Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Europako ekialdea (X-XIII. mendeak)

Gurutzatuak Konstantinoplara iristen, XV. mendeko irudi batean.<br><br>

Europako ekialdea oso lurralde zabala da; Baltikotik Balkanetara eta handik ekialdera bitarteko eremua hartzen du. Eremu zabal horretan zenbait herri kokatu zen VII. mendeaz gero, hiru talde nagusitan bil daitezkeenak: eslabiarra, eskandinaviarra eta bulgariarra.

X. mendetik aurrera estatu eta egitura politiko desberdinak eratu zituzten batzuek eta besteek, sendoak eta iraupen luzekoak batzuk, ahul eta iragankorragoak beste batzuk. Aldi berean, kontuan hartu behar da herri horietan eragina izan zuten eta kasu askotan lurraldeen gaineko nagusitasuna eskuratu zuten bi botere politiko nabarmen izan zirela: germaniar inperioa batetik, eta bizantziarra bestetik. Horietako bakoitzetik, gainera, erlijio joera desberdinak sortu ziren: mendebaleko kristautasuna batetik, eta greziar kristautasuna bestetik. X-XIII. mendeen artean nolabaiteko antolamendua finkatu zen ekialdeko espazio haietan: monarkia gutxi asko egonkorrak agertu ziren Polonian, Bohemian edo Hungarian, germaniar inperioaren eraginpean, eta erreinu ahulak eratu ziren, bizantziar boterearen mende, Balkanetan. Ekialderago, printzerri eta egitura errusiarrak eratu ziren. XIII. mendean ekialdetik iritsitako herri gehiago kokatu ziren Ekialdeko Europan. Gurutzadak Lurralde Santuetara igarotzeak bizantziar inperioaren hondamena ekarri zuen 1204an, eta turkiarren konkista geldiezin bat ahalbidetu zuen, aurrerago osatu zena. Bestalde, oste mogolak Errusiako estepak suntsitzen hasi ziren.

 

Eslabiar munduaren antolaketa

Eslabiarren azterketa egiteko eslabiarren eragina zein gunetara zabaldu zen aztertu beharra dago: hegoalde bizantziarra, eta erdialde eta iparralde germaniarrak. IX.. endea arte eslabiar tribuak iritsi ziren Balkanetara. Beren hizkuntza eta ezaugarri propioak gorde zituzten, baina inperioaren administrazioan sartu ziren eta haren erlijioa eta kultura bereganatu zituzten pixkana-pixkana.

Aldi berean, bulgariarrek ?beste adar batekoak ziren hauek? erreinu bat osatu zuten Bizantzioko inperioaren ertzean; inperio kristaua zen hura ere, eta Bizantziori lotu zitzaion XI. mendean, kanpaina militar odoltsu askoren ondoren.

Balkanetako penintsulan hiru herri nagusitu ziren. Serbiako eslabiarrak, zeuden batetik, lurraldearen erdialdean, Adriatiko aldera zenbait printzerri eratu zituztenak (Montenegro, Herzegovina, Trebinja); Bizantzioren mende zeuden, baina Bizantzioren nagusitasuna ez zen oso itogarria eta bi egitura politiko eratu ahal zituzten, Duklja eta Raska, XIII. mendean osatu zen Serbia Handia erreinuaren jatorri izan zirenak.

Kroaziako eslabiarrak ?Bosnia barne? ere baziren; hauek «inperio» bat eratu zuten, bere gorena X. mendearen hasieran iritsi zuena, baina gerora indarra galdu zuten eta serbiarren mende eta hugariarren mende gelditu ziren azkenik. Eta antzera gertatu zen., azkenik, Esloveniako eslabiarrekin; harreman handia izan zuten germaniar inperioarekin, eta azkenik, hari lotu zitzaizkion.

XIII. mendean bizantziar inperioaren hondamena hasi zen arte hark antolatu zituenlurralde haiek guztiak, arau inperialetan oinarriturik betiere; kristau erlijioa, ekialdeko tradizioaren arabera, eta greziar kultura hedatu zituen. Baina 1204an garrantzi handiko gertaera bat jazo zen; Lurralde Santuetarako Laugarren Gurutzadak bere bidea aldatu zuen. Bizantziar munduak erakarrita, gurutzatuek bizantziarren ahultasun politikoak eskaintzen zizkien aukerak, inperioko etnia aniztasuna eta salerosketa ezagutu nahi izan zituzten. Horrek Konstatinoplaren kontrako erasoa, enperadoreak Anatoliara erbesteratu beharra (1261 arte) eta Grezian eta Balkanetan etengabe Europako Mendebaleko mertzenarioak, merkatariak eta kolonizatzaileak sartzea ekarri zuen ondorioz. Aginpide inperiala desagertu zelarik, erreinu eta printzerri eslabiar txiki asko sortu ziren eta zatiketa haien bidez tradizio politiko sendoeneko printzerriak indartu zituzten: Serbia (Bigarren Inperio Serbiarra osatzea lortu zuen) eta Bulgaria (gauza bera egin zuen XIII. mendean). Horrekin batera, beste printzerri txiki batzuk eratu ziren mendebaleko herrien babesean; Frantzia, Aragoiko koroa, Venezia eta Genova izan ziren, besteak beste, printzerri haien sustatzaile.

Hala ere, arriskurik handiena turkiarren zabalkunde handiak ekarri zuen, artean Anatolian kokatuta zeuden arren.

Europa erdi eta iparraldean erreinu egonkor eta zabalagoak eratu ziren, Alemaniako enperadoreen eraginez neurri handi batean. Erdialdean eslabiar erreinu bat sortu zen, Moravia Handia, hungariarren erasoak zirela-eta 906an desagertua. Berehala beste erreinu bat sortu zen, aurrekoa baino sendoagoa hau, Bohemian; erreinu honek indar handia hartu zuen X. menderako, eslabiar tribu ugari bildu baitzituen, txekiarrena besteak beste. Alemaniak kristautu egin zituen eta germaniar inperioaren nagusitasuna onartzen zuten, nahiz eta enperadoreak errege titulua ezagutu zien XI.. endean hango agintariei. Bohemiako erregeek, hala ere, inperioaren printze gisa jarduten zuten, eta harekiko loturak asko estutu ziren XII. eta XIII. mendeetan. XIII.. endearen erdialdean, inperioko agintaritza hutsik zela baliatuta, Bohemiak Austria eta Estiria hartu zituen eta germaniar inguruneko lurralde ahaltsuenetakoa bihurtu zen horrela; XIV. mendean inperioko hiriburu izendatu zuten.

Eremu urrutikoena Polonia zen; X. mende inguruan zenbait tribu elkartu ziren dinastia bakar baten agintepean, Baltikoko lur behereetako eslabiar gehienak bildu eta germaniar inperioaren zabalkundeari aurre egiteko ahaleginak egin zituzten. Hala ere, ondorengoak aukeratzeko zuten modu bitxia zela eta XII. mendetik aurrera ez zitzaion erreinu deitura eman gehiago eta«dukerri handi» gisa antolatu zen, indar gutxiagoko beste dukerri batzuk bezala, eta horrek aginpide politikoa murriztu zion.

Horrek azaltzen du Bohemiako eta Hungariako erregeek Polonian sarraldiak egin izana, eta Baltikoan germaniarrek bideraturiko kolonizazio prozesu geldiezina, ebanjelizazioarekin oso lotua (germaniar monje eta kolonoak Lituaniako mugetaraino iritsi ziren).

Europako ekialdearen antolaketan kontuan hartzekoak izan ziren beste zenbait talde ez eslabiar baina era berean ahaltsu.

Adibidez, hungariar edo magiarrak. Panonian bizi izan ziren Germaniako Oton I.aren kontrako gudua galdu zutenetik, 955etik (Lechego gudua) alegia, eta erreinu bat sortu zuten, ofizialki kristaua izan zena Esteban I.a erregea 996an kristau egin zenetik. Harrezkero etengabeko goraldia izan zuten eta, XIII. mendea arte gutxi gorabehera, beren mende izan zituzten Balkanetako eremu iparraldekoena, Transilvania, Moldavia eta Valakia. Bestalde, bulgariarrak ere ingurune hartan zeuden kokatuta, eta XIII. mendeko inperioko krisiak mesede handia egin zien; bulgariarrek erreinu bat zuten Itsaso Beltzaren ertzean, batzuetan bizantziarren mende egon zena, haietatik aske besteetan.

Azkenik, eskandinaviarrak edo varegoak aipatu behar dira, «rus» ere deituak; eskandinaviarren lurretatik estepetara Volgan eta beste ibai batzuetan zehar zituzten merkataritza harremanek bateratu egin zituzten esparru hartako eslabiar leinuak. X. mendean printzerri bat agertu zen Kieven, Bizantziorekin harremanak izan zituena, eta bizantziarretatik jaso zuen kristautasuna; XI.. endeaz gero, hala ere, zatitzen hasi zen erreinu hura, eta XII-XIII. mendeetan hondamena izan zuen; XIII. mendearen amaieran mongolen medean gelditu zen, azkenik.

 

Ekialderanzko joera: Drach nach Östen

Germaniar enperadoreen kezka nagusiak sendotasun politikoa eta Italiaren gaineko kontrola ziren; zabalkundea gertatu zen Ipar Itsasora eta Baltiko aldera, ekialdera eta Balkanetako iparraldeko mugetara.

Eslabiar herrietan izan zuten eragin gehien: erabateko kolonizazioa bideratu zuten hurbileneko eremuetan ?gune horietan bertako herriek beren hizkuntza ere galdu zuten? eta germaniartzea bideratu zuten, nahiz eta bestelako egitura politiko eta adierazpide batzuk ere eratu ziren, adibidez Bohemia, Polonia etab.

Hungariarrak Panoniara iritsi ondoren, X. mendearen erdialdera, inperio germaniarrak markak edo mugako konderriak eratu zituen, hasiera-hasieratik germaniarren eragina jaso zutenak: Verona, Karintia, Estiria, Karniola eta Ostmark (976) edo «Ekialdeko marka». Ostmark izan zen gerora Austria izango zenaren muina; herentziazko dukerri bihurtu zen XII. mendearen erdialdera, inperioaren mendean betiere. Iparraldean biztanle gutxiko eremu asko zegoen eta jaunek kostaldera jo eta Lübeck edo Hanburgoren mailako hiriak sortu zituzten, garrantzi handiko itsas merkataritzako gunebihurtu zirenak. Horrela sortu zen Hansako merkataritza elkarte ospetsua izango zena.

Germaniar kolonizazioa mendietako kanpoaldeko hegietara ere hedatu zen; meatzeak ustiatu, lurrak landatu, villak eta monasterioak sortu eta eragingune eta lekukotasun toponimikoz beteriko eremu zabal bat eratu zuten germaniarrek.

Hala ere, lekuan lekuko agintariek, nobleek, elizak gidaturiko lana izan zen batez ere; lan horren funtsak Germania zaharraren demografia eta ekonomia hazkundea izan ziren. Hazkunde hori lortzeko hirien sorrera eta merkataritza eta ekonomia nagusitasuna bilatu zuten, baina aldi berean eslabiar eremuen kristautze prozesu ongi antolatua bultzatu zuten, lekuan lekuko nobleen laguntzarekin kasu batzuetan. Horrek azaltzen du eremu hartan zergatik zegoen hainbeste erlijio ordena, bereziki Zister eta Premontré ordenak, eta zergatik zuten halako eragina elizako jaunek; halako mugimendua sortu zen, XII. mendeaz gero gurutzadatzat hartua izan baitzen. Ordenek egindako lanetan aipagarria da Ordena Teutonikoak aurrerapenak indartzeko egin zuena, XIII. mendean nahikoa ahulduta baitzeuden.

Ordena horren egoitza nagusitik, hau da Marienburgoko gaztelu prusiarretik, Baltikoko eremu guztia kontrolatu zuten, eta XIII. mendearen amaierarako Lituania bakarrik gelditu zen ebanjelizatzeke.

Germaniarrek bideraturiko hedatzeak Europa ekialdeko kultura arteko harremanei osagai bat erantsi zien. Haren eragina bizantziar inperioaren eraginarekin nahastu zen, eta bai batek eta bai besteak zeinek bere tradizio eta ezaugarriak eratu zituzten.

Eslabiar germaniartuak, mendebaleko tankerara kristautuak; baregoek antolatu eta gerora mongolek suntsituriko eslabiarrak; hungariarrak, poloniarrak eta txekiarrak, inperioaren eraginpean; bulgariarrak bizantziarren esparruan, eta beste hainbat talde, eta horiez gainera, beste bat ere bai XIII. mendeaz gero: turkiarren bidez iritsitako islamiar kultura. Herri eta kulturen arragoa, gaur egun arte.