Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Europako Erdi Aroko heterodoxia

Joan Hus surtara eramaten eta erretzen, XV. mendeko ilustrazio batean.<br><br>

Lehen kristau enperadoreek, Konstantinorengandik Teodosiorenganaino, kristautasuna erlijio askea egin zuten lehenbizi, eta Inperioaren erlijio ofiziala gero. Handik aurrera, Erromako Elizak aginpidea eta doktrina ortodoxoa ezartzera bideratu zituen bere ahaleginetariko asko, boterea sendotu eta indartuko zuen nahitaezko batasuna lortu nahian. Egoera berri horretan gatazka eta liskarrak sortu ziren kristandadean bizi ziren beste joera espiritual desberdinekin, Eliza gero eta baztertzaileago agertzen zela.

Joera horiek, zenbait kasutan, heresien iturri gertatu ziren. Lehen zailtasunak ortodoxiarentzat Ekialdetik etorri ziren desbideratze moduan, manikeismoa, donatismoa, pelagianismoa edo arrianismoa, adibidez, garrantzitsuenak besterik ez aipatzearren.

Hala eta guztiz, Erdi Aroa aski aitzinatu artean, joera heterodoxo gehienek, oro har, arrakasta sozial gutxi lortu zuten. Bigarren milaldia abiatzearekin, ordea, Erdi Aro betearen ezaugarri diren herri heresiak hasi ziren agertzen. Haien sorreran bi faktorek izan zuten eragina: alde batetik Elizaren doktrina ofiziala, gero eta zurrunagoa, gogoeta indibidualerako biderik ematen ez zuena eta interpretazio eta doktrina osatu eta konplexua sortu zuena (San Gregorioren Erreforma); bestetik, garaiko botere politiko-erlijioso hertsatzaileen aurka ihardukitzeko gogo bizia, bai erlijio gizonen aldetik, baita gizartearen aldetik ere. Eliza boterearen jabe zenez, boterearen ezaugarriak ere agertarazten zituen: aberastasuna, nabarmenkeria… eta horren ondorioz ebanjelio iturrien bilaketa eragin zuen fededun erradikalenen artean. Hala sortu zen Eliza berritzeko gogo zintzoa eta borondatezko pobreziaren ideala; joera horren jarraitzaileak izan ziren bai heretikotzat hartzen diren mugimenduak (valdotarrak, mugimendu mesianikoak eta profetikoak…) eta erlijio ordena erreformatzaile berriak (frantziskotarrak…) ere. Katarismoak aipamen berezia merezi du: filosofia oinarri bikoitzeko mugimendu honek erro sakonak zituen Frantziako Hegoaldean, harrera ona izan baitzuen gizarte maila guztietan. XII. mendearen amaieran, kataroek zinez eliza paralelo bat osatu zuten, Erromakoarenetik aldendua, bai dogman eta kultuan, bai hierarkian eta sakramentuen praktikan; kultu honetan apaiz kataroek, perfektoak deiturikoek, egiten zuten eskuen ezarrera –consolamentum– zen oinarrizkoenetako bat.

Heresia mugimendu horien aurka harturiko neurri gogorrek ezin galarazi zuten Erdi Aroaren amaiera aldian, hau da, XIV. eta XV. mendeetan, herri heterodoxien zuzpertzea.

Bitartean, joera horietariko batzuk inoiz ez zituzten erabat deuseztu ahal izan, hala nola valdismoa eta berak aldarrikatzen zuten borondatezko pobreziaren bilaketa.

Beste batzuek, muturreko frantziskotar joerari loturiko espiritualismo milenaristek, adibidez, disidentzia guneak piztarazi zituzten kristau inperioko hainbat alderditan.

Mende horietan, disidentzia gune bik Elizaren historian egundaino ezagutu ez zen garrantzia hartu zuten. Lehena Ingalaterran sortu zen Wyclif-en ideien babesean.

Wyclifek, transubstantziazioari buruzko tesi heterodoxoak aldarrikatzearekin batera, Eliza hierarkikoaren ustelkeria eta mundu honetako botereekiko morrontza kritikatu zituen, eta Bibliari aitortu zion fededun ororentzako egiaren argitzaile izateko eginkizuna.

Haren pentsamendua geroko Erreformaren teorien oinarrizko osagaia da. Epe laburrera, gainera, garrantzi nabarmena izan zuen bi frontetan. Horietariko lehena lollardo deituen mugimendua da; wyclifismoaren herri jarraitzaile hauek bi helburu zituzten: batetik, fededunaren Jainkoarekiko harremanak erraztea eta, bestetik, berdintasun zentzua nagusi izango zuen gizarte berri bat antolaketa. 1388an neurri gogorrak hartu zituzten lollardoen mugimendua deusezteko, baina matxinadek ondoko mendea aski aurreratu artean iraun zuten. Wyclifen gogoetak eragin nabarmena izan zuen bigarren frontea Erdialdeko Europako elizaren baitan hazitako erreforma mugimenduek osatu zuten, zehazki esanda, Txekiako elizaren baitan Jan Hus Bohemiako erlijio gizonak egituratu zituen mugimenduak.

 

Hus-en mugimendua

BOHEMIAN GARRANTZI HANDIZ ETA EZOHIKO SAKONTASUNEZ HORNITURIKO ERLIJIO ASALDURAZKO HERRI MUGIMENDU BAT GARATU ZEN XV. MENDEAREN HASIERAN. HUS IZENEKO TXEKIAR PREDIKARIAK EDUKI ERABAT IRAULTZAILEZ BETE ZITUEN WYCLIFEN DOKTRINAK. HALA, DEBOZIOARI ETA BIBLIARI ZEGOZKION OSAGAIAK, HIERARKIAREN KRITIKAK ETA SENTIMENDU NAZIONALAK , DENAK BATERA BILDU ZIREN HUSEN PREDIKUETAN.Elizako goi-karguen ohitura ustelak, haien duintasun eza, simonia… izan ziren Husen iritzi kritikoen jomuga. Gatazka batzuren ondoren, Husek bere tesiak defenditzeko Konstantzako kontzilioan agertzea erabaki zuen, baina, haren proposamenak gaitzetsi eta sutan erretzera kondenatu zuten.

Jan Husen hilketak, matxinatze politiko, sozial eta erlijiosoaren sinbolo bihurturik, sakonetik inarrosi zuten txekiar kontzientzia nazionala, haren edukiak erradikalizatu zituen eta gizarte, politika zein erlijio asaldura handiak eragin zituen Europako erdialdean ia XV. mende osoan zehar.

Husismoaren sektore moderatuek Pragako Lau Atalak deiturikoak defendatzen zituzten: txekieraz predikatzeko askatasuna, komunioa ogi eta ardoz egin ahalizatea, Elizaren hasierako pobreziara itzultzea eta bekatu publikoen zigorra. Kaliza izan zen haien sinboloa, eta hark eman zion izena ere mugimenduari: kaliz-zaleak edo ultrakistak. Sektore pobreenak eta erradikalizatuenak, buruzagi ezagunenekin batera Tabor mendiaren inguruan bildurik, milenarismo apokaliptikoak kutsaturik zeuden: Kristoren hurrengo etorrera beren etsaiak suntsitu ondoren gertatuko zela uste baitzuten.

Espiritu Askea bezalako joerak ere sartu ziren taborismoaren baitan eta haren jarraitzaileak komunitate bizimoldeetara egokitu ziren, liturgia mota guztiak erabat arbuiaturik.

Guda ekintzen aldetik, husismoaren aurka enperadoreak abiarazitako bost gurutzadei atzera eragin bazieten ere, Eliza katolikoa husismoaren homogeneotasun faltaz baliatu zen haren baitan pitzadurak eragiteko, sektore moderatuenekin –kaliz-zaleekin– hurbiltze eta negoziazioak eginez. 1434an, katolikoek eta kaliz-zaleek bat eginik taborzaleak garaitu zituzten: gertakari horrek hustarren beheraldiaren hasiera ekarri zuen, baina harez geroztik autonomia handiko Eliza izan du beti Bohemiak.

 

Heresia eta aginpidea

ERDI AROKO HERESIAREN HISTORIA HAINBAT GIZON- EMAKUMEK ERLIJIO SINESTEENGATIK JASANDAKO JAZARPENAREN KONTAKIZUNA BESTERIK EZ DA.

PORROT ETA ERREPRESIO SEGIDA LUZE BATEN HISTORIA DA. PORROTAK, ZEREN ETA DISIDENTZIA MUGIMENDU HORIETARIK EZEINEK ERE EZ BAITZUEN LORTU ELIZAK BERE JARRERAK KONTUAN HARTU EDO ONAR ZITZAN. HORREGATIK, ERREPRESIOAREN HISTORIA DA: BOTEREAK HETERODOXOEN AURREAN ETA HAIEN AURKA HARTU ZUEN JARRERAREN HISTORIA.Lehen mendeetan, heretikoen eraginak hartaraturik, bere doktrina gero eta gehiago zehaztera behartu zen Eliza. Lehen mende horietan, ezer ezarri aurretik eztabaida erabiltzea izan zen heterodoxiari aurre egiteko modu nagusia. Kristautasuna erlijio ofiziala bihurtu ondoren, Elizak heterodoxiari aurre egiteko erak aldatu egin ziren: eliz hierarkiak definituriko doktrina eztabaidarik gabe ezarri eta heresiaren kontra gero eta errepresio baliabide gogorragoak erabili baitzituen. Horrenbestez, jadanik aldi bakanetan erabitzen zen heretikoen eta teologoen arteko Solasaldien bide haren ordez, baliabide bizkorragoak gailendu ziren, hala nola Gurutzada, heterodoxia suntsitzeko bide erlijioso eta militarra, eta Inkisizioa.

Denbora aurrera joan ahala, Inkisizioak bere boterea indartu zuen, baita interbentzioesparruak hedatu ere. Inkisizioaren izaera, errepresiboa gehienbat, Elizaren ideologia eta doktrinaren bilakaera luze baten emaitza da. Hala, lege gorputz bat moldatuz eta emendatuz joan zen Eliza, barne batasuna ezartzeko gero eta egokiagoa; tokiko agintari erlijiosoen –apezpikuen– eginkizuna indartzeko kasu batzuetan, eta besteetan, heresiari aurre egiteko horiek zuten ahalmena gainditurik gertatzean, haien zeregina ordezkatzeko. Inkisizio auzitegien ezarpen geografiko eta kronologikoa ez zen berdina izan leku guztietan.

1184an, Luziano III.aren Ad bolendam izenburuko dekretuan garatzen den prozedura penalak Frantziako hegoaldeko katarismoaren aurkako guduan izan zuen benetako suzko proba. Inkisizioak eskuarki domingotarren gain uzten ziren, eta beren egitekoan tortura eta sua erabil zitzaketen, bai prozesuaren aldietan eta bai epaia betetzerakoan.

 

Herri heresien glosarioa

Begardoak eta beginak: Botorik eta araurik gabeko erlijiozko komunitateak. Espiritu Askearen heresian partaide zirelako salaketa jaso zuten. Zenbaitetan frantziskotar espiritualekin elkarturik agertu ziren eta, haiek bezala, pobreziari dagokionez, muturreko jarrera teorikoak eta praktikoak defendatu zituzten.

Bogomiloak: X. mendean Bulgarian sorturiko mugimendu heretikoa; beraren erro dualista dela eta, katarismoaren jatorriarekin lotu ohi dute.

Kataroak: Materia guztia bekatuzkoa dela aldarrikatzen zuen heresia mugimendua. Ihardunean XII.mendetik XIV. mendearen hasiera arte, Italiako iparraldean eta Frantziako hegoaldean batez ere.

Berez, katarismoa eta kristautasuna erlijio desberdinak ziren, kataroek aurrez aurreko bi jainko berdinen existentzia –Ongiaren Jainkoa eta Gaizkiarena– defendatzen baitzuten. Haien izenak grekeraz «aratzak» esan nahi du. Bestalde, albiarrak ere deitzen zaie, Albi izeneko lurraldeagatik, asko baitziren bertakoak.

Espiritualak: Frantziskotar izpirituaren eta pobreziaren interpretazioan zorroztasun handiena bilatzen zuten frantziskotarrak ziren. Haietatik sorturiko zenbait sektore ordenatik banandu ziren eta Elizak kondenatu zituen.

Fraticeloak edo fraticelli: Italian beren ordenarekiko harremanak eten zituzten Frantziskotar espiritualak ziren; arauen betetze zorrotza zuten helburu.

Joan XXII.ak kondenatu zituen 1317an.

Behe Erdi Aroan bestelako heterodoxo mota batzuk izendatzeko erabili zuten izen hori.

Hustarrak: Erromako Elizari aurre egin zion Bohemiako mugimendu erreformazalea.

Espiritu Askea: Mistika panteista sakon baten jarraitzaileak ziren baina ez zuten egitura edo antolamendu zehatzik. Sexu lasaikeria eta beren burua jainkotzat hartzea izan ziren haien aurkako salaketak.

Lollardoak: Ingalaterran, herri heresia ebanjelikoaren jarraitzaileei ematen zaien izena. Mugimendu hau Wyclifek aldarrikatutako fedean eta Bibliarekiko harreman pertsonalean oinarritua zegoen.

Taboritak: Muturreko hustar milenaristak. Erlijiozko jarreraz gainera ekintza politikoa eta militarra bultzatu zuten laster; husiten mendeko lurraldeetan gertatu ziren erlijio eta gizarte aldakuntzen euskarria izan ziren.

Valdotarrak: XII. mendearen amaieran, Pedro Valdoren eskutik sorturiko heresia ebanjelikoa, borondatezko pobreziaren eta predikuaren inguruan egituratua.