, eta,
azkenean, ingeles erregeak berak garaitu eta
hil zuen Eduardo. Bruce desagertu ondoren,
urte lasai samarrak izan ziren Irlandan,
Ingalaterrako monarkiak herrian ingeles
eragina sartzeko erabili zuen garaia. Era
horretan, Irlandan Karta Nagusitik sorturiko
ingeles sistema politikoa aplikatzea erabaki
zuen 1320an Eduardo II.ak, Dublin eta Droghedako
hiri inguruetako ingeles nobleek
ondo kontrolatzen zuten Paleko eskualdean
bakarrik aplikatu zuen arren. Uhartearen
gainerako lurretan, hainbat familia zebilen
borrokan agintea lortu nahian, hala Butlertarrak,
Ormondeko duke eta Ingalaterraren
erregearen aldeko zirenak, Bourg familia,
Connacht-en nagusi, edota Desmondeko
Fitzgeraldtarrak, 1341ean Kilkennyko hirian
irlandar legebiltzar bat bildu zutenak.Eduardo III.ak ingeles biztanleen alde
egin zuen, eta 1361ean administrazioko
karguak hartzea debekatu zien jatorri irlandarra
zutenei. Bereizkeriazko politika hori
1361ean berretsi zuten Kilkennyko Estatutuek:
besteak beste, ezin zen noble ingeles
eta irlandarren artean ezkontza mistorik
egin, ez ondasunen jabetza eskuz aldatu,
derrigorrezkoa zen ingeles hizkuntza, etab.
Zatiketa hori, kultura nahiz politikazkoa, Art
Og Mac Murrough-ek erabili zuen 1390ean
bere burua Leinsterko errege koroatzeko,
ingelesen mendeko Kildare, Wexford eta
Carlowko lurrak erraustu ondoren. 1394an,
Frantziarekiko gerrako su eten labur batez
baliatuz, Rikardo II.a Irlandan lehorreratu,
eta noble gehienen gaineko nagusitasuna
lortu zuen, baita Mac Murroughena ere;
handik gutxira hasiko ziren ordea borrokak
berriz, eta XV. mendearen lehen erdian ere
iraun zuten.
1477an Rikardo, Yorkeko dukea, Irlandako
ordezkari militar izendatu zuen Lancasterko
Henrike VI.ak, eta bere aldekoak
biltzeko erabili zuen postu hori Rikardok.
Era horretan Irlanda ere Bi Arrosen gerran
sartua gertatu zen, eta horrek zenbait familia
irlandarren beregaintasuna eta indarra
erraztu zituen. Egoera aldatu egin zen ingeles
erregetzara Tudortarrak iritsi zirenean.
Irlanda ofizialki bi partetan zatitu ondoren
(lurralde ingelesa alde batetik eta lurralde
etsaia bestetik), herrian gehiago sartzen saiatu
zen Enrike VII.a. Hartara, oso politika
bortxazkoa bideratu zuen, Kilkennyko Estatutuak
berretsiz eta ingelesa ez zen beste
legebiltzar oro ezabatuz.